2026-11-05
HomeEkintza SindikalaLAB ez da ADEGI patronalaren konplize izango eta ez du Gipuzkoako eraikuntzako...

LAB ez da ADEGI patronalaren konplize izango eta ez du Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena sinatuko

ELAk eraikuntzan erdietsi duen akordioak ez ditu langileon osasuna eta etorkizuneko lan baldintza egokiak bermatzen. ELAk patronalarekiko otzan jokatu du, borrokari uko egin dio eta sektoreko langileen beharrak albo batera utzi ditu akordio bat erdiestearren.

Akordioaren edukiei dagokienez, kontuan hartuta Gipuzkoako eraikuntzako enpresen egoera ona dela eta gainera, etorkizunean hobetzeko aurreikuspena dagoela, ELAk borrokari uko egin ondoren 4 urterako bake soziala oparitu dio ADEGIri. Akordioak dituen ustezko aurrerapausoak ez dira errealak izango sektoreko langile gehienentzat. Izan ere, akordioak ez dio erantzuten eraikuntza sektorean dauden arazo handienei: hitzarmena ez da betetzen sektorearen zati handi batean, eta sektoreko lan-istripu eta heriotza kopurua ikaragarria da. LABen ustez, hitzarmenak errealitate horri erantzun beharko lioke. Beraz, argi dago edukiek ez dietela sektorearen errealitateari eta langileen beharrei erantzuten.

LABek hasieratik mahai gainean jarri dituen eskaerak ez dira inongo momentutan aintzat hartu eta sektoreak dituen arazoek berdin jarraituko dute. LABen erronkak argiak izan dira, KPIaren gaineko soldata igoerak, lan eta bizi baldintzak erdigunean jarriko lukeen lanaldi murrizketa, hitzarmena aplikatzeko bermeak, azpikontratazioari mugak jartzea eta lan osasuna bermatzeko neurriak.

Hilkortasun tasa beldurgarriak dituen sektore honek behin eta berriz erakusten du altueretako erorketak neurriak ez hartzeagatik gertatzen direla eta LABek neurrien inplementazio tasatua eskatzen zuen. Soilik 2024ean, 11 langile hil ziren altueretatik erorita. Enpresek araudia ez dute betetzen kontrol neurri faltarengatik, eta akordio honen sinaduraren ondoren lan-istripuek gora egiten jarraituko dute.

LABek langileen ondoan jarraituko du, akordio honek ez dituelako bermatzen langileen osasuna eta lan baldintza duinak. Borrokan jarraituko du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.