2026-01-30
Blog Page 632

Epaileak arrazoia eman dio Iñaki Igerategiri eta suhiltzaile lanpostura bueltatu ahal izango da

Tristea da epaile batek argitu behar izatea EAJk bere garaian argi eta garbi izan zezakeena, baina LABen pozez hartu dugu berria. Epaia argia da eta helegite batek ez zuen irabazteko aukerarik izanen. Hortaz, Aldundiari eskatzen diogu epaitegien bideari amaiera ematea, bere jarrera politikoa aldatzea eta Igerategi bere lanpostuan jartzea ahalik eta azkarren.

2018.eko otsailean, espetxe zigorra beteta eta kalean, Iñaki Igerategik bere suhiltzaile lanpostura bueltatzea eskatu zuen. Aldundia gobernatzen duen EAJk, ukatu egin zion eskubide hori eta kalera bidali zuen.

Denbora guzti honetan behin eta berriz esan dugu aurrekari juridiko guztiek Igerategiri arrazoia ematen ziotela eta lanean egon behar zuela, EAJren erabakia politikoa zela, ez juridikoa.

Maiatzaren 15ean, Administrazio Auzitegian izan zen epaiketa eta argi gelditu zen Aldundiak ez zuela argudio juridikorik. Urte luze honetako susmoak egiaztatu genituen epaiketan eta, aurrekariak Igerategiren alde, espero genuen epaileak itzultzea langileari bere eskubidea dena, Aldundiak ukatu diona.

Pasa den ostiralean epaileak eman zuen bere ebazpena: Igerategiri bere suhiltzaile lanpostura itzuli behar du. Epaileak kontuan hartzen ditu Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutua, Funtzio Publikoaren Euskal Legea, Kode Penala eta Auzitegi Nazionalak eman zuen epaia, eta argi ondorioztatzen du inhabilitazio hori ez dela aplikagarria eta ez dagokiola Aldundiari hura zehaztea, hortaz Igerategi bere lanpostura itzuli behar dela.
 

 

 

Osasun arloko Mahai Sektoriala deitzeko exijitzen dugu Nafarroan

Negoziazio orok prozesu garden eta kontrolatua jarraitu behar du, eta Administrazio Publikoan Mahai Sektoriala da hori bermatzen duena. Gai ekonomikoak, gainera, Mahai Orokorrean eztabaidatu behar dira.

Osasunbideko langileen lan baldintzak hobetzeko asmoz Departamentuak hasi duen hausnarketaren berri entzun ondoren, LABek honakoa exijitu nahi du: dei dezala legeak aurreikusten duen negoziazio foroa; hau da, Osasun arloko Mahai Sektoriala.

Negoziazioa modu garden eta legezko batean garatu behar dela ulertzen dugu LABen, Osasunbideko langileen ordezkaritza guztia kontuan hartuz. Eta negoziazio orok, horretarako, dagokion arloko indar sindikal guztiak biltzen dituen organotik pasa behar du, Mahai Sektorialetik alegia. Are gehiago, diru kontuekin loturiko gaiak Mahai Orokorrera eraman behar dira.

Aparteko orduak ordaintzeko produktibitate kontzeptuaren berrikuspena planteatzen baldin bada, prozedura horretan ordainketaren gardentasuna eta kontrola bermatzeko neurriak ere sartu beharko dira. Eta neurri horietako lehenbizikoa da negoziazioa legezko foro batera eramatea, eztabaidatuko den guztia idatzita gera dadin.
 

 

 

50 urte dira Bilboko El Corte Ingles-ek milaka langile esplotatzen dituela

0

El Corte Inglesetik ospakizunetan gaudela esaten digute, “50 urte etorkizunera begira” deitu dute, baina, gure ustez, 50 urte dira Bilboko “Triangulu berdeak” milaka langile esplotatzen dituela, urtero falta gabe beraien Administrazio Kontseiluan banatzen dituzten mozkinak sortuz.

Urte asko dira ere, zapaldutako duintasunagatik egindako borroka sindikalak hasiera izan zuela, urteak dira behin eta berriz diskriminatuak izan garela, urteak Madrildik jasandako inposizioei aurre egiten diegula, guztion eskubideak lortzeko proposamenak egiten ditugula, igande eta jai-egunetako itxieren defentsa egiten dugula… urteak LABek langileekiko bere konpromisoa mantentzen duela.

1969 hark ez du gaur egunekoarekin zer ikusirik, eskerrak. Baina lan-harremanen errealitateak urte guzti hauetako alarmak saltatzen jarraitzen du. Formak makilatu dituzte denak berdin, edo okerrago, jarrai dezan, gai batzuetan bereziki. Oin eta eskuak lotu dizkigute gutxika lan-taldea amortizatzen joateko, eros ahalmena galduz gero eta lan eta erantzukizun gehiago pilatuz. Merkataritza estrategia txarrak eta kudeaketa are txarragoa. Urte gehiegi beraien zilborretara begiratzen, ez dakite nora begiratu.

Orain, zuzendaritzarik ospakizun garaia dela esaten digute, 50 urte, eta gidoia idatzita dute: "El Correon" atera duten erreportajea zabala enpresa goraipatuz, Bilboko hiriari egindako balizko “ekarpenak” eta aitortza eskertzen dieten beraien kolaboratzaileak, eta, nola ez, guri eskainitako aitortza faltsua. Jasaten dugun dekadentzia estaltzeko errezelak.

Ospakizunaren ginda bere langileak erabiltzen dituen kanpaina berri horrek jarriko du. Era susmagarrian langileak erabiltzen ditu. Noski, doako publizitatea da eta itxura oso ona ematen dute… “zein ongi eramaten diren Corte Inglesean beraien langileekin”, “zein pozik ageri diren argazkietan”… gainera, azken kanpaina matxisten aurrean aurpegia zurituz. Nor engainatu nahi dute? Gainera, 50 urteak “ospatzeko”, langileok gure irudia eskaintzea espero dute euro miserable batzuk “oparituko” dizkiguten zozketan sartuko garela hitz emanez, ezin hobea gure soldata miserableak disimulatzeko.

Kanpaina berrian, “emakumeon beharrak asteko 7 egunetan asetu nahi” dituztela esaten dute; beraien langileen lan-baldintzak hobetzetik hasi ahalko ziren, Estatuko hitzarmenen bidez prekarietatera kondenatuak gauden horienak, hilabete bukaerara heltzeko arazoak ditugunenak, lanean sortzen dizkiguten osasun-arazoak ditugunonak, zeharkako diskriminazioak jasaten ditugunonak eta abar luze bat.

El Corte Ingles-ek erabili egin nahi gaitu eta bere ekintzetako borondatezko laguntzaile bezala azaldu, benetan, beraien tresna bat baino ez garenean, dituzten helburuak lortzeko eta behin eta berriz mozkinak lortzeko objektu bezala erabiltzen gaituztenean.

Ez da egia, beraien koloreak ez dira langileonak. Negozioa hobe zihoanean bizkarra ematen ziguten eta orain haizea kontran datorkiela, gure beharra dute. Gezurra baino ez dute, ardura gabeko esplotatzaileak, gaur kontuan gaituztela simulatzen dutenak, inoiz ez gaituztenean izan. LABetik gure deia langileei “antzarra perratzera” bidali ditzazuen, ez oparitu zuen irudia beraien onurarako.

 

 

 

Osakidetza auziko epaileak onartu egin du LAB herri akusazio bezala aritzea

0

Osakidetzako EPEan gertaturiko filtrazioen auzia daraman epaileak onartu berri du LAB sindikatuak epaiketan parte hartzea herri akusazio gisa. LABen iritziz, oso berri ona da hau.

Epaileak harturiko erabakiak berretsi egiten du hilabete hauetan guztietan LABek egin duen lan txukuna, eta zilegitasuna ematen digu EPE horretako parte hartzaileen eskubideen defentsa egiteko eta baita, orokorrean, euskal jendartearen eskubideak babesteko ere.

Zentzu honetan, egiten ari garen bide luzean, orain dela urtebete hasi zena publiko egin genuenean kategoria mediku batzuetako azterketen emaitza eskandalagarriak adierazi zituen txostena estatistikoa, urrats berria da hau. Hasieratik LAB izan da ikerketaren motorra eta fiskaltzarekin elkarlanena aritu gara uneoro, datuak, frogak eta informazioak helaraziz.

Prozesuaren fase berri honetan, LABek orain arte egin duen lan serio eta kementsua jarraituko du egiten. Herri akusazio bezala, gertatu den guztia argitzeko, erantzukizun guztiak eskatzeko eta EPEan parte hartu zutenen zein euskal jendartearen eskubideak errespetatuak izateko borrokatuko dugu. Gure helburua zera da: administrazio publikoan sartzeko eskubideak urratzen dituen sistema mafioso eta ustelarekin amaitzea.

EPE eredu berriak ez du ezertarako balio inpunitatearekin amaitzen ez badugu. Karguak berrizteak ez du ezertarako balio praktika ustelak zigortzeko konpromiso sendorik ez badu hartzen Osakidetzak. Osakidetzak gertatu denaren erantzukizuna onartu behar du behingoz.

Euskal Herria ez da, inondik ere, ustelkeriarik gabeko paradisua. Osakidetzan gertatzen dena adibide bat baino ez da. Horregatik, epaiketa honek inflexio puntu izan behar du, euskal jendarteari argi uzteko hain garrantzitsuak diren eskubideak urratzea ez dela dohainik ateratzen.
 

 

 

Murrizketa izugarriak planteatzen ditu Gipuzkoako Aldundiak autobus zerbitzuetan

0
Egun Buruntzaldean dauden 1.069 zerbitzuetatik 735 zerbitzu izatera pasako dira.

Denbora gehiegi daramagu PNV eta PSOEk osatzen duten Diputazioak Buruntzaldea-Tolosa-Donostian autobus zerbitzu publikoko emakida berria martxan jartzeko zain.

2017ko abuztuan Diputazioak aurreproiektua publikatu zuen, izugarrizko murrizketak aurreikusten zituena, eta autobusetako langile zein herritarren inplikazioari esker, honen aurkako 7.000 sinadura eta 4.000 alegazio bildu ziren Hernani eta inguruetako herrietan.

Indar metaketa honi esker, aurreikusten ziren murrizketak gutxitzea lortu bazen ere, oraindik ez da horiek guztiz bertan behera uztea lortu, azken Pleguetan ikus daitekeen moduan, G4 gaueko linearen desagerpena eta gainontzeko linea guztietan zerbitzuak nabarmen murriztearen ideiarekin jarraitzen baitute.

PNV eta PSOEk 2019 hasierarako martxan egotea espero zen emakida hau atzeratzea erabaki dutela dirudi, baliteke hauteskunde garaian horrelako murrizketa neurriak hartzea ez delako estrategia elektoral egokia, baina murrizketen aplikazioa uste baina gehiago luzatzen ari badira ere, gogora ekarri behar dugu oraindik ere hauen aplikazioa aurreikusten jarraitzen dutela.

Badirudi Aldundiari bost axola diotela paralizazio eta ezjakintasun egoera honek berarekin dakartzan ondorio larriak; Enpresa hitzarmenak guztiz blokeatuak egotea (emakida martxan egon arte ezin baitira langileen lan baldintzak hobetzen dituzten paktuak adostu), enpresek beren autobusetan inbertsiorik ez egitea (autobusetan hondamendi nabarmenak eta segurtasun arazo larriak eraginez), langileek beren lanpostuekin zer gertatuko den ez jakitea eta abar.

Guzti honen ondorioz, orain arte Aldundiari zuzenduriko eskaerak ziren hauek, dagoeneko exijentzia bilakatu dira:

– Erakunde publiko bat den heinean, irizpide ekonomiko soilen gainetik, interes soziala eta kalitatezko zerbitzu publiko baten bermatzea lehenestea beti.

– Gutxienez gaur egun dauden autobus zerbitzuak bermatzea, murrizketak bertan behera utziz.

– Prozesua denbora luzez geldi egoteak ekarri dituen ondorio larrien erantzukizuna bere gain hartzea eta honi irtenbide efektiko eta azkar bat ematea.

 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek Kontxako hondartzara eraman dituzte euren aldarrikapenak

Argia ikusi nahi dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek, hitzarmen duin bat nahi dute euren lan baldintzak eta erabiltzaileen zaintza hobetzeko. Gaur ere ikusgarri egin dute euren lan gatazka, Kontxako hondartzara eraman baitituzte euren aldarrikapenak. Greban daude astearteaz geroztik. Hain justu, grebaren lehen egunean ekintza ikusgarri bat egin zuten: lau ordu eta erdiz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitza okupatu zuten.


 

 

 

Salatzen dugu Cervantes eskolako teilatuan dagoen amiantoa kentzeko planifikazioan ez dutela kontuan hartu bertan kokatuta dagoen haurreskola

0
LAB sindikatuak eskatzen dio Bilboko Udalari behar den aurreikuspenarekin jokatzeko, lanak hasi, lana dirauen bitartean eta bukaeran. Hau da, haurreskolan egin beharreko moldaketak umeen eta familien ongizatean oinarritutako planifikazioa egitea, obrak osteko garbiketa lanak haurreskolan ere modu egokian egitea eta azken finean, lan eta segurtasun prebentzio arduradun desbedinak elkarlanean aritzea. Bilboko Udalak du eraikin horien segurtasuna, garbiketa eta mantenuaren ardura. Beraz, berari dagokio horren guztiaren koordinazioa, hurrengo ikasturtea berme guztiekin hasi nahi bada. Bukatzeko, obra publiko askotan gertatzen den bezala, obra horren amaiera atzeratzen bada, eskola zein haurreskolarako alternatibak prest izatea eskatzen diogu Udalari, inprobisazioa bidaide txarra baita beti.

2016ko urtarrilean, hedabideen bidez jakin genuen ikastetxe batzuetan amiantoa topatu zela. Eta Bilbon, egoera horretan dauden eskolak 3 izanda, 2017ko irailetik prestatuta dagoen proiektu batean oinarrituta, Bilboko Cervantes eskolako teilatuan dagoen amiantoa kentzeko lanak aurtengo udan hasiko dira. Horrek, besteak beste, agerian uzten du Bilboko eskola publikoetako eraikinen egoera kaxkarra eta Udaletxea eta Eusko Jaurlaritza sustengatzen dituen EAJk duen konpromiso eza hezkuntzaren kalitatearekin.

LAB sindikatuak salatu nahi du, eskolan dagoen amiantoa kentzeko Bilboko Udalak egin duen plangintzan ez dela kontuan hartu eskolara atxikituta dagoen Haurreskola. Nabarmendu behar da Haurreskolak Partzuergoa enpresa publikoa dela, eta eraikinaren eskuduntza Udalarena dela.

Udalak proposatutako lehenengo proiektuan, amiantoa kentzeko obrak eskolako haurrek ikasturtea bukatzean hasiko zirela iragartzen da, kontuan hartu gabe Haurreskolan, uztailean ere, hezkuntza zerbitzua eskaintzen dela; haurrak, familiak, hezitzaileak eta udaleko langileak ohiko jardunean jarraitzen dutela, alegia.

Haurreskolak Partzuergoak hori jakin duenean, obraren hasiera uztailera atzeratzeko konpromisoa hartu du. Beraz, LAB sindikatuak jakin duen moduan, uztailean Cervantes haurreskolako jarduera Bilboko beste auzo bateko haurreskolaren batera eramango da. Erabaki horretan, eskolan ez bezala, haurreskolako familia eta langileek ezin izan dute parte hartu eta gaur da eguna, oraindik ere, haurreskolako familiak ez direla informatuak izan.

Berriro isiltasuna eta informazio eza nagusitu da. Agian hauteskunde kanpainan gaudelako eta datorren astera arte ez delako gomendagarria horrelako berri txarrak helaraztea euskal jendarteari. Baina horrez gain, LAB sindikatuaren ustez, isiltasun horrek urratu egiten ditu Arriskuak Prebenitzeko Legea eta amiantoaren erabilerarekin zerikusia duten beste hainbeste dekretu.

Azken urteotan, LAB bere jarduera sindikalaren baitan saiatu da lan osasunaren gaia guztion agendan agertu dadin; gune osasungarrian eta arriskurik ez dagoen eremuan lan eta bizi nahi dugulako.
 

 

 

Erakundeek hezkuntzaren eta unibertsitatearen negozioa bultzatu nahi dutela salatu dugu, Deustuko Erriberako proiektu pribatizatzailea dela eta

0

Hainbat eragilek, LABek barne, agerraldi bat egin dugu Deustuko Erribera-Zorrozaurren aurreikusitako proiektuen aurrean gure desadostasuna adierazteko. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako egitasmoak dira, eta, agerraldian salatu dugun bezala, gardentasunik gabe egiten ari dira, etorkizuneko herritarren beharrei erantzunik eman gabe. “Hezkuntzari zuzenduriko proiektuak izan arren, Bilboko beharrak ez dira kontutan hartu arlo horretan. Bilboko eskola mapa berriztu behar da, ez baitie Bilboko ikasleei eta eskolen beharrei erantzuten”, adierazi dugu. Hain zuzen ere, Bilboko Udalak eremu akademikoan “Guggenheim efektua” sortu nahi duela kritikatu dugu, “Harvard” efektua; hezkuntzaren eta unibertsitatearen negozioa, alegia.

Proiektu pribatizatzailearen aurrean, eliteen zerbitzu esklusibora dagoen unibertsitate hiria helburu duena, hauxe eskatu dugu:

-Bilbo Unibertsitate Hiria Planaren birformulazioa, hezkuntzaren planteamendu integral baterantz.

-Deustuko Erriberarako proiektuen berdiseinua bilbotarron eta Erriberako auzotarren behar eta eskakizunetara egokitua, eta ez soilik promotore pribatuen interesen eta errentagarritasunean oinarritua.

-Gardentasuna kudeaketan, eta hiriko diseinuak eta proiektuak egiteko parte hartze sozial eta demokratikoei ateak zabaltzea.

 

 

 

Egogain helduen egoitzako langileek Kontxako hondartzan egin dute protesta

Eibarko Egogain helduen egoitzako langileak Donostiako Kontxako hondartzan egon dira protestan, hiru orduz, eta herritarren zein turisten arreta bereganatu dute. Aldundian agintzen dutenen jarrera azaldu diete hurbildu diren guztiei, baita pertsona helduen zaintza lanetan aritzen direnen langileen egoeraren berri eman ere, gehienak emakumeak. Egogaingo langileak atzo ere egon ziren protestan Donostian.