2026-09-26
HomeEkintza SozialaHelduak eta PentsiodunakAhalmen legegile osoa aldarrikatu dugu babes sozial gaietan, pentsioen sistema propio bat...

Ahalmen legegile osoa aldarrikatu dugu babes sozial gaietan, pentsioen sistema propio bat eraikitzeko

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazio bat egin du Bilbon, “Pentsio blindatuen alde, pentsio publiko duinak” lemarekin, Pertsona Helduen Nazioarteko Egunaren harira deitutako mobilizazio sorten barruan. Bilboko manifestazioa Plaza Eliptikotik irten da, eta bertan izan da LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, pentsiodunei babesa emateko. 

Garbiñe Aranbururen hitzetan, pentsio sistema publikoa jasotzen ari den erasoak erantzuna behar du, eta, zentzu horretan, eredugarria da pentsiodunen borroka: "Mobilizazioari esker, borroka honi esker, emaitza batzuk lortzeko aukera ireki dute. Ikusi beharko da orain Toledoko Itunaren letra txikia zein den eta nola gauzatu nahi duten, baina bistan da akordio hori mobilizazioei esker lortu dela". Hori bai, LABeko idazkari nagusiak nabarmendu du Toledoko Itunaren akordioa ez dela nahikoa, sindikatuak berak joan den astean egindako irakurketan ohartarazi bezala.

Garbiñe Aranburuk adierazi du pentsiodunen plataformetatik egiten diren aldarrikapen guztiekin bat egiten dugula: hala nola, sindikatuak eskatzen du lan eta pentsio erreformak bertan behera geratzea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; pentsio arrakala murriztea; eta 1.200 euroko gutxieneko soldata, "gaur egungo soldata ez duinak biharko pentsio ez duina ekartzen duelako".

Sindikatu gisa, bi erronka ditugula berretsi du: "Alde batetik, pentsiodunen borroka langile klasearen borroka bilakatu nahi dugu, gaurko pentsiodunak eta etorkizuneko pentsiodunak elkarrekin mobilizatzea, alegia; beste aldetik, sistema propio baten aldeko aldarrikapena indartu nahi dugu". Azken honen harira, Garbiñe Aranburuk garbi dauka Toledoko Itunetik eta Madrilgo Kongresutik ez dela alternatibarik etorriko: "Bitarteko juridiko eta politikoak aldarrikatzen ditugu, ahalmen legegile osoa eskatzen dugu babes sozial gaietan, pentsioen sistema propioa eraikitzeko".
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.