2026-01-24
Blog Page 729

Kalitate txarreko enplegua eta prekarietatearen kronifikazioaz ohartarazi dugu

Gaur argitaratu diren SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuen arabera, 156.152 langabetu zeuden Hego Euskal Herrian irailean. Langabeziak 118 pertsonetan egin du behera abuztuarekin alderatuz. Nafarroan 451 langabetu gehiago egon den artean, 569 pertsonetan jaitsi da langabezia EAEn. Emakumeak dira gehienak, 90.675, langabetu guztien %58.

Irailean udako kontratu asko amaitu ohi da. Sektoreen arabera aztertzen badugu, zerbitzu sektoretik zetozen langileen artean soilik egin zuen gora langabeziak (28.945) eta baita aurretiko lanik ez zutenen artean ere (9.745).

Kontratazioari dagokionez, 1.952.397 izan ziren irailean sinatutako kontratuak, eta hauen %88a aldi baterakoak. Hau da enpleguaren ahultasuna erakusten duen adierazle nagusietako bat, sinatutako kontratuen aldibaterakotasun eta desegonkortasun handia.

Enpleguaren kalitatearen arazoak larria izaten jarraitzen du, enplegu prekarioa eta gaizki ordaindutakoaren gorakadaren aurrean baikaude.

Prekarietateari aurre egiteko politika eraginkorrak eskatu dizkie LABek administrazioei, lan-baldintza duinak ezinbestekoak direlako langileontzako lan eta bizi duinak bermatzeko.

 

 

 

Patronalak negoziatzeko borondatea erakutsi ezean, mobilizazioak indartuko ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, grebara deituz

Patronalek helduen egoitzetako mahaia deitzeko konpromisoa hartu zuten duela urtebete, 2017ko Gabonetarako hain zuzen ere, eta gaur, 2018ko urriaren 1ean, UGTk eskatuta bildu da negoziazio mahaia.

Oraingo honetan ere, patronalek ez diote sindikatuok duela bi urte aurkeztutako plataformei erantzunik eman. Gauzak horrela, LAB sindikatuak argi azaldu du patronalek negoziatzeko borondatea izanez gero, negoziazio egutegi baten aldeko apustua egingo duela, baina borondaterik erakutsiko ez balute, LABek mobilizazioak areagotuko ditu grebarako deialdia eginez.

Negoziazio mahaia urriaren 19an batzartuko da berriro.
 

 

 

Ahalmen legegile osoa aldarrikatu dugu babes sozial gaietan, pentsioen sistema propio bat eraikitzeko

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazio bat egin du Bilbon, “Pentsio blindatuen alde, pentsio publiko duinak” lemarekin, Pertsona Helduen Nazioarteko Egunaren harira deitutako mobilizazio sorten barruan. Bilboko manifestazioa Plaza Eliptikotik irten da, eta bertan izan da LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, pentsiodunei babesa emateko. 

Garbiñe Aranbururen hitzetan, pentsio sistema publikoa jasotzen ari den erasoak erantzuna behar du, eta, zentzu horretan, eredugarria da pentsiodunen borroka: "Mobilizazioari esker, borroka honi esker, emaitza batzuk lortzeko aukera ireki dute. Ikusi beharko da orain Toledoko Itunaren letra txikia zein den eta nola gauzatu nahi duten, baina bistan da akordio hori mobilizazioei esker lortu dela". Hori bai, LABeko idazkari nagusiak nabarmendu du Toledoko Itunaren akordioa ez dela nahikoa, sindikatuak berak joan den astean egindako irakurketan ohartarazi bezala.

Garbiñe Aranburuk adierazi du pentsiodunen plataformetatik egiten diren aldarrikapen guztiekin bat egiten dugula: hala nola, sindikatuak eskatzen du lan eta pentsio erreformak bertan behera geratzea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; pentsio arrakala murriztea; eta 1.200 euroko gutxieneko soldata, "gaur egungo soldata ez duinak biharko pentsio ez duina ekartzen duelako".

Sindikatu gisa, bi erronka ditugula berretsi du: "Alde batetik, pentsiodunen borroka langile klasearen borroka bilakatu nahi dugu, gaurko pentsiodunak eta etorkizuneko pentsiodunak elkarrekin mobilizatzea, alegia; beste aldetik, sistema propio baten aldeko aldarrikapena indartu nahi dugu". Azken honen harira, Garbiñe Aranburuk garbi dauka Toledoko Itunetik eta Madrilgo Kongresutik ez dela alternatibarik etorriko: "Bitarteko juridiko eta politikoak aldarrikatzen ditugu, ahalmen legegile osoa eskatzen dugu babes sozial gaietan, pentsioen sistema propioa eraikitzeko".
 

 

 

Gasteizko bide garbiketako langileek “erabateko atsekabea” adierazi dute euren lan egoera dela eta

0

LABek langileek bizi izandako egoeraren kronifikazioaz ohartarazi du, gutxienez hurrengo kontratuaren emate prozesuaren arte.

Hauxe da LABek Gasteizko Bide-Garbiketa Publikoa eta Hiri-hondakin Solidoen Bilketan duen sail sindikalak igorritako oharra:

LABek Vitoria-Gasteizeko Bide-Garbiketa Publikoa eta Hiri-hondakin Solidoen Bilketan duen sail sindikala osatzen dugun kideok erabateko atsekabea adierazi nahi dugu, gaur egun, kontzesionario honetan diharduten langileek, oraindik ere, jasan behar duten egoera dela-eta. Jadanik bi aste baino gehiago igaro dira, greba batzordearen eta FCC-GMSMren zuzendaritzaren artean aurreakordioa lotu ostean, greba mugagabea bertan behera geratu zenetik. Honen harira, esan, aurreakordio haren puntu garrantzitsuenak bete zitezen ezarri ziren epeak, argi eta garbi, ez direla bete, eta oraindik are okerragoa dena, Aldi-baterako Enpresa Elkarte honen zuzendaritzak baldintzatzen ditu itun honen betetzea, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak ebazpena eman ostean, Vitoria-Gasteizeko udal gobernu-taldearekin etorkizunean egin beharreko bileretan lot litezken akordioak emankorrak izatea.

Sindikatuek ardura handiz jokatuz eta hirian garbiketa zerbitzuaren grebak ekar litzakeen kalteak aintzat hartu ostean, gogo onez onartu zituen langileek egin eskariak bete zitezen ezarri epeak; eskariok laburbil daitezke eskari bakar batean: Hitzarmen Kolektiboa bete dadila. Uneotan sortu den egoera, kontratu mota hauen kudeatzaileak diren multinazional hauen helburu bakarra eta handia agerian uztea ez ezik, adibidez, kosta ala kosta mozkin ekonomikoak lortzea, agerian uzten du ere agertzen duten arduragabekeria Baldintza Pleguetan ezarri betebeharrak ez betetzean, kontratistak izanik, haien langileekin garbiki bete behar badituzte ere.

FCC-GMSMeko langileak berriro egoera horren ordaintzaileak sentitzen dira, egun, dirudienez, luzaroan luzatzeko itxura duena. Nahiz eta gobernu-taldearen eta enpresaren zuzendaritzaren arteko ahalezko bileren helburua adiskidetasunezko kontratu desegitea lortzea den, gure aburuz, haren puntu goren gisa agertu beharko litzateke enpresaren langileekin aldez aurretik lotu akordioak ez direla bete. Sail sindikal honen kideok deritzagu guztiz kontraesankorra dela adiskidetasunezko kontratua desegitea lortzen saiatzeari, argi eta garbi enpresa honetako langile oro gutxiesten direnean, are gehiago, sindikatuon ordezkariok beti agertu dugunean asmo gardena gatazka hau behin betikoz konpon dadin; horren adierazgarri, irailak 7 zituenean lotu zen aurreakordioa sinatu izana da.

Enpresa adjudikazioduna berriro gatazka honetako denborak markatzeko bere asmoan berreragiten duela argi eta garbi akreditatuta geratzen da, horregatik LAB-etik langileek bizi izandako eta UTE honek bultzatutako egoera honen kronifikazioaz ohartarazi nahi dugu, gutxienez hurrengo kontratuaren emate prozesuaren arte.
 

 

 

[IRITZIA] “Sindikalismoa eta burujabetza prozesua”

0

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok sindikalismoa eta burujabetza prozesuari buruz idatzi du.

Duela urtebete, 2017ko irailean, Katalunian gertatzen ari zenari begira ginen. Euskal herritar askok nahi genuen gure herrian ere aldaketa politiko eta sozialerako prozesua abiatzea. Saiakerak egin arren, ez zen lortzen. Ipar Euskal Herrian udalen mankomunitatearen sorreraren lekuko izan ginen, gertaera historikoa, eskuduntza mugatuak izan arren, subjektu propio bat instituzionalizatzea zekarrelako. Nafarroan Erregimenaren aurrean aldaketa instituzionala finkatzen ari zen, baina Geroa Bai-k, patronalarekiko adeitsu, aldaketa sozialari galga jartzen zion. EAEn EAJ-PSE-PP hirukoak gobernatzen zuen, atzeraldian ziren politika publiko batzuekin, eta etorkizun argirik gabeko Autogobernu Batzordearekin. Eta bitartean, euskal langile klasearen lan eta bizi baldintzek okertzen jarraitzen zuten, Estatu biek ezarritako erreformen markoan eta lan harremanen zentralizazio-estatalizazioarekin.

Testuinguru hartan, irailaren 4an, aldebakarreko burujabetza prozesu sozialaren aldeko Adierazpen mamitsu batekin, LAB eta ELA sindikatuek panoraman eragiteko gure borondatea adierazi genuen, konpromiso hauekin: estatalizazioaren aurka, marko laboral propioaren alde eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan jasotako norabidean, politika publikoak aldatzeko borrokatzea; agenda soziala lehenetsiko duten ezkerreko aliantzen alde egitea; inboluzio zentralizatzailea salatzea; afera konpetentzialak lantzen diren eremu instituzionaletan eragitea, aldebakarreko burujabetza prozesua martxan jartzea, eduki sozial argiarekin, estatus politiko eta instituzional berri bat defendatu eta lortzea ahalbidetuz.

Geroztik hainbat gertakari izan dira: prekarietatearen kontra lantokietan konfrontatzeko gaitasuna handitzea, EAEko estatus berriari buruzko eztabaida, edota jendartean masa mugimendu sozial berritu batzuk azaleratzea (feminismoa, pentsiodunak, Gure Esku Dago, Altsasu). Horiei esker eztabaida politiko eta sozialaren erdian kokatu dira autodefentsa feminista, soldata arrakalaren aurkako borroka, 1080 euroko gutxieneko pentsioak, eremu guztietan erabakitzeko eskubidea, edota justizia espainiarraren gabezia larriak. Sakoneko korronte horrek balio estrategikoa du Euskal Herrian ezkerreko alternatiba eraikitzeko.

Instituzionalki berritasun handiena EAEn gertatu da, Legebiltzarrean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa erabakitzeko eskubidea duen subjektu politiko burujabe gisa aitortzen dituen estatus berri baterako oinarriak onartu dira. Burujabetza ikuspuntutik EAEn inoiz ezagutu gabeko proiekzioa egiten du, Ibarretxe Plana edo Kataluniako Parlamentuak 2005ean onartutako lehen Estatut-a baino harago doa. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua (LHBSEE) artikulatzea ahalbidetzen du, gehiego sindikalaren aldarrikapen historikoa, alegia.

LHBSEEaren marko autonomoa inolako injerentziarik gabe sortzeko aukera izateko desiragarria litzateke zehaztapen maila handiagoa behar da, EAEren eskumena esplizituki jasoz. Eta behar da ere parte-hartze prozesu zabalago bat, langileen interesak kontutan hartzen direla ziurtatzeko.

Orain, testuinguruan dago jarrita arreta. Autogobernu Ponentzian erdietsitako akordioa ezustekoa izan da, bereziki kontraesankorra delako EAJk azken urte luzeetan Confebaskekin izan duen interes batasunarekiko eta lehenetsi izan duen unionismoarekiko.

Ez dago aukerarik espainiar Estatuak aipatu estatusa onartzeko, eta horren aurrean etorkizunari begira bi hipotesi nagusi daude: bata, Estatuarekin konfrontazioa burujabetza klabeetan, Kataluniako independentismoarekin elkar hartuta, 78ko Erregimena gainditzeko; eta bestea, Akordioa bertan behera uztea, izan Sabin Etxean, izan Madrilen. Confebaskek eta Urkulluk dute interesik handiena guztia ezerezean uzteko, marko espainolean beren politika neoliberalak garatzea askoz erosozagoa baitzaie.

Garaia da sindikalismo soberanista martxan jartzeko, borroka ideologikorako eta mobilizaziorako dituen baliabide guztiekin, baita, zergatik ez, Greba Orokorra ere, bi norabidetan: batetik, lantokietan prekarietatearen kontrako konfrontazioa elikatzea eta, bestetik, mugimendu sozialekin indarrak batuz, prekarietatea desagerrarazteko beharrezkoak diren neurri estrukturalen alde egitea, beti ere instituzioak eta klase politikoa presionatuz.

Momentua da LAB eta ELAren Adierazpena garatzeko; gure esku dago hori egitea. ELAk, ordea, egokiago jo du guda zelaitik erretiratzea, erabaki du hobe duela gatazka zehatz batzuk mediatikoki proiektatzera mugatu. Enpresa eta sektoreetako borroka jakinek balio handia dute, lorpen zehatzak, kontzientziazio eta boteretze handia sortzen dutelako. Pasa den kurtsoan LABek 120 borrokatan hartu zuen parte, eta erdia baino gehiagotan egin genuen greba. Hori horrela izanik ere, batasun sindikalik ezean, euskal langile klasearen gehiengoarentzat egiturazko alternatiba bat sortzea ezinezkoa da.

Nahi badugu benetan gure borroka sindikalarekin Patronala kezkatu eta aldaketa politiko eta soziala eragin, beharrezkoa dugu batasun sindikal soberanista, soziopolitikoa eta kontraboterezkoa garatzea. ELAk uko egin dio bide horri eta argudio ahulak eta kontraesankorrak baliatu ditu bere erabakia zuritzeko. Kea sortzeaz harago, batzuei eta besteei egiten dizkien kritika hutsaletatik harago, eta onenak emanda dagoen EAJ eta ELAren arteko dialektikaz harago, argi dago LAB eta ELAren arteko ekintza batasun ezarekin nork irabazten duen: eskuin politikoak eta euskal neoliberalek, Urkulluk eta Confebaskek.

 

 

 

Etxera bizirik itzuli nahi dugula aldarrikatu dugu Iruñean

Langileok etxera bizirik itzuli nahi dugula aldarrikatu dugu gaur Iruñean egindako manifestazioan, enplegu duina eta kalitatezkoa exijitzeaz gain. LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuok deituta, Nafarroako lantokietan egin genituen atzo mobilizazioak, euskal gehiengo sindikalak Bilbon egindako elkarretaratzearekin batera. Bada, gaur, manifestazio jendetsua egin dugu Iruñeko kaleetan.

Nafarroan lan-ezbeharren egoerak nabarmen okerrera egin duela salatzeko deitu ditugu atzoko eta gaurko mobilizazioak. Hain zuzen ere, jarduera ekonomikoa eta langile kopurua baino gehiago hazten ari dira, eta azken hamarkadan jada ehundik gora dira heriotza eragin duten lan-istripuak. Aurten dagoeneko 16 dira hildakoak Nafarroan, hauetatik 12 azken bi hilabeteetan, horietako asko prekarietate egoera gordinean, edo erraz ekidin zitezkeen gertaeretan. Honez gero, 2018an joan den urtean baino gehiago dira bere lanpostuan bizitza galdu duten pertsonak Nafarroan.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gertatutako lan istripuak eta heriotzak ere salatu genituen atzo, euskal gehiengo sindikalaren izenean. Orotara, Hego Euskal Herrian, gutxienez 50 langile hil dira urtea hasi zenetik.

 

 

 

Prekarietateak eragiten duen odolustea salatu dugu

Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin dugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, "Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea" leloarekin, eta LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko Xabier Ugartemendiak hartu du hitza. Aski da esateko garaia dela adierazi dugu, lan heriotzek gora egin duten honetan: "Lanetik bizirik bueltatzeko eskubidea dugu". Hain zuzen ere, 50 krabelin jarri ditugu gaurko mobilizazioan, krabelin bat Hego Euskal Herrian aurten hildako langile bakoitzeko. Nafarroan ere salatu ditugu lan heriotzak, hainbat lantegitan egindako protestekin, Iruñeako biharko manifestazioaren aurrekari.

Hauxe da gaurko elkarretaratzearen harira euskal gehiengo sindiklak egindako irakurketa:

2018-2019 ikasturtea hasi berria den honetan, Euskal Herrian lan-ezbeharren egoerak nabarmen okerrera egin duela salatu nahi dugu. Datuek diotenez, jarduera ekonomikoa eta langile kopurua baino gehiago hazten ari dira, eta dagoeneko 50 dira aurten hildakoak, hauetatik 34 Euskal Autonomi Erkidegoan eta 16 Nafarroan. Heriotz hauen guztien erdia azken hiru hilabeteetako epean eman da, eta horietako asko prekarietate egoera gordinean edo erraz ekidin zitezkeen gertaeretan. Honez gero, joan den urteko garai berean baino gehiago dira bere lanpostuan bizitza galdu duten pertsonak.

Laneko heriotzak bestalde, iceberg-aren tontorra baino ez dira. Lan-istripu asko eta asko estatistika ofizialetatik kanpo geratzen dira, autonomo, kooperatibista eta garraiolarienak, edo “in itinere”-ak kasu. Enpresariek askotan, mutualitateen laguntzaz eta ardurak saiheste aldera, lan-istripuak estali edo ezkutatzen dituzte. Besteetan berriz, ziurgabetasun egoeran dauden langileak dira gertakariak salatu ezin dituztenak.

Halaber, lan-gaixotasunen azpi-erregistroa eskandalagarria da. Iturri batzuen arabera, lan-istripuan hildako langile bakoitzeko 35 langile hiltzen dira lan-gaixotasunen ondorioz. EAEn aldiz, lanarekin lotutako 25 minbizi kasu soilik jaso dira azken bost urteetan, eta 2017an bakar bat ere ez. Ondorioz, argi dago datuak ez datozela inolaz ere errealitatearekin bat, zer esanik ez sektore feminizatuetan ematen diren eritasunei dagokienean.

Baina, zer ari da gertatzen?

1. Lan-harremanetan estrukturala bihurtu diren prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa daude oinarrian: erreforma laboralak, lan-baldintzen atzerakada, aldi-baterakotasuna, kontratazio partzialak, gehiegizko lan erritmoak… Horrela, lan-istripuen erdia lehen bi hilabeteetan ematen dira, eta hildakoen herena azpikontratetan.

2. Lan osasunera bideratutako gastu publikoa oso urria da. Arlo honetara bideratutakoa EAEko aurrekontu osoaren %0,01 inguru besterik ez da, eta zati handi bat eragile sozial jakin batzuen arlo honetako jarduera bermatzera doa.

3. Erakunde publikoek beste aldera begiratzen dute. Ez dute enpresarien interesen aurka egin nahi, eta arau hausteak etengabeak izanik, ez dago behar adinako kontrol eta zigorrik. Lan-ikuskaritza eskualdatu zen arren, inspektoreen ratioa Europako bataz-bestekoaren erdia da oraindik ere. Gainera, enpresentzat askotan errentagarriagoa da isunak ordaintzea neurri eraginkorrak ezartzea baino.

4. Enpresariek haien irabaziak lehenesten dituzten heinean, lantokietako inbertsio falta erabatekoa da. Krisiaren aitzakian, segurtasun neurrietara bideratutakoa hutsaren hurrengoa izan ohi da. Langileon osasunaren kontura aberasten dira.

Zer eskatzen dugu?

1. Enplegu duina eta kalitatezkoa, etxera bizirik heltzeko eskubidea bermatuko duena. Erakunde publikoen ardura nagusienetakoa da hori, haien esparruan batez ere.

2. Lan osasun politikak errotik aldatzea. Eraginkortasun-eza frogatu duen elkar-hartze sozialarekin apurtu behar da, lan-osasunera bideratutako baliabide ekonomikoak handitu eta politika errealetara bideratu.

3. Enpresen gaineko kontrola areagotzea. Lan-istripu hilgarri gehienak harrapaketa edo erorketen ondorioz gertatzen dira. Jarduera arriskutsuen jarraipena egiteko ezinbestekoa da lan-ikuskaritza eta Osalan-go giza-baliabideak Europako bataz-bestekora berdintzea.

4. Lan-gaixotasunen gaineko iruzurra borrokatzea. Horretarako beharrezkoa da EAEn babes-sozialerako esparru propioa garatzea.

Mobilizazioak Nafarroan
Nafarroako hainbat enpresatan salatu ditugu gaur lan heriotzak, euskal gehiengo sindikalak deituta ere. Manifestazioa egingo dugu bihar, larunbatarekin, Iruñean. 18:30ean abiatuko da protesta autobus geltoki zaharretik, eta udaletxean amaituko da.

Hainbat lantokitan egin dituzte gaur protestak, Nafarroan; Volkswagenen, kasu.

 

 

 

Mobilizazioekin jarraitzen dute Sanitas Loramendiko langileek

Greba mugagabean daude Erandioko helduen egoitzako langileak, eta gaur auto karabana bat egin dute zuzendaritzaren jarrera salatzeko eta diskriminazioari amaiera jar diezaion eskatzeko.
 

 

 

“Dia&Go” gisako denden merkataritza ereduaren kontra mobilizatu gara Barakaldon

0

Ordutegi komertziala zabaltzearen bidez, halako dendek herri eta auzoetako merkataritza sektorea kaltetzen dutela azpimarratu dugu. Merkataritza eredu honen bitartez langileen lan baldintzak okertzen dituztela gaineratu dugu, "esplotazioaren adierazle" direlako. "Barakaldon ireki dute lehen "Dia&Go". 8:00etatik 23:00etara irekitzeko asmoa zuten, baina, borroka sindikalari esker, salaketari esker, 10:00etan zabaltzea lortu dugu", jakinarazi dugu, eta azarorako Bilbon beste "Dia&Go" bat zabaldu nahi dutela ohartarazi dugu.