Gaur 80 egun betetzen dira Gasteizko parke eta lorategiak eta eraztun berdea mantentzeaz arduratzen den eta Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek greba mugagabea hasi zutenetik.
Joan den astean, Lan Harremanen Kontseiluan, adiskidetzeko lehen bilkura egin zuten enpresak eta greba-batzordeak, eta asteazken honetan bigarrena. Bi bileretan, agerian geratu da egungo baldintzetan ezinezkoa dela aldeen artean greba amaitzeko akordio bat lortzea. Blokeoa soldataren gaia mantentzen da. Enpresak ez du mugitu urteko %3ko igoera proposamena, alegia hilean 43 euro gordin ingurukoa, argudiatuz soldatak modu erreal batean hobetzeko duen aukera bakarra Udalarekin duen kontratua amaitzen denetik aurrera aplikatzea dela, eta, beraz, sakoneko edozein hobekuntza 2028ko urtarriletik aurrera planteatzen du.
Greba-batzordea, plantillaren babesarekin, ez dago bere soldata eskasak 2028ko urtarrila arte hobetzeko itxoiteko prest; langileentzat benetako adarjotze bat da 80 eguneko greba mugagabearen ondoren. Beste behin ere, agerian geratu zen bi aldeen arteko negoziazio-mahai honek ez duela inolako etorkizunik zerbitzua kontratatzen duen erakundearen, Udalaren, esku- hartzerik gabe.
Joan den maiatzaren 21ean, espazio publikoaren batzordean, Beatriz Artolazabal zerbitzuko zinegotzi delegatuak honako hau adierazi zuen: “gatazkaren konponbidea enpresak eskaintza garrantzitsu bat egitea da, langileek egiten duten proposamenera hurbiltzeko, 2025ean soldata nabarmen handituta“. Gainera, enpresari eta greba-batzordeari PRECOra jotzeko eta akordio bat bilatzen saiatzeko eskatu zien. Horixe egin du greba-batzordeak, eta enpresak erabateko ezezkoa eman dio eskaintza barregarria hobetzeari.
Blokeo egoera dela eta, ekainaren 25ean Lan Harremanen Kontseiluan hiru aldeen arteko bilera eskatu dute LAB, ELA eta ESK sindikatuek, Udalak gatazka behingoz desblokeatzeko giltza duela uste baitute. Enviser-eko langileek espero dute Udala bilera horretara joatea eta gatazka behingoz konpontzen lagunduko duten proposamenekin egitea.
Batzorde horretan, zinegotziak udal-talde baten galderei erantzunez adierazi zuen adostasunezko kontratuaren etetea mahai gainean zegoela, eta bi egun geroago Maider Etxebarria alkateak berak berretsi zuen adierazpen hori, baina horretarako enpresaren borondatea behar zuela zehaztuz. Bost egun geroago, enpresak kontratuaren etete hori negoziatzeko erabakia jakinarazi zien sindikatuei, eta, harrigarria bada ere, enpresaren proposamenaren aurrean, gidoi aldaketa gertatu zen Udalean, aukera hori ez zela bideragarria adierazten hasi zelako.
Ezer ez dago errealitatetik urrunago; Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 211.1.c) artikuluak argi eta garbi adierazten du: “Kontratua eteteko arrazoia Administrazioaren eta kontratistaren arteko adostasuna da”. Beraz, Udalari ozen eta argi esaten diote sindikatuek iritziz aldatzeari uzteko eta, behingoz, dagokion erabakia hartzeko, akordioa errazteko. Egungo kontratuarekin enpresarekin negoziazioa erabat agortuta dago. Alde horretatik, kontratua eteteko ordua da, greba amaitzeko adosten diren lan-baldintzak jasoko lituzkeen baldintza-agiri berri bat ateratzeko.
Halaber, zinegotziak maiatzaren 21eko batzordean esan zuen enpresak gutxieneko zerbitzuak eskatu zituela grebaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak ez zituela agindu eta enpresak berriro eskatuko zituela, Udalak ezin zuelako halakorik egin, “langileen kontratu-harremana ez baita Udalarekin, enpresarekin baizik, eta Udalak ezin ditu eskatu”.
Bada, joan den astelehenean, bi aldeek, Udalak eta enpresak, gutxieneko zerbitzuak ezartzea eskatu zuten. Beste behin ere, esku hartzeko gaitasuna dutela erakutsi dute, eta, berriz ere, enpresarekin soilik ados jartzeko prest daudela erakutsi du Udalak, greban dauden langileen bidezko aldarrikapenei bizkarra emanez eta greba indarrez amaitzen saiatzeko estrategia bateratua eginez, akordioa bilatzea erraztu beharrean.
Gutxieneko zerbitzuen eskaera horiei dagokienez, gaur alegazioak aurkeztuko langileen ordezkariek, eta argi utzi dute hori ez dela funtsezko zerbitzua komunitatearentzat. Parke eta lorategien mantentze- zerbitzuetan egiten diren grebetan, egungoa baino dezente luzeagoak, Eusko Jaurlaritzak ez du inoiz gutxieneko zerbitzurik ezarri; beraz, uste dute ez dagokiola hori egitea, eta horrela justifikatu dute.
Gainera, Udalak behin eta berriz errepikatu duenez, “ez dago inolako osasun-alarmarik eta ez dago inolako arriskurik osasun publikoarentzat, lorategietako greba batek eragozpen estetikoak ditu, baina osasun publikoaren ikuspegitik ez du inolako arazorik, osasun publikoaren eta ingurumen sailetik adierazi den bezala”. Beraz, bere helburu bakarra grebarekin amaitzea da, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarriz, eta, gainera, gutxieneko zerbitzu batzuk planteatuz, non langile guzti guztiak berriro lan egitera behartuta egongo liratekeen, ziurrenik, ondorengo 4 hilabetetan zehar, ia lan guztiak egitea eskatuko baitute.
Azkenik, datorren ostiralean, mozio bat aurkeztuko da Udaleko Osoko Bilkuran. Bertan, gobernu taldeak bere esku dagoen guztia egin dezala eskatzen da, greba akordio batekin amai dadin. Plantilla 10:00etan bilduko da Plaza Berrian, eta bertan herritarren babesa jasoko du berriro, hain une zailean langileentzat hain garrantzitsua izaten ari dena eta biziki eskertzen dutena.