2025-12-22
Blog Page 65

Hamarkadetako lan istripu larrienak 4 hildako utzi ditu Nafarroan

Gaur goizaldean Nafarroako Fitero inguruan 4 garraiolari hil dira istripu batean euren kamioiek aurrez aurre talka egitean.

LABek jakin ahal izan duenez, Europa ekialdeko langileak dira hildakoak. Ibilbide luzeak egiten dituzten garraiolari hauek binaka joatera behartzen dituzte kamioietan, honela ahal den kilometro gehien egin ahal izateko kostuak gutxituz. Gero eta ohikoagoa da gainera bikote edo senar emazteak lan hauetan ikustea baldintza oso prekarioak pairatuz. Modu honetan, garraiolaria bere atseden erreglamentarioa kamioian bertan pasatzera behartuta egoten da eserlekuan eserita kamioia gelditzen ez delako. Honela, etengabe lanean diraute benetazko atsedenik hartu gabe eta nekea arrisku faktore nagusi bilakatzen da. XXI. mendeko esklabutza gure errepideetan.

Bart, kapitalismo bortitzenak, langileon osasun arauak urratzen dituen enpresa ereduak, 4 langile erail ditu Euskal lurretan.

Ezin dugu onartu muturreko prekaritatea bermatzen duen administrazioak beste aldera begiratzea. Bai Nafarroako Gobernuak bai Jaurlaritzak bitartekoak jarri behar dituzte gure errepideetan XXI. Mendeko esklabutza egoera hauek deusezteko.

Datozen orduetan lan osasunerako intersindikaletik mobilizazioak deituko ditugu azken hamarkadetan Euskal Herriak pairatu duen lan istripu larriena salatzeko.

Munduko Federazio Sindikalaren Kontseilu Presidentzialean parte hartu du LABek, Vietnamen

Urtero legez, Munduko Federazio Sindikalaren Kontseilu Presidentziala bildu egin da, pasa den urteko dinamika sindikalaren balantzea egin, testuingurua aztertu eta 2025 urteko ekimen nagusiak adosteko. Kontseilu Presidentziala mundu osoko 60 ordezkari sindikalek osatzen dute, eta horien artean dago Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorra.

Bidegabea izateaz gain, gero eta bideraezinagoa den sistema kapitalistari aurre egin eta klase borroka indartzearen alde egin du Kontseilu Presidentzialak. Era berean, inperialismoak mundu osoan eragindako kalteak salatu ditu; besteak beste, Palestinako herriaren aurkako genozidioa. Bestalde, Munduko Federazio Sindikala sortu zenetik 80 urte betetzen diren honetan, urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatzea erabaki du; Parisen, datorren urrian.

Igor Arroyok hitza hartu du Kontseiluan, azken urtean hazi den olatu erreakzionarioari aurre egiteko antidotorik onena klase sindikalismoa dela azpimarratuz. Ildo honetan, langile klase osoa antolatzeko, hiru zeregin aipatu ditu: emakume langileen antolaketan urratsak ematea; sindikalismoa gazte eta prekarioengana gerturatzea; eta beste herrialde batzuetatik heldutako langileak sindikalizatzea.

Vietnamgo Lanaren Konfederazio Orokorra izan da aurtengo Kontseilu Presidentzialaren antolatzailea. Euskal Herria eta Vietnam oso herri desberdinak badira ere, Vietnamgo herriak inperialismoaren aurka egindako borroka euskal askapen mugimenduarentzat inspirazio iturri izan zen. Laguntasuna adieraztearren, Igor Arroyok opari bat eman zion Nguyen Dinh Khang Vietnamgo Lanaren Konfederazio Orokorreko lehendakariari.

Langileentzat gutxieneko soldata Nafarroan negoziatzeko eta ezartzeko eskuduntzak izateko mobilizazioak eta sinadura bilketa martxan jarriko dituzte LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek

LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek CEN, UGT eta CCOO eragileen jarrera salatzearekin batera, Nafarroako Parlamentuak gutxieneko soldata arautu ahal izateko eskumen gaikuntza eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea ez dela tramitera onartu ere publiko egin dute. Oztopo guzti horien aurrean ez dutela etsiko berretsi dute, eta mobilizazioak zein sinadura bilketa bat martxan jarriko dituzte CEN, UGT, CCOO eragileak eta Nafarroako Gobernuak onar dezaten gutxieneko soldata propio baten beharra, eratu dezaten negoziazio mahaia eta negozia dezaten fede onez. Aldiz, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei dei egin diete gutxieneko soldata propio baten Herri Ekimen Legegilearen defentsa bere egin dezaten.

CEN, UGT eta CCOO: Nafarroako gizarte osoa kaltetzen duen aliantza

Pasa den ostiralean (hilak 28) CENeko enpresariek, UGTk eta CCOOek lagunduta, jarrera antisindikal argi batean, Nafarroan estatukoa gaindituko lukeen gutxieneko soldata bat negoziatzeko prest ez daudela helarazi zioten nafar gizarteari. Beraz, jarrera hori mantenduz gero ateak itxiko dizkiote negoziazioaren bidez bizitza duina bermatzeko soldatak hobetzea nahi dituzten langileen itxaropenak betetzeari.

Eta horretara ausartu dira Nafarroako Gobernuren konplizitatea beraien alde daukatelako. Nafarroako enplegu planaren ospakizunetan murgilduta, CEN patronala pozik dago bere agenda ezartzea eta lehenestea lortu duelako. UGT eta CCOO, aldiz, lasai, Gobernuaren sostengua daukatelako, Txibite Lehendakariaren jarrera partidista argi batean. Guztiz salagarria da Txibitek uko egin diola sindikatuen proposamena azaltzeko bilera eskaerari, eta Gobernuari Lanbidearteko akordioaren bilera egiteko aretoa eskaerari baita ere ezetz esan diola. Ikuspegi demokratiko batetik jarrera eta jokatzeko modu horiek onartezinak dira. Nafarroako Gobernuari jarrera argia izatea dagokio elkarrizketaren eta negoziazioaren bideari ateak ixten dizkion CEN, UGT eta CCOO eragileen aurrean.

Duela 10 urteko jarrera horiek Nafarroako gizarte osoa kaltetzen dute. Horregatik, LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ez dute berau ontzat emanen. UGT, CCOO, CEN eta Nafarroako Gobernuak ahotsik gabe utzi nahi dute langileen ordezkaritzaren %40a baino gehiago.

Gutxieneko soldata propioaren aldeko sinadura bilketa

Ekimen garrantzitsuen eta erabakigarrien bideak aldapatsuak dira maiz. Langileek modu eraginkorrean jasoko dituzten akordioak lortzea batzuetan gehiago kostatzen da. Gutxieneko soldatarena Nafarroan hala izaten ari da. Izan ere, Nafarroako Parlamentuak ez du onartu tramitera gutxieneko soldata arautu ahal izateko eskumen gaikuntza eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea.

LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ez dituzte argudio juridiko horiek partekatzen. Ondorioz, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak hartutako erabakiaren aurrean Auzitegi Konstituzionalean helegite bat aurkeztuko dute. Alde batetik, ikuspegi demokratikotik Nafarroako Foru Hobekuntzak Euskal Autonomi Erkidegoarekin alderatuta duen gabezia zuzentzeko. Beste alde batetik, Mahaiak egin duen interpretazio mugatua gainditzeko. Hala, aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearen proposamenak ez du gutxieneko soldata arautzen. Aitzitik, arautu ahal izateko eskumen gaikuntza eskatzen du, eta eskaera hori bai da eskumen autonomikoa.

Hau guztia esanda, argi geratzen da Nafarroak gutxieneko soldata ezartzeko orduan, zalantza juridikorik gabeko, eskumen propioak behar dituela, eta hori oso garrantzitsua da langile klasearen egoera, lan eta bizi baldintzak hobetzeko.

Ezinbestekoa da beraz eskumen osoak eskuratzea lan harremanak arautzeko. Horregatik, oztopo guztien gainetik datozen hilabeteetan gutxieneko soldata propioaren aldeko sinadura bilketa martxan jarriko dute LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei gutxieneko soldata propio baten Herri Ekimen Legegilearen defentsa berea egin dezaten.

Datozen hilabeteetan kaleko mobilizazioekin eta sinadura bilketarekin, ozen eta argi adieraziko dugu Nafarroan langileek gutxieneko soldata propioa nahi dutela eta bidezkoa den aldarrikapen honi ezin zaiola bizkarra eman. Helburu horrekin, apirilaren 14an mobilizazio sindikal baten deia egin dute.

LABek, ELAk eta UGTk Confebask auzitara eraman dute, kimika-sektoreko negoziazio kolektiboan fede txarra izan duelako

Patronalak sektoreko 17.000 pertsonen baldintzak hobetuko lituzkeen negoziazio mahaia osatzeari uko egiten diola salatu dute.

Hiru sindikatuek Confebasken jarrera salatu nahi dute, behin eta berriz uko egin baitio sindikatuek sektoreko prekaritatea deuseztatuko duen negoziazioari hasiera emateko egindako eskariari.

2023. urteaz geroztik, sindikatuak mahai bat irekitzea eskatzen ari dira, EAEko sektoreko 17.000 langileen baldintzak hemen ezarriko dituen hitzarmen bat negoziatzeko.

2023ko abenduan euskal hitzarmen baterako negoziazio mahaia osatzen saiatu ziren, baina bai Confebaskek, bai Adegik, SEAk, Cebekek eta kimiken estatuko patronalak deialdira ez joatea erabaki zuten. Idazki baten bidez, sindikatuen ekimenaren aurka zeudela adierazi zuten, legedian eta kimikei buruzko Estatuko hitzarmenaren artikuluetan oinarrituta, erabakia justifikatzeko. Sindikatuek beren gaitzespena agertu zuten mobilizazio ezberdinak eginez eta patronal ezberdinen egoitzen aurrean elkarretaratzeak eginez.

Hala ere, joan den ekainaren 20an, Kongresuan baliozkotu egin zen 2/2024 Lege Dekretua; horren bidez, autonomia-erkidegoetako nahiz probintzietako hitzarmenek aplikazio-lehentasuna izango dute, Estatukoen aldean. Lege-aldaketa hori euskal legebiltzarkideen gehiengo zabalak babestu zuen, eta EAEko sindikatuen aho bateko babesa jaso zuen. Gainera, EAEko patronal ezberdinek ez zuten inolako eragozpenik jarri lege aldaketaren aurrean.

Errealitate legal berriaren aurrean, joan den uztailean berriro deitu zituzten patronalak euskal hitzarmen bat negoziatzen hasteko. Zoritxarrez, patronalek ez zuten Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) deitutako bilerara joan nahi izan. LABek, ELAk eta UGTk patronalaren ezezkoa gaitzetsi dute, sektorean lan egiten dutenen baldintzak hobetzeko edozein aukera oztopatzea baino ez baitu bilatzen.

Confebaskek, bere aldetik, jarrera horrekin erakusten du estatu mailako negoziazioa defendatzen duela, eta Euskal Herriko hitzarmenei aplikaziorako lehentasuna ematen dien Langileen Estatutuaren aldaketak aplikazio praktikorik ez izatea bilatzen du.

LAB, ELA eta UGT sindikatuek Confebask auzitara eraman zuten joan den otsailaren 28an, negoziazio kolektiboaren fede onaren aurka agertu zelako eta ekainaren 20an baliozkotutako lege- dekretuaren helburua bete ez zuelako. Patronalari jarrera aldaketa exijitzen diote eta lehenik eta behin hitzarmen berri baterako mahaia eratzea eta fede onez negoziatzea onar dezala akordio bat lortu arte.

LABek, ELAk eta UGTk hainbat mobilizazio eta kanpaina abiatuko dituzte lantokietan, sektorea aktibatzeko asmoz.

Gaurko Elorriokoarekin, 9 langile hil dira dagoeneko 2025ean Euskal Herrian

Gaur goizean jakin dugu Elorrioko Betsaide fundizioan, Grupo ONE azpikontratarentzat lanean ziharduen 38 urtetako Y.B. langilea hil dela, istripu traumatiko baten ondorioz. Langilea makina batek harrapatuta hil da. Salatu behar dugu 2019an ere istripu larria jasan zuela Betsaide enpresan azpikontratatutako beste langile batek, kontaktu elektriko baten ondorioz.

Lehenik eta behin, gure doluminak erakutsi nahi dizkiegu hildako langilearen senide, lagun eta lankideei.

Behin eta berriz ikusten ari gara enpresek makinen araudia ez dutela betetzen. Gainera, araudi berezia bete behar duten burdinolak bezalako aktibitateetan. 1997 urtetik, langile bati eskuragarri ipintzen zaion makina batek babes pantailak behar ditu derrigor, gertatu dena bezalako harrapaketa bat ez gertatzeko. LABek salatu nahi du ez dagoela makinen segurtasunerako kontrol ofizialik eta balizko azterketa tekniko bat pasa beharko balute, gehienek ez luketela gaindituko. Hau da industriak eragiten dituen istripuen arrazoi garrantzitsuenetako bat.

Langileriak pairatzen dugun egoera hau ez litzateke posible administrazioaren konplizitaterik gabe. Gainera, patronalak ustezko absentismoaren inguruko diskurtsoa darabil errealitatea ezkutatzeko. Ez Osalanek eta ez Jaurlaritzak ez dute borondaterik enpresei lan osasuneko araudia betearazteko eta patronalak inpunitate osoz jokatzen du. Iaz EAEn 75.000 lan istripu aitortu ziren ofizialki, bistan da araudiaren ez betetzea orokortua dagoela.

Honela, LABek bat egiten du enpresa-batzordeak Betsaiden antolatutako 24 ordutako lanuztearekin. Era berean, dei egiten dugu bihar 12:00tan enpresa komiteak deitu duen kontzentraziora.

Sortzen ari den enpleguaren kalitatea kezkatzekoa da

Langabeziak behera egin du pasa den hilabete zein urtearekiko Hego Euskal Herrian eta otsailean 139.131 langabe zenbatu zituen SEPEk. Langabezian dauden herritarren %58,68a emakumeak* dira.

Oro har, sektore guztietan egin du behera langabeziak. Jaitsiera proportzional nabarmenena lehen sektorean eta eraikuntzan jazo da, %6,79ko eta %6,27ko jaitsiera hurrenez hurren. Zerbitzuak sektorean, 1.268 langabe gutxiago daudela azpimarratuko genuke. Aurreko enplegurik gabekoak langabezian dauden herritarren %12,5a dira, gora behera gutxirekin.

Azpimarratu behar dugu, industria sektorea egoera kezkagarria ez da langabezia datuetan azaleratzen. Izan ere, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak baliatu dituzte kinka larrian dauden enpresatako langileen momentuko egoerari eusteko.

Langile migratuen artean, aldiz, langabeziak gora egin du azken urte (97 langabe gehiago) zein hilabetean (115). Ez dira zifra oso esanguratsuak, baina langabeziaren beherakada langile migratuen bizkar ematen ari da.

Aurreko urtean baino 3.442 kontratu gutxiago sinatu dira otsailean zehar eta horietatik %76,3a behin behinekoak izan dira. Otsailean zehar egindako kontratuen artean, kontratu mugagabeen kopuruak %10,9 egin du behera eta behin behinekoenak %2,3 pasa den urtetik hona.

Langabeziaren jaitsiera afiliazioaren gorakadarekin harremanean dago. Izan ere, herritarrek lana aurkitu, langabezia jaitsi eta erregimen orokorrean afiliaturiko langile kopurua igo da. Beste behin ere, sortzen ari den enpleguaren kalitatean jarri behar dugu arreta eta alarma gorria. Azken urtean sortutako afiliazioaren %81,17a zerbitzuak sektorean jazo da, 11.948 afiliatu berri. Sektore honetan lan baldintza prekario zein ezegonkorrak nagusi direla kontutan hartuta, sortu den enpleguaren ezaugarri nagusia prekaritatea dela esan dezakegu.

Emakumeen* artean sorturiko enplegua lan baldintza ezegonkor zein prekarioetan oinarritu da. Afiliazioak kontratu mota guztietan gora egin arren, emakumeen* artean jardunaldi osoko behin behineko kontratuak jaitsi egin dira. Era berean, azken urtean aldizkako kontratu finko kopuru orokorra jaitsi arren, emakumeen* artean igo egin da. Azken urteko afiliazioak gora egin arren, 25 – 60 urte artekoen afiliazioa jaitsi egin da, bereziki emakumeen* artean.

Beraz, sortzen ari den enpleguaren prekaritatea egiturazkoa da eta egoera zaurgarrian dauden herritarrek lan merkatuaren desorekak modu zuzenagoan pairatzen dituzte, emakumeen* lan baldintza kaskarragoek edota langile migratuen langabeziaren igoerak azaleratzen duten bezala. Hori dela eta, LAB sindikatuarentzat estrategikoa da bertako errealitateari erantzungo dion Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata 1.600 euroan kokatzea, langile guztien bizitzak hobetzeko ezinbesteko urratsa izango delako. Bide horretan, LGS-ren alde zabalik ditugun borroka espazio guztietan egongo gara.

Zaintzaren antolamendu soziala eraldatzeko borrokan berretsi, eta pribatizazioaren erantzuleak interpelatuko ditugu martxoaren 6an Bilbon eta Iruñean

2023ko azaroaren 30ean, lehen aldiz egin zen Euskal Herrian Zaintza Eskubide Kolektiboaren aldeko Greba Feminista Orokorra. Atzera bueltarik gabeko urrats bat, sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial honetan zaintza krisiari aurre egin eta Zaintza Sistema Publiko Komunitario baten alde borroka ziklo bat ireki genuen.

Borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko borrokan jarraitzen dugu sindikatuok, Mugimendu Feministarekin batera: euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean epe ertaineko erronka horretarantz urratsak ematen jarraitu ahal izateko aliantzak eta konpromisoak garatzen.

Guztiontzako zaintza duina lortzeko, negozioarekin amaitzeko, sistema garatzeko eta pribatizatutako zaintza langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan berresten gara. Eta horretarako mobilizatuko gara martxoaren 6an Greba Feminista Orokorrean egin genuen bezala, kaleak hartuz Bilbo eta Iruñean, patronala zein instituzioak interpelatuz.

BILBO – 11:00etan Eusko Jaurlaritzatik (Gran Vía 85)
IRUÑEA – 11:00etan CEN-etik (C. del Dr. Huarte de San Juan, 3)

Instituzioen arduragabekeria salatu nahi dugu, pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzen jarraitzeko egindako hautuagatik eta oraindik ere zaintzaren eremuan ematen diren egoera prekario eta kolapsatuen erantzule egiteko neurririk hartu ez izanagatik. Administrazioa delako pribatizazioak iraun dezan bermeak jartzen dituena. Enpresa pribatuak zaintza langileen prekaritatearen erantzule diren bezala.

Kaleak hartuko ditugu:

  • Bizitza duinen alde, lanaldia murriztu dezaten.
  • Zaintza sistema publikoaren alde: Pribatizazioaren kontrako neurri sendoak hartzeaz gain, orain arte pribatizatutakoa publifikatu dadila aldarrikatzen dugu. Lan berdina egiteagatik baldintza berdinak izateko, ekiparatuz.
  • Zaintza langileen baldintza duinen alde, lan-baldintzak hobetzea urgentziazkoa delako. Zerbitzu eta lan baldintzak hobetzeko sostengaezinak diren ratioak jaistea eta hitzarmenak berritzea.
  • Zaintza lanak banatzeko: egungo egoeraz zapaltzailea betikotuko ez duten kontziliazioa, lizentzia eta baimen eraginkorrak guztiontzat aldarrikatzeko.
  • Zaintza lanen egoera iraultzeko, hezkuntza sisteman ere neurriak har daitezen: curriculumean zaintza txertatuz, hezkidetzarako plan egonkor eta kalitatezkoak sutatuz…

Aldarrikapen hauek eremu sindikalean negoziazio kolektibora eramateko ardura hartu bezala, kaleetan eta agenda politikoan ere mantentzeko hautua egiten dugu. Bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko, zaintza publikoaren alde, borrokan jarraituko dugu.

Bizkaiko Foru Aldundia euskararen normalizazioaren aurka

Otsailaren 20an egindako azken negoziazio-mahaian, Bizkaiko Foru Aldundiko (BFAko) Araubide Juridikoaren eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak Lan Eskaintza Publiko berrietarako eta egiteko dauden enplegu publikoaren deialdietarako hartu nahi duen erabakiaren berri eman zuen.

BFAk hizkuntza-eskakizunen eskakizuna deitutako plazen erdietan murriztea proposatzen du, orain arte garatu duen hizkuntza-normalkuntzako politikan atzera eginez eta lanpostu berrietarako bi hizkuntza ofizialen beharrezko ezagutza nabarmen jaitsiz.

Erabaki hori BFAren biraketa serio eta tristea da, orain arte Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 2 epaitegik hautaketa-prozesu batzuetan euskarari buruz emandako epaien ondorioz emandako jarrera ofizialetik aldentzen baita, “bai funtzio publikoan bai hizkuntza-arloan aplikatu beharreko araudiaren interpretazio zuzena” defendatzearen ildotik.

LAB sindikatuak erabat arbuiatu du euskararen normalizazioaren, Administrazioarekiko harremanetan herritarren hizkuntza-eskubideen eta lana euskaraz egin nahi duten BFAko langileen aurka doan erabaki larri hau.

BFAk “hautaketa-prozesu horiei segurtasun juridikoa emateko” hartutako erabakia administrazio honen hizkuntza-normalkuntzarako prozesuarentzako kolpe latza da, baita herritarren eta langileen hizkuntza-eskubideen berme eta eskubideentzat ere. Bere erabakiarekin, BFAk arnasa ematen dio epailetzak sortutako olatu euskarofoboari, zeinak euskal toki-administrazio askori eragiten dien.

Gaztelania ezin da izan enplegu publikorako derrigorrezko hizkuntza bakarra. Lanpostu publiko berriak betetzeko, ezinbestekoa izan behar da bi hizkuntza ofizialak jakitea eta, horrekin batera, administrazioa euskalduntzeko neurriak areagotzea, berme juridiko guztiekin. Bide horretan aurrera egitea edo hizkuntza- politikan atzera egitea erabaki politikoa da.

Euskararen normalizazioaren aurkako erasoen aurrean hizkuntza eskubideak defendatzeko deia egiten dugu.

Martxoak 3; atzo, gaur eta beti borrokan

Duela 49 urte Espainiako Poliziak Armatuak eraildako 5 langileak oroitu, eta haien borroka gurea egiten dugula aldarrikatu dugu Gasteizen.

Martxoaren 3ko sarraskia, Gasteizko eta Euskal Herri osoko langile mugimenduaren ikur ez ezik, borrokarako konpromisoan berresteko eguna ere bada, eta hala gogoratu du aurten ere LAB sindikatuak. Goizean ordezkarien batzarra, mobilizazioa eta lore eskaintza egin ditu, eta, modu horretan, langile guztientzat lan eta bizitza duinak lortzeko orduko langile mugimenduaren konpromisoan berretsi da. Soldata duinaren aldeko borroka bizi-bizi zegoen lantegietan 1976an, eta, egun, Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora egokituko den gutxieneko soldata baten beharra erdigunera ekarri dugu euskal langileok, eta hori lortzeko ekimena martxan jarri du euskal gehiengo sindikala. Horregatik, aldarrikapen hori erdigunean jarri du LABek, martxoaren 3ko bere ekimenetan.

Arratsaldean, berriz, LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok eta Martxoak 3 elkarteak deituta, mobilizazioa egin dugu milaka lagunek, Faxismoaren aurrean antolatu, eskubide sozialak borrokatu! lelopean. Izan ere, 1976ko martxoaren 3an Gasteizko langileek esplotazio eta errepresio sistema frankistaren aurka borrokatu zuten, eta soldata eta lan baldintza duinen alde. 49 urte geroago, faxismoari eta olatu erreakzionarioari aurre egiteko eta justizia sozialaren alde bizitza eman zutenak ohoratzeko modurik onena, klase kontzientziaz eta elkartasunez, pertsona guztiei lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko borrokaren lekukoa geureganatzea da. Horixe aldarrikatu dugu milaka lagunek.