2026-10-31
HomeEkintza SindikalaGaztetxo Eskolak langile guztiei kalte ordaina ordaindu beharko die eta lanera itzuli...

Gaztetxo Eskolak langile guztiei kalte ordaina ordaindu beharko die eta lanera itzuli nahi duten langileak hartu beharko ditu

Busturiako BBK Klimak udako denboraldiko udalekuetarako kontratatu duen Gaztetxo Eskola enpresan izandako iruzurren eta kaleratzeen aurrean, langileak borrokan hasi ziren ekain erdialdean, eta ordutik hona hamaika mobilizazio, pankarta, bilera eta prentsa deialdi egin dituzte; baita hiru eguneko kanpaldi bat ere.

Hasieratik esan zuen LABek Gaztetxo Eskolak BBK Kliman egindakoa irregulartasunez beteta zegoen iruzur bat zela: langileen kontrako mehatxuak, subrogazio prozesu irregularrak, asmatutako langileen kontrako txostenak, kaleratze gutunak… Dena, gainera, modu arrotzean eta oldarkorrean egin zuten, helburu argi batekin: kaleratutako langileak beldurtzea eta isilaraztea.

Langileek, ordea, beldurtu ordez, antolatzea eta borrokatzea erabaki zuten. Gertatutakoa salatu eta ekintza sindikala eta juridikoa aktibatu zituzten. Orain, borrokak arrazoia eman die langileei eta LABi: Gaztetxo Eskolak BBK Kliman lan egin behar zuten langile guztiei urte osoko kalte ordainak ordaindu beharko dizkie, eta lanera bueltatu nahi duten langileak berronartu beharko ditu. Beste behin, borrokak merezi duela argi geratu da.

Gaztetxo Eskola EAJri lotutako enpresa da, eta borroka honek berriro ere agerian utzi du EAJren klientelismoa: EAJren gertuko enpresa batek (Bizkaiko Foru Aldundiak diru publikoz hornitutakoa) lan zentro baten kudeaketa bereganatu, lan eskubideak zein hitzarmen kolektiboa errespetatu ez eta autoritarismoz gazte langileen kontra egin.

Zoritxarrez, egoera hau ez da salbuespena: udalekuetan ohikoa bilakatzen ari da administrazio publikoaren diru laguntzak jasotzen dituzten enpresek lan eskubideak urratzea, lan hitzarmenak bete gabe eta esplotazioa normalizatuz, Bizkaiko Foru Aldundiak ezikusiarena egiten duen bitartean.

Horregatik, BBK Klimako langileek egin bezala, LABek dei egiten die prekarizazioa jasaten duten gazte langileei euren lan eskubideen alde antolatzeko eta borrokatzeko, euren egoera errotik aldatzeko.

Bukatzeko, LABek eskerrak eman nahi dizkie Busturialdeko herri mugimenduko kide, eragile eta norbanakoei, eskainitako laguntzagatik eta babesagatik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....