Sektore pribatuarekiko dependentziari eutsi dio Jaurlaritzak eta ez du ziurtatu osasun sistema baliabide publiko eta propioekin eskainiko denik.
Gure herrian osasun sistema publikoaren aldeko bultzada sendoa dago, eta Osakidetzaren egoera hobetzea herritarren kezka nagusienen artean dago. Pradalesen gobernuak badaki hori, eta badaki Osakidetzaren egoera eta kudeaketa kaskarrak, presio sozialaz gain, higadura eragin diezaiokeela. Horrek eraman zuen Osasun Mahaia sortzera.
Mahaiaren sorrera positiboa izanagatik, behartutakoa ere izan zen. Mahaia ez zen Osakidetzaren eraldaketarako eta adostasunak eraikitzeko sortu. Asmoa gaur egungo ereduari eustea izan da, ahalik eta aldaketarik txikienak onartuta. Pradalesen gobernuak badaki orain arteko politika berdinak mantenduta ez dela eraldaketarik izango Osakidetzan, ezin dela osasun sistema publikoa indartu, hobetu eta eraginkortu. Politika horiek ez ditu aldatu nahi, ordea. Publikoa ahultzeak pribatua indartzea dakar eta Pradalesen gobernuak negozio pribatuari eutsi nahi dio. Apustu pribatizatzaile horrek osasun sistema publikoa doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izatea zailtzen du eta arrakala sozialak areagotzen ditu.
LABek eta beste hainbat eragilek Osasun Mahaian egindako lanari esker, Osakidetzak eskaintzen dituen osasun zerbitzuak eta langileen egoera hobetzeko hainbat neurri txertatzea lortu da. Gogotik lan egin du LABek, eta egindako lanaz oso balorazio positiboa egiten du.
Pribatizazioari eta kontzertazio politikei mugak jartzea marra gorri bat izan da LABentzat. Prozesuan zehar adierazi izan du gai honetan hartzen ziren edo hartzen ez ziren erabakien araberakoa izango zela Osasun Itunean egon ala ez Hobekuntzak txertatzea lortu du LABek. Hobekuntza partzialak ongi etorriak badira ere, Osakidetzak eskatzen duen politiken sakoneko aldaketarako aukerarik ez da egon, eta ondorioz, LAB ez da biharko bilerara joango eta ez du Osasun Ituna sinatuko.
Hori izan da LAB Osasun Itunetik kanpo geratzeko arrazoi nagusia. Izan ere, osasun sistema publikoa indartu eta Osakidetza eraldatzeko, bada beste guztien gainetik gailentzen den erabaki politiko bat: orain arteko politika pribatizatzaileak alboratu egin behar dira, eta sektore pribatuarekiko dependentzia salbuespenezkoa, justifikatua eta denboran neurtua izan behar da. Osasun Sistema baliabide publiko eta propioekin emateko konpromiso irmoak behar dira, eta hori ez da behar bezainbeste ziurtatua geratu Osasun Mahaian.
Kolaborazio publiko–pribatuari dagokionez, bi eredu antagoniko defendatzen ditugun eragileak aurrez aurre egon gara:
- Alde batean, publikoaren aldeko apustu sendoa egin dutenak: zazpi eragile sindikal eta politiko. Testu bat adostu eta bozkatu zuten eta adostasun horretara batu ziren, ondoren, beste bi eragile.
- Beste aldean, Osakidetzaren pribatizazioa babestu eta ontzat ematen dutenak. EAJ, PSE, PP eta Confebask, interes pribatuak zaintzen dituzten beste hainbat eragilerekin batera.
Pribatizazio eta lanen kanporatzea geratuz, kontzertazio politikak mugatuz, politika pribatizatzaileak albo batera uzteko momentua zen, konpromiso argiak hartzekoa. Honako hauek dira LABek eskatzen dituen konpromiso horiek:
- Osakidetzan diru gehiago inbertitzea.
- Eremu pribatuarekiko dagoen menpekotasuna murrizteko beharra eta erabakia jasotzea, hori salbuespenezkoa eta denboran mugatua izan dadin.
- Pribatizazio eta kontzertazioaren mapa egitea eta horien publifikaziorako plan bat egitea eta epeak zehaztea.
- Profesionalen esklusibotasuna.
Horretan ez du sartu nahi izan gobernuak. Beraz, Osasun Mahaian osasun sistema publikoaren kalitatea okertzen duen eta forma desberdinetan egiten den bultzada pribatizatzaile hori geldiarazteko aukerari muzin egin dio. Herritarren kalitatezko eta doako osasun eskubidea ziurtatu ordez, lobby pribatizatzailearen interes pribatuak egon dira erdigunean.
Osakidetzaren gainbehera ekarri duten politikei berritasun irudia eman nahi izan diete, baina egoerak eskatzen duen sakoneko aldaketari heldu gabe jarraitzea erabaki dute.
Osasun Ituna egon edo ez, bihar ez da ezer amaitzen. Osasun Sistema Publikoak behar dituen eraldaketa guzti horiek lortzeko datorren ikasturtetik aurrera LABek jarraituko du, orain arte moduan, ekintza sindikala garatzen, ahal dituen pribatizazio prozesu guztiak geratzen eta modu desberdinetan salatzen eta obra esleipenetan edo bestelako lanen kanporatzeetan egiten diren irregulartasunak salatzen.
Era berean, LABek jarraituko du Mahai Sektorialean proposamenak egiten eta intersindikalarekin mobilizaziorako adostasunak bilatzen, baita osasun publikoaren aldeko plataformekin elkarlanean, mobilizatzen, herri honek osasun sistema publiko indartsua behar duelako.


