2026-01-23
Blog Page 745

Lotsagarria da Nafarroako Gobernuaren Enpresa Publikoak ABLEen bidez kontratatzen hastea

Nafarroako Gobernuaren kontratazio atariaren bidez jakin ahal izan dugunez, abuztuan eta langileon ordezkariok gai honi buruzko inolako berririk izan gabe, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak (NEKP) “Nafarroako Gobernuaren Enpresa Publikoen langileon aldi baterako kontratazioaren zerbitzua”-ren lizitazio iragarkia argitaratu du, honen helburua Nafarroako Gobernuaren Enpresa Publikoen aldi baterako langileon kontratazioa ardura izanen duen enpresa hautatzea helburua izanik.

LAB sindikatuak atzerapausu berri hau salatu nahi du, kontratatu berrien lan baldintzak okertu eta aldi baterakotasuna sustatzen duelako, lan munduan hasten ari diren gazteenak bereziki. Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoak bere langileen lan baldintzen errespetuaren eredua izan beharko lirateke, eta ez prekarietatea sustatzen duen beste enpresa multzo bat.

Bestaldetik, kontratazio eredu berri hau, akordio programatikoan EEPPetan aplikatzeko jasotzen diren neurrien kontra doa: langileon hautaketa Aldi Baterako Lanerako Enpresen (ABLE) esku uzten da, langile publikoen kontratazioarako oinarriak diren berdintasuna, meritua eta gaitasuna alde batean utziz; kalitatezko lanaren sustapena eragozten da eta gainera, jokatzeko era honekin, zuzendaritza eta langileon arteko konfidantza eta gardentasuna apurtzen da guztiz.

LABek EEPP ezberdinek merito eta gaitasunaren bididez zuzeneko kontratuak egiten jarraitzea eta aldi baterakotasuna eta prekarietatea errazten duen formula berri hau inondik inora ere indarrean jartzea eskatu nahi du. Hau horrela ez balitz, LABek bere esku duen guztia eginen du Enpresa Publikoen langileon baldintzen aldaketa garrantzitsu hau eragozteko. Azkenik, NEKPren langileon ordezkariekiko erabateko gutxiespena salatu nahi dugu. Beste behin ere, neurri atzerakoi batekin datozkigu enpresa batzorde ezberdinak informatu gabe eta, are gehiago, negoziatu gabe.
 

 

 

Garraiolarien lan istripuak salatzen ditugu

Atzo Laudioko garraiolari baten heriotzaren berri izan genuen. Lan istripua Urdulizen gertatu zen, Bizkaian, kamioia BI-634 errepidetik atera eta gero. Gaur 121-A errepidean, Pueiu inguruan, Nafarroan, beste garraiolari batek beste lan istripu bat izan du, bertan gidaria larri zauritu eta bere ondoan zihoana hil egin da, paper bobinak zeraman kamioia errepidetik atera ondoren.

LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoen senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean.

Kasu honetan, beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan. Izan ere, gehiengo batean langile autonomoak dira, edo autonomo faltsuak, eta, gainera, berauek edukitako lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren jakitun izan arren.

Azpimarratzekoa da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen duen prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza nabarmena da. Izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar dituzte. Beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak daude. Honi guztiari gehitu behar zaie tenperatura altuak, errepideen egoera kaskarra, eguraldia… Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen dituenak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Mobilizazioa eta borroka ezinbestekoak dira. Horregatik, LABek lan istripu guztiak salatzen jarraituko du, eta enpresa eta administrazio publikoei neurriak exijituko dizkiegu. Zentzu honetan, ostegunerako, abuztuak 9, euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzera deitu du, 12:00etan, Laudioko herriko plazan.

 

 

 

Lan heriotzak salatu ditugu Gasteizen

Azken lan heriotzak salatzeko elkarretaratze bat egin dugu eguerdian, Gasteizko Korreos plazan, euskal gehiengo sindikalak deituta. Legution asteazkenean hildako langilea izan dugu gogoan, baita bost eguneko epean bizia galdu duten beste hiru langileak ere. Urtea hasi zenetik, 31 langile hil dira Hego Euskal Herrian, lanean.
 

 

 

Dynamobel enpresako langileen aurkako beste eraso bat onartu dute UGT eta CCOO sindikatuek

0
Dynamobel enpresako gehiengo sindikala (UGT eta CCOO) aurreakordio batera iritsi da hiru urteko soldata izoztea, soldata eskala bikoitza eta egutegi aldaketa onartzeko. LABek bi sindikatuen jarrera gogor kritikatu du, komunikabideei igorritako ohar baten bitartez.

 

 

 

Noaingo arropa-garbitegian lan baldintzak mantenduko dira lortutako akordioari esker

Akordioaren balorazio pozgarria egin du Tasubinsako enpresa batzordeak, helburu gehienak lortu dituztelako. Lan baldintzen prekarizazio arriskua desagertu delakoan daude.

Tasubinsako enpresa batzordeak igorritako oharra (LAB, UGT, ELA, CCOO):

Tasubinsak Ilunion.i arropa-garbitegia saltzeko iragarpena egin eta gero, prekarizazio prozesu larri baten arriskuaren aurrean geundela ikusia, lan zentruaren langileen zein enpresa komitearen aho bateko bozkekin, GREBA MUGAGABEA deitzea erabaki zen, honako helburuekin:

1. Langileen berkokapena Tasubinsan.
2. Behin-behineko lan kontratuen eguneratzea, mugagabeak bihurtuz.
3. Kategorien eguneratzea.
4. Salmentaren osteko lan baldintzen bermea.

Tasubinsa zein Ilunion.en zuzendaritzekin izandako elkarrizketen ostean, honakoa lortu dugu helburu bakoitzari dagokionez:

1. Aniztasun funtzional psikikoa duten 6 langileen berkokapena Tasubinsan.
2. 2017ko urtarrilak 1 baino lehenago behin-behinean kontratatutako 11 langileen kontratuen eguneratzea, mugagabe bihurtuz. Hala nola, Ilunionek behin-behinean geratzen diren 8 langileen kontratuak mugagabe bihurtzeko konpromisoa hartu du, behin-behineko gehienezko epeak amaitzerakoan.
3. Gidari baten kategoriaren eguneratzea. Baita banatzaile funtzioak egiten dituztenentzako onarpen zein ordainsariaren eskubidea.
4. Salmentaren osteko lan baldintzen bermea. Aurrerantzean, eta negoziazio baten ondorioz lortutako akordio bat izan arte, arropa-garbitegian izango diren lan baldintzak, gaur egun indarren direnak izango dira, bai oraingo langile zein etor daitezkeentzat ere.

Akordio honen balorazio pozgarria egiten dugu, helburu gehienak lortu ditugu eta lan baldintzen prekarizazio arriskua desagertu delakoan gaude. Horrela, lan baldintzak eguneratu eta hauen bermea lortu egin da, orainaldian zein etorkizunari begira. Lorpen guzti hauek posible izan dira langileek GREBA MUGAGABEA deitzeko erakutsitako ausardia, esfortzu zein prestutasunagatik, holan akordioa lortu ostean, langile batzarran bozkatua eta aho batez onartua izan eta gero, GREBA deialdia bertan behera gelditu da.

 

 

 

Langabe kopuruak gora egin du prekarietateak sortutako ezengonkortasunaren ondorioz

Hego Euskal Herrian 1.087 langabe gehiago daude Enplegu Zerbitzuetan izena emanda ekaineko datuekin alderatuta, eta orotara 153.626 langabe daude, uztaileko datuen arabera. Erregistratutako langabeziak gora egin du herrialde guztietan, Araban izan ezik, bertan 111 langabe gutxiago erregistratuta baitaute. Aipagarria da langabeziaren igoera hau bere osotasunean Zerbitzu sektorean eman dela, bertan 1.500 langabe gehiago erregistratu baitira ekainetik uztailera.

Hilabeteotako datuetan eragin handia izan ohi dute udari begira egindako kontratazioek. Jakina da Estatuan enpleguaren estazionalitatea handia zela lehendik ere, turismoan oinarritutako eredu ekonomikoa dela eta. Euskal Herrian geroz eta gehiago nabaritzen ari da turismo eredu jakin baten aldeko politikek enpleguan sortzen dituzten ondorioak; behin-behinekotasuna eta prekarietatea. Gaurko datuek garbi uzten dute sortzen den enpleguak ez duela iraunkortasunik eta langileen artean errotazio handia dagoela.

Ez da harritzekoa Estatuan dagoen behin-behinekotasun tasarik altuenetakoa Euskal Autonomia Erkidegoan egotea. Enplegu partziala ere bereziki zabaltzen ari da eta gaur egun partzialitate tasa %25 baino altuagoa da Hego Euskal Herrian.

LABen ustez, nahiz eta urte osoa kontutan hartuta erregistratutako langabezia nabarmen jaitsi den, hauek ez dira inor zoriontzeko datuak. Garbi dago enplegu berria sortzeko arazoak daudela, turismoak eragiten duen behin-behineko enplegua ez bada behintzat. Sortzen ari diren baldintzak emakume eta gazteei bereziki zuzenduta daude, lan merkatuan babes maila txikien daukaten kolektiboei.

Instituzioek benetako enplegu politika eraginkor bat martxan jartzeko inongo gogorik ez dutela argi dago. Estatistikak makilatzeko ahal den eta jende gehiena lan merkatutik ateratzen dute; ikusi besterik ez dago zein aktibitate tasa baxuak dauden Hego Euskal Herrian. Hau guztia gutxi ez balitz, geroz eta babes maila txikiagoa dute langabeek.

Ez gara egoera honetatik aterako neurri urgenteak hartzen ez badira: inbertsio ekoizpen publiko eta pribatua, inbertsioa zerbitzu publiko eta enpleguaren sorreran, Europako Karta Sozialaren araberakoa izango den lanbide arteko gutxieneko soldata, lanaldia murriztea eta enpleguaren sorrera sektore publiko zein pribatuan eta 1.080 euroko gutxieneko soldata soziala.
 

 

 

Langile bat hil da Legution, laugarren lan heriotza bost eguneko epean

Joan den ostiralean izandako lan heriotzak salatu ditugu gaur Corellan, udaletxe plazan, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuok. Minutu batzuk lehenago, ordea, beste lan heriotz baten berri izan dugu. Hain zuzen ere, Arabako Legutioko Olatek enpresako langile batek istripu hilgarri bat izan du. Istripua izandako langilea azpikontrata batekoa zen, eta erabiltzen ari ziren garabi batetik pieza bat erorita hil da.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik elkartasuna eta samina adierazi nahi diogu langilearen familia, ahaide eta enpresako langileagoarekin. Zendutako langile berri honekin gutxienez 31 dira aurten Hego Euskal Herrian lanean hildako langileak, atzo beste langile baten heriotzaren berri izan baigenuen: Nafarroako Cintruenigoko garraiolari batek bizia galdu zuen asteartean Fragan (Huesca), gidatzen zuen kamioia errepidetik atera eta gero.

Legutioko lan istripuari dagokionez, azpikontrata bateko langile batek pairatutako beste istripu baten aurrean gaude. Azpikontratazioa lan heriotzen zorigaiztoko ezaugarri bat da: eskubide falta, prebentzio neurri falta, erritmo azkarrak, presioa, koordinazio eta kontrol neurri eza, hau guztia gutxi batzuen irabazien mesedetan. Osalanen datuen arabera, azpikontratazioa dago lan heriotzen %40aren atzean.

Eredu honek ekartzen dituen ondorioekin nazka nazka eginda gaude, mozkin eta irabaziak langileen osasuna eta bizitzaren aurretik jartzen baitira. Nabarmendu nahi dugu gertakari hauen aurrean enpresari elkarteen ardura, eta gertakari hauen aurrean duten isiltasuna, edo larriena dena oraindik, Confebaskek modu lotsagarri batean berdintzen dituenean errepide eta lan istripuak, ausazkoak balira bezala. Bada, ez, erantzuleak badaude. Ikerketaz ikerketa ikusten den moduan, ez da zorte kontua.

Erakundeei, Osalani eta lan delegaritzari dei egiten diegu behar bezalako ikerketa eta neurriak har ditzaten enpresa hauen aurrean, eta behar bezalako prebentzio politika ezarri eta kontrolatu dezaten. Beharrezkoa ikusten dugu eredu aldaketa, beharrezkoa da langileon osasuna, bizi eta lan baldintzak lehentasunezkoak izango dituen lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eraikitzea.

LAB sindikatutik langileon osasuna eta eskubideen alde lanean eta borrokan jarraituko dugu. Horregatik guztiagatik, heriotz berri hau salatzeko gauzatuko dugun elkarretaratzean parte hartzera deitzen dugu, ostiral honetan, gehiengo sindikalak deituta, eguerdiko 12:00etan, Gasteizko Korreos plazan.
 

 

 

Elkarrizketa “arduratsua” da Nikaraguako egoera konpontzeko aterabide bakarra, CST-JBE sindikatuaren arabera

0

Nikaraguako CST-JBE sindikatuko presidente Miguel Angel Ruiz Estrada elkarrizketatu dugu, Nikaraguako egoera bertatik bertara ezagutzeko. Hain zuzen ere, Ruiz Estradaren hitzetan, Nikaraguak bizi duen egoerari irtenbidea emateko aterabide bakarra “elkarrizketa” da; hori bai, elkarrizketak “arduratsua” izan behar duela nabarmendu du, herrialdearen eta jendarte behartsuaren benetako interesei heltzeko.
 

 

 

Langileok bizirik itzuli nahi dugu etxera. Lan duina, bizi duina nahi dugu

Atzo kapitalismoak bi langile erail zituen, kasu honetan Corellako araztegian lan istripu batean. Nafarroan bizi ziren biak, Ablitasen R.C.G., 35 urtekoa, eta Murchanten, berriz, L.G.F., 54 urtekoa. “Socamex” eta “Lacunza Construcciones” enpresako langileak, hurrenez hurren. “Nilsa” entitate publikoak kontratatutako enpresak dira biak.

Bestalde, atzo, Nafarroan beste lan istripu batean 40 urteko langile bat larri zauritu zen. Errepidean mantentze lanak egiten zituenean, 2,5 metroko erorketa pairatu zuen.

LAB sindikatutik lehenik eta behin elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu langileen familia, senide, lagun eta enpresako langileei.

Zendutako langile berri hauekin gutxienez 29 dira aurten Euskal Herrian lanean hildako langileak. Azpikontrata bateko langileek pairatutako istripu berri bat. Azpikontratazioak prekarietatea areagotzen du: eskubide falta, prebentzio neurri falta, material eza, formazio eza, erritmo azkarrak, presiona lanak azkar bukatzeko, koordinazio eta kontrol neurrien falta…

Kapitalismoak langabezi tasaren jeitsieraz hitz egiten duen bitartean langileak prekarietarearen bitartez erailtzen ditu. CEN patronalak bere etekin ekonomikoak lehenesten ditu langileon osasuna eta bizitzaren aurretik. Langileok bizirik itzuli nahi dugu etxera! Lan duina eta bizi duina nahi dugu!

Beraz, nabarmendu nahi dugu gertakari hauen aurrean CEN patronalaren ardura, eta gertakari hauen aurrean duten isiltasuna. Lan istripuak ez dira zorigaitzak, ez. Erantzuleak badaude, ikerketaz ikerketa ikusten den moduan, ez da zorigaitz edo zorte kontua.

Nafarroan lan ikuskaritza propio bat izatea hil edo biziko kontu bat da. Nafarroan eskuduntzak behar ditugu prekarietateari aurre egiteko eta benetako kontrol gauzatzeko.

Hori dela eta, Nafarroako gobernuari eta gainintzeko erakunde guztieei dei egiten norabide honetan urratsak emateko. Bestalde, ikerketa eta neurriak hartu ditzaten enpresa hauen aurrean, eta behar bezalako prebentzio politika ezarri eta kontrolatu dezaten.

Beharrezkoa ikusten dugu eredu aldaketa, langileon osasuna bizi eta lan baldintza lehentasunezkoak izango diren lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa.

LAB sindikatutik langileon osasuna eta eskubideen alde lanean eta borrokan jarraituko dugu. Klase sindikalgintzatik erantzun gogor antolatu eta eman behar dugu, eta horretarako langileria eta gizartea aktibatu.

Horregatik guztiagatik erail berri hauek salatzeko burutu daitezkeen ekimenetan parte hartzeko deia zabaltzen dugu.