2026-07-29
HomeIdazkaritzakLABek Kubarako osasun materiala biltzeko kanpaina bat hasi du

LABek Kubarako osasun materiala biltzeko kanpaina bat hasi du

LABek Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! elkartasun kanpainari hasiera eman dio, Kubako herriaren kontrako erasoak salatzeko eta osasun publikorako duen eskubidea aldarrikatzeko, Kubarekiko elkartasun eta Kubako emigratuen elkarteen eskaerekin bat eginez. Euskal Herriko osasun sektoreko langileek bultzatutako kanpaina izango da, elkartasun internazionalistaz abiatutakoa, eta LABeko afiliazioak eta komunitate osoak babestua.

Kubak osasun sistema eredugarrienetako bat lortu du, Ameriketako Estatu Batuek inposatutako blokeo ekonomikoari, komertzialari eta finantzarioari sei hamarkadaz baino gehiagoz aurren egin behar izan dion arren. Blokeo hori gerra ekonomikoko ekintzatzat jo daiteke, eta ondorio suntsitzaileak izan ditu Kubako langileriarentzat, sendagaiak, osasun tresnak eta funtsezko teknologiak eskuratzeko aukera mugatu baitu. Gaur egun, adibidez, Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien %30 baino ez dute.

Donald Trumpen gobernuak Kubaren aurka onartu berri dituen neurri hertsatzaileek, azken 5 urteetan aplikatutako 243 neurriei gehituta, Kubari hornidurak ukatzera behartzen dituzte enpresa farmazeutikoak eta nazioarteko hornitzaileak, AEBren errepresalia ekonomikoen beldur. Gainera, AEBek Kuba “terrorismoaren babesle” diren herrialdeen zerrendan sartzeak finantza zigorrak dakartza, eta horrek eragotzi egiten dio Kubari nazioarteko kredituak eskuratzea osasun arloko materiala erosteko.

Kubaren aurkako blokeoa askotan gaitzetsi du nazioarteko komunitateak. 2023an, Nazioarteko Justizia Auzitegiak delitutzat jo zituen zigorrak, genozidioa ekar dezakeen gizateriaren aurkako krimentzat, eta berehala amaitzeko eskatu zuen. Era berean, NBEren Batzar Nagusiak blokeoa amaitzeko eskatzen duen ebazpen baten alde bozkatu du behin eta berriz, hainbat urtez, 180 herrialde baino gehiagoren babesarekin eta AEBen eta haren aliatu den Israelgo estatu sionistaren kontrako botoarekin.

Horregatik guztiagatik, irailaren 1etik urriaren 15era (urriaren 31ra arte luzatu da epea), LABek osasun materiala jasoko du bere egoitzetan eta ordezkaritza sindikala duen osasun zentroetan. Taupada markagailuak erosteko ekarpen ekonomikoak ere bideratuko ditu. Jasotako material guztia Kubara bidaliko da Euskadi-Cuba, Sierra Maestra Euskadi eta Desembarco del Granma-ko lankideen bitartekaritzari esker.

Nola egin daiteke ekarpena?

Gutxienez 2026ko iraungipena duten sendagai mota guztiak jasoko dira (likidoak izan ezik). Baita sargaiak, xiringak, eskularruak, esparadrapuak, bendak, zundak, josturak eta higiene-produktuak ere; hala nola, pixoihalak, konpresak eta preserbatiboak. LABen Hego Euskal Herriko hainbat egoitzatan egin ahalko da ekarpenaegoitzetan egin ahalko da ekarpena:

Araba: Gasteiz eta Laudio.
Bizkaia: Bilbo, Barakaldo, Durango, Gernika eta Ondarroa.
Gipuzkoa: Donostia (Gros), Irun, Orereta, Hernani, Tolosa, Beasain, Zumarraga, Zarautz, Eibar, Bergara eta Arrasate.
Nafarroa: Iruña, Lizarra, Tutera eta Altsasu.

Ospitaleetan eta osasun zentroetan, berriz, LABek Osakidetzan eta Osasunbidean dituen ordezkariak arduratuko dira bilketaz. Bestalde, taupada markagailuak erosteko ekarpena honako kontu korronte honetan egingo da: ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa – Euskadi-Cuba) edo Bizum (04713 kodea – Kontzeptua: “Taupada markagailuak”).

Kubako osasun sistemak, Kubako langile klaseari mesede egiteaz gain, munduko beste herrialde askotara zabaldu du bere elkartasuna. Orain, hari babesa erakusteko unea da. Euskal Herritik, LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi dio Kubari, eta abiatutako elkartasun kanpainan parte hartzeko deia egiten du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Alegazioak aurkeztu dizkiogu Barakaldoko Udalaren 2026ko aurrekontuari, zerbitzu publikoen eta udal langileen defentsan

Barakaldoko Udalaren gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurkeztutako 2026rako Aurrekontu Orokorren proiektuaren aurka lerrokatu da sindikatua. Udal-antolamenduari, lan-osasunari eta zerbitzu publikoak emateari eragiten dieten funtsezko gaietarako aurrekontu-partidarik ez dagoelako edo nahikoa ez dagoelako aurkeztu ditu alegazioak.

Kaleko afari solidarioak babesteko gaur arratsaldean Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu

LABek irmoki salatzen du Donostiako Jon Insausti alkate jeltzaleak udalaren izenean Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzeko hartutako erabakia, bidegabea delako Donostian egoera zaurgarrian bizirauten duten lagun askok egunean bermatua duten otordu bakarra ukatzea.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk greba eta mobilizazioei ekingo diegu, Osakidetzak kolektibo guztien lan-baldintzak hobetu ditzan eskatzeko

Gehiengo sindikaletik ohartarazi dugu medikuen kolektiborako sinatutako akordioak ez dituela jorratzen fakultatiboen eta euskal osasun publikoaren egiturazko arazoak, eta lan-baldintza onik gabe kalitatezko zerbitzu publikorik ez dagoela defendatu dugu. Mobilizazio horiek profesionalen taldearen aldeko apustua egiten dute, eta aldarrikatzen dute hobekuntzak kategoria guztietarako lortu behar direla, negoziazio kolektiboko organo legitimoak errespetatuz.