2026-06-14
HomeEkintza Sindikala38 urteko garraiolari bat hil da Erriberrin

38 urteko garraiolari bat hil da Erriberrin

LABek jakin ahal izan duenez, Iruñeko garraiolari bat hil da gaur goizaldean Erriberrin, lanerako zerabilen kamioia bidetik atera eta irauli ostean.

Lehenik eta behin, LABek samina eta elkartasuna adierazi nahi dizkie senide, lankide eta gertukoei.

Larritzekoa da garraio sektorearen prekarizazio maila, zeina handitzen ari den etengabe. Horren erakusle dira aurtengo datuak: urtea hasi denetik gutxienez 15 garraiolari hil dira. Denera, 47. langile hil dira Euskal Herrian lanean. Iaz, urte osoan 14 garraiolari izan ziren, eta, beraz, joera kezkagarri bat adierazten dute datuek. LABek hainbatetan aldarrikatu izan du administrazioak sektorearen prekarizazio joera bortitz horri mugak jarri behar dizkiola.

Errepidean izaten diren lan istripuen atzean, sarritan, lan karga handiak, erritmoak eta, finean, bizitza osasuntsua izateko zailtasunak daude, eta, horiek guztiak faktore arriskutsu bihurtzen dira; hain zuzen ere, ez da kasualitatea gaurko istripua ordu txikietan gertatu izana, 04:00etan gertatu baita.

Aspalditik daramagu neurri zehatzak aldarrikatzen sektore honetarako; besteren artean, honako hauek: atseden eta zerbitzu eremu duinak udalerri guztietan garraiolariek garraio eta lan osasunako araudia bete ahal izateko eta atsedenaldi egokiak egin ditzaten; murrizketak edo/eta doako bidesariak autobideetan; garraio sektorean izaten diren iruzurren (azpikontratazioa, kooperatiba faltsuak…) kontrola eta ikuskaritza administrazioaren aldetik, araudiaren betetzea bermatzeko; eta erretiro adin aurreratua, duina eta bidezkoa.

Martxoan hamarkadetako lan istripu larriena izan zen Nafarroako errepideetan. Lan istripu hilgarri horretan 4 langile garraiolarik galdu zuten bizia. Orduan, Nafarroako Gobernuari aipatutako neurriak aurkeztu zizkion LABek, urgentziaz bete ditzan. Aldiz, Nafarroako Gobernuak ez du ezer egin, UGT, CCOO eta CENeko enpresariek kontrolatzen duten elkarrizketa sozialari men egin nahian. Ondorioz, gaurko lan istripu hilgarriarekin, dagoeneko 17 langile hil dira lanean Nafarroan, prekarietatearen eta utzikeriaren ondorioz.

Ostiralean, hilak 27, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek lan heriotza hau salatzeko mobilizazioa egingo dute Iruñean; 10:30ean, Sarasate pasealekuan.


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ekainaren 15eko eta 17ko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundiko beharginak

Telelan plan duin baten alde eta Bizkaiko Foru Aldundian akordioa/hitzarmena negoziatzearen alde deitu ditugu mobilizazioak. Bizkaiko Foru Aldundian (BFA) maiatzaren 18an egindako langileen batzarrean mobilizazio...

Nafarroan aurkeztutako Industria Foru Lege proposamenak eduki gehiago behar ditu sektorearen erronkei erantzun ahal izateko

LABen iritziz, Nafarroako parlamentuan aurkeztu berri den lege proposamenak iraganeko akatsetan sakontzen jarraitzen du, hainbat arlotan norabide egokia hartu baldin bada ere.

Fundiciones del Estandan hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Azken asteetan mobilizazio fase luze bat aurrera eraman eta hainbat lanuzte eta greba egun egin ostean etorri da lorpena.