2026-11-05
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketaSoldata arrakala salatu dute Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen garbiketako langileek

Soldata arrakala salatu dute Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen garbiketako langileek

Kale ekintza bat gauzatu dugu Donostian, Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen garbiketa hitzarmenean soldata arrakala gainditzeko borrokaren baitan. Hain zuzen ere, Tabakalerako tunela, Bretxa plaza eta San Martin merkataritza gunean izan gara, soldata arrakala %28ra iristen dela salatzeko.

Hauxe da gaurko ekintzaren harira igorritako oharra:

Emakumeak* gara, garbitzaileak eta Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen garbiketa hitzarmenean soldata arrakala gainditzeko borrokan ari gara!

Urtebete daramagu negoziatzen. Gure aldarrikapen nagusia SOLDATA-ARRAKALA EZABATZEA da, Gipuzkoako Garbikuntza Sektorean ere badagoena. Izan ere, guk egunero egiten dugun lana kale-garbitzaileek egiten dutenarekin alderatzen badugu, argi ikusten da gure arteko arrakala. Eraikin eta Lokaletako garbitzaileok 5.175 € gutxiago jasotzen ditugu urtean (kale-garbitzaileei dagokien lan toxiko eta nekagarrien plusa kontuan hartu gabe). Bi kategoria horien arteko aldea, beraz, %28koa da.

Zergatik hori? Lan-esparru feminizatuetan prekarietate handiagoa dago, eta gurean hori bera gertatzen da. Emakumeak gara, eta gure lana gutxiago baloraturik dago. Gure sektorean emakumezkoena da; kale-garbitzaile gehienak, ordea, gizonak. Eta hortxe dago koxka, hortxe da bretxa!

Urtebeteko negoziaketaren ostean ASPEL patronalaren jarrera salatu nahi dugu. Izan ere, betoekin jokatu du hasieratik. KPIaren erreferentzia ezin dela negoziatu, urtea pasa ahala ez direla atzerapenak egongo eta soldata arrakala ez dela existitzen. Eta harekin batera, arrakala, beraien isiltasun eta utzikeriarekin mantentzen duten klienteak ere, administrazioa eta enpresa pribatuak.

Gu sinetsita gaude orain dela abagunea. Emakumeak, eta gure errealitatea ikusgai daude inoiz baino gehiago. Garbitzaileok emakume borrokalariak gara, eta hala frogatu dugu hainbestetan. Orain, hain bidezkoa den borroka honetan, ez gara atzean geratuko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Santurtziko portuan larrialdi zerbitzuak eskura izatea hil ala biziko kontua da

Bilbo Portu instalazioetan lan-osasunaren arloan gertatu diren azken istripu larrien aurrean, hemen ordezkatuta gauden erakundeok, Bilboko Portu Agintaritzari zuzendutako salaketa publikoa egitea erabaki dugu, hura baita Portuko industria-esparru osoaren kudeaketaren, antolamenduaren eta segurtasun integralaren arduradun gorena.

Enplegu-Erregulazio Espedientea erretiratzeko eta Mallabiko lantegia ixteari alternatibak bilatzeko exijitu diogu Enerpac enpresari, lehengo Larzep

Enpresak 43 langile kaleratzeko asmoari eusten dio, baina ziurtatu du hirugarren baten proposamen serio bat baloratzeko prest egongo litzatekeela ziurtatu du. LABek Enplegu-Erregulazio Espedientea (EEE)...

Greba orokorraren egunean Baionan mobilizatu gara politika neoliberalak gaitzetsi eta ikasle zein langileon boterea aldarrikatzeko

Goizean Baionako karriketan izan da Ipar Euskal Herriko mobilizazio nagusia, eta LABeko kideok bertan izan gara ozen esateko Macron gobernuaren eskutik langileen bizi-baldintzek okerrera...