2026-04-13
Blog Page 60

LAB ez da EAEko Osasun Itunean egongo

Sektore pribatuarekiko dependentziari eutsi dio Jaurlaritzak eta ez du ziurtatu osasun sistema baliabide publiko eta propioekin eskainiko denik.

Gure herrian osasun sistema publikoaren aldeko bultzada sendoa dago, eta Osakidetzaren egoera hobetzea herritarren kezka nagusienen artean dago. Pradalesen gobernuak badaki hori, eta badaki Osakidetzaren egoera eta kudeaketa kaskarrak, presio sozialaz gain, higadura eragin diezaiokeela. Horrek eraman zuen Osasun Mahaia sortzera.

Mahaiaren sorrera positiboa izanagatik, behartutakoa ere izan zen. Mahaia ez zen Osakidetzaren eraldaketarako eta adostasunak eraikitzeko sortu. Asmoa gaur egungo ereduari eustea izan da, ahalik eta aldaketarik txikienak onartuta. Pradalesen gobernuak badaki orain arteko politika berdinak mantenduta ez dela eraldaketarik izango Osakidetzan, ezin dela osasun sistema publikoa indartu, hobetu eta eraginkortu. Politika horiek ez ditu aldatu nahi, ordea. Publikoa ahultzeak pribatua indartzea dakar eta Pradalesen gobernuak negozio pribatuari eutsi nahi dio. Apustu pribatizatzaile horrek osasun sistema publikoa doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izatea zailtzen du eta arrakala sozialak areagotzen ditu.

LABek eta beste hainbat eragilek Osasun Mahaian egindako lanari esker, Osakidetzak eskaintzen dituen osasun zerbitzuak eta langileen egoera hobetzeko hainbat neurri txertatzea lortu da. Gogotik lan egin du LABek, eta egindako lanaz oso balorazio positiboa egiten du.

Pribatizazioari eta kontzertazio politikei mugak jartzea marra gorri bat izan da LABentzat. Prozesuan zehar adierazi izan du gai honetan hartzen ziren edo hartzen ez ziren erabakien araberakoa izango zela Osasun Itunean egon ala ez Hobekuntzak txertatzea lortu du LABek. Hobekuntza partzialak ongi etorriak badira ere, Osakidetzak eskatzen duen politiken sakoneko aldaketarako aukerarik ez da egon, eta ondorioz, LAB ez da biharko bilerara joango eta ez du Osasun Ituna sinatuko.

Hori izan da LAB Osasun Itunetik kanpo geratzeko arrazoi nagusia. Izan ere, osasun sistema publikoa indartu eta Osakidetza eraldatzeko, bada beste guztien gainetik gailentzen den erabaki politiko bat: orain arteko politika pribatizatzaileak alboratu egin behar dira, eta sektore pribatuarekiko dependentzia salbuespenezkoa, justifikatua eta denboran neurtua izan behar da. Osasun Sistema baliabide publiko eta propioekin emateko konpromiso irmoak behar dira, eta hori ez da behar bezainbeste ziurtatua geratu Osasun Mahaian.

Kolaborazio publiko–pribatuari dagokionez, bi eredu antagoniko defendatzen ditugun eragileak aurrez aurre egon gara:

  • Alde batean, publikoaren aldeko apustu sendoa egin dutenak: zazpi eragile sindikal eta politiko. Testu bat adostu eta bozkatu zuten eta adostasun horretara batu ziren, ondoren, beste bi eragile.
  • Beste aldean, Osakidetzaren pribatizazioa babestu eta ontzat ematen dutenak. EAJ, PSE, PP eta Confebask, interes pribatuak zaintzen dituzten beste hainbat eragilerekin batera.

Pribatizazio eta lanen kanporatzea geratuz, kontzertazio politikak mugatuz, politika pribatizatzaileak albo batera uzteko momentua zen, konpromiso argiak hartzekoa. Honako hauek dira LABek eskatzen dituen konpromiso horiek:

  • Osakidetzan diru gehiago inbertitzea.
  • Eremu pribatuarekiko dagoen menpekotasuna murrizteko beharra eta erabakia jasotzea, hori salbuespenezkoa eta denboran mugatua izan dadin.
  • Pribatizazio eta kontzertazioaren mapa egitea eta horien publifikaziorako plan bat egitea eta epeak zehaztea.
  • Profesionalen esklusibotasuna.

Horretan ez du sartu nahi izan gobernuak. Beraz, Osasun Mahaian osasun sistema publikoaren kalitatea okertzen duen eta forma desberdinetan egiten den bultzada pribatizatzaile hori geldiarazteko aukerari muzin egin dio. Herritarren kalitatezko eta doako osasun eskubidea ziurtatu ordez, lobby pribatizatzailearen interes pribatuak egon dira erdigunean.

Osakidetzaren gainbehera ekarri duten politikei berritasun irudia eman nahi izan diete, baina egoerak eskatzen duen sakoneko aldaketari heldu gabe jarraitzea erabaki dute.

Osasun Ituna egon edo ez, bihar ez da ezer amaitzen. Osasun Sistema Publikoak behar dituen eraldaketa guzti horiek lortzeko datorren ikasturtetik aurrera LABek jarraituko du, orain arte moduan, ekintza sindikala garatzen, ahal dituen pribatizazio prozesu guztiak geratzen eta modu desberdinetan salatzen eta obra esleipenetan edo bestelako lanen kanporatzeetan egiten diren irregulartasunak salatzen.

Era berean, LABek jarraituko du Mahai Sektorialean proposamenak egiten eta intersindikalarekin mobilizaziorako adostasunak bilatzen, baita osasun publikoaren aldeko plataformekin elkarlanean, mobilizatzen, herri honek osasun sistema publiko indartsua behar duelako.

LABek salatzen du EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dituzten neurriek etxebizitzen prezioak are gehiago igotzea ekarriko dutela

Egiturazko aldaketak eta premiazko neurriak behar direla esanda, porrot egindako politiketan sakontzeko neurriak aurkeztu dituzte Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek. Neurriok higiezinen patronalaren etekinak handitzea dute helburu, eraikuntza ziklo berri bati hasiera ematea eta merkatuaren prezioak are gehiago igoko dituzten erabakiei bide ematea. LABek, premiazko neurri bezala, alokairu sozialaren aldeko politika errealak eta prezioak jaisteko neurri eraginkorrak aldarrikatzen ditu aurkeztu berri duen lege proposamenaren azterketa txostenean.

Etxebizitza larrialdi betean, neurri integral eta premiazkoak behar direla argudiatuta, EAJk ta PSEk lege proposamena aurkeztuko dute ekainaren 26ko Legebiltzarreko plenoan. Arazoa ukatzetik onartzera igaro badira ere, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek aurkeztutakoa orain arteko norabidean sakontzeko neurri sorta da.

LABek proposamenak aztertu eta txosten batean jaso ditu ondorio nagusiak. Bi ideia nagusi azpimarratzen ditu sindikatuak: batetik, neurriokin eraikuntza ziklo berri bati ekin nahi zaiola, betiere, etxebizitzaren negoziotik elikatzen direnen etekinak bermatu eta areagotzeko helburua jarrita. Horri erantzuten diote Lurzoru Legean proposaturiko babestutako etxebizitzen kopurua jaisteko proposamenak edota hainbat prozedura azkartzeko egindako hamaika aldaketak.

Etxebizitzen prezioa goranzko joera etengabean dagoenean etxeak eraikitzea ez dela errentagarria diote. Baina galdera da zenbateko errentagarritasuna bermatu nahi zaien dagoeneko etekin izugarriak metatzen dituzten horiei.

Bestetik, LABen iritziz, eraikuntza ziklo berri honek prezioetan eragina izango badu, goranzko joera areagotzeko izango da. Merkatu librean salduko diren etxe berri horiek noren esku geratuko dira, egun etxebizitzarekin negozioa egitea ekonomia produktiboan inbertitzea baino errentagarriagoa bada?

Norabide horretan, LABek salatzen du aurkeztutako txostenean Jaurlaritza 2015eko Etxebizitza Legea urratzen ari dela. Izan ere, neurri hauekin batera, Finantza Euskal Institutuaren bidez erosketa sustatzeko abalen lerro berria iragarri du, eta, baliabide publikoak alokairura edota birgaitzera bideratu beharrean, banketxeei dirua emateko erabakia hartu.

LABek EAJri eta PSEri lege proposamena bertan behera utzi dezaten eta premiazko neurrietan egiturazko politika eraginkorrak eta errealak ezar ditzaten eskatzen die, aurrekontua handituz, alokairu soziala lehenetsiz, prezioak jaitsiz, negozioa mugatzeko erabakiak hartuz eta maizterren eskubideak defendatzeko konpromisoa hartuz.

Lantokietan (ere) aske. Neurri eta politika eraldatzaileak orain!

Ekainaren 28 honetan, LABek argi eta ozen esan nahi du ez duela inolako jarrera LGTBI+fobiorik onartuko, ez lantokietan, ez lantokietatik kanpo. Azken boladan dekretuen eta legeen bitartez errealitatea aldatu nahi dutela ematen du, genero arrakalak ezabatzeko, aniztasun sexu generikoa bermatzeko, lantokiak indarkeria matxistarik gabeko gune libreak izateko…

Errealitatea ez da hain erraz eraldatzen, ordea; batez ere, konpromisorik eta borondaterik ez dagoenean. Enpresa eta patronala berdintasun planak, indarkeriaren aurkako protokoloak eta LGTBI+fobiari aurre egiteko planak etenik gabe diseinatzen ari badira, hori da horretara behartuta daudelako, eta ez horretan sinesten dutelako; horretk, nahi eta nahi ez, egoera baldintzatzen du guztiz.

Orokorrean, lantokietan aurkitzen planak oso eskasask eta anbiziorik gabeak dira; oso borondate gutxi eta asmorik ez diseinatzen dena betetzeko. Kultura, harremanak eta giroa eraldatzeko elementuak apenas garatzen diren; neurri gehienak, propositiboak baino, zigortzaileak dira; eta, orokorrean oso indar eta interes gutxi jartzen ari da horrelako planak egin eta martxan jartzeko momentuan. LAB sekulako esfortzua egiten ari da horri guztiari buelta emateko. Guk ez dugu lantokirik nahi LGTBI+fobia alfonbra azpian ezkutatu eta plan batekin makilatzen duenik, dena ondo dagoela eta guztiok oso libre lan egiten dugula irudikatzeko. Formazioa, sentsibilizazioa eta baliabide pertsonalak eta ekomomikoak mahai gainean jarri behar dira benetako eraldaketa lortu ahal izateko. Gaur egun, LGTBI+ kolektiboko pertsona askok beraien izaera ezkutatu behar izanak argi erakusten digu zein puntutaraino ez diren gauzak aldatzen ari.

Baina gu ez gara besoak gurutzatuta geldituko, eta instituzioei jarraipen mekanismoak eta neurri eraginkorrak eskatzen dizkiegu enpresen itxurakeriekin amaitzeko. Eta ez gatoz esku hutsik exijitzera, gu gure lana egiten ari baikara. Neurri eta klausula interesgarriak eta eranginkorrak ditugu (hala nola, angile guztientzako prestakuntza orokorretan genero-berdintasuna eta sexu- eta genero-aniztasuna txertatzea, negoziaziorako batzorde espezifikoak sortzea, protokoloaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, neurriak eguneratzeko aldizkako berrikuspenekin…) proposatzeko, eta ideia zein ekarpen baliagarriak egiten ari gara errealitate hori ez mantentzeko; borroka sindikalaren bidez hitzarmen batzuetan onartzea lortzen ari garen neurriak eta klausulak.

Gu gure konpromisoan berresten gara, eta borrokan jarraituko dugu LGTBI+ kolektiboko eskubide guztiak bermatuko dituzten neurri eraginkorrak lortu arte. Heteropatriarkatuaren eta heteroarauaren kontrako borrokan ere jarraituko dugu, ez baikara libre izango gu guztiok libre izan arte! Bide horretan, ekainaren 28an egingo diren mobilizazio eta ekintzetan parte hartzeko deia zabaltzen dugu.

LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK eta USOk salatu dute Enplegu Zentro Berezietako negoziazioa blokeatuta dagoela, eta EAErako hitzarmena eskatu dute

LABek, ELAk, CCOOk, UGTk, ESK-k eta USOk hiru bilera egin dituzte orain arte EAEko Enplegu Zentro Berezietako patronalarekin, sektorearen benetako beharrei erantzungo dien akordio autonomiko baterantz aurrera egiteko. Hala ere, bilera horietan guztietan, patronalak uko egin dio benetako negoziazioari ekiteko aukerari. Sektoreko enpresak entzungor azaldu dira; ez dute kolektibo horrekiko konpromisorik adierazi, eta ez dira arduratzen gure lurraldeko lantokietan dituzten baldintzak ezagutzeaz eta hobetzeaz.

Ezinbestekoa da sektoreko hitzarmen autonomiko bat eratzea, gure lurraldearen errealitatera egokituko dena, eta EAEko Enplegu Zentro Berezietako lan baldintzak hobetuko dituena.

Horregatik, sindikatu sinatzaileek azpimarratu dute premiazkoa dela patronalak eta administrazio publikoek, bereziki Eusko Jaurlaritzak, erantzukizuna beren gain hartzea eta EAEra egokitutako akordio propio bat negoziatzera esertzea, zentro horietako lan-baldintzak duinduko dituena.

Hala, LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Gasteizen. “Ez dugu isiltasuna erantzun gisa onartuko. Irtenbide zehatzak eskatzen ditugu egiturazko prekaritate eta diskriminazio egoera baten aurrean”, adierazi dute sindikatuok, eta EAEko errealitatearekin bat datorren akordioa aldarrikatu dute.

Bi langile hil dira basogintza lanetan eta beste bat istripu ez traumatikoan, 3 izan dira patronalak eragindako heriotzak azken 24 orduetan

Atzo eguerdian, Altsasun basolanetan ziharduen 45 urteko langilea lan istripuz hil zen pago baten adarrak jo zuenean. Beste bi langile hil dira baldintza ezberdinetan. Bata Eskoriatzan gaur, basolanetan ari zela. E.A.M.C. adar batek jota hil da. Eta bestea atzo Donostian, lorezaintza lanetan ari zen 65 urteko J.M.E.G. langileak istripu ez traumatikoa izan zuen eta lanpostuan bertan hil zen. Belar txarrak kentzen ari zen, belauniko. Hauekin, 31 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak.

LABek jakin ahal izan du atzo Altsasun hildako langilea Logroñoko enpresa batek kontratatua zela. Honek esan nahi du hildako langile hau ez dela Nafarroako kontabilitate ofizialean jasoko eta heriotza gertatu ez balitz bezala jokatuko duela Txibiteren exekutiboak. Bestalde, langilea bakarrik ari zen basolanetan, hau da, hilkortasun handiena erakusten duen lanbidean, derrigorrezkoa den errekurtso prebentiborik ez lankiderik gabe. Hau sektorean dagoen muturreko prekaritatearen beste adibide bat besterik ez da.

Azken urteetako istripu tasa izugarrien atzean enpresek lanerako araudia ez betetzea dago, atzoko heriotzarekin gertatu den bezala. Heriotzen atzean, beraz, arduradunak daude, nahiz eta gobernuek arduradun horiek, enpresariak, itsuki babesten jarraitzen duten.

Eskoriatzan hildako langilearen inguruan LABek ez du beste daturik. Ofizialki aitortua izan dela soilik.

Azkenik, istripu ez traumatikoan Donostian hildako langilearen inguruan, bere adina azpimarratu beharra dago Baldintza kaskarretan azpikontratatuta zegoen eta beropean ziharduen lanean. Parques HistĂłricos 2023 Aldi Baterako Enpresen Elkarterako ari zen lanean Aieteko lorategi batean, Udalak azpikontratatuta, hain zuzen.

Patronalak zein gobernuek absentismoaren mamua zabaltzen duten bitartean, langileok bizitza galtzen dugu lanean. Prebentzio falta da heriotzen arduradun bakarra. Langileok hiltzen gara, ez enpresariak. Gero eta nabarmenagoa da, gainera, prebentzio araudiaren ez betetzea orokortua dagoela eta honen aurrean neurri gogorrak hartu beharra dagoela.

LAB ez da ADEGI patronalaren konplize izango eta ez du Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena sinatuko

ELAk eraikuntzan erdietsi duen akordioak ez ditu langileon osasuna eta etorkizuneko lan baldintza egokiak bermatzen. ELAk patronalarekiko otzan jokatu du, borrokari uko egin dio eta sektoreko langileen beharrak albo batera utzi ditu akordio bat erdiestearren.

Akordioaren edukiei dagokienez, kontuan hartuta Gipuzkoako eraikuntzako enpresen egoera ona dela eta gainera, etorkizunean hobetzeko aurreikuspena dagoela, ELAk borrokari uko egin ondoren 4 urterako bake soziala oparitu dio ADEGIri. Akordioak dituen ustezko aurrerapausoak ez dira errealak izango sektoreko langile gehienentzat. Izan ere, akordioak ez dio erantzuten eraikuntza sektorean dauden arazo handienei: hitzarmena ez da betetzen sektorearen zati handi batean, eta sektoreko lan-istripu eta heriotza kopurua ikaragarria da. LABen ustez, hitzarmenak errealitate horri erantzun beharko lioke. Beraz, argi dago edukiek ez dietela sektorearen errealitateari eta langileen beharrei erantzuten.

LABek hasieratik mahai gainean jarri dituen eskaerak ez dira inongo momentutan aintzat hartu eta sektoreak dituen arazoek berdin jarraituko dute. LABen erronkak argiak izan dira, KPIaren gaineko soldata igoerak, lan eta bizi baldintzak erdigunean jarriko lukeen lanaldi murrizketa, hitzarmena aplikatzeko bermeak, azpikontratazioari mugak jartzea eta lan osasuna bermatzeko neurriak.

Hilkortasun tasa beldurgarriak dituen sektore honek behin eta berriz erakusten du altueretako erorketak neurriak ez hartzeagatik gertatzen direla eta LABek neurrien inplementazio tasatua eskatzen zuen. Soilik 2024ean, 11 langile hil ziren altueretatik erorita. Enpresek araudia ez dute betetzen kontrol neurri faltarengatik, eta akordio honen sinaduraren ondoren lan-istripuek gora egiten jarraituko dute.

LABek langileen ondoan jarraituko du, akordio honek ez dituelako bermatzen langileen osasuna eta lan baldintza duinak. Borrokan jarraituko du.

Nilsa enpresa publikoko langileek enpresa barneko soldata diskriminazioa salatu dute

Ur eta hondakin azpiegiturak eraiki eta tratatzen dituen Nilsa enpresa publikoko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, aspalditik enpresan dagoen soldata eta lan diskriminazio egoera larriagatik protesta egiteko. Profil tekniko eta esperientzia handiko profesional horiei Nilsan sartu zirenetik blokeatu egin diete soldata-progresioa, bai aldi baterako kontratuen bidez, bai praktiketako kontratuen bidez, bai mugagabe bihurtu ondoren.

Nilsako Enpresa Batzordeak (LABeko hiru delegatuk eta UGTko bik) eta Nilsako langile talde handi batek Nilsaren egoitzaren ondoan salatu dute aipaturiko praktika horrek diskriminazio argia eta iraunkorra dakarrela gainontzeko langileekiko ordainsarietan, nahiz eta balio berdineko funtzioak bete. Egoera hau urgentziaz zuzendu ezean, langileek ohartarazi dute Nilsako plantilla osatzen duten pertsona guztien eskubideak defendatzeko beharrezko ekintza kolektiboak gauzatzen jarraituko dutela.

2021eko maiatzetik, enpresak unilateralki ezarri zuen soldata-eskalen sistema bat, sarbide-kontratu mota eta antzinatasuna zigortzen dituena, eta, horrela, balio bereko lanagatik soldata berdintasunaren printzipioa urratzen duena, zeina jasota dagoen Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluan, Langileen Estatutuaren 17. artikuluan eta Nafarroako Bulego eta Langelen Hitzarmenaren 5. artikuluan. Soldata-eskala hauek langileen ordezkariekin negoziatu eta adostu gabe eta Administrazio Kontseiluaren onespenik gabe ezarri ziren, enpresa barnean soldata-eskala bikoitza edo hirukoitza sortuz, edozein ikuspegi legal, etiko edo sozialetik justifikatu ezin daitekeena.

Enpresak unilateralki sortutako bere soldata-taulak egiteaz gainera, ez ditu bete, antzinatasunari lotutako igoera progresiboak langileei jakinarazi dituen arren. Praktikan ez ditu aplikatu, ezta eskatutako urteak bete dituztenei ere. Enpresa Batzordeak eta egoera honetan dauden langileek askotan eskatu diote enpresari egoera honen zergatia eta azalpena emateko eta batez ere, beren egoera erregularizatzearen beharra, baina enpresaren partetik jaso dituzten gauza bakarrak aitzakiak eta bete gabeko hitzemateak izan dira. Langile-politika honek, praktikan, bi langile-mota sortzen ditu enpresa publiko beraren barruan, eta soldata-arrakala oso handia sortzen du, legez kanpokoa ez ezik, erabat ez-morala dena baita ere.

Ordainsarien eta gardentasunik ezaren politika hori sektore publikoko lan-baldintzak prekarizatzeko eta pribatizatzeko estrategia baten ondorio da. Nafarrroako Gobernuaren estrategia hau, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren (NEKP) bidez aplikatutakoa, Nilsaren kooperazioarekin erakunde publikoei eskatu behar zaizkien oinarrizko balio guztien aurka egiten du: osotasuna, objektibotasuna, zintzotasuna, berdintasuna eta gardentasuna.

Ez da kasu bakarra, Nafarroako Gobernuak enpresa publikoetan zein sektore publikoan oro har ezarri nahi duen estrategia koordinatu bat baizik. Horren erakusgarri dira sektore publikoan zein beste enpresa publiko batzuetan egiten ari diren mobilizazioak. Hartara, Nilsako langileek beren elkartasun osoa helarazi nahi diete guztiei, eta bereziki Intiako langileei. Gainera, beste enpresa publikoei dei egiten diete beren egoera publikoki salatzeko urratsa egin dezaten.

Beraz, Nilsako Enpresa Batzordeak irmotasunez salatzen du diskriminazio hau, eta honako hau eskatzen du:

  • – Diskriminazio egoera honetan dauden langile guztientzako berehalako soldata-parekatzea, lan-harremana hasi zenetik duten benetako antzinatasuna aitortuz eta sartzeko kontratu motaren araberako bereizketa oro ezabatuz.
  • – Nilsaren soldata-politikak premiaz berrikustea, eta sozietate publiko honetan berdintasun- eta gardentasun-printzipioa betetzen dela bermatzea.
  • – Nafarroako Gobernuak eta NEKP-ek benetako konpromisoa hartzea beren enpresa publikoetan desberdintasun hauek modu eraginkorrean desagerrarazteko, indarrean dagoen legeriak eta balio demokratikoek eskatzen duten bezala.

LABek ez du babesten Arabako ehun merkataritzaren akordioa

ELAk, CCOOk eta UGT sindikatuek eta AENKOMER patronalak 2025 eta 2026 urteak arautzeko sinatutako akordioak, beste behin ere, langileen baldintzak hobetzeko asmo falta dakar.

Hainbat hilabeteetan mobilizaziorik egin gabe negoziatu ondoren, lortutako akordioak ez du benetako aurrerapenik eragiten, eta horrela prekaritateari eusten dio. Emaitza horrek berretsi egiten du LABek 2023an hitzarmena sinatzean ohartarazi zuena, 2025 eta 2026 urteak negoziatzeke geratzean.

Soldatei dagokionez, 2025 eta 2026 urteetarako KPIa gehi %0,6 eta %0,5eko igoera aurreikusten du, hurrenez hurren. LABen iritziz, kezkagarria da sektoreak negoziazio prozesuaren hilabeteetan mobilizaziorik egin ez izana. Kontzentrazio eta bestelako mobilizazio ezak presio-ahalmena ahuldu du. Inplikazio eta mobilizazio handiagoa egin izan balitz, ziur gaude hobekuntza esanguratsuagoak lor zitezkeela.

Lanaldiari dagokionez ere ez dago hobekuntzarik. Asteko 40 orduko lanaldia mantenduko da, hau da, 1744 ordu urtean, lanaldi bera 2021etik lanaldi berdina mantentzen da. Azken 8 urteetan 4 ordu baino ez dira murriztu urteko lanaldian. Berriz ere alde batera utzi da sektore honetarako ezinbestekoak diren atsedenerako eta kontziliaziorako beharrak.

Ildo beretik, oporrek bere horretan jarraituko dute, 30 egun natural, 2018ko berberak; hobekuntza horrek geldirik jarraitzen du.

Bi urte hauetarako sinatutako akordio honek berresten du alferrik galdu dela aukera bat sektoreko langileak mobilizatzeko eta lan-baldintzen eta bizitza duintzeko alde borroka egiteko. Gainera, inertziak eragindako jarrera erosoa izan da protagonista.

LABetik azpimarratu nahi dugu akordio horiek 2023an egindako negoziazioetan itxi behar zirela. Hori dela eta, berriro finkatu da prekaritatea sektorean. Langileek beren baldintzak hobetuko dituzten soldata igoerak behar dituzte eta lanaldiek kontziliaketa duina eta eraginkorra bermatu behar dute.

LAB langileen bizi eta lan baldintzak hobetzeko borrokan egongo da beti, hori baita sindikalismoa ulertzeko duen modu bakarra.

LABek Mercadonako langileen egoera salatu du, Zarauzko saltokia zabaldu den egunean

Sektore feminizatua da supermerkatuena, emakumeak* dira langile gehienak, eta lanaldi partzialetara kondenatuta daude. Lan karga handiak dituzte, bajak ez dira ordezkatuak izaten eta geratzen diren langileek bete behar dutelarik lan zama guzti hori. Horrek, langileen ordutegi eta egutegiak moldatu beharra dakar, eta ondorioz, ez dute inongo aukerarik kontziliaziorako.

Iaz, Mercadonak 1.384 miloi euroko irabaziak izan zituen eta hori ez da islatzen inondik-inora langileen lan-sarian, nahiz eta beraien izerdiaz lortuak diren aipaturiko irabazi horiek.

Gainera, Mercadonak nahiago du dirua mutualitateetan gastatu, langileen prebentzioan baino. Maiz, langileak erabat osatu gabe eta osasun egoera txarrean bueltatu izan direla lanera, jaso duten presioa medio. Eta hori onartezina da.

Hori dena gutxi balitz, egun Mercadonak enpresako hitzarmena dauka eta berau Madrilen negoziatzen dute. LAB sindikatuak garbi du hemen lan egiten duen langile orok hemen erabaki behar duela, hitzarmenak bertan negoziatuta. Horrela soilik lortuko dutelako hemen dugun errealitatean oinarrituriko hitzarmena izatea.

Horrelako jarreraren aurrean, LAB sindikatua aurrez-aurre izango du Mercadonak. “Langileei esan nahi diegu egoera hau aldatu eta irauli daitekeela. Horretarako antolatzera eta borrokatzera dei egiten diegu. Bide horretan langileak LAB sindikatua bidelagun izango dute. Langile, elkarrekin lortuko dugu!”, adierazi dute sindikatuko ordezkariek gaurko mobilizazioan.