2026-10-02
HomeUncategorizedZabaltzen jarraitzen dugu Ipar Euskal Herrian, Funtzio Publikoko hauteskundeetan emaitza oparoak lortu...

Zabaltzen jarraitzen dugu Ipar Euskal Herrian, Funtzio Publikoko hauteskundeetan emaitza oparoak lortu eta gero

LABek ordezkaritza lortu du Hendaia, Kanbo eta Urruñako udaletan, baita Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoan eta Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitalgunean ere.

Baionako ospitaleko kasuan, lehen aldia da bertan aurkeztu garela, zuzendaritzak jarritako oztopoen gainetik, aurkezterako garaian ez baitzuen gure zerrenda onartu. Paueko Administrazio Auzitegira jo genuen, ordea, eta epaitegiak arrazoia eman eta hauteskundeetan aurkezteko eskubidea genuela berretsi zuen. Bada, delegatu bat lortu dugu bertan, 91 boto eskuratu eta gero; botoen %7, hain justu.

Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoan ere LABek izango du ordezkaritza. 2 delegatu lortu ditugu, eta bigarren indar sindikala izango gara. CFDT lehen indarra da bertan, 3 ordezkarirekin. CGT sindikatuak bakarra izango du.

Udalei dagokienez, lehen aldia da Urruñako Udalean hautagaitza aurkeztu dugula, eta sindikatu bozkatuena izan gara bertan, CGT sindikatuaren aurretik. 2 delegatu izango ditugu, bozken ia %70 lortu eta gero, 58 boto eskuratuta. CGT-ek delegatu bakarra izango du, 25 boto lortu eta gero.

Kanboko Udalean, LABek eskuratu ditu bertako 3 delegatuak. Hendaiako Udalean, berriz, 2 delegatu lortu ditugu. Kasu honetan, CGT sindikatua da lehen indarra, 3 delegaturekin.

LABen presentzia Ipar Euskal Herrian gero eta nabarmenagoa izateaz gain, ordezkaritza izan ohi dugun lantokietan indartsu jarraitzen dugu; Hendaiako Sokoa enpresan, kasu. Hain justu, LABek bosgarrenez irabazi ditu hauteskunde sindikalak bertan. Lehen kolegioko 16 ordezkarietatik 12 izango dira LABekoak eta bigarren kolegioko 4 ordezkarietatik, 3. Gehiengo zabala, beraz.

Horrenbestez, LAB emaitza oso onak lortzen ari da Ipar zein Hego Euskal Herrian, azken urteetan osatutako ibilbidearen harira. Lan baldintzak bakarka inposatu nahi dizkiguten garaiotan, LABek irtenbide argia proposatzen du: kolektiboki erantzutea. Izan ere, eskubideak lortzeko elkartasuna eta antolakuntza da gure alternatiba.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.