2025-12-21
Blog Page 62

ELAk eta LABek greba deitu dute martxoaren 19an eta 20an Arabako adinduen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioen hitzarmenaren alde

Aurtengo hirugarren eta laugarren greba egunak dira. Orotara, bi egun hauekin, 2019tik 41 greba egun egin dira. Arabako Aldundiak oraindik ez du proposamenik bidali, eta negoziazioa blokeo egoeran dago.

ELAk eta LABek martxoaren 19 eta 20an grebak deitu dituzte Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorerako. Aurtengo hirugarren eta laugarren greba eguna dira, eta aurrekoen testuinguru berdinean kokatzen dira. Izan ere, EAJ-PSE-EH Bildu Arabako Foru aldundiako aurrekontu akordioan diru kantitate bat zehaztu zen sektore honetako hitzarmenean aplikatzeko. Arabako Aldundiak urtarrilean proposamen berri bat ekarriko zigula esan zigun. Baina hori ez da gertatu eta itxaroten jarraitzen dugu. Momentu honetan, ez dago proposamenik mahai gainean eta negoziazio mahaia blokeatuta dago.

ELAk eta LABek positibotzat baloratu zuten akordioa, eta azpimarratu zuten gatazka agenda politikoan kokatzea urteetan egindako greba eta mobilizazio egunen emaitza izan zela. Baina egunak pasa ahala eskaintzarik gabe jarraitzen dute eta Administrazioen borondate politiko falta kritikatu dute. Sindikatuek ohartarazi dute ez dutea onartuko sektorea propagandarako erabiltzea, neurriak eta baliabideak bideratzen ez diren bitartean.

Sektorea duintzeko neurri espezifikoak eta konpromiso politikoak falta dira, eta 5 urte baino gehiagoko gatazkaren ondoren, Arabako erresidentzia eta etxebizitza komunitarioen sektorean prekaritatea nagusi da patronalek eta Aldundiak hala nahi dutelako. Adinduen egoitzetako langileek gizarte honen zati handi batek dituen zaintza beharrak asetzen ari dira. Euren lana funtsezkoa da eta horregatik aitortua izan behar da. Soldatak LGStik gertu daude oraindik eta 1772 orduko lan jardunaldiak dituzte. Ratioa ez da nahikoa Arabako gizarteak dituen zaintza beharrak asetzeko, eta sektoreko langileen osasuna jokoan da.

ELA eta LAB sindikatuek Arabako adinduen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioen lehen lan hitzarmen probintziala lortu arte borrokan jarraituko dute. Gauzak horrela, martxoaren 19 eta 20an greba deitu dute.

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek salatu dute Nafarroako Grafikagintzako hitzarmena berreskuratzeko patronalak emandako ezezkoa

Lau sindikatuek elkarretaratzea egin dute Iruñean, Aegran patronalaren egoitzaren aitzinean, alde sozialak Nafarroako Grafikagintzako hitzarmena berreskuratzeko egindako eskaerari ezezko erantzuna eman diotelako.

Joan den otsailaren 18an, 2014ean bertan behera gelditu zen Nafarroako Grafikagintzako hitzarmena negoziatzeko zilegitasuna duten lau sindikatuek (LAB, ELA, UGT eta CCOO) ofizialki erregistratu zuten hitzarmen horren negoziazioak hasteko deialdi bat. Formalki erregistratu behar izan zuten, AEGRAN patronalaren erantzunik ezaren ondorioz (bertan daude, bertzeak bertze, Idazluma, Gráficas Larrad, Navarpint, Gráficas Zokoa, Imprenta Zubillaga, Papeles El Carmen…).

Negoziazioa hasteko eskaera formalaren aitzinean bai jaso zuten erantzun bat, bi aldeen arteko edozein elkarrizketaren aitzinean ezezko borobil bat; 2014an Nafarroako Grafikagintzako hitzarmena bertan behera gelditu zenetik sektorean eman diren lan-baldintzen prekarizazioan patronalaren eta patronala osatzen duten enpresen erosotasuna oso argi utziz.

Gaur egin duten salaketarekin sindikatuek argi utzi nahi dute ez direla horretan geldituko, sektorea aktibatuko dutela duela hamar urte langileei kendu zitzaiena berreskuratzeko eta horretarako beren esku dauden tresna guztiak erabiliko dituztela.

0-3 zikloko intersindikala Parlamentuaren aurrean bildu da haur hezkuntzako lehen zikloaren kudeaketan plangintzarik ez dagoela salatzeko

0-3 zikloko intersindikalak elkarretaratzea egin du gaur goizean Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Hezkuntza kontseilariak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan 2 urteko gelak ezartzearen inguruan hartutako aldebakarreko erabakien aurrean eta Burlatako Hilarion Eslava ikastetxean iragarritako pilotaje berriaren aurrean gure ezinegon sakona adierazteko.

Gaur egun, Nafarroako Gobernuak oraindik ez du ikasturte honetan hiru ikastetxetan ezarritako 2 urteko gelen proiektu pilotuaren ebaluaziorik egin. Hala eta guztiz ere, beste ikastetxe batzuetan gutxienez bi ikasgela berri irekiz aurrera jarraitzea erabaki du, neurriaren benetako eragina baloratu gabe eta 0-3 zikloko beharrei, oro har, erantzun gabe.

Hori gutxi ez balitz bezala, joan den astelehenean, Hezkuntza kontseilariak iragarri zuen proiektu pilotu bat ezarriko zutela Burlatako Hilarión Eslava ikastetxean, non 0-12 eredua ezarri nahi den, ikastetxe osorako zuzendaritza bakarrarekin. Iragarpen hori plangintza argirik gabe egin da, eta airean utzi dira haren funtzionamenduari, baliabideei eta hezitzaileentzako ondorioei buruzko zalantza ugari.

Intersindikaletik 0-3 zikloaren osotasuna defendatzen dugu eta planifikazio global eta pentsatuari erantzuten ez dioten bat-bateko neurriak eta adabakiak ezartzeari uztea eskatzen dugu. Ezinbestekoa da Nafarroako Gobernua esertzea, modu bateratu eta gardenean hitz egitera, 0-3 ziklorako kudeaketa komuna eta koherentea bermatuko duen ibilbide-orria planifikatu dadin.

Era berean, berriro eskatzen dugu sindikatuok ere Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa eta Hezkuntza Departamentua osatzen duten lan batzordeko kide izatea. Sindikatuok jasotzen ditugu haur-eskoletan dauden arazoak, eta sektoreko langileak ordezkatzen ditugu. Horregatik, guk ere hitza izatea ezinbestekoa da haur hezkuntzako lehen zikloaren kalitateari zuzenean eragiten dioten erabakiak hartzerakoan.

Confebasken jarrera harroputz eta esplotatzailearen aurrean mobilizatzera joko du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok apirilaren 3an mobilizatuko gara, eta deia egiten dugu apirilaren 5ean pentsiodunen mugimenduak gutxieneko pentsio eta soldata duinen alde deituriko mobilizazioetan parte hartze hartzera.

Gehiengo sindikalak dei egiten die euskal langileei gutxieneko soldata eta pentsionaren alde mobilizatzera. Confebaskek uko egin dio behin eta berriro gutxieneko soldata bat negoziatzeari; patronal honek ez du elkarrizketarako eta konponbideak bilatzeko inongo interesik. Lehen deialdian mahaia eratzeari uko egin zion, eta ondoren, herrialdeetako patronalek gurekin biltzeari ezezkoa eman zioten. Gaur, martxoaren 20rako deitutako bilera ere bertan behera uztea erabaki dute.

Confebaskek ez du elkarrizketan sinesten, eta ez du EAEko jendartearekiko bere ardura hartzen. Gatazka beste biderik uzten ez duen patronala ez da herri honek behar duen patronala.

CONFEBASKek berriz ere enpresen iraunkortasuna azaltzen du negoziazioari uko egiteko arrazoi nagusi gisa. Atzo sindikatuek publiko egin genuen 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatzen ari ginela 2026 urterako eta jadanik 2024ko negoziaketetan 1.400 eurotako langa gainditua izan dela EAEn sinatu ziren hitzarmenen %90ean eta, ondorioz, eskatutako Lanbidearteko Akordioak eragina izango lukeela soilik Estatuko hitzarmena duten edo hitzarmen eguneraturik ez duten sektoreetan. CONFEBASKek langileen miseriaren kontura irabaziak pilatzen jarraitu nahi du eta horretarako aitzakiak besterik ez ditu erabiltzen. Frantzian edo Alemanian gutxieneko soldata Espainiakoa baino 500 eta 700 euro altuagoa da EAEko antzeko egitura ekonomikoarekin; arazoa ez da lehia, CONFEBASKen izaera erreakzionarioa baizik. Sindikatuen proposamena entzun ere egin gabe negoziaketari uko egiteak argi erakusten du patronalaren autoritarismoa.

Herri honek gutxieneko soldata propioa behar du, gutxieneko pentsio duina behar du. Pobrezia eta jendarte bazterkeriaren aurka, soldata arrakalen aurka, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lortzeko, jendarte eredu justu eta egokiago baten bidean.

Pentsiodunek herri ekimen legegilea landu dute, eta lortutako sinaduren berri ere eman dute: 95.000 sinadura, gutxieneko pentsio duin baten alde. Herri ekimen legegile hori babestuz, EAEko jendarteak argi adierazi du gutxieneko pentsio duin baten aldeko jarrera. Gehiengo sindikaletik ere aspalditik ari gara gutxieneko pentsio eta soldata duinen aldeko borrokan. Bada, datozen aste eta hilabeteetan, gure dinamika indartuko dugu. Gutxieneko soldata propio bat ezartzeko eskumena lortzeko herri ekimen legegilearen aldeko milaka sinadura bilduko ditugu, lan-zentroetan eta kalean. Ondoren alderdi politikoei egokituko zaie posizioa hartzea Legebiltzarrean.

Euskal jendartea ordezkari instituzional eta patronalek ez daukaten maila erakusten ari da, eta datozen hilabeteetan ere hori erakutsiko du. ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok mobilizazioetara joko dugu: Lehenik, apirilaren 3an, 11:30etan, Confebasken egoitzaren aurrean mobilizatuko gara. Horrez gain, apirilaren 5ean, pentsiodunek gutxieneko pentsio eta soldata duinen alde deituriko manifestazioetan parte hartuko dugu, eta langileria guztiari dei egiten diogu horietan parte hartzera.

Euskal langileria kalera aterako da, patronalaren jarrera autoritarioari aurre egin eta mugitzera behartzeko, eta alderdi politiko eta ordezkari instituzionalak interpelatzeko, gutxieneko soldata eta pentsioen aldeko posizioa har dezaten.

Eusko Jaurlaritzak autoritarismoa alde batera utzi eta bere ardurapean dauden 100.000 pertsonen lan baldintzak hobetu behar ditu

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea deitu dute martxoaren 18rako, Eusko Jaurlaritzari sektore publikoko langileen aldarrikapenak aintzat har ditzala eskatzeko. Egun horretan bertan egingo da Mahai Orokorraren bilera.

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egingo dute martxoaren 18an Lakua aurrean, Mahai Orokorraren bileraren atarian protesta egiteko. Hitzorduan, Eusko Jaurlaritzari bere jarrera autoritarioa aldatzeko exijitzeaz gain, langileek greba eta mobilizazioen bidez eskatu dituzten eskaerei erantzuteko eskatuko diote. Eusko Jaurlaritzak sindikatuek deitutako Mahai Orokorraren bileretan parte hartzeari uko egin zion arren, ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzak ezarritako egutegiaren Mahai Orokorraren bilerara joatea erabaki dute.

Sektore Publikoaren eskaera nagusia da lan baldintzak eta enplegua EAEren esparruan erabaki ahal izatea, joan den ikasturtean mobilizazioetan eta grebetan aldarrikatu zuten bezala, ‘Soldatak eta enplegua hemen erabaki’ lelopean. Ildo horretan, hainbat neurri
hartzeko eskatu dute: sektore bakoitzean soldata igoerak adostea erosteko ahalmena berreskuratzeko, egonkortzea (behin-behinekotasuna % 8tik behera kokatu arte), plantillak gaztetzea, lan osasuna bultzatzea eta Administrazioa euskalduntzeko planak zein berdintasun politikak ezartzea.

Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz ukatu du Sektore Publikoko soldata eta enplegua negoziatzea, eta ontzat eman ditu Madrilen onartutako proposamenak. Sindikatuen arabera, Mahai orokorrari ere lotutako Ertzaintzaren eremuko akordio berriak erakusten du Madrilek ezarritako mugak aitzakia direla EAEn murrizketak aplikatzeko, borondate politiko kontua baita Sektore Publikoaren baldintzak hobetzea. Eusko Jaurlaritzak bere aurpegi berriari buruzko propaganda egiten duen bitartean, betiko politikak mantentzen dituela salatu dute.

Sindikatuek gogorarazi dute mobilizazio dinamikaren ondorioz lortu zela EAJ-PSOEren inbestidura akordioan EAEren esparruan lan baldintzak erabakitzeko aukera sartzea, eta hainbat alderdi politikok 2025eko aurrekontuetan zuzenketak aurkezteko konpromisoa hartzea, gaur egun Euskal Herriko soldatei eta enpleguari buruz legeak egitea eragozten duten oztopoak gainditzeko. ELAk, LABek, ESK-k eta Steilasek salatu dute urrats haiek ez direla ezertan zehaztu.

Gauzak horrela, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egingo dute martxoaren 18an, asteartea, 14:30ean, Lakuaren aurrean (Gasteiz), Sektore Publikoaren Mahai Orokorraren bilera baino ordu erdi lehenago.

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.

Guardianek modu arin eta arduragabean hartu du erabaki hau, enplegua mantentzeko eta lantegiaren etorkizuna bermatzeko edozein aukera itxiz. Guardianen industria-jarduera bideragarria da, eta beste proiektu edo aukera batzurekin jarrai zezakeen, eskualdeko industria-sarea eta ehunka familiaren etorkizuna bermatzeko. Baina, hala ere, multinazionalak lantegia ixtea erabakia hartu du, beste edozein alternatibari tarterik utzi gabe.

Prozesu osoa Eusko Jaurlaritzaren begiradapean eta onespenarekin egin da, eta horrek egoera larria ekarri du: fabrikako labea itzalita dago, materiala barruan duelarik. Ez da faktore tekniko edo produktibo saihestezinen ondorio, baizik eta enpresaren estrategia kontziente baten emaitza, bere itxiera bera modu artifizialean eragiteko.

LABetik argi daukagu Guardian fede txarrez jokatzen ari dela eta horrela adierazten ari da kontsulta epean. Asteleheneko bileran, aurkeztu dituzten arrazoien inguruko dokumentazio gehiago eskatu zen, baina oraindik enpresak ez digu ezer eman sindikatuei. Injustizia honen aurrean, instituzioek berehala esku hartu behar dute, konponbide azkarrak eskainiz. Lehentasuna lanpostuak mantentzea eta jarduera industriala bermatzea izan behar da. Eusko Jaurlaritza ez da ari lanpostuei eusteko lanean, ezta langileekin batera bide bat zabaltzen ere. Etorkizunerako inbertsioei buruz hitz egiten da, baina horiek ez dituzte ez enplegua ezta proiektua bermatzen.

Horregatik guztiagatik, Guardianek sortutako arrazoietan oinarritutako EEE hau berehala erretiratzea eskatzen dugu, eta enplegua babesteko eta multinazional batek bere nahia inposatzea eta 171 pertsona kaleratzea ekiditeko neurri zehatzak martxan jartzea exijitzen dugu.

LABetik dei egiten dugu mobilizazioetan parte hartzen jarraitzeko, Guardianeko Enpresa Batzordeak deitutako kontzentrazio guztietan, eta SOS AIARALDEA plataformak sustatuta, datorren larunbatean, martxoaren 15ean, Gasteizen egingo den eskualdeko ekimenean.

171 lanpostu jokoan daude. Instituzioek ezin dute beste alde batera begiratu eta irtenbide faltsuak saldu. Eskualdearen etorkizuna jokoan dago.

Guardian ez itxi!

LABek MFS Trapaga Sintering-en itxiera salatzen du, 107 langileren kaleratzea ekarriko duena

MFS Trapaga Sintering enpresako langileak beren lanpostuak salbatzeko borrokan ari dira berehalako itxieraren aurrean. Bihar ostirala, EEEaren lehen bilera egunean, greba eguna izango dute eta elkarretaratzea egingo dute lantegiaren aurrean, 9:00etatik aurrera.

MFS Trapaga Sintering enpresako langileek muturreko egoera bati egin behar diote aurre. Datozen asteetan, enpresak langile guztien kontratuak etengo ditu Enplegu Erregulazioko Espediente (EEE) bat aplikatuz: jarduera behin betiko gelditu, eta 107 pertsona kaleratuko dituzte. Egoera kritiko hau enpresako zuzendaritzaren kudeaketa negargarri baten emaitza da.

Automozio sektorean 40 urte baino gehiagoko ibilbidea duen enpresa da, motelgailu eta auto barruko segurtasun-sistemetarako osagaien fabrikazioan espezializatua. Edozein ibilgailutan beharrezkoak diren piezak dira, motorizazioa edozein dela ere; beraz, aurrez aurre dugun trantsizio ekologikoaren erronkara egokitu daiteke.

Kualifikazio handiko langileak eta sektorean urte askotako esperientzia izanik, jarduera produktiboak bideragarria izaten jarraitzen duela uste dute. Erakunde publikoei dei egiten diete MFSn lan egiten duten pertsona guztien lanpostuak eta lan baldintzak mantentzea berma dezaten.

Jardueraren jarraipena borondate politikoaren araberakoa da. Langileen ordezkariek interpelazio instituzionala hasi dute Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Trapagarango Udalarekin, lanpostuak mantentzeko duten ardura har dezaten.

MFS Trapaga Sintering enpresako langileak ez daude borrokatu gabe amore emateko prest. Lantegia ixteak zuzeneko 107 lanposturen galera eragiteaz gain, kolpe berri bat ekarriko luke Meatzaldeko eta Ezkerraldeko industriarentzat, desindustrializazio politika basatiek zigortutako eskualdeak.

Oiongo kiroldegiko langileei zor dizkien soldatak ordaintzea eskatzen dio LABek Ocio Sport-i

LAB sindikatutik gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi dugu Ocio Sport Riojako langileek bizi duten egoera kritikoaren aurrean, beren soldatak sistematikoki ez kobratzeari aurre egin behar baitiote.

Errealitate honek, onartezina izateaz gain, agerian uzten du zuzendaritzaren konpromiso falta larria enpresaren eguneroko funtzionamenduari eusten diotenekiko.

Nominak ez kobratzeak ziurgabetasuna, ezegonkortasun ekonomikoa eta ondoeza pertsonala sortzen badizkie ere, Oiongo Ocio Sport-eko langileek beren dedikazioa eta sakrifizioa erakusten jarraitzen dute, eta funtsezko zerbitzua eskaintzen diete erabiltzaileei.

LABetik salatu nahi dugu egoera hau Ocio Sporteko zuzendaritzaren kudeaketa arduragabe eta opakoaren emaitza dela. Langileei zor zaizkien soldatak kitatzeko berehalako neurriak hartzea eskatzen dugu.

Oiongo kirol-instalazioetako erabiltzaile guztiei eta, oro har, gizarteari dei egiten diegu justiziaren aldeko borroka honetara batzeko eta deituko diren hurrengo mobilizazioetan langileei babesa erakusteko.

El sindicato LAB está comprometido a defender los derechos laborales y a luchar por un entorno laboral justo y digno para todos y todas. Seguiremos presionando hasta que se resuelva la situación de los trabajadores y trabajadoras de las instalaciones de Oion.

LAB sindikatuaren konpromisoa da lan-eskubideak defendatzea eta lan-ingurune justu eta duin baten alde borrokatzea Presioa egiten jarraituko Oiongo instalazioetako langileen egoera konpondu arte.

AHT Gelditu Nafarroa eta LAB sindikatuaren ordezkaritza batek Nafarroako Parlamentuari azaldu dizkio AHTko obretan ematen diren muturreko prekaritate egoerak

PSNren gobernuari dei egin diote NOPLOIko kontseiluaren bidez koordinatu ditzan lan ikuskaritzarekin ofiziozko bisitak, non bai gauez ala egunez ikuskaketak egingo diren lan baldintzak zaintzeko.

Asteazken honetan, martxoaren 12an, AHT Gelditu eta LABeko kideek Nafarroako Parlamentuaren Lurralde Kohesioko Batzordearen lan saio batean parte hartu dute AHTko langileen muturreko lan baldintzen berri emateko. Tafallako Monte Planoko tunelean emandako esplotazioaren berri hiru langileren testigantza zuzenen bidez eman dute. Aipatu dituztenen artean daude ordaindu gabeko aparteko ordu masiboak (gainera lan orduen erregistrorik gabe), babes ekipoen gabezia, tresna eza eta legez kanpoko makineria kutsakorra, formakuntza falta, tratu txarra eta arrazakeria, langileen arteko eskubide arrakala, lanaldiari eutsi ahal izateko drogen kontsumoa eta honen guztiaren ondoriozko istripuak sarri gertatzea, batzuetan heriotzerainokoak izanda.

Horrez gain bestelako hainbat irregulartasunen berri eman dute, isuriak bertan lurperatzea edota materialekin iruzur egitea, adibidez. Kontatutakoa AHTaren beste tarteetako langileen egoeraren oso antzekoa da, eta AHTaren izaerari berari estuki lotuta doan ezaugarria dela nabarmendu dute. Lurraren eta herritarren zapalketa eragiten duen jendarte eredu bera baita lan esplotazioa sustatzen duena.

Lan esplotazioaren berri izan dezaten, langileetako baten testigantza tarteak jasotzen dituen bideoa eraman dute eta testigantzetako baten transkipzioa talde politiko bakoitzeko ordezkariei banatu diete.

Honela, AHTa babesten duten alderdiek zalantzan ipini dute salaketa bera, negazionismo ariketa bat eginez. Dena den, lan ikuskaritzan erregistratutako espedientea batzordean bertan erakutsi ostean diskurtsoa egokitu behar izan dute, delituak baleude zigortuak izan daitezela esanez.

Agerraldia deitu duten EH Bildu eta Contigo-Zurekin izan dira agertu den egoerarekin elkartasuna adierazi duten bakarrak.

Argi geratu da AHTko obretan ematen den azpikontratazioak langile migratuak baliatzen dituela. Langile hauek ez daude sindikalizatuta eta honek kontrol sindikaletik kanpo uzten ditu lanak, enpresei inpunitate eremu bat eskainiaz. Era berean, kontrol administratiboa ere oso mugatua da eta ez da ofiziozko ikuskaritzarik egiten, ez gauez ez egunez.

Honela, martxan dauden lanetan, NOPLOI eta lan ikuskaritzaren koordinazioarekin, enpresei jakinarazi gabeko gau eta eguneko ikuskaritzak egin daitezen eskatu dute, Nafarroako Gobernuak bere ardurari erantzun diezaion. Argi utzi dute, bestalde, AHTa geratzea dela irtenbide bakarra. Gainera, Nafarroako mugikortasunaren inguruko neurriak har daitezela eskatu dute, ingurumena eta langileon eskubideak bermatuko dituena, erabakiak kapitalaren atzaparretatik ateraz.

LABek AHTko obren inguruko lan osasun gabeziak eramango ditu datorren NOPLOIren kontseilura.