2026-06-16
HomeEkintza SindikalaLABek artxiboen sektoreko enpresei eta Nafarroako Gobernuari dei egin die sektoreko hitzarmen...

LABek artxiboen sektoreko enpresei eta Nafarroako Gobernuari dei egin die sektoreko hitzarmen bat negoziatzeko mahai bat sortzen lagun dezaten

Artxiboen Nazioarteko zazpigarren Astea dela eta, sektoreko langileak, Nafarroako Gobernuak azpikontrataturiko enpresetakoak, mobilizatzen ari dira beren lana aitortu eta baldintzak duinduko dituen hitzarmen sektorial baten beharra ikusarazteko. LABek aldarrikapen hori babesten du eta enpresei eta Gobernuari dei egiten die negoziazio mahai bat sortzen luzamendurik gabe lagun dezaten

Asteazken honetatik, Nafarroako Gobernuaren artxiboek bat egin dute Artxiboen Nazioarteko zazpigarren Astearen ospakizunarekin. Foru administrazioak azpikontrataturiko langileak lehenak dira gure herrialdearen ondare dokumentalaren balio kulturala aitortzen, baina ez daude ados ezartzen zaizkien baldintzekin. Nafarroako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak zerbitzua externalizatuz funtzionatzen baitu, eta horretan titulazio sorta zabala eskatzen dute gutxieneko soldataren truke. Hori da errealitate gordina non zaharberritzaile, artxiboko teknikari eta liburuzain bezalako profilek ahal duten moduan bizirauten duten.

Egoera hori arautu eta hobetu ahal izateko, langileek eta LAB sindikatuak iaztik daramate lanean eta aldarrikatzen hitzarmen sektorial baten beharra, ez bakarrik lan baldintzak duintzeko, baizik eta ofizioaren garrantzia aitortzeko eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuak dagokion kalitatearekin funtzionatzea posible egiteko.

Gauzak horrela, langileek dei egiten diete sektorearen parte diren enpresei eta Nafarroako Gobernuari berari, administrazioak azpikontrataturiko enpresen parte diren heinean, prekarizazioa ezabatzeko eta lanbidea duintzeko hitzarmenaren negoziazio prozesua babestu eta laguntzeko.

LABek lehen saiakera egin zuen maiatzaren 20an negoziazio mahai bat sortzeko, baina enpresen aldetik ez zuen babes handirik izan. Ekainaren 20rako bertze deialdi bat egonen da. Espero izatekoa da oraingoan bai bertaratuko direla eta lagunduko dutela artxibozain eta liburuzainen lana aitortzeko eta duintzeko bide horretan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.