2026-01-26
Blog Page 697

Beharrezkotzat jotzen dugu Osakidetzako EPEari buruzko ikerketa batzordea martxan jartzea

0
Bihar bozkatuko da Eusko Legebiltzarrean EH Bildu talde parlamentarioak proposatutako ikerketa batzordea, Osakidetzako EPEan gertaturiko filtrazioak eta irregulartasunak argitzeko helburua duena. Zentzu honetan, LABek Ikerketa Batzorde honi guztiz beharrezko deritzo eskandalagarria den egoera argitu nahi badugu. Izan ere, gaur egun, gure lehenengo salaketak egin genituenetik 6 hilabete igaro diren honetan, Osakidetzak oraindik ez du eman sinesgarri den inongo azalpenik.

Sinetsita gaude Legebiltzarreko ikerketa batzorde hau administrazio publikoetan sartzeko prozesuetan gardentasun eta demokrazia handiagoa lortzeko urrats garrantzitsua izan daitekeela, ez soilik Osakidetzan, baita gainontzeko administrazioetan ere.

Osasun Saila eta Osakidetzak bera, Darpon kontseilari buru dutela, salatzen ari garen praktika ustel eta mafiosoak (batez ere fakultatibo espezialisten kategorietan, baina ez soilik) behin betiko desagerrarazteko ikerketa eta neurri ausartak hartu beharrean, eskandalua estaltzeko ahaleginean tematu dira. Jarrera ausarta hori da, hain zuzen ere, behin eta berriro eskatu dioguna Osakidetzako Zuzendaritzari. Eta jaso dugun erantzun partzial eta sinesgaitzaren aurrean, fiskaltzara eta epaitegietara jotzea erabaki behar izan genuen. Honen harira, ikerketa batzordeak fiskaltzaren lana erraz lezakeelakoan gaude.

Espediente batzuk, hainbat azterketaren errepikapena eta Osakidetzako Zuzendari Nagusiaren dimisioa ez dira nahikoa filtrazioen arazoa konpontzeko. Beharrezkoa da EPE eredua eta Osakidetzako langileen kudeaketa errotik aldatzea, baina beti ere gertatu denetik eta erantzukizun guztiak garbitzetik abiaturik. Sistema berria aurreko oinarri ustelen gainetik eraikitzeak ezin du onik ekarri. Lehenengo eta behin egoera argitu eta garbitu behar da, eta gero, EPE eredua berria negoziatu.

Izan ere, Osasun Sailak Jimenez Asensiori enkargatu zion ikerketan azaltzen diren proposamenek, izan lezaketen alde positiboaz haratago, ezin dute etorkizun gardenik bermatu, gertatu diren filtrazioak eta existitzen den ustelkeria ez dutelako aipatzen, ezta abiapuntu gisa hartzen. Egoera erreal honetatik abiatuko behar lirateke, eta datozen EPE prozesuetan halakorik ez errepikatzeko helburu hartu.

Ikerketa Batzordea guztiz beharrezkoa da. Alde ez agertzeak gardentasunaren kontra jotzea eta administrazio publikoetako ustelkeria eta inpunitatearen babesle bihurtzea dakar.
 

 

 

Bilbobus kudeatzen ari den enpresa egoera gaiztotzen ari dela salatu dute

0
Bilbobusen kudeaketarako Bilboko Udalak azpikontratatutako enpresak, deitutako lanuzte egunek aurrera egiten duten bitartean eta Santo Tomas egunerako deitutako grebarako aste bi baino gutxiago falta direnean, idatzia erregistratu du Eusko Jaurlaritzak greba deialdian formazko akatsa alegatzen ahaleginduz. Bilbobuseko enpresa batzordearen arabera, ziurrenik, langileak beldurtzea da bere asmoa, legez kanpoko greba batean parte hartzen ari direnaren beldurrarekin.

Honen aurrean, Bilbobuseko enpresa-batzordeak langileei zein jendarteari jakinarazi nahi die greba-deialdiak forma aldetiko baldintza guztiak betetzen dituela. Hortaz, kontua korapilatzea baino ez du bilatzen enpresak, jendartea eta langileak nahasten saiatuz. "Lortuko duten bakarra langileak gehiago berotzea da, honezkero nekatuak daudenak enpresaren jardueraren aurrean", adiuerazi du enpresa batzordeak.

"Mezu argia bidali nahi diogu Udalari, hau baldin bada enpresak gatazka konpontzeko bilatzeko modua, arazoa larritu eta langileak are gehiago haserratzea da lortuko duten bakarra.
Udalak gatazka enkistatzea nahi ez badu dei egin beharko lioke Bilbobus kudeatzen duen enpresari langileokin akordio bat lortzera eta ez dadila hasi deitutako lanuzte eta grebak kriminalizatzen ahalegintzen. Gatazka luzatzea baino ez du lortuko horrela", erantsi dute langileen ordezkariek.

 

 

 

“Madril eta Gasteizko gobernuak eskutik helduta datoz aurrekontuen gaian ere”

EAEko aurrekontuen inguruko eztabaida dela eta, LABek mobilizazioa egin du Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. Sindikatuak zerbitzu publikoetan gako nagusitzat hartzen dituen enplegua eta zorraren aitortza aldarrikatu ditu, “Zerbitzu Publikoen defentsan, hemen erabaki” lemapean. Hain zuzen ere, salatu dugu aurrekontu proiektuak ez duela langile publikoek pairatzen dituzten murrizketekin bukatzeko balio.

Gaurkoan EAEko Legebiltzarrean 2019ko aurrekontuei egindako osoko emendakinen eztabaida egiten ari da. Beste behin ere Eusko Jaurlaritzak gutxi batzuen interes ekonomikoak kontuan hartzen dituen proposamena egin du, zerga bilketa %7 inguru hazi egin den urtean. Urtero bezala, EAJ eta PSEren gobernuak ez ditu gizartearen gehiengoak dituen beharrak kontuan hartzen. Gutxi batzuen mesedetan sekulako diru xahuketa egiten da langileen bizkarrera, betiere Espainiako Gobernuaren baimen eta laguntzarekin.

Azken finean, LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkari Gorka Berasategiren hitzetan, "Madril eta Gasteizko gobernuak eskutik helduta datoz aurrekontuen gaian ere. Eusko Jaurlaritzak aitzakia paregabea aurkitu du Madriletik planteatzen diren mugak direla eta. Aitzakiak aitzakia, garbi ikusten ari gara EAJri Madriletik inposatzen den gidoitik ateratzea ez zaiola inolaz ere interesatzen". 

Honek guztia zerbitzu publikoetan egoera okertzen du. "Estatuan inposatzen diren akordio eta arauak ez dute euskal zerbitzu publikoetan dagoen egoera konpontzeko balio. Gobernuari behin eta berriro hemengo negoziazio esparruaren alde egin dezan eskatu diogu, baina alperrik. Estatuan lortzen diren akordioak Eusko Jaurlaritzak bere egiten ditu, inongo aldaketarik gabe", azaldu du Berasategik. 

Bi eskari zuzen
Gobernuaren aurrekontu proposamena ikusi ondoren, LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioan Legebiltzarrera jotzea erabaki genuen. Legebiltzarreko talde guztiekin bildu ginen eta, Legebiltzarrak daukan ahalmen legegile guztia garatuz, bi eskari zuzen egin genizkien:

• Langileei kendutako soldataren ondorioz sortutako zorraren aitortza bat egitea.
• Behin-behinekotasunari aurre egiteko lanpostuen eta bitarteko langileen egonkortasun prozesuak burutzeko klausulak aurrekontuetan txertatzea.

LABen ustez, ezinbestekoa da murrizketen aroari behin betiko amaiera ematea eta ez gaude inolaz ere egindako murrizketak ahazteko prest. Gobernuan dauden alderdiak kenduta, gainontzeko alderdiek begi onez ikusi dituzte gure proposamenak. Orain iritsi da momentua, beraz, sektore publikoko langileen eskubideen alde egiteko ere.

Momentu honetan, mahaiaren gainean dagoen proposamen murrizketen garaiak betikotzeko soilik balio du. Gaur bezala, beraz, etorkizunean mobilizatzen jarraitu beharko dugula argi daukagu. Eusko Jaurlaritza eta berau sostengatzen duten alderdiek zerbitzu publikoak garatzeko inongo intentziorik ez dutela argi gelditzen ari da. Horrela jarraituz gero, LAB aurrean izango dutela garbi izan dezaten, beraz.

 

 

 

Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegietako garbitzaileek Gasteizko Legebiltzarrera eraman dituzte euren aldarrikapenak

0

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egin dute, eta alderdiekin bilerak izan dituzte. Zentzu honetan, salatu dute Segurtasun Sailak eta Justizia Sailak ez dizkietela eskatutako bilerarik eman.

Komisaldegietako eta epaitegietako garbikuntza zerbitzuko langilek greban daude pasa den irailaren 19tik pairatzen duten soldata-arrakala ezabatua izan dadin. Greban eman dituzten egun hauetan, ez Segurtasun sailak, ez Justizia sailak ez dute nahi izan langileekin bildu. Garbialdiri dagokionean, enpresa esleipenduna, greba hasi zenetik hilabete oso bat igaro zen berriro negoziazio mahaian eseri zen arte, eta gainera, erosahalmena mantentzea bermatzen ez duten proposamenak ekartzeko.

Diru publikoarekin, hau da, denon poltsikoetatik irteten den diruarekin, finantzatzen den genero diskriminazio batean aurrean gaude. Zehatz esateko, honakoak dira datuak:

Soldata-arrakala: komisaldegietan %13, epaitegi eta adin txikiko zentruetan %7.

Komisaldegien hitzarmena 2009ko abenduaren 31an amaitu zen; epaitegien kasuan 2017ko abenduaren 31n.

Zoritxarrez, une hauetan ez da espero epe laburreko konponbiderik eta, horregatik, erabaki dute mobilizazioak indartzea. Hala, Eusko Legebiltzarrean elkarretaratzea egin dute gaur, eta idatzibat erregistratu dut talde parlamentariei eskatuz Gobernuari exiji diezaioten soldata arrakalarekin amaitzeko konponbidea.
 

 

 

Etxebizitzarako eskubide subjektiboak eraginkorra izan behar du berez, eta hori ez da betetzen Nafarroako Gobernuaren lege-proposamenarekin

2018ko abenduaren 10ean “Etxebizitza bermatzeko Legea”ri zuzenketak egiteko epea amaituko da. Hori dela eta, LAB sindikatuak lege-proposamen horren inguruko bere irakurketa publiko egin nahi du.

Etxebizitza arloan 2015-2019 akordio programatikoan, hartan jaso akordioen artean, besteak beste, esaten da: “10/2010 Foru Legea aldatu behar da, alokairuko etxebizitza duina izateko eskubidearen eraginkortasuna berma dadin”. Bada, berriz ere Nafarroako Gobernuak erdizka egin du ibilbidea, eta aurkeztu duen lege proposamena eznahikoa da, aldaketa sozialari dagokionez, aipatu eskubidearen eraginkortasuna bermatzen ez duelako.

Etxebizitzarako eskubide subjektiboa onartuta, hura gauzatuz gobernuak darabilen politikaren printzipio nagusia izateari uzten zaio, eta hura gauzatuko ez balitz, (epaitegietan) eska daitekeen eskubide bilakatzen da.

Baina, Nafarroako Gobernuaren lege proposamenak, etxebizitzarako eskubide subjektiboa onartzen duen moduan, ez dio bermatzen etxebizitza behar duen orori hura eskuratzeko eskubidea, ez du eragozten jendea hipoteka garestiekin eta alokairu handiekin zorpetzen iraun behar izatea ere. Hori guztia, behin etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortu dela, hura esleitu pertsonek osatzen duten taldeentzat, hauek bete beharreko baldintzetan arautu terminoetan, etxebizitzen parke publikoaren eta aurrekontu eskuragarritasun terminoetan bakarrik eska daitekeelako.

Aurtengo martxoan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna bidez, LAB haren partaidea da, beste sindikatu eta eragile sozialekin batera, Nafarroako Parlamentuan Herri Ekimen Legegilea aurkeztu genuen, txirotasunaren aurkakoa eta bertako gizarte-babes sistema publiko eta kalitatekoaren aldekoa.

Eskakizunen artean, besteak beste, milaka sinaduren sostenguaz, etxebizitzen araudian sartu beharreko neurriak sartu ziren, helburu batez, etxebizitzarako eskubide subjektiboa benetan eraginkorra izan dadila (gutxiengo diru-sarrerak mugatu gabe; Erroldan antzinatasuna eskatu gabe; alokairu erregimenean heltzea; prestazio ekonomikoa ordezkatuko ez lukeen etxebizitzarako heltzea; errenta Bermatua jasotzen dutenei diru-sarreren araberako prezioa eta aipatu sarrera %15ean gaindituko ez duena; erosketa-erregimenean dagoen etxebizitza publikoen esleipena eragotzi, aipatu etxebizitzak sar daitezen alokairurako parke babestuan).

Nafarroako Gobernuak HELren izapide parlamentarioari betoa jarri zion, eta ez du kontuan hartu proposatutako neurririk. Era horretan, kontrakotzat jo da, eta horrengatik, lege proposamen honetan gehien kritika daitekeen alderdia dela, esan etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzen dela, baita judizialki erreklamatu ahal izateko ere, era berean, hura gauza dezaketen behar besteko etxebizitza sozialen parke publikoa izatea ziurtatuko dituzten baliabideak ez dira proposatzen. Horrek behartzen du eskubide subjektiboaren titularrak mugatzera, eta etxebizitza eskubidea laguntza ekonomiko batengatik ordezkatzera.

Gainera, Nafarroako Gobernuak aurrekontu arrazoiak bultzatuta, etxebizitza eskubideari heltzeko baldintzak berraztertzeko aukera sartu du. Horrela, etxebizitza eskubidea indargabetu baino, aurrekontu-eskuragarritasunari lotuz, unean uneko borondate politikoaren menpe eta hark etxebizitza eskubidea betetzeari ematen dion lehentasunaren menpe uzten du.

Krisialdiak agerian utzi du merkatuak eskubide hau betetzeko ezgaitasuna; gordintasun osoz gauzatu da etxegabetzeen errealitatean eta gizartearen maila askok oinarrizko eskubide honi heltzeko ezintasunean. Horri gehitu behar zaizkio gabezia hauek ikusgarri egiteko egin diren mobilizazioak eta gizarte-presioak. Horregatik, Nafarroako Gobernuaren proposamenean etxebizitza eskubidea giza eskubidetzat aipatzen da, baita etxebizitzen jabetzaren gizarte-funtzioa (hutsik dauden etxebizitzen erabileraren aldi bateko desjabetzeari atea zabalduz), nahiz positibotzat jo daitezkeen beste gaiak ere.

Baina ez da egia lege proposamen honek ekarriko duen “esplizituki eta administrazio publikoei eskatzeko ezaugarriz, etxebizitza duina eta egokia izateko eskubide subjektiboa, Nafarroako Foru-Erkidegoan auzotasun administratiboa duen edonorentzat”. Ez da.

LAB sindikatuak ez dio irizten aldaketa sozialari sorospen politika egiteko era gisa. Politika egiteko eratzat hartzen dugu, erdigunean kokatuz langile nafarren interesak eta eskubideak.

Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu bete dezala Programa Akordioan, etxebizitza arloan, jasotzen dena, hura elikatu zuten gizarte borrokak jaso ditzala eta etxebizitza duinerako eskubidea eraginkortasunez berme dezala.

 

 

 

“Egin klik: erlijiOFF” dinamika aurkeztu dugu, Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko asmoarekin

0

LAB sindikatuak Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko dinamika abian jarriko du abenduaren 15etik aurrera. Azken urtean gure oinarri ideologikoak berritzeko lanetan murgilduta ibili gara, eta norabide horretan kokatzen dugu Bilbon aurkeztu dugun dinamika. Oinarri ideologiko horien lanketa estrategikoan, besteak beste, LABek Eskola Publiko Komunitarioaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko ezinbesteko irizpideak zehaztu ditu, eta irizpide horien baitan hezkuntzaren izaera laikoa agertzen zaigu. Horrela, gure oinarri ideologikoen planteamenduan sakontzera gatoz dinamika berri honen bitartez.

Bilbon egin dugun agerraldian, dinamikaren aurrekariak eta testuingurua aipatu ditugu lehenik:

1. Erlijio desberdinetako ikasgaia (nagusiki katolikoa) urtez urte eskaintzen da Euskal Herriko ikastexe publiko zein itundutakoen gehiengo zabalean. LABek Hezkuntza laikoaren aldeko apostu garbia egiten du, familiek etxean eta euren borondatez erlijioetan hezitzeko aukera dutelarik, baina heziketa hori ikastetxeetatik at egon beharra duela ulertuz. Legeak, hezkuntza laikoa izango dela adierazten du gainera, eta gaur egungo elementu segregatzaile nagusienetakoa da. Erlijioek inongo ikastetxeko curriculumetan lekurik ez dutela ozen salatu nahi dugu dinamika honen bitartez. Iruten filosofiari jarraiki, hezkuntza sistema propiora bidean urrats praktiko bat gehiago eman nahi dugu, beste urrats kualitatibo bat: ikastetxe laikoak iruten hasiko gara.

2. Jakina da garai batetan erlijioko irakasleek EAEko irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan izan zuten sarbide iluna. Apezpikutzak kudeatutako zerrenda edo lan poltsa batetik ematen zuten jauzia irakaskuntzara, gerora, merituak pilatutakoan aukera zutelarik gainontzeko espezialitateetara igarotzeko. Gaur egun, zerrenda horiek administrazioak kudeatzen baditu ere, apezpikutzak ezartzen ditu zerrenda horietan sartzeko baldintzak. Irakasle tituluaz gain, konpetentzia akademikoko adierazpen eklesiastikoa, egokitasun adierazpen eklesiastikoa eta missio kanonikoa ezinbestekoak dira. Gure ustez, onartezina da erakunde erlijioso batek zerrenda publiko batzuetarako irizpideak ezartzea. Era berean, Estatu Espainolaren eta erlijio agintarien arteko itunak gaitzetsi eta salatzen ditugu, irakasgaiaren curriculuma zein diseinua erakunde arrotzen esku uzten baitu eta doktrinatze arriskua betikotzen baitu.

3. Erlijio irakasle hauen lan jarduna, orohar, erlijio saio batzuk ematera mugatzen da; ez dute ikastetxeko jardun eta proiektu desberdinetan parte hartzeko beharrik (zaintzak, ziklo bilera eta klaustroak, batzordeak, formakuntza eta berrikuntza saioak, proiektu pedagogikoak…). Gainera, irakasle hauetariko askok ez dute inondik inora euren asteko jarduna betetzen, jardun osoan kontratatuta daudelarik eta horrela kobratu arren, irakasle arteko arrakalan ikaragarri sakonduz eta lan karga askoz baxuagoak izanez. Eta egoera bidegabe honek, irakasleen artean talka handiak sortzen ditu gero eta ikastetxe gehigotan. Ondorioa argia da: irakasle hauek pribilegiatu hutsak dira Eusko Jaurlaritzaren babes, baimen eta bedeinkapenarekin.

Honakoak dira orain arte esku artean ditugun datu orokorrak, datu zehatz eta berriagoen zai gaudelarik:

– Haur eta Lehen Hezkuntzan, jardunaldi osoko kontratuarekin, Erlijio katolikoko 10 eskola ordura ez dira iristen bataz beste: Jardunaldi osoa ez du inork betetzen. Jardunaldi ia osoa edo jardunaren 2/3 irakasleen %10 inguruk betetzen du. Irakasleen %80aren bueltan, jardun ½ eta 1/3 bitartean lan egiten du, eta gainontzeko %10ak ez du sikieran jardun 1/3 betetzen. Kasurik larrienetan 3, 4 edota 5 orduko asteko jardunak dituzte.

– Bigarren hezkuntzan, jardunaldi osoko kontratuarekin, Erlijio katolikoko 10 eskola ordu dituzte bataz beste: Jardunaldi osoa irakasleen %10aren inguruk betetzen du. Jardunaldi ia osoa, baina berau bete gabe, irakasleen %20 inguru dabil. 2/3eko jarduna betetzen %15aren bueltan eta jardun ½ eta 1/3 bitartean irakasleen %40 kokatzen da. Gainontzeko %15ak ez du jardun 1/3 ere ez betetzen.

Guzti hau gutxi balitz, kasu askotan hautazko beste edozein arlotan ikasgaia bertan behera geratuko litezken ratioekin mantentzen dira erlijio klaseak. Kasu larrienetan, ikasle bakarra edo bi ikasle matrikulaturekin eskaintzen da, bai Haur eta Lehen Hezkuntzan zein DBH eta Batxillergoan.

4. LABek, erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik atera eta irakasle finko zein behin-behineko hauek birkolokatzeko prozedura adostu baten aldeko hautua egiten du, dagozkion berme mekanismoak artikulatuz eta gardentasun printzipioak bermatuz. Gainontzeko irakasleak bezala, elizaren injerentziarik gabeko lan poltsa publikoen bidez eta egonkortasun prozesuen bidez eskuratu beharko dute lanpostua bestelako espezialitate batetan, hauek lan baldintza berdinetan, eskubide eta bete-behar berdinekin esleituko zaizkielarik. Langile guztien lan baldintza duinen defentsan gogor lanean jarraituko dugu!

5. LABek, erlijioko irakasleengan ez duela fokoa jarri nahi argi adierazi nahi du, hauek ez baitute gaur egun ematen den egoerarekiko ardurarik ezta beroni buelta emateko eskumenik. Ardura politiko guztia eta konponbiderako eskumena Eusko Jaurlaritzak du eta berari egiten diogu interpelazio zuzena, gaiari eutsi eta erlijiorik gabeko bestelako Hezkuntza sistema bat hezkuntza komunitatearekin adostu eta abiarazi dezan.

Dinamikaren egutegia
Hau guztia aintzat hartuta, LABek “egin klik: erlijiOFF” dinamika martxan jartzea erabaki du. Dinamika honek Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko planteamenduari erantzuten dio eta proposamenaren nondik norakoak hurrengoak dira:

– Abenduak 10, dinamikaren aurkezpen ekitaldia Bilbon.

– Abenduak 15- ekainak 15: Sinadura bilketa masiboa Euskal gizartean eta lan zentroetan.

– Abendua eta urtarrilean, hezkuntza eragileekin (alderdi politiko, sindikatu eta plataformak) aldebiko bilerak burutuko ditugu.

– Legebiltzarreko hezkuntza batzordean agerraldia eskatuko dugu.

– Erlijioko mahai negoziatzaileetara joaten hasiko gara. Orain arte mahaietara joateari uko egin badiogu ere, gure salaketa behin eta berriro adierazteko mahaietan parte-hartzea berreskuratuko dugu. Era berean, Kontzentrazioak burutuko ditugu mahai negoziatzaileak deitzen dituzten bakoitzean.

– Hilabete bakoitzeko 15ean, kontzentrazioak deitzen ditugu ikastetxeetako sarreretan, “egin klik: erlijiOFF” lelopean. Pankartak eta plakak jartzeko deialdia. Era berean, ekimen propioak aurrera ateratzera animatzen ditugu ikastetxeak.

– Ikasturtean zehar dinamika desberdinak eramango ditugu aurrera hilabete bakoitzeko 15ean sindikatuko liberatuen partetik, eta horien berri periodikoki emango dugu.

– Apirilean akanpada laikoa Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

– Maiatzean zehar pankartada masiboak herri eta lan zentroetan. Leloak: “Hezkuntza laikoa iruten, erlijiorik ez”, “egin klik: erlijiOFF”, “erlijiorik gabeko hezkuntza burujabea iruten”.

– Maiatzak 11, manifestazioa Bilbon, “Hezkuntza burujabea iruten, egin klik: erlijiOFF” lelopean.

– Ekaina amaieran: Sinaduren entrega Cristina Uriarteri. Dinamikaren ikasturte itxierako ekimena.

Bukatzeko, LABek hezkuntza komunitatea osatzen duten ikasle, familia, sindikatu eta bestelako plataforma zein eragilei hezkuntza laikoaren aldeko plataforma herritarra eratzeko deia eta gonbitea luzatzen du.

 

 

 

Mafia, mehatxua eta mendekua, alferrikako azpiegitura erraldoien ondorioetako batzuk

Pasa den ostiralean, abenduaren 7an, LABek mintegi bat antolatu zuen Durangon alferrikako azpiegitura erraldoien aurka. Abenduaren 8an, hain zuzen ere, azpiegitura horien kontrako nazioarteko eguna da. Aipatutako mintegian, LABeko kideez gain, mugimendu ekologistako kideak ere izan genituen gonbidatu gisa.

Lehenik eta behin, azpiegitura horien identifikazio lan bat egin genuen. Azkeneko urteetan ugaritzen joan diren azpiegiturak dira, koste sozial, ekonomiko eta ekologiko handiak eragin dituztenak. Euskal Herriko herrialde guztietan ditugu azpiegitura horien adibideak eta etorkizunean ere, politika neoliberal eta txikitzaileek aurrera jarraitzen badute, adibide horiek ugaritzen joango dira.

Hego Euskal Herriko 4 azpiegitura izan genituen aztergai, bana herrialde bakoitzeko.

– Ainhoa Intxaurrandietak erraustegiaren inguruan sorturiko interes ekonomiko eta politikoak izan zituen hizpide eta 3 M-tan laburbildu zituen aipaturiko interes horiek: Mafia, Mehatxua eta Mendekua. Berak lehen pertsonan bizi duen egoerak ondo islatzen du errealitate hori.

– Bizkaiatik, Raul Mendez izan genuen gonbidatu gisa, Bilboko Metroko LABeko delegatua; bere kasuan, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea izan zuen jo-puntuan. Proiektu ofizialaz harago, Barakaldo Naturalak aurkeztutako alternatibak jarri zituen mahai gainean.

– Trenarekin jarraituz, Nafarroatik Sustrai Eraikuntzak AHTaren inguruan hitz egin ziguten eta Bizkaiko kasuan bezala, proiektu ofizialaz gain, beraiek garatu duten Tren Publiko eta Sozialaren alternatibaz mintzatu ziren. Martin Zelaia Sustraiko kidea izan zen hau guztia azaldu zuena.

– Azkenik Arabatik, Clara eta Paulak, Berriztuko kideek, Frackingaren inguruan hitz egiteaz gain, herrialdearen eredu energetikoaren gabeziez ohartarazi ziguten. Ezinbestekoa da, zentzu horretan, jasangarria ez den eredu honekin amaitzea eta bestelako eredu baterantz pausuak ematea.

Argi dago 4 kasu hauek ez direla Euskal Herriko bakarrak. Hala ere, adibide hauen bitartez argi geratu zen proiektu horiek geratzeko indarra izan badugula eta, gainera, alternatibak artikulatzeko eta planteatzeko gaitasuna ere baduela mugimendu soziosindikalak. Bestelako kasuak ere aipatu ziren mintegian zehar, hala nola, Donostialdeko Metroa, Barrongo Urtegia, Gatikako Autopista Elektrikoa eta Nafarroako harrobien egoera.

Amaitzeko, mugimendu soziosindikalaren artikulazioa hobetzeko beharraz hitz egin zen; gainera, proposamen eta mobilizazio bateratuak garatzeko beharra ere agertu zen. Borroka lokal andana existitzen dira, baina sarritan ez dakigu nola bateratu horiek guztiak eta eraginkorragoak izan. Mobilizazioaz gain, mugimenduak perfil teknikoa duen jendearen beharra ere azpimarratu zen. Azken finean, azpiegitura hauek gelditu eta alternatibak plazaratu nahi baditugu, ezinbestekoa izango da mobilizazioa eta lan tekniko hori uztartzea.

LABek konpromisoa hartu zuen, orain arte bezala, mugimendu soziosindikal horren parte izateko eta indartzeko. Gainera, kurtso honetan zehar, LABek esfortzu berezia egingo du garraioen inguruko azpiegituren inguruko dinamikak hauspotzen eta proposamenak mahai gainean jartzen.

 

 

 
 

Zabaltzen jarraitzen dugu Ipar Euskal Herrian, Funtzio Publikoko hauteskundeetan emaitza oparoak lortu eta gero

0

LABek ordezkaritza lortu du Hendaia, Kanbo eta Urruñako udaletan, baita Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoan eta Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitalgunean ere.

Baionako ospitaleko kasuan, lehen aldia da bertan aurkeztu garela, zuzendaritzak jarritako oztopoen gainetik, aurkezterako garaian ez baitzuen gure zerrenda onartu. Paueko Administrazio Auzitegira jo genuen, ordea, eta epaitegiak arrazoia eman eta hauteskundeetan aurkezteko eskubidea genuela berretsi zuen. Bada, delegatu bat lortu dugu bertan, 91 boto eskuratu eta gero; botoen %7, hain justu.

Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoan ere LABek izango du ordezkaritza. 2 delegatu lortu ditugu, eta bigarren indar sindikala izango gara. CFDT lehen indarra da bertan, 3 ordezkarirekin. CGT sindikatuak bakarra izango du.

Udalei dagokienez, lehen aldia da Urruñako Udalean hautagaitza aurkeztu dugula, eta sindikatu bozkatuena izan gara bertan, CGT sindikatuaren aurretik. 2 delegatu izango ditugu, bozken ia %70 lortu eta gero, 58 boto eskuratuta. CGT-ek delegatu bakarra izango du, 25 boto lortu eta gero.

Kanboko Udalean, LABek eskuratu ditu bertako 3 delegatuak. Hendaiako Udalean, berriz, 2 delegatu lortu ditugu. Kasu honetan, CGT sindikatua da lehen indarra, 3 delegaturekin.

LABen presentzia Ipar Euskal Herrian gero eta nabarmenagoa izateaz gain, ordezkaritza izan ohi dugun lantokietan indartsu jarraitzen dugu; Hendaiako Sokoa enpresan, kasu. Hain justu, LABek bosgarrenez irabazi ditu hauteskunde sindikalak bertan. Lehen kolegioko 16 ordezkarietatik 12 izango dira LABekoak eta bigarren kolegioko 4 ordezkarietatik, 3. Gehiengo zabala, beraz.

Horrenbestez, LAB emaitza oso onak lortzen ari da Ipar zein Hego Euskal Herrian, azken urteetan osatutako ibilbidearen harira. Lan baldintzak bakarka inposatu nahi dizkiguten garaiotan, LABek irtenbide argia proposatzen du: kolektiboki erantzutea. Izan ere, eskubideak lortzeko elkartasuna eta antolakuntza da gure alternatiba.
 

 

 

Hezkuntza Departamenduko aurreikuspen falta eta gardentasun eza salatu nahi dugu Antonio Trueba ikastetxearen egoeraren aurrean

0
Barakaldoko IES Antonio Trueba BHIren inguruan sortutako egoera dela eta, Hezkuntza Departamenduari luzatutako idazki baten bitartez, informazioa eskatu diogu.

Lehenik eta behin, ikastetxea ixteko justifikatzen duen txosten teknikoa eskatu diogu eta galdera hauek erantzutea eskatu diogu; zein izan da ikastetxe honen bat-bateko utzaraztearen benetako arrazoia? Zer nolako egoeratan egon dira orain arte bertan egondako ikasle eta langileak? Bermatua egon da bertakoentzat osasunerako kaltegarriak ez diren neurri guztiak?

Exijitzen dugu erabaki hau suposatu duen txostena publiko egitea, orain arte ikastetxe honen inguruan eman diren urratsak zeintzuk izan diren argitzea, eta hemendik aurrera ikasle zein langileentzat aurreikusten diren hurrengo pausuak zehaztea.

Barakaldo azken urteetan jasaten ari den Hezkuntza arloko inguruko aurreikuspen falta itzela dagoela salatu nahi dugu, eta “Eskola Mapa” baten beharra islatzen du egoera honek. Ez dugu ahaztu behar Milagrosako ikastetxearen itxierak herri honetarako suposatu zuen kalapita. Administrazioak eta Barakaldoko Udalak hartzen dituen hezkuntza arloko erabakietan etengabeko aurreikuspen falta ikusten da, eta betiko moduan kaltea ikasleek, familiek eta langileek pairatzen dutela.

Amaitzeko, LAB sindikatuak IES Antonio Truebako langileen eskubideak errespetatzeko eskatzen dugu eta langile hauekin, familiekin eta hezkuntza komunitate osorekin elkartasuna adierazi nahi dugu.