2026-07-29
HomeEkintza PolitikoaLABek urriaren 31ra arte luzatuko du Kubarekiko elkartasun kanpaina

LABek urriaren 31ra arte luzatuko du Kubarekiko elkartasun kanpaina

Kubarako taupada-markagailuak erosteko eta sendagaiak, osasun-materialak eta ekarpen ekonomikoak biltzeko abian jarritako Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! kanpainak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. LABeko osasun ordezkarien elkartasunari eta afiliazio osoaren lan militanteari esker, emaitzak ikaragarriak izan dira.

Materialak biltzeko gaitutako LABen 22 egoitzek eta LABek ordezkaritza sindikala duen osasun-zentroek elkartasun-oldea bizi izan dute: lurretik sabaira zihoazen dohaintza kaxekin kolapsatutako korridoreak, ordezkarien eguneroko deiak beren ekarpenak bideratzeko, kamioi oso baten kargamentua Iruñeko egoitzan kanpaina itxi aurretik eta Bilboko Errondabiden Kubako diasporaren eta LABeko sindikalisten arteko solasaldia izan dira uholde internazionalista horren adibide, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, dohaintza handiak biltzen jarraitzen duten eskualdeetakok LABeko militantziaren eskariei erantzunez eta Euskadi-Cuba, Sierra Maestra eta Desembarco del Grama elkarteekin batera, LABek kanpainaren itxiera urriaren 31ra atzeratzea erabaki du. Beraz, oraindik ekarpenik egin ezin izan dutenek ordura arte izango dute aukera.

Kanpainaren hasieran salatu bezala, Donald Trumpen gobernuak Kubaren aurka onartu berri dituen neurri hertsatzaileek, azken 5 urteetan aplikatutako 243 neurriei gehituta, Kuba hornidurarik gabe uztera eramaten dituzte enpresa farmazeutikoak eta nazioarteko hornitzaileak, AEBen errepresalia ekonomikoen beldur. Gainera, AEBek uhartea “terrorismoaren babesle” diren herrialdeen zerrendan sartzeak finantza zehapenak dakartza, eta horiek eragotzi egiten diote Kubari nazioarteko kredituak eskuratzea osasun materiala erosteko. Gaur egun, Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien % 30 baino ez dute.

Nola lagundu daiteke?

Gutxienez 2026ko iraungipena duten sendagai mota guztiak jasoko dira (likidoak izan ezik). Baita sargaiak, xiringak, eskularruak, esparadrapuak, bendak, zundak, josturak eta higiene-produktuak ere; hala nola, pixoihalak, konpresak eta preserbatiboak. Horretarako, LABen egoitzak prestatu dira Hego Euskal Herriko hainbat eskualdetan:

  • Araba: Gasteiz eta Laudio.
  • Bizkaia: Bilbo, Barakaldo, Durango, Gernika eta Ondarroa.
  • Gipuzkoa: Donostia (Gros), Irun, Orereta, Hernani, Tolosa, Beasain, Zumarraga, Zarautz, Eibar, Bergara eta Arrasate.
  • Nafarroa: Iruña, Lizarra, Tutera eta Altsasu.

Ospitaleetan eta osasun-zentroetan, LABek Osakidetzan eta Osasunbidean dituen ordezkariak arduratuko dira bilketaz. Bestalde, taupada-markagailuak erosteko ekarpena honako kontu korronte honetan egingo da: ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa – Euskadi-Cuba) edo Bizum (04713 kodea – Kontzeptua: “Taupada-markagailuak”).

Kubako osasun sistemak Kubako langile klaseari mesede egiteaz gain, munduko beste herrialde batzuetara zabaldu du bere elkartasuna. Orain, hura babesteko unea da. Euskal Herritik, LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi dio Kubari, eta elkartasun kanpaina honetan parte hartzeko deia egiten du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Alegazioak aurkeztu dizkiogu Barakaldoko Udalaren 2026ko aurrekontuari, zerbitzu publikoen eta udal langileen defentsan

Barakaldoko Udalaren gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurkeztutako 2026rako Aurrekontu Orokorren proiektuaren aurka lerrokatu da sindikatua. Udal-antolamenduari, lan-osasunari eta zerbitzu publikoak emateari eragiten dieten funtsezko gaietarako aurrekontu-partidarik ez dagoelako edo nahikoa ez dagoelako aurkeztu ditu alegazioak.

Kaleko afari solidarioak babesteko gaur arratsaldean Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu

LABek irmoki salatzen du Donostiako Jon Insausti alkate jeltzaleak udalaren izenean Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzeko hartutako erabakia, bidegabea delako Donostian egoera zaurgarrian bizirauten duten lagun askok egunean bermatua duten otordu bakarra ukatzea.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk greba eta mobilizazioei ekingo diegu, Osakidetzak kolektibo guztien lan-baldintzak hobetu ditzan eskatzeko

Gehiengo sindikaletik ohartarazi dugu medikuen kolektiborako sinatutako akordioak ez dituela jorratzen fakultatiboen eta euskal osasun publikoaren egiturazko arazoak, eta lan-baldintza onik gabe kalitatezko zerbitzu publikorik ez dagoela defendatu dugu. Mobilizazio horiek profesionalen taldearen aldeko apustua egiten dute, eta aldarrikatzen dute hobekuntzak kategoria guztietarako lortu behar direla, negoziazio kolektiboko organo legitimoak errespetatuz.