2026-05-01
Blog Page 609

Ez gara joan Osakidetzaren sektore-mahaiko gaurko bilerara

0
LAB, ELA eta CCOO sindikatuok salatu bezala, Osakidetzak aztergai-zerrendan sartu dituen proposamenak bazeuzkan adostuta, itxita eta sinatuta 2017ko Enplegu Akordioaren sindikatu sinatzaileekin, Sektore Mahaian aurkeztu baino lehenagotik.

Negoziatzeko borondaterik eta gardentasunik eza ikusita, Osakidetzako gehiengo sindikala ez da joan Mahai Sektorialaren gaurko bilerara. Gogoratu behar da, joan den urriaren 8an, arrazoi berberengatik, Mahaiko bileratik ere alde egin genuela.
Osakidetzak edukiz hustu du Sektore Mahaia, 2017ko Enplegu Akordioaren jarraipen- batzordearen alde (SMEk, SATSEk eta UGTk osatua); eta horrela negoziazio-mahai paralelo bat sortu du. Osakidetzak, bere jarrera horrekin, negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikalerako eskubideak baldintza baten menpe jarri ditu: bere akordioak sinatzearen menpe; daukagun ordezkaritza kontuan hartu gabe eta Sektore Mahaiaren balioa gutxietsiz. Alde horretatik argi eta garbi esan behar da Sektore Mahaia dela negoziazio kolektiborako legezko eta zilegizko esparrua.

Gaurko egunean, urriaren 8an egindako aurreko bileran gertatu zen bezala, gai-zerrendan jasotako puntuak aldez aurretik negoziatuta, itxita eta jarraipen-batzordean sinatuta zeuden, eta gero Mahaira eraman dira betebehar formal bat betetzearren, baina ez fede onez negoziatuak izateko. Eta sinatutako puntuak direla esaten dugunean, hitzez hitz erabiltzen dugu esamoldea, beste sindikatu batzuen sinadura jarrita daukaten bi dokumentu helarazi zaizkigulako. Dokumentu horiek Mahai Sektorialera eraman aurretik, SATSEk jendaurrean adierazi zuen ez zetorrela bat haiekin, eta horregatik ez zituela sinatu nahi. Egoera hain da larria, ezen Mahai Sektorialean zilegizko ordezkaritza dugun sindikatuok SATSEren adierazpen publikoen bidez jakin baitugu akordio horiek sinaturik zeudela. Ez gara Mahai Sektorialera itzuliko proposamen itxiak eta beste batzuekin sinatuak eramaten jarraitzen duten bitartean.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuok Osakidetzaren jarrera salatu nahi dugu, eta Mahai Sektorialaren negoziazio-ahalmena itzultzeko eskatzen dugu. Premiazkoa da lan-baldintzak arautzen dituen akordio berri bat (aurrekoa 2009an agortu zen) edo garapen profesionaleko eredu berri bat, besteak beste, jorratzea eta negoziatzea. Eta hori guztia berdintasunezko eta fede oneko negoziazio garden baten bidez.
 

 

 

“Oso garrantzitsua da guk geuk geuri buruz hitz egin ahal izatea”

0

Ipar Hegoa Fundazioarekin elkarlanean, LAB sindikatuak “Sexu lana: kriminalizazioa edo aitortza” jardunaldiak egin ditu Gasteizko Aldabe Gizarte Etxean. Jardunaldi hauen helburua sexu langileei eta sektore hau aztertzen dutenei ahotsa ematea izan da, beraiek inork baino hobe azaldu dezaketeelako zein den sektorearen egoera. Horretarako, beraien esperientzien eta jakintzen inguruan aritu zatzaizkigu Clarisa Velocci, Genera kolektiboko kidea; Paula Sánchez, AFEMTRAS taldeko eta Sevillako Prostituten Kolektiboko kolaboratzailea; eta Paula Ezkerra, Intersindical Alternativa de Catalunyako ordezkari sindikala.

Jardunaldi hauek formakuntza prozesu bati loturik antolatu ditugu. Izan ere, sexu langileak subjektu politiko bezala aitortzen ditugun heinean, beren ahotsa entzutea ezinbestekoa da guretzat. Jakin beharra dugu Euskal Herriko langileriaren parte diren sexu langileak zein egoeratan dauden eta zer eskatzen duten.

Ekitaldi hasieran, Eli Etxeberriak, Idazkaritza Feministako arduradunak, jardunaldiak antolatzearen zergatiak azaldu ditu: “Prostituzioa eta trata ez da gauza bera, gu trataren kontra gaude, edozein motatako trataren kontra. Oso garrantzitsua da bi errealitate hauek desberdintzea eta kontzeptuak ez nahastea”. Azalpen honen ostean, gaia testuinguratzeari ekin dio lehenengo hizlariak.

Entzute ariketa honetan, Clarisa Veloccik, trata, trafiko, esplotazio eta haututako sexu lanei buruzko testuinguratzea egin du; lau kontzeptu hauen desberdintasunak azaldu ditu eta kontzeptuak zein erraz nahasten diren erakutsi digu: “Nire asmoa trataren kontzeptua deseraikitzeko espazio bat sortzea da eta ematen den nahasmenari buruz gogoeta egitea. Trata trafikotik desberdindu egin behar da. Desberdintasuna da trata giza eskubideen aurkako delitu bat dela; trafikoaren kasuan, atzerritartasun falta administratibo bat da. Trata prostituziotik ez bereizteak prostituzioan aritzen diren emakumeen kriminalizazioa ekartzen du. Gauzak sinplikatzen dira (trata existitzen da, prostituzioa existitzen delako), arazo moral bat sortzen du (prostituzioaren aurkako oldarraldia) eta trata detektatzea oztopatzen du".

Veloccik azaldu duenez, erregulazio faltarengatik edota lan eskubideen murrizketengatik existitzen dira esplotazio eta gehiegikeriak sexu lanen esparruan, baina horrek ez du esan nahi trataren inguruan hitz egiten gaudenik, edozein lanetan egon daiteke erregulazio falta edota lan eskubideen murrizketaz baizik.

Jaurdunaldien bigarren blokean, mahai inguruan, Paula Sanchezek eta Paula Ezkerrak legedia eta bere ondorioen inguruan hitz egin digute. Paula Sanchezek prostituzioaren kriminalizazioak sortzen duen eskubideen urraketaren inguruan hauxe dio: "Lan gisa ez denez aitortzen, beste gauza batzuen artean, enpresariaren botereak ez du mugarik: langileek ez dute atsedenaldirik, ez dute oporrik, ez dute etxebizitza izateko eskubiderik, nomina ez dutelako".

Bestalde, adierazi du sexu langile askok ez dutela justizian sinisten: "Ez dute uste justiziak euren interes eta beharrak babestuko dituenik, eta ez dute nahi ikusgarri geratu estigmaren ondorioz. Badaude emakumeak autonomo gisa alta eman dezaketenak, baina honako hau diote: ‘ez dut ordainduko Estatuak nire egoera onartu arte’". 

Paula Ezkerrak bere azalean bizi izan ditu orain arte aipatu izan diren eskubideen urraketa hauek guztiak, eta argi utzi du gaurko moduko ekitaldien garrantzia: “Oso garrantzitsua da guk geuk geuri buruz hitz egin ahal izatea, eta ez dadila izan diskurtso akademiko huts bat".

Sindikatzeko aukera ere badagoela adierazi du eta Intersindical Alternativa de Catalunyaren ardatzen inguruan aritu da: "Argitu behar dut badagoela sindikatzeko eskubidea, Espainiako Estatu osoanzabalik dagoena. Gure sindikatuak lanaren aitortzaren alde egiten du lan. Sexu langileok poliziaren jazarpena pairatu behar dugu, legediarena… honek guztiak estigmarekin du lotura. Sentitzen dudana da, norberak estigmarekin puskatzen duenean, ahaldundu egiten duela bere burua. Gu sindikatzea zer den joan gara ikasten, lan zuzenbidea zer den. Garbi dugu arazoa ez dela prostituzioa, sistema kapitalista baizik. Zer egin dezakegun esateari utz egin behar diogu. Uste dut jendarteak aurreiritziekin puskatu behar duela. Zentzu honetan, sindikatzeko bideak estigmarekin apurtzen du, gure borroka soziopolitikoa indartzen du. Esan dezaket nire sekzio sindikala antikapitalista, eskubideen aldekoa eta feminista dela. Gure sindikatuaren helburua sistema kapitalista eta patriarkala suntsitzea da".

 

 

 

Lan prekarietate forma guztiei mugak jartzeko garaia da

Garai batetik honera, enplegu sorreraren erritmoa ahulezi sintomak ari da pairatzen, eta hirugarren hiruhilekoari dagokion Biztanleria Aktiboaren Inkestak (EPA) susmo horiek berretsi ditu: uztaila eta iraila artean, 18.500 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian.

Murgilduta gauden atzerapen ekonomikoaren prozesua errealitate bat da, eta ziklo baten amaieraren arriskuez ohartarazten digute zenbakiek, ziklo amaiera hori enplegu suntsiketa eta langabeziaren handitzearekin batera etor daitekeela ohartaraziz.

Lan merkatuaren azken gorabeherei dagokienez, hirugarren hiruhilekoa oso ezkorra izan dela ikus daiteke. Enpleguan izandako atzerapenak langabezia kopuruan ere izan du isla. Hain zuzen ere, EPAren arabera, aurreko hiruhilekoan baino 7.400 pertsona gehiago daude langabe, eta langabezian 120.800 pertsona daude. Hala ere, lan egoeraren okertzeak ez du intentsitate berarekin eragin gizon eta emakumeetan. Hiru hilabete hauetan, enplegu suntsiketak emakumeetan izan du eragin gehien, eta honek emakumeen langabezia tasa %10,2ra eraman du. Gizonen langabezia tasa %7,9koa da.

Enpleguaren ezaugarriei erreparatuta, lanaldi partzialeko lanak eta behin behineko lanak dira kaltetuenak. Honek frogatzen du uda sasoiarekin lotutako enpleguaren ahultasuna, ostalaritza eta beste zerbitzu turistikoekin lotutakoak. Egun, soldatapeko langileen behin behinekotasun tasa %23,6koa da. Emakumeen kasuan, tasa hau %25,4ra iristen da eta gizonen kasuan, %21,9ra. Hori bai, enplegu prekarioa behin behinekotasunetik haragoa doa, beste arrazoi batzuen artean, lan ziurgabetasunik ezak gero eta eragin gehiago duelako kontratu mugagabeetan. Gainera, soldata baxuak, lan osasun baldintzak edo lanaldi murriztuak eta malgutasuna hor daude.

Lanaldiaren iraupenari dagokionez, okupatutako biztanleriaren %15,5ek lanaldi partziala du; emakumeen kasuan, kopuru hori %25,8koa da. Hala ere, garrantzitsua da esatea pertsona hauen zati handi bat bere borondatearen kontra ari dela lanaldi partzialean lanean, hau da, egoera horretan daude ez dutelako denbora osorako enplegurik topatu.

Nafarroan eta EAEn, borondatez kontrako lanaldi partzialaren kopurua %45 eta %48koa dira, hurrenez hurren. Borondatez kontrako lanaldi partziala azpi-langabezia gisa zenbatu beharko litzateke. Hala balitz, kopuru horiek ikusita, langabezia are eta altuagoa izango litzateke zenbaki ofizialekin alderatuz gero, baina errealitate hori ezkutatzen dute.

Honen guztiagatik, unea da lan prekarietate forma desberdinei mugak jartzeko eta azken urteetan pentsioetan zein eskubide sozialetan pairatutako murrizketei buelta emateko.

 

 

 

Langileei dei egiten diegu Altsasuko gazteen kaleratzea eskatzeko urriaren 26ko elkarretaratzean parte hartzera

0

Jendartea geldiarazi eta isildu nahi dutenen aurrean mobilizaziorako deia egiten dugu. Basakeria hau salatu eta eskubide zibil eta politikoen alde borrokan jarraitzera deitzen dugu. Hori dela eta, LAB sindikatuak Nafarroako langileak deitu nahi ditu larunbat honetan arratsaldeko 5etan Iruñeko (in)Justizia Jauregiaren aurrean egingo den mobilizazioan parte hartzera.

Klase sindikalismoa justiziaren alde borrokatzen da mundu osoan, beti injustizien aurrean. Horregatik, Altsasuko gazteen askatasunaren aldeko borroka ere gurea da. Beraz, lehenik eta behin gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diegu amesgaizto honen protagonista diren gazteei, haien senide eta hurbilekoei eta Altsasuko herriari.

Eskandaluzko akusazioekin hasi zen guztia, eskandaluzko zigorrekin jarraitu zuen eta eskandalua berrestera etorri da Altsasuko gazteekiko Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia.

Espainiako Estatuan inboluzio antidemokratiko erabatekoa bizi dugu. Politikoki, sozialki, demokraziaren ikuspegitik gero eta injustuagoa da sistema eta jendarte gero eta zabalagoak ari dira eredua auzitan jartzen. Horren aurrean, inboluzio politikoarekin ari da erantzuten Estatua, autoritarismorako joera gero eta nabarmenagoarekin.

Ez dugu halako Estatu antidemokratiko batean bizi nahi, ez dugu horrelako injustiziarik nahi. Beharrezkoa dugu hemen, Nafarroan, Euskal Herrian, benetako justizia eta demokrazia eraikitzeko apustu garbi bat egitea. Nazkatuta gaude hainbeste bidegabekeriekin.

Klase elkartasuna eta herrien arteko elkartasuna ezinbestekoak dira etorkizun justu bat eraikitzeko. Giza eskubideak errespetatuko eta bermatuko dituen etorkizun justua. Salvador Allendek esango lukeen bezala, “politikoki, sozialki eta ekonomikoki eskubide guztiak guztiontzat aitortuko duen demokrazia osoa”.
 

 

 

Asteleheneko bilerara elkarrizketa aurrera eramateko prozedura proposamen bat eramango dugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako sindikatuok

PRECOko akordioak ez du aurreikusten gatazka honetarako egokia den elkarrizketa prozedurarik, baina sindikatuontzat formaz haratago elkarrizketari bide ematea da garrantzitsua, beti ere greba bertan behera uztea suposatzen ez badu.

Sektore honetako langileek 27 greba egun barneratu dituen mobilizazio dinamika bat babesten ari dira 10 urtez berritu gabe daukaten Lan hitzarmena eguneratzeko borrokan. Gatazka bideratuko bada, gatazkara eraman gaituzten eskaerei erantzuna emateko ardura eta aukera duten eragileek, hau da sektoreko patronalak eta hezkuntza saila, gatazkaren irtenbiderako elkarrizketa eta negoziaketa prozesuan zintzotasunez eta adostasunak erdiesteko asmoz parte hartze aktiboa izango dutelako izango da, langileen aldarrikapenei erantzun serio eta nahikoa emanez.

Honetaz konbentzituta, sindikatuok makina bat saiakera gauzatu ditugu patronalak eta hezkuntza saila elkarrizketa eta negoziaketa prozesu hortan zintzotasunez parte hartzera bultzatzeko eta gatazka bideratzeko adostasunak ahalbidetzeko.

Besteak beste, saiakera horien artean kokatzen ditugu pasa den ikasturtean sindikatuok gauzatutako bi bilera deialdi LHKan.
Baita, pasa den astean Hezkuntza Sailburuak egindako adierazpenen ondoren, gaurko, urriak 24rako, LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok hezkuntza sailari zein sektoreko patronalei luzatutako bilera deialdi berria ere. Eta hau, Hezkuntza sailburuaren adierazpenetan gatazka bideratzeko ezinbestekoa izango den hezkuntza sailaren parte hartzeko borondatean aurrerapausoak emateko asmo bat ikusi ziteekeelakoan. Sindikatuok, sektoreko patronal zein hezkuntza sailari gaurko bilerarako deialdia geuk helarazi diegu, eta honetaz gain LHKari ere eskatu diogu patronalak eta hezkuntza sailak bilera honetara etortzeko asmoa duten jakiteko kudeaketa lana egin dezala.

Tamalez, Hezkuntza sailak bilera honetara ez etortzeko erabakia hartu du beste behin ere, eta erabakia justifikatzeko aitzakia gisa deialdia LHKak ez duela egin adierazi komunikabideetan. 

Bestalde, Kristau Eskola, sektoreko patronal nagusiak ere, bai sindikatuoi bai LHKari berari jakinarazi diote gaurko bilerara etortzeko asmorik ez dutela. Kristau Eskolak, patronal, sindikatu eta Hezkuntza sailaren arteko bilera deialdi bat egiteko eskaera luzatu du LHKan, patronal, sindikatu eta hezkuntza sailaren arteko bitartekaritza prozesu bati ekiteko aukerak aztertzeko antza, eta honek datorren astelehenerako deitu gaituenez, bilera horretara joango direla adierazi digute, sindikatuok deitutakoa alboratuz.

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok uste dugu bai patronalaren bai Hezkuntza sailaren aldetik, gatazka bideratzeko asmotan, orain arte egin ez dituzten eduki eta planteamendu egokiak eginez, elkarrizketa prozesu eraginkor bati ekiteko asmoa balego, elkarrizketa horietarako deialdia nork egiten duen edota bilerak non egiten diren izan beharko litzateke gutxienekoa. Honi gehitu behar zaio Hezkuntza sailak publikoki adierazi izana asteleheneko bilerara ikuskari gisa joango litzatekeela, ez, beraz, gatazkaren irtenbidean parte hartze aktibo bat izateko asmoz.

Halaber, LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok, orain arte bezala, elkarrizketa eta negoziazio prozesu bati heltzeko prest gaude, beti ere langileen eskaerei erantzunez gatazka bideratzeko ardura eta aukera duten eragile guztien inplikazio eta parte hartzea bermatzen badu, eta adostasunak ahalbideratuko dituzten eduki eta planteamenduak bermatu aurretik greba dinamika bertan behera uzteko baldintzarik eskatzen ez badu.

Hau horrela izanik, PRECOko akordioak Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazka bideratzeko egokia den elkarrizketa prozedurarik jasotzen ez duen arren, sindikatuontzat formaz haratago elkarrizketari bide ematea da garrantzistua, eta hala azalduko dugu astelehenean izango dugun bileran.
 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmenaren defentsan mobilizatu gara

Gipuzkoako Foru Aldundia helduen egoitzetako langileak herrialdeko hitzarmenik gabe jarraitzea onesten ari da. Hiru urte igaro dira negoziazio mahaia osatu zenetik eta egoerak berdin jarraitzen du, negoziazioa guztiz blokeatuta baitago. Gaur, negoziazio mahaia egon da Lan Harremanen Kontseiluan, eta, hori dela eta, elkarretaratzea egin dugu kanpoaldean, hitzarmenaren defentsan.

 

 

 

Gasteizko Gobernuak jarraitzen du ikusten Haur Hezkuntzako lehen zikloa, 0-3 urteko etapan, zaintza zerbitzu gisa

0
Eusko Jaurlaritzak gero eta ageriagoan uzten du Haur Hezkuntzako lehen zikloa zaintza zerbitzutzat hartzen duela, zikloaren izaera hezitzailea baztertuz. Berriki, argitaratu duten familia eta lana uztartzeko azken dekretuan, haur eskolak familien bidelagun izan beharrean, haur eskoletan hauetan matrikulatzea zigortuz.

Erkoreka sailburuak funtzionarioei 18 asteko baimena emango ziela adierazi ostean, oraindik hauek hartzeko jarraibiderik eman gabe, eremu guztietako langileek gurasotasun baimena 16 astez gozatzeko aukera izango zutela azaldu zuen hedabideen bidez. Neurri honekin kontziliazioa bultzatu eta ama bilogikoa ez den bikotekidearen zaintza lanetan ardura gehiago hartzea zela helburua adierazi zuen.

Urriaren 3an, prentsaren bidez enteratu ginen, dekretuaren zehaztunetan gehiago sartu gabe, 16 asteko baimena hartzeko baldintza batzuk bete behar direla “benetako kontziliazioa” izan dadin: baimen honetaz disfrutatuko dutenek haur eskoletan ezin izango dutela izena eman baimen hau disfrutatzen ari diren bitartean eta etxeko lanak egiteko ezin izango dutela inor kontratatu. Erabaki honekin familien erabakitze eskubidea eta haurren hezkuntzarako eskubidea urratzen da. Azkenengo berria izan da etxeko lanak egiteko pertsona bat kontratatzearena baztertu dutela, eta baimena bezala saldu dutena langile ez publikoen kasuan eszedentzia izango dela.

Erkorekak familia eta lana uztartzeko kontziliazio neurrietan “urratsak” ematen dituztela esatea herri honi iruzur egitea da, egiturazko arazoei erantzun isolatu eta inprobisatuak emanaz eta propaganda elektoral gisara salduaz.

Alde batetik, LAB sindikatutik Eusko Jaurlaritzak familia ereduen gaineko hausnarketa eta Haur Hezkuntzako lehen zikloarekiko duen jarrera salatu nahi dugu. Bestetik, familia eredu desberdinei eta zaintza lanei erantzungo dioten benetako politikak behar ditugula eta horretan lanean jarraituko dugu.

Dekretuan Suedia eta Finlandian baimenen parekatzeak eredu gisa aipatzen dituzte, baina ez dure errekaparatzen hango hezkuntza sisiteman, aukera berdintasunean oinarritakoa, 0-3tik desberdintasun sozialak ekiditeko neurriekin.

Gainera, Haurreskolak Partzuergoan, beka sistema, errenten araberako sistemagatik ordezkatu zen, eta Legebiltzarrak eskatuta, 18.000 eurotik beherako errenta duten familiei doakotasuna aitortu zitzaien. Legebiltzarrak eskatu duen neurri honek haurreskolen doakotasuna zuen helburu, baina ez du garapenik izan eta Haur Hezkuntzako lehen zikloan, 0-3 urteko etapan, Eusko Jaurlaritzak gaur gaurkoz ez du inbertsiorik egin nahi, zaintza zerbitzu legez baitu.

Haur Hezkuntzako lehenego ziklotik Euskal Eskola publiko komunitarioa Iruten jardungo dugu.

 

 

 

Egogain balio handiko profesionalek utzi dutela ohartarazi dute, lan egoera eskasak eta Aldundiaren jarrerak bultzatuta

Eibarko Egogain helduen egoitzako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo, Eibarren bertan, Untzaga plazan, udaletxearen aurrean. Bizi duten egoerak okerrera egin duela salatu dute. 

Hauxe da langileek igorritako oharra: 

Azaroaren 13an, Aldundiarekin daukagu Negoziazio batzarra, urte bat borrokan egiten dugun egunean. Egogaineko egoerak tamalez ez du hobekuntzarik izan, guztiz kontrakoa baizik, 18 lankide joan zaizkigu azken urteetan (erretiratu direnak kontuan izan gabe). Ia guztiek interinitate egoeran zeudelarik. Lan egoera eskasak eta Aldundiaren jarrerak bultzatuta alde egitea erabaki duten balio handiko profesional eta bidelagunak!

Hauxe da azken hilabeteetako egoera:

-Uda honetan, Aldundiak Egogainen ez du medikuntza zerbitzua eman.

-Erizaintza zerbitzua ez du behar bezala bete: Gauez dagoen erizainaren lanpostua ere ez du bete eta arratsaldez bi zeuden tokian bakarra utziz.

-Biltegi lanetan aritzen den lankidearen lanpostua ere ez dute bete.

-Orainarte Aldundiko langileok betetzen genituen lanpostu batzuetan, gaixotasun mental larriak artatzen diren gunean, "CLECE" Florentino Prerez-en azpikontrata sartu du.

Aski da! Egogaineko langileok mobilizatzen jarraituko dugu, PNV eta PSEk bultzatzen dituzten eredu eta negozioen aurka, EGOGAIN BORROKAN!
 

 

 

Ambuiberica Bizkaiko anbulantziak eta langileak erabiltzen ari da Arabari zerbitzua emateko

0
LAB sindikatutik egoera salatu nahi dugu berriro, eta dei bat luzatzen diogu Eusko Jaurlaritzari puntu honetaraino iritsi beharko ez litzatekeen egoera konpon dezan. Berriro aldarrikatzen dugu halako ezinbesteko zerbitzu bat enpresa pribatuen esku gera ez dadila, Administrazio Publikoak beregain har dezala, enpresek euren interes ekonomikoen alde jokatzen baitute bakarrik.

Ambuibericak beregain hartu du Arabako Osakidetzako programatutako zerbitzuaren kontratua. Zerbitzu berezi honen lana erabiltzaileak kontsultetara, tratamendura (erreabilitazioa, erradioterapia, dialisisa…), froga medikuetara, ospitaletako altak eta zenbaitetan larrialdietara eramatea da. Lan honen kudeaketa Arrigorriagako anbulantzien egoitzatik egitea erabaki du, Bizkaiko programatutako zerbitzurako erabili ohi den langile eta baliabide berak erabilita. Bizkaiko kudeaketaren ardura 2018ko maiatzetik du Ambuibericak.

Baliabiden optimizazio gisa uler daiteke hau, baina errealitatea oso bestelakoa da. Maniobra honekin, Ambuibericak Bizkaiko baliabideak erabiltzen ditu, zeinengatik diru oparoa jasotzen ari den, Arabari zerbitzua eskaintzeko. Eta honengatik ere diru oparoa jasotzen ari da. Berez, diru hori Araban lan egin beharko luketen langileentzat izan beharko litzateke, baina langilerik ez dago Araban.

Gainera, egoera hau beste oztopo bat da Bizkaiko zerbitzuaren ahalmen operatiboarentzat, dagoeneko nahiko kaltetua dagoen zerbitzuarentzat, enpresaren kudeaketa negargarriaren ondorioz. Eta egoerak okerrera egin du Bizkaian: kontratua esleitu zenetik, 30 langile gutxiago daude orain (enpresak kopuru bera kobratzen jarraitzen du, hala ere) eta behin behinean bi urte lanean daramaten zortzi langileri kontratua berritzeko asmorik ez dago; programatutako zerbitzuko langileak beste zereginetan erabiltzen dituzte (larrialdiak, prebentzioko koberturak, IMQ, bidaia pribatuak, mutuak…), Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako kontratuak garbi esaten duenean programatutako zerbitzuko langileak soilik horretan ariko direla; langile askoren lan bizitza eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioa ezinezko egiten dute lan baldintzek; eskura dauden baliabideen kudeaketa txarra da, gutxi (lan arriskuei lotutakoak, langileen artean osasun arazoak sortuz) eta kalitate txarrekoak izanik (anbulantziak oso zaharkituak daude, batzuetan gurpil zulatuak dituzte).

Ondorioak argiak dira, ikusgarriak (erabiltzaileei galdetu): ohiko atzerapenak, justifikaezinak, ordu batzuetakoak kasu batzuetan, larrialdietako zerbitzuetan ere; kontsulta eta tratamenduak galtzen dira, horietako batzuk ezin direlarik berreskuratu, erabiltzaileentzat dakarren osasun arazoarekin; osasun sistema publikoaren prozedimentuetan eta funtzionamenduan eragina; eta abar.

Laburbilduz, Ambuibericak ziria sartu dio Eusko Jaurlaritzari eta, batez ere, herritarrei, hauek baitira zerbitzu on bat jaso beharko luketenak eta hori horrela izan dadin ordaintzen dutenak, zerga eta Gizarte Segurantzari egiten zaizkion kontribuzioekin. Hala ere, badirudi Eusko Jaurlaritza ziria sartzen uzten diola enpresari, ez baitago kezkatuegia egoerarekin.

Duela urtebete baino gehiagotik, LAB sindikatuak salaketa ugari aurkeztu ditu Lan Ikuskaritzan, langileen eskubide eta lan baldintzen kontrako etengabeko erasoak direla eta, gainontzeko sindikatuek eta Ambuibericako enpresa batzordeak berak egin bezala. Azken honek eman dio egoera kezkagarriaren berri Osasun Departamentuari. Honek, baina, ez du ezertxo ere egin; hortaz, ulertzen dugu ondo iruditzen zaiola bi aldiz ordaintzen egotea zerbitzu batengatik, eta zerbitzu hori modu negargarrian gauzatzen aritzea, horrek dakarren kaltearekin egoera zail eta deikatuan egon ohi diren erabiltzaileentzat.