2026-11-03
HomeIdazkaritzakLABek CTBren 6. biltzarrean hartu du parte, Brasilen

LABek CTBren 6. biltzarrean hartu du parte, Brasilen

Abuztuaren 7tik 9ra bitartean, LAB sindikatuak CTB (Trabalhadores e Trabalhadoras do Brasil) zentral sindikalaren 6. kongresuan parte hartu zuen. Sindikatu hau MSF Munduko Sindikatuen Federazioan afiliatuta dago, eta LABentzat burkidea izan da urte hauetan guztietan izandako borroka askotan. Kongresua Salvador de Bahia hirian izan zen, eta 800 ordezkarik baino gehiagok eta mundu osoko 20 erakunde sindikalek parte hartu zuten. LABen izenean, Maddi Isasi Idazkaritza Feministako arduraduna eta Amanda Verrone Nazioarteko Harremanetarako Idazkaritzako kidea izan ziren bertan.

Kongresuaren leloak honako hau aldarrikatzen zuen: “Brasil eraldatzeko batasuna eta borroka: demokrazia, subiranotasuna eta lan duina”. Male talde afrobrasilarraren jarduera kultural batekin hasi zen, herri beltz eta indigenaren borrokek CTBk eraikitako sindikalismoari egindako ekarpen guztiari lekua eta balioa emanez. Halaber, Donald Trumpen gobernuaren esku-sartzearen aurkako erresistentzia, 6×1 lanaldiaren amaiera eta soldata baxuenen tasazioaren murrizketa aldarrikapen nagusiak izan ziren kongresuko egunetan.

Kongresuan zuzendaritza nazionaleko postuen parekidetasun kualifikatuari buruz, sindikatutik herrialdean politika desarrollista berri bat bultzatzeko moduari buruz eta munduko ordena multilateral berriari buruz luze eztabaidatu zen, besteak beste. Horrez gain, erabaki garrantzitsuak hartu ziren: gutxi gorabehera, 10 idazkaritza berri sortuko ditu CTBk ekintza sindikala lurralde osoan hedatzeko, CTBk Venezuela BRICSen sartzeari babesa eman dio eta 15 milioi langile baino gehiago biltzen dituen CONTAG sindikatuko landa-langileekiko elkartasuna ere aho batez onartu ditu.

Kongresuaren hasieran nazioarteko konferentzia bat izan zen, eta bertan LAB gonbidatu zuten inaugurazio-mahaian parte hartzera, mutilpolaritate geopolitikoaren erronkei buruz aritzeko. Gogoeta egin zuten munduko gobernantzaren egungo egiturari buruz, zeina eragile globalen arteko ekomendekotasunak eta egungo trantsizio geopolitikoak markatuta baitagoen, tentsioa eta gatazka ezaugarri dituen eta mendebaldeko botere inperialistaren gainbeheraren eta agortzearen adierazle den. Bigarren mahaian, digitalizazioak lan munduan dituen ondorioez eta klase eta kontraboterezko sindikalismoak nazioartean lan eskubideen defentsa nola antolatu behar duen ere izan zuten mintzagai.

Era berean, BRICSen itsasoko langileen foroaren sorrera bileran parte hartzera gonbidatu zuten LAB. Aurrerantzean, CTBko nazioarteko harremanen arduradun berria izango da foroaren buru. Foroan gogoeta garrantzitsuak partekatu zituzten LABeko kideek Brasilgo Lan eta Enplegu Ministerioko eta Portu eta Aireportuetako ordezkariekin, honako gai hauei buruz: sektorean emakumeak bultzatzea, sartzea eta babestea; portuen eta estibatzaileen arteko harremana; eta BRICS osatzen duten herrialdeetako praktika sindikal eta legegile egokiak (batez ere, trantsizio ekosozialaren eremuan).s

Euskal Herritik, LAB sindikatuak CTBko militantzia osoa zoriondu nahi du kongresu arrakastatsu honengatik eta zuzendaritza berritzeagatik, ziur baitago ekarpen handia egiten jarraituko duela mundu osoko langileen borroketan. Aniztasuna errespetatuz eta bultzatuz, batasunean aurrera egiteko gai den klase sindikatu bat eraikitzeko erreferentzia globala da CTB.

Gora borroka internazionalista! CTB a luta é pra valer!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.

Mallabiko Enerpac enpresaren itxiera salatzen dugu

Errekorreko etekinak dituen multinazional batek 43 pertsona kalean utzi nahi ditu lehenago Larzep izena zuen lantegian.

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.