2026-11-04
HomeEkintza SozialaHelduak eta PentsiodunakMobilizatzen jarraitzeko deia luzatu dugu Baionan, lan, pentsio eta bizitza duinaren defentsan

Mobilizatzen jarraitzeko deia luzatu dugu Baionan, lan, pentsio eta bizitza duinaren defentsan

Greba eguna dugu gaur, berriro, Ipar Euskal Herrian. Joan den ostegunean egin bezala, Baionako kaleak hartu ditugu erretreten defentsan. Hain zuzen ere, Macronen Gobernuak sustatutako erretreten erreformarekin, denok gehiago eta denbora luzeagoz eginen dugu lan, gutxiago eta denbora laburrago batean irabazteko.

Macronen Gobernuak langileak, prekarioak, gazteak eta gaixorik direnak babesten dituzten berme kolektiboekin amaitu nahi du. Erreformaren helburua Erresistentzia Kontseilutik sortutako errepartizio edo banaketan oinarritutako erretreta sistema haustea da. CAC 40 sistemak inoiz baino etekin gehiago izanik, berreskuratu eta bana ditzagun irabazi horiek! Sistema hori hobetu behar dugu, denen pentsio eta bizi baldintza duinak bermatuak izan daitezen.

Denok ahal dugun neurrian mobilizatu behar gara mugimendu historiko hau hedatzeko:

-Nagusi edo patroi handiei eginak zaizkien opari fiskalak gelditu behar dira.
-Hilabetesari guztien emendapena, emazteenekin hasita, gizonezkoekiko diren soldata ezberdintasunak desagertarazteko.
-Ikasketak egiten dituzten gazteen urteak kontutan hartuak izan daitezen.
-Berriz 37,5 urte kotizazioetara itzuli, berriz 60 urterekin erretretara joateko aukera eta SMICa bermatzen duen pentsio sistema bat plantan jartzeko.

Urtarrilaren 30erako deia
Baionako manifestazioan, Ipar Euskal Herriko LABeko arduradun Eñaut Aramendik eta LABeko Exekutiboko kide Edurne Larrañagak hartu dute hitza, eta mobilizatzeko beharra nabarmendu dute.

Hain zuzen ere, Edurne Larrañagak adierazi du Frantzian eta Espainian hartzen ari diren erabakiak norabide berean doazela: "Elkartasuna eta eskubideak bermatu beharko lituzkeen sistema batetik kapitalizazio sistema batera ematen ari dira urratsak, langileon bizi eta lan baldintzak okertuz. Hori dela eta, mobilizazioekin jarraituko dugu Frantziako Gobernuak erretreten aurka hartutako erabakiak salatzeko, eta, aldi berean, deia luzatzen dugu Hego Euskal Herrian egingo dugu Greba Orokorrerako. Hain justu, urtarrilaren 30ean, lan, pentsio eta bizi duina aldarrikatuko dugu. Ofentsibara planteatzen dugun Greba Orokorra da, bizi, lan baldintza eta pentsio sistema duinak izateko neurriak exijitzeko".

Eñaut Aramendik Macronen Gobernuak sustatutako pentsioen erreformaren ondorioak ohartarazi ditu: “Bizi baldintzak okertuko ditu, pentsio sistema ahalduko du eta, bereziki, gazteak kaltetuak izango dira, ez baitute pentsio sistema duin bat izango lan ibilbidea bukatzerakoan. Beraz, ezin ditugu gauzak bere horretan utzi. Europan markatzen ari den bide batetik etorri dira erabaki hauek guztiak, eta, horregatik, borroka honi ikuspegi nazional bat eman behar zaio".

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.