2025-12-19
Blog Page 76

LAB sindikatuak bat egiten du otsailaren 1erako Osasun Publikoaren Aldeko plataformek deitutako mobilizazioekin

Langile eta herritarren mobilizazioak lortu du osasun publikoaren gainbehera agerian geratzea. Osasun sistema publiko eta indartsu baten aldeko neurriak hartzeko ere beharrezkoa izango da mobilizazioari eustea.

Eusko Jaurlaritzak behartuta ikusi du bere burua Osasun Mahaia deitzera. Halabaina, ikusten ari gara ez zaiola heldu nahi Osakidetzak behar duen eraldaketari, eta adostasunak irudikatzeko operazio bat dela osasun mahaia Jaurlaritzarentzat. LABen helburua osasun sistema publiko indartsu bat lortzea da, eta, helburu horrekin, mahaietan, kalean eta lantokietan borrokatuko dugu, bakarrik, beste sindikatuekin edo osasun plataformen mobilizazioak babestuz.

Horregatik Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek deituriko mobilizazioekin bat egiten dugu, eta otsailaren 1ean mobilizatzeko deia egiten dugu. Manifestazioak 12:00etan izango dira Gasteiz (Bilbo plazatik) eta Bilbon (Jesusen Bihotzetik) eta 17:00etan Donostian. (Boulevardetik)

Hemen duzue mobilizazioen manifestua.

‘J’accuse’ autoinkulpazio kanpainarekin bat egitera eta igandean mobilizatzera deitzen ditugu euskal langileak

Urtarrilaren 28an 7 ekintzaile epaituko dituzte Baionan, eta horien artean dira LABeko zenbait kide. Etorkin batzuei beren migrazio prozesuan babesa ematea eta talde antolatuko kide izatea egozten diete,. Akusazioa, iaz, Korrika igaro zen momentuan, Irun eta Hendaia arteko muga inposatua migrazio prozesuan ziren 36 pertsonekin batera igarotzeko ekintzan oinarritzen da.

Epaiketa hori onartzen ez dugula adierazteko, eta epaitu beharrekoa, elkartasuna ez, baizik eta immigrazio politika anker eta hiltzaileak, muga arrazistak eta haien erantzule diren agintariak eta legeak direla salatzeko, J’accuse autoinkulpazio kanpaina abiatu dugu hainbat eragilek, eta, igande honetan, mobilizazioa egingo dugu, Irundik Hendaiara. Autoinkulpazio kanpainarekin zein igandeko mobilizazioarekin bat egiteko deia luzatzen diegu euskal langileei. Izan ere, klase elkartasuna ez da delitua, betebeharra baizik.

Gaur ere EAEko hezkuntza publikoko irakasleen grebak oso jarraipen zabala izan du, atzokoaren parekoa

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok deitutako grebak jarraipen zabala izan du bigarren egunez. Bilbo, Donostia eta Gasteizen burutu ditugun manifestazioetan milaka irakaslek kaleak bete ditugu berriro.

Sindikatuok batutako datuen arabera, grebak jarraipen zabala izan du, izan ere, deitutakoen %75etik gorak babestu du, atzoko greba egunaren parez pare. Hala ere, beste behin ere, salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta milaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela eta ondorioz, greba bera baldintzatua egon dela.

Bi greba egun hauetan irakasleek oso mezu argia helarazi diote Hezkuntza Sailari:

  • 15 urte direla hitzarmena eta lan baldintzak eguneratu gabe; eta aski dela.
  • Lan zamak arintzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.
  • Eta, ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin daudela.

Beraz, hezkuntza sailari edukirik gabeko mahaiak deitzeari uzteko eskatzen diogu, grebak desaktibatzeko gutun eta estrategiak alboratzeko eta eskaera hauei erantzungo dioten proposamenak egiteko. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitu eta lan baldintzak hobetu eta baliabideez hornitzea.

Aipagarriak dira greba babestu duten irakasle kopuru handia dela eta, irakas jarduera ia osotasunean geldirik izan duten ondorengo ikastetxeak:

Gipuzkoan: Martutene HLHH (100%); Lauaizeta BHI (100%); Igeldo Herri Eskola (%93) eta Harri Berri Oleta (100%) Donostian; Koldo Mitxelena HLHH (%80) Oreretan, Goizeko Izarra Ikastola Mutrikun (%85)

Bizkaian: Atxuriko eskola (%100) eta Txurdinaga (%100) Bilbon, Albiz (%70) Sestaon, Itxasoko ama (%97) Santurtzin edo Arziko eskola (%100) Basaurin, edo Minas BHI (%81) Barakaldon

Araban: Salburua HLHH (%90); Lopez de Guereñu (%82); Umandi (%74); Zabalgana BHI (%80) eta Amurrioko Zabaleko (%75)

Greba arrakastatsuak izan dira “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean. Gaurko hiru manifestazioetan milaka langile elkartu gara hiriburuetako kaleetan eta jarraipena emango diogu otsaileko greba deialdietan ere.

Aste honetako greba dinamikari jarraipena emanez, hurrengo astean ere greba egunak dituzte Haurreskolak Partzuergoko langile, sukaldari eta garbitzaileen sektoreetan, eta manifestazioak egingo ditugu lan hitzarmenak hemen eta orain erabakita lelopean. Haurreskolak Partzuergoan urtarrilaren 28 eta 29an izango dira grebak; eta Sukalde eta garbiketan urtarrilaren 30 eta 31an. Manifestazio lekuak jakinaraziko ditugu hurrengo egunetan.

UDALHITZ mahaiak eratu gabe segitzen du 14 urteren buruan

Atzo, urtarrilaren 22an, EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigun 2010etik iraungia dagoen UDALHITZ hitzarmena negoziatzeko, negoziazioa irekitzeko asmoz.

Toki-administrazioan erreferentea den hitzarmenaren garrantziaz jabetuta, LAB sindikatuak arduraz eta seriotasunez negoziatzeko borondatea adierazi izan du hasiera-hasieratik eta jarrera kritiko baina irekiarekin hartu zuen UDALHITZ mahaira joateko konpromisoa.

Baina, mahaia oraindik eratze prozesuan zegoenean, ELA sindikatua mahaitik altxatu da, negoziazioari inolako aukerarik eman gabe. Eta, beraz, 14 urteren buruan, oraindik ere UDALHITZ hitzarmena negoziatzeko mahaiak ireki gabe jarraitzen du.

Agerikoa da azken 14 urteotan EUDELek ez duela benetako negoziazio kolektiboari heltzeko inolako borondate politikorik erakutsi, eta bat egiten dugu ELAk, atzoko bilkuran, UDALHITZen oinarrizko edukien inguruan esandakoarekin. Hala ere, LABentzat negoziatu eta adostu beharreko ezinbesteko gaiak dira, hau da, guretzat ez dute zertan baldintzatu mahaiaren irekiera.

LABek argi du UDALHITZ ezinbesteko erreferentzia markoa dela toki-administrazioan eta, horregatik, sindikatu honen ustez negoziazioari aukera bat eman behar zaio.

LAB sindikatuarentzat udaletako negoziazio-marko propio eta integralaren aitortza, pribatizazioen kontrako borroka eta gazteberritze planak, besteak beste, epe laburrean jorratu beharreko lehentasunak ditugu.

Beraz, sindikatu honek jarraituko du aldarrikatzen UDALHITZ mahaia behar-beharrezkoa dela, kalitatezko zerbitzu publikoak zein langileen lan eskubideak bermatuko dituen hitzarmenik onena lortzeko anbizioarekin

LAB lanpostuen defentsan eta lan baldintzak mantentzearen alde borrokatuko da Giraldo Food Group enpresa taldean

LAB sindikatuak Giraldo Food Group-eko enpresa taldea osatzen duten enpresetan duen ordezkaritzatik (8 ordezkaritik 5) hartzekodunen aurre-prozesu honetan zehar izan duen enpresa kudeaketa eta iluntasuna salatu nahi ditugu.

2020an planta berria erostea eta bere instalazioetan inbertitzea erabaki ondoren (salmentak nabarmen jaitsi diren arren), gaur arte enpresaren egoera ekonomikoak okerrera egin du. Izan ere, egoera hau enpresak urte hauetan guztietan hartu dituen erabaki txarren ondorioz dator: galera ekonomikoen aurrean neurri ez oso edo batere eraginkorrak, gastuen kontrol eskasak behar bezala egoerari ezin aurre egin izana, diru erraza ikusi eta bezero bakarrerai jokatzea, finantza zuzendari ohia kaleratzea enpresaren egoera ekonomiko txarra ikusarazteagatik…

Hala eta guztiz ere, langileek negoziatzeko borondatea izan dute beti eta enpresako zuzendaritzarekin akordioetara iristeko gaitasuna dutela erakutsi dute. Horren adibide da 2022ko urrian, egungo enpresa-hitzarmena indarrean zegoen bitartean, enpresak egoera “berrabiarazi” eta langileen legezko ordezkaritzari enpresaren bilakaeraren berri hilero emateko konpromisoa hartu zuen bitartean, langileok amore eman genuela hitzartutako soldata-igoeretan, hitzartutako soldata-igoera mantsotuz eta hurrengo urteetan luzatuz. Langileek beren konpromisoak arduraz betetzen zituzten bitartean, enpresak, egoerari buelta eman beharrean, langileak birrindu egiten zituen, lanean osasunarekin jolastuz, zigorrak ezarriz eta era guztietako ez-betetzeak eginez. Horren ondorioz, langile askok utzi egin zuten enpresa.

Egoera ekonomikoaren jarraipenari buruzko akordioa lortu arren, enpresaz kanpoko bideetatik jakin dugu konpainiak borondatezko aurrekonkurtso-fasean sartu zela joan den uztailetik. Enpresa Batzordeari ez zaio behar bezalako informaziorik eman, eta ez zaio inoiz modu gardenean azaldu zein zen enpresaren benetako egoera, hilero bilerak egin arren.

Azkenik, langileek ez dutenez erantzukizunik enpresak jasan duen egoeran, eta beren betebeharrak zehatz-mehatz betetzen dituztenez, ez dugu onartuko prozesua lanpostuak suntsitzeko edo langileen baldintzak okertzen saiatzeko erabiltzea. Hori dela eta, LABek lanpostu guztien defentsan eta lan baldintza duinak mantentzearen alde borrokatuko du, orain arte egin duen bezala.

Urtarrilaren 30ean Nafarroako Hezkuntza Publikoan greba deitu dugun sindikatuok Hezkuntza Departamentuaren jarrera itxia salatu nahi dugu, beste behin

Ikasturte honetan aurrera eraman diren bi grebetan eta urtarrilean izanen den hirugarrenean ez da inoiz itun baten sinaketaren eskaerarik izan. Irakasleen lan baldintzak zein hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko aldarrikapenak izan dira hizpide eta horien negoziazioa eskatu dugu. Hezkuntza itun berri bat sinatzea bestelako hausnarketa bat eskatzen duen prozesua da eta ez da inolaz ere bi hilabetetan lotu daitekeen zerbait.

Ez dugu inolaz ere onartuko Departamentuak hartu duen bidea, non itunaren afera arreta desbideratzeko tresna gisa erabiltzen duen. Hurrengo ikasturterako irakasleen baldintzak hobetu ditzaketen neurriak hartzea erraza izan daiteke horretarako benetako borondatea balego. Sindikatuok beti izan gara hitz egiteko prest, baina ez dugu prozeduretan eta edukietan inolako xantaiarik onartuko. Gehiengo sindikalak jakinarazi dugu ez dugula itun horren apirilaren 14ko epe muga onartzen, eta gainontzeko beste sindikaturen batek ere zalantzan jarri du.

Gimeno Kontseilariak esan duenaren arabera, azaroan gutxiengoan hiru sindikaturekin sinatutako akordioa erabat itxita dago, ez dago horietatik haratago hobekuntzarik lortzeko tarterik. Hortaz, zertarako hobekuntza gehiagorik ekarriko ez duen balizko itun bat sinatzeko eseri? Ez gara Hezkuntza Departamentuaren irudia garbitzeko tresna kosmetiko baten parte izango. Horregatik hain zuzen ere exijitu diogu Greba Batzordea dei dezan, gehiengo sindikalaren negoziatzeko batzordea hori baita, eta grebarekin benetan amaitu nahi badu, gurekin negoziatu beharko duelako.

Kontseilariaren hitzetan, Departamentuak, edozein grebaren aurrean oinarrizkoa den greba batzordea laurogeita hamargarren hamarkadatik ez omen du deitu. LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok eta bosgarren bat ordea, 2023ko martxoaren 17an, Gimeno jada buru zela, batzorde horretan eserita izan ginen, apirilaren 3ko grebaren atarian. Kontseilari jaunaren memoria historiko urriaren seinale edo agian, sindikatuekin negoziatzeari ematen dion garrantzi eskasaren adierazle, ez baitzen bilera hartan egon. Atzoko Mahai sektorialean egon ez zen bezala.

Departamentuak guztiz antidemokratikoa izan den azaroko akordioa ontzat ematen duenez, posible litzateke ere irakasleen ordezkaritzaren gutxiengoarekin sinatu dezakeen ituna inposatzea.

Beraz, atzo izandako mahai sektorialaren ondoren, urtarrilaren 30eko grebarekin aurrera goaz, aurrerapausoak ikusi ordez, Departamentu honen negoziaziorako borondate falta betikotzen dela ikusten baitugu. Mobilizazioa ezinbestekoa da eta hezkuntza publikoaren alde borrokatzen jarraituko dugu, edozein estrategia mediatiko eta trikimailuren gainetik.

Villatuertako Tenerias Omega-ko Enpresa Batzordeak jakinarazi du lantegiko jarduerarekin jarraitzeko bi eskaintza daudela eta ez dutela lantegia itxiko

LABeko 4 delegatuk eta ELAko delegatu batek osaturiko TenerĂ­as Omegako Enpresa Batzordeak atzoko egunean jakin zuen lanpostu guztiak kentzeko EEE Enplegua Erregulatzeko Espedientea gelditu dutela, jarduerari eusteko asmoa duten bi erosketa eskaintza daudelako.

Bi proiektu ezberdin dituzten bi eskaintza dira, batean 44 lanpostu mantenduko lirateke, eta bertzean, 40 lanpostu.

Batzorde honek hasieratik esan zuen bezala, argi zegoen lantegiaren kudeaketa eskasa zela, lana eta eskaerak egon bazeudelako. Ez zen berregituraketa bat planteatu ere egin, eta bai enpresak eta bai Konkurtso Administrazioak, hasiera-hasieratik, ahalik eta lasterren itxi eta prozesua Fogasara bidali bertzerik ez zuten egin nahi izan, baina Batzordeak ez zuen horrelakorik onartu eta mobilizatzen jarraitu zuen faktoria “EZ IXTEKO” helburuarekin.

Orain, epaileak zein eskaintza onartu zain egon behar da, eta, ondoren, 15 eguneko epea egonen da beharrezkoak diren alegazioak egiteko. Albiste ona da Lizarraldearendako, baina etorkizuneko zuzendaritzarekin negoziatzen jarraituko dugu berriz lanean hasteko prest dauden langileen zerrendak adostasunez egiteko eta itzuli nahi ez dutenentzako aterabiderik onena bilatzeko -horiek EEEra joanen lirateke, indemnizatuta-.

Konkurtso-prozesuaren azken garapenean aktibo eta zain jarraituko dugu, eta informatzen segituko dugu.

LABek salatu du Iruñerriko garraio publikoaren enpresa esleipendunak ez dituela ibilbideetan jarri gidariek behar dituzten komunak

TCCko LABeko sail sindikalak publikoki salatu nahi du bai Iruñerriko Mankomunitateak eta bai eskualdeko garraio publikoa esleitua duen enpresa honek –‘billabesak’ bezala ezagutzen dena– zerbitzu hau kudeatzeko baldintza agiria ez betetzearen erantzuleak direla. Agiri horren arabera, TCCk 2024an hamasei komun jarri behar zituen billabesen ibilbideetan, gidariek erabiltzeko, baina oraingoz ez du bakar bat ere jarri.

Baldintza agiriak dio guztira hogei komun jarri behar direla kontratuak irauten duen bitartean: “16 2024an, 2 2026an eta 2 2030ean”. Bada, 2024an TCCk ez zuen komun horietako bat ere instalatu. Horren ondorioz, langile horien lan-baldintza negargarriek bere horretan jarraitzen dute, ez baitute ez denborarik ez leku zehatzik komunera joateko beren lanaldian, eta hori guztiz oinarrizkoa da edozein lan duintasunez betetzeko.

Iruñerriko Mankomunitateak zaindu beharko luke baldintza agiriak jasotzen dituen baldintza guztiak betetzen direla, eta enpresa esleipenduna behartu baldintza horiek guztiak betetzera. Hori dela eta, LABek Mankomunitateari eskatzen dio lehenbailehen esku har dezala gai honetan langile hauen guztien onerako. Horretarako, LABek erreklamazio bat erregistratu du gaur, Mankomunitateko lehendakariari zuzendua.

EAEko hezkuntza publikoko irakasleen grebak %75etik gorako jarraipena izan du

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok deitutako grebak jarraipen zabala izan du. EAEko Hezkuntza Sailaren 27.000 irakasle zeuden gaurko grebara deituak.

Hezkuntza Sailak greba desitxuratzeko saiakera egin badu ere, sindikatuok batutako datuen arabera, grebak jarraipen zabala izan du, izan ere, deitutakoen %75ak baino gehiagok babestu du, Hala ere, beste behin ere, salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta milaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela eta ondorioz, greba bera baldintzatua egon dela.

Aipagarriak dira greba babestu duten irakasle kopuru handia dela eta, irakas jarduera ia osotasunean geldirik izan duten ondorengo ikastetxeak:

Gasteizen: Salburua HLHH (%90); Mariturri (%88); Lopez de Guereñu (%82) eta Zabalgana BHI (%80); Toki Eder (%74,6)
Donostian: Amara Berri Urbietako eraikina (%100); Amassorrain (%87); Aitor Ikastola (%87); Lauaizeta BHI (%84) eta Intxaurrondo ikastola (%80)
Bilbon: Atxuriko eskola (%100); Txurdinaga HHLH (%100) eta Bilboko Kontxa Eskola (%80)

Hiriburuez gain Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietako ikastetxeen erantzuna eredugarria izaten ari da.

Grebaren arrakastaren adibide garbia da Bilbon “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako manifestazioan milaka langile elkartu direla.

Hortaz, milaka eta milaka irakaslek salatu dute gaur EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugula mahai gainean: Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako.

Hezkuntza Sailari eduki gabeko bilerak deitzeari uzteko eta greba hauetako aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak mahai gaineratzeko eskatu diote.

Gaurko egunari jarraipena emanez, bihar ere greba eguna dugu EAEko hezkuntza publikoko irakasleok, eta manifestazioak egingo ditugu EAEko hiru hiriburuetan, goizeko 11:30ean abiatuta. Bilbon delegaritza aurretik abiatuko da, Donostin Bulebarretik eta Gasteizen Bilbo plazatik.