2026-01-31
Blog Page 623

Lan baldintza duinen alde, mobilizazioa egin dute Bilboko Udalaren aurrean BilbaoBizi bizikleta mailegu zerbitzuko langileek

Lizitazio-proiektu merkeen atzean, langileok ordaintzen dugun faktura dago. Baldintza hauekiko, Bilboko Udala azpi-kontratatutako enpresa bezain erantzule da. Beraz, egoera honekin berehala bukatzeko neurriak har ditzan exijitzen diogu.

2018ko urrian hiriko mugikortasun planeko proiektu izarra, BilbaoBizi bizikleten mailegurako zerbitzua, aurkeztu ziguten: bizikleta modernoagoak, azkarragoak, ugariagoak, mailegu puntu gehiagorekin, 24 orduko zerbitzua, berehalako asistentzia, mugikorrerako aplikazioa…

Baina zortzi hilabete eskasera, agerian geratu dira bere argilunak. Zerbitzuaren hazkundea ez da udalaren aurrekontu-partida handiago baten eskutik etorri: ahalik eta proiektu merkeena aukeratu, eta orain zerbitzuaren ezintasunen aurrean beste albo batera begiratzen du. Azkarregi matxuratzen diren bizikletak, hutsik dauden mailegu-puntuak… Horiek dira zerbitzuaren hutsune ikusgarrienak. Denbora gutxian izugarri hazi da, NEXTBIKE enpresaren aurreikuspenak erabat txiki utzita: egunean batez beste 4 erabilera izango zituzten bizikletak, 20 bidaiatik gora egiten ari dira.

Hala ere, ezkutuan dauden hutsuneak dira larrienak, enpresako langileek pairatzen dituzten baldintza prekarioak:

• Garatzen duten jarduera eta funtzioei erantzuten ez badie ere, bulego eta langeletako hitzarmen kolektiboa aplikatzen zaie, bizikleta-mailegurako egokiagoa den metal merkataritzako hitzarmena aplikatu beharrean. Besteak beste, horrek euren errealitateari erantzuten ez dieten kategoriak eta soldata baxuagoak dakartza.

• Langile gehienak ez daude lanaldi osoan, baina aparteko ordu mordoa egiten dituzte.

• Lan kargari aurre egiteko, zerbitzua funtzio batzuk betetzeko langileen azpikontratazioan
eta aparteko orduetan sostengatzen da.

• Etengabeko lan karga izugarriaren ondoriozko estresa, presak, heldu-ezina… Honen
adibide lazgarriena hilabete honetan ABLE bidezko langile batek sufritutako lan-istripua da.

BilbaoBizi zerbitzu publikoa da, eta ondorioz, duintasunez eskaini eta garatu behar da. Horregatik, hurrengoak aldarrikatzen ditugu:

• Bizkaiko metal-merkataritzako hitzarmen kolektiboa aplikatzea.

• Kalitatezko enplegua eskaintzeko, lanaldi oso egonkorrak eta soldata duinak bermatzea.

• Kontratazioa lanaldi osora zabalduta ere, langileak dagoen lan karga betetzeko nahikoa ez
badira, kontratazioak handitzea.

• Kontratazio horiek, edo funtzio zehatzak betetzeko egin daitezkeenak, Aldi Baterako Lan
Enpresen bidez EZ egitea.

• Guzti hau egingarri izan dadin, Bilboko Udalak azpikontratatutako enpresarekin duen akordioa jardueraren errealitatera egokitzea, langileen lan baldintzak eta segurtasuna akordio horri egokitu beharrean.
 

 

 

CAFeko langileak hitzarmenaren alde ari dira mobilizatzen

0

Lanuztea egin dute 10:00etatik 12:00etara CAF enpresan. Ostegunean bi orduko lanuzteak egingo dituzte berriro, eta ekainaren 26an eta uztailaren 2an, hiru ordukoak, 10:00etatik 13:00ak bitartean. Hain zuzen ere, bi egun hauetan, manifestazio bana egingo dute Ordizian eta Beasainen, hurrenez hurren. "Langile kolektibo guztien batasunak eta parte hartzeak ahalbidetuko du hitzarmen on bat lortzea", adierazi du CAFeko LABek.


 

 

 

Lanpostuak EITBko langile bat gaixotu du, eta urtebete geroago enpresak prebentzio neurririk hartu gabe segitzen du

0
Alberto Santos EITBko Prebentzio buruaren kargugabetzea eskatzen dugu.

Lanpostuak EITBko langile bat gaixotu du eta urtebetean enpresak ez du inolako urratsik eman egoerari irtenbidea emateko. Hori dela eta, LABek beharginaren osasuna bermatzeko premiazko neurriak berehala hartzeko eskatu dio zuzendaritzari.

Halaber, EITBko Osasun eta Segurtasun Batzordearen eraginkortasun eza salatu behar dugu, ez dituelako eskatutako prebentzio neurriak hartu eta auzi honetan daukan ardurari uko egiten saiatu delako.

2018ko martxoan, EITBko kazetari bati lipoatrofia erdizirkularra izeneko laneko gaixotasuna antzeman zioten. Orduz geroztik hainbat osasun azterketa egin dizkiote: Osakidetzan, Quironen (EITBri osasun zerbitzua ematen dio enpresa) nahiz Mutualian. Denek diagnostiko bera egin dute: lanpostuak eragindako lipoatrofia erdizirkularra gaitza daukala.

Bajarik eskatzen ez duen gaixotasun arraroa da lipoatrofia erdizirkularra. Jatorria argi ez badago ere, enpresetako lan-baldintzek eragiten dutela diote adituek: hezetasun mailak, elektrizitatea estatikoak… Emakume gazteei eragiten die bereziki eta sintomak izterretan agertu ohi dira: lurrazala hondoratu egiten da, itxura erdizirkularreko hondoratzeak sortzen dira.

Osalanen protokoloan oinarrituta, Mutualiak hainbat gomendio egin dizkio enpresari, besteak beste, EITBko erredakzioan elektrizitate estatikoa eta hezetasuna neurtzea, kaltetutako langilearen lanpostuaren azterketa egitea eta kasu gehiago egon daitezkeen egiztatzea. Ildo berean, beharginari jarraipena egiten ari zaio eta dagoeneko bi aldiz berretsi diote -azkeneko osasun azterketa maiatzean egin zioten- gaixorik jarraitzen duela.

Hala ere, urtebete luzean Osasun eta Segurtasun Batzordeak ez du neurririk hartu eta ez ditu Mutualia enpresak berak egindako gomendioak bete. EITBn horrelako gaitzak sortzea ezinezkoa dela esaten du enpresak, mediku txostenek kontrakoa adierazi arren.

Gainera, gogoratu behar dugu honakoa ez dela lehendabiziko kasua: M4F azpikontratak erabiltzen zuen erredakzioan -EITBko egoitzan- beste kasu bat eman zen duela sei urte; eta Bizkaiko Ogasunaren egoitzan beste hiru kasu antzeman ziren 2008an. Beraz, gutxienez bost kasu izan dira EITBk egoitzatzat duen Bilboko eraikinean.

Hori guztia jakinda, zergatik ez du neurririk hartzen EITBk? Ikertzen hasita kasu gehiago agertuko diren beldur al dira? Eraikin gaixoa al da EITBren Bilboko egoitza? Zein da batzorde horren funtzioa lanpostuak gaixotu duen langile baten osasuna eta segurtasun bermatzea ez bada?

Gauzak horrela, LABek ondoko neurriak berehala har ditzala eskatzen dio EITBri:

-Lanpostuak gaixotutako langilearen osasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren protokoloak abian jartzea.
EITBko erredakzioan elektrizitate eta hezetasun maila neurtzea.

-Gaixotasuna antzeman zaion langilearen lanpostua behar bezala ikuskatzea.

-Kasu gehiago egon daitezkeen egiaztatzeko, ikerketa zorrotz bat egitea.

-Informazio kanpaina bat martxan jartzea, EITBko langile guztiek jakin dezaten gaixotasun hori zer den, nola sortzen den eta lanpostuaren arriskuak zeintzuk diren.

-EITBko egoitza elektrizitate estatikoari eta hezetasunari aurre egiteko prestatuta dagoela izan da orain arte ezer ez egiteko eman den arrazoia. Bada, hori hala dela frogatzen duen dokumentazioa (txostenak, ziurtagiriak…) langileon ordezkarion esku uztea eskatzen dugu.

Era berean, Alberto Santos EITBko Prebentzio buruaren kargugabetzea eskatzen dugu, bera baita arestian aipatutako neurriak abian jarri ez izanaren erantzulea eta, ondorioz, bere karguak eskatzen duen ardurarekin jarduten ez duela uste dugulako.

Neurri horiek guztiak abiarazten ez diren bitartean, hots, EITBko Osasun eta Segurtasun Batzordeak bere funtzioak arduraz betetzen ez dituen bitartean, LABek ez dio zilegitasunik emango batzorde horri, eta eskura dituen bitarteko denak erabiliko ditu -sindikalak nahiz juridikoak- EITBk langile guztion osasuna eta segurtasuna bermatu ditzan.
 

 

 

Zortzi eguneko greba deialdia egin dugu Gipuzkoako Arte Grafikoetan, egiazko negoziazio baten alde eta hitzarmenaren defentsan

0

LAB, ELA eta UGT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Donostian, ADEGIren egoitzaren aurrean, patronalak Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmena blokeatzen ari dela salatzeko. Mobilizazioan bertan, sektorean egingo ditugun lanuzteen daten berri eman dugu: ekainaren 26 eta 27, uztailaren 3 eta 4, irailaren 25 eta 26 eta urriaren 2 eta 3.

Sektoreko patronal bakoitzak duen ordezkaritzaren harira desadostasunak sortu zirela eta, Arte Grafikoetako hitzarmena negoziatuko duen mahaia bi hilabetez eratu nahian aritu zen. Hiru hilabete gehiagoz bildu behar izan dugu negoziazio mahaian, eta ADEGI patronala ez da ezertxo ere mugitu. Nahiz eta behin eta berriz eskatu dugun sindikatuen plataformari erantzun behar zitzaiola, gure eskakizun guztiak arbuiatu dituzte, legeari edota jurisprudentziari egin egokitzapen hutsak direnak ere. KPIren soldata-eguneratze hutsa eskaintzera mugatu dira.

Urte zailak igaro ondoren, sektorearen egoera ona da, lan-zama handia da, eta, hortaz, hitzarmen honetan soldatetatik haratago doazen gaiei ekin behar zaie, arlo sozialak ere jaso behar dira. Hitzarmen honetan jaso behar diren neurrietako batzuk dira: soldata igoera duinak, baimenen hobekuntza, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eraginkorra izan dadin neurriak, lan osasuna bermatzeko neurriak, enplegua kalitatekoa izan dadin neurriak, langileen batez besteko adina gaztetzea, errelebo kontratua, hitzarmenak lehentasuna izan dezala ezartzeko garaian,…

Horrengatik guztiarengatik, egiazko negoziazioa eskatzeko eta hitzarmenaren alde eginez, LAB, ELA eta UGT sindikatuok deitu eta erregistratu ditugu 8 egunetako lanuztea sektorean.

Lanuzteak egitera deitu diren egunak dira:
• Ekainaren 26a eta 27a eta uztailaren 3a eta 4a. • Irailaren 25a eta 26a eta urriaren 2a eta 3a.

Langileek honezkero eman dute grebaren aldeko botoa hainbat eta hainbat lantokietan. Langileek honezkero ozen eta garbi adierazi dute egiazko negoziazioa, akordio duin eta zuzena nahi dutela. Hilak 20 izango dituenean, ADEGIk aukera berria izango du egoera aska dadin negoziazio mahaian egingo den hurrengo bileran. Haien esku bakarrik dago sektorea norgehiagokara behartua egon ez dadin.

Azkenik, sektoreko langile guztiak deitzen ditugu grebarekin bat egin dezaten eta parte har dezaten antolatu diren mobilizazio guztietan. Denon artean lortuko dugu.
 

 

 

[IRITZIA] “Zerbitzu anitzeko enpresak Industrian, prekaritate habiak”

0

LABeko Industria Federazioko kide Maider Caminosek eta Imanol Rodriguezek zerbitzu anitzeko enpresei eta prekarietateari buruz idatzi dute. "Industria enpresa handiek erabiltzen dituzten tresnak dira zerbitzu enpresak, enpresa handiek sortzen duten lana beste batzuek baldintza prekarioagoetan egin dezaten", salatu dute.

Sarak 40 urte ditu eta soldatzailea da. Lana behar duenez, zerbitzu enpresa batera joan da. Enpresa horrek beste enpresa bat du sortua eta bigarren horrek hirugarren enpresa batzuentzat soldatze lanak egiten ditu. Beraz, zerbitzuetako enpresak ABLE lanak egiten ditu eta langileen eta bere enpresa guztien lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen propioa du, lanen izaera kontuan hartu gabe. Sarak, Nafarroako Metaleko hitzarmenaren araberako lan baldintzak izan beharko lituzke, baina bere enpresak hitzarmen propioa duenez, bere lan baldintzak Metaleko hitzarmenarekin alderatuta okerragoak dira. Sarak 1.800 ordu baino gehiagoko urteko lanaldia du -Nafarroako Metalak 1.695 orduko lanaldia du-, hileroko soldata 1.350 eurokoa du -Metaleko maila txikienaren azpitik-, baimenak okerragoak ditu eta horrek arazoak sortzen dizkio kontziliatzeko, behin-behineko kontratuak bata bestearen atzetik kateatzen ditu, ez du lan osasuneko formakuntzarik jasotzen, kontrata galtzeko mehatxupean bizi da eta une oro sentitzen du edozein momentutan gal dezakeela lana.

Sara langile prekarioa da eta zerbitzu anitzeko enpresa batean lan egitearen ondorioak pairatzen ditu. Baina Sararena ez da salbuespena.

Industriak bizi dituen aldaketa prozesuen barruan, gero eta ugariagoak dira Industria sektorean bere ekinbidea garatzen duten zerbitzu enpresak. Badira ikerketak esaten dutenak Industrian enpresen %90 inguruk kontratatzen dituztela halako zerbitzu enpresak.

Eta zergatik dira hain arrakastatsuak? Outsourcing bezalako terminoak erabiltzen badira ere jardueren kanpora ateratze eta azpikontratazioa izendatzeko, egiazki, egokiagoa litzateke lan produktiboaren prekarizaioaz arituko bagina. Industria enpresa handiek erabiltzen dituzten tresnak baitira zerbitzu enpresak, enpresa handiek sortzen duten lana beste batzuek baldintza prekarioagoetan egin dezaten. Zerbitzu enpresei hitzarmen okerragoak aplikatzen zaizkie eta. Halako enpresen ugaritzea 2012ko lan erreformaren inposizioarekin etorri zen, enpresa eremuan lan baldintzak okertzeko atea ireki baizen.

Zerbitzu enpresetako langileek, haien soldatak enpresa nagusiko langileen soldaten azpitik daudela sufritzeaz gain, disponibilitatea eta erabateko malgutasuna izan beharra dute bezeroen beharrei aurre egiteko. Horrekin batera urteko lanaldiak oso altuak dituzte, aplikatu beharko litzaieken hitzarmenetatik oso urrun. Elementu horiekin, familia kontziliazioa oso zaila da eta langileen txandakatzea altua da.

Prekaritatea, malgutasuna, istripuak izateko aukerak biderkatzen dituzten lanak egin behar izatea… azpikontratatutako langile bati, besteen aldera, lan istripu bat pairatzeko aukerak halako hiru handitzen zaizkio. Egoera hori enpresa nagusiak zein azpikontratautakoak prebentzioan duten erantzunkizunari muzin egitetik sortzen da. Baldintza horiekin, gainera, gertatzen diren istripu asko ez dira salatzen eta horrek istripuak ekiditeko neurri eraginkorrak ezartzea zailtzen du.

Egoera horren aurrean, ezinbestekoa egiten da langileak sindikalki antolatzea. Bakarka oso ahulak dira, baina kolektiboki martxan jar daitezkeen borrokak emaitzak eman ditzake. Hori da LAB-en egin duguna Aniser Facility enpresako langileekin. Enpresa hori Eurofirms taldearen barruan dago eta, aldi berean, Euroestampaciones S.A enpresarentzat lan egiten du.

Maiatzaren bukaeran, greba deialdi baten ostean, Eurofirms taldearekin aurreakordio bat sinatu zen langileen lan baldintzak nabarmen hobetzen dituena. analdia 64 ordutan murriztea lortu da, bajen estaldura, kontratuen %80eko behin betikotasuna… Eta guretzat garrantzi handiko eskaera zena: Nafarroako Metaleko hitzarmenarekiko lotura, nahiz eta jakin asko hobetu beharreko hitzarmena dela.

Batasun eta sendotasun handiko borroka izan da eta beste behin ere argi geratu da gure eskubideen bermerako bide bakarra borroka tinkoa dela.

Azken helburua langileen kontratazioa baldintza duinetan ematea eta beraz zerbitzuen kanpora ateratzea amaitzea dela jakinda ere, zerbitzu enpresak duintasun eta antolakuntza habi bihurtu behar ditugu, “Sara” guztiek lan eta bizitza duinak izan ditzaten. LAB-en, erronka horri eutsiko diogu.

 

 

 

ADEGI mahaitik altxatu da, Gipuzkoako papergintza grebara behartuz

0

Gaur, ekainak 17, mahai negoziatzailearen azken bilera izan dugu. Gure ustetan bilera determinantea izan behar zuena iruzur bilera bat bihurtu da. Patronalak ez du fitxarik mugitu eta ez du inongo proposamen berririk mahai gainean jarri, gainera, alde soziala egin du errudun blokeo egoera honetaz.

Diskurtso antzu honen aurrean, sindikatuok mahaia desblokeatu, negoziatzen jarraitzeko eta akordio bat posible egiteko asmoarekin ADEGiri proposamen berri bat egin diogu, proposamen garrantzitsu bat non soldatetan proposamen berri bat luzatu dugun (KPI+%2) eta lizentzietan ere gure plataforma mugitu dugu, kontuan izanda guretzat oso puntu garrantzitsuak direla.

ADEGIren erantzuna, lotsagarria benetan, ez dela nahikoa eta honen aurrean mahaitik altxatzea erabaki dute, beraien negoziatzeko borondate eza argi eta garbi erakutsiaz.

ADEGIri ez zaio axola langileek zer adierazi dugun, jakinarazi diegu langileok bozkatu dugula euren proposamena ez dela nahikoa eta, hori dela eta, beste proposamen berri bat ekartzea eskatu diegu. Baina ADEGIk muzin egin dio asanbladak erabaki duenari eta negoziaketak bertan behera utzi ditu.

Grebaren aldeko bozkak nagusitu dira lantokietan eta alde handiaz gainera. Sektoreko langileok ozen eta argi hitz egin dugu. Akordio justu bat nahi dugu. ADEGIren proposamenak ez dio sektoreko egoera onari erantzuten. Azken urte hauetan sektoreko enpresek irabazi handiak izan dituzte, 2016 eta 2017an 61 miloi euroko irabaziak aitortu zituzten. Beraz, ADEGIk bere eskaintza hobetzeko tartea badu.

Grebara goaz ADEGIk hala erabaki duelako, ez duelako negoziatu nahi, ez duelako akordio justurik nahi, ez duelako aberastasuna banatu nahi. Ez digute ezer oparituko eta erakusten ari dira. Borrokaren bitartez lortuko dugu gure lan baldintzak hobetzea eta hitzarmen duin bat. Langile guztioi dei egiten diegu grebarekin bat egiteko eta antolatutako mobilizazioetan parte har dezaten. Denon artean lortuko dugu.

Ekainaren 19, 20, 26 eta 27an eta uztailaren 3, 4, 10 eta 11rako daude grebak deituta. Lehen greba egunean, ekainaren 19an, manifestazioa egingo dute 12:00etan Hernaniko Zinkoeneatik abiatuta.
 

 

 

FVEMek ez du beste aukerarik uzten: Bizkaiko metalgintzaren etorkizuna jokoan dago eta borroka da bide bakarra

0

Gaur egin da Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaiaren 21. bilera. Beste behin, patronalak guztiz eznahikoa den proposamena ekarri du sindikatuokin akordioa lortzeko. FVEMen jarraitu egiten du bere proposamenean 2018. urtea sartu gabe, ez du benetako soldata igoerarik planteatu, uko egiten dio subrogazioari buruz hitz egiteari, uko egiten dio aldi-baterakotasuna eta ABLEei mugak jartzeari, uko egiten dio lanaldi murrizketei buruz hitz egiteari.

Sindikatuok egindako planteamenduari, genero berdintasun eta lan-osasunari dagokionez sindikatuok egindako planteamenduak ere erantzunik gabe jarraitzen du eta tematuta dago bere planteamendu erregresiboetan. Soldata tauletan hobekuntza planteatzera mugatu da, mahaian presente gauden sindikatuok defendatzen dugunetik urruti.

Egindako hiru greba egun eta aste honetarako deitutako beste bi greba egunen aurrean, patronalaren jarrera erabateko probokazioa eta sektoreko langile guztiontzako iseka bat da. Enplegu sorrerari buruz hitz egiten dute baina enpleguak prekarioa izaten jarraitzea nah dute, lortutako irabaziei buruz hitz egiten dute eta uko egiten diote hauek banatzeari, apur batzuk sektoreko langileak erosi ahal dituztela pentsatuz.

Egindako hiru greba egunetan sektoreko langileek oso argi utzi dute hitzarmen eta bizi duina lan dutela eta horretarako gelditu dituzte lantegiak eta kalera atera dira. Sektoreko langileek eredugarria den duintasuna eta batasuna erakutsi dute eta batez ere, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duina lortzeko euren determinazio tinkoa erakutsi dute.

FVEMek ez ditu beste aukerarik uzten. Uste baldin badu sektoreko langileek amore emango dutela soldata igoera huts baten truke, oso oker dago eta horrela erakutsiko dute sektoreko langileek ekainaren 20 eta 21ean. Sektorearen etorkizuna jokoan dago eta borroka da bide bakarra.
 

 

 

Ekainaren 22ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du G7 EZ! plataformak

0

G7 EZ! plataformak agerraldia egin du Bilbon, datozen asteotan etorriko diren protesta eta mobilizazioen berri emateko; larunbatean, ekainaren 22an, esaterako, kalejirak egingo dituzte Bilbon eta Gasteizen, goizez; eta Donostian manifestazioa egingo dute, arratsaldez.

Abuztuaren 24, 25 eta 26an G7aren gailurra egingo dute Biarritzen, Lapurdin. Estatu Batuak, Kanada, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia eta Japonia dira G7a osatzen duten herrialdeak, mendebaldeko blokeko herrialderik boteretsuenak, alegia. G7 ez!plataformatik beste mundu bat posible dela pentsatzen duten pertsona guztiei goi bilkura honen kontra mobilizatzeko deia luzatu diete. Plataforma hau, hain justu, G7ak inplementatzen dituen politiken kontra dauden eragile sozial, sindikal eta politiko ezberdinek osatzen dute; LABek, barne.
 

 

 

Lehen Arretako benetako arazoak serio hartzeko exijitu diogu Osakidetzari

0

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok greba eguna egin dugu Osakidetzako Lehen Arretan, zerbitzu sendo, eraginkor eta iraunkor baten alde. Gasteizen egindako mobilizazio nagusian nabarmendu bezala, Osakidetzaren jarrera ez bada guztiz aldatzen, greba egun gehiago etorriko da. Izan ere, Osakidetzak bere erantzukizuna onartu behar du eta Lehen Arreta hobetzeko plana zein egutegia jarri behar ditu mahai gainean. Gure ustez, ez da serioa egunez egun txarrera egiten duen egoerari partxeak ipintzen ibiltzea. Lehen Arretakoa ez da lan gatazka hutsa; jendarte osoarentzat oinarrizko osasun zerbitzu baten hobekuntzaz ari gara. Beraz, Osakidetzak azaldu beharko dio euskal jendarteari zergatik ez duen nahi kalitatezko Lehen Arreta. Hala salatu genuen ostiralean, Mahai Sektorialaren bileran.