2025-12-22
Blog Page 59

Hezkuntza Sailaren jarreraren aurrean, greba eta mobilizazioa indartzeko garaia da

Azken momentuko mahai negoziatzaile batera deitu arren, Hezkuntza Sailak ez du bermerik eman hezkuntza sistema hobetuko luketen baliabideak jasotzeko. Horrenbestez, lanean jarraitzea dagokigu, ekarpenak eginez eta kaleak astinduz.

Ordu txikietara arteko negoziazioak izan dira bart Lakuan, Hezkuntza Sailak azken momenutan grebak bertan behera uzteko intentzioz proposamen bat aurkeztu ondotik. Negoziazioetan, baina, azkenean ez da akordiorik egon, Hezkuntza Sailak ez baitu eduki nahikorik ezta bermerik jarri mahai gainean.

LABek Hezkuntza Sailaren jarrera salatu nahi du, grebaren bezperan arte proposamenik egin gabe eta modu desegokian negoziazioa luzatzen, beste behin, hezkuntza sistema hobetuko luketen neurrien gainetik greba eragozteko asmoa helburu izanda. Aurrez denbora soberan izan du bilerak deitu, eduki errealak mahai gainean jarri eta adostasunetara iristeko, baina epeak eta orduak luzatzea erabaki du, eta jarrera hori desegokia da ezein negoziaziotan, eta, kasu honetan, errespetu gutxikoa hezkuntza komunitatearekiko. Jarrera horren erakusle da bere azken proposamena atzo eguerdian helarazi izana sindikatuoi, aurrez hori aztertzeko inolako aukerarik eman gabe.

Atzo ere LABek, negoziazio prozesu osoan egin duen moduan, beretzat estrategikoak diren eta hezkuntzaren kalitatean zein lan zametan eragin zuzena duten figura eta baliabide gehigarrien beharra mahaigaineratu du etengabe. Hala, Hezkuntza Sailaren proposamena zehaztasunetara eramaten saiatu gara uneoro. LABek, greba zikloaren aldarrikapenez gain, aholkulari, orientatzaile eta zuzendaritza taldeentzako ordu-kreditu gehigarrietan aurrerapenak lortu arren, Jaurlaritzak ez zuen bermerik jarri nahi izan hain beharrezkoak diren hezkidetza edo euskara koordinatzaileeen figurak txertatzeko. Baliabide horiek, baina, oinarrizkoak dira hezkuntza sistema publikoa hobetzeko eta ardatz izateko. LABentzat lortuko den akordioak eragin zuzena izan behar du bai irakasleen lan baldintzetan eta baita hezkuntza sistemaren kalitatean ere. Horrekin batera, beste gai batzuk ere itxi gabe geratu ziren, soldata edo lan zamenak adibidez.

Gauzak horrela, lanean jarraitu beharra dago, ekarpenak eginez eta, berriz mahai negoziatzaileak deitu arte, kaleak astinduz. Inoiz baino indar gehiagorekin, ikastetxeak hustu eta kaleak txiki uzteko garaia da. Euskal eskola publiko komunitarioa iruten jarraituko dugu!

LAB sindikatuak Eusko Legebiltzarrera eraman du Enplegu Zentro Berezietako EAEko lehen lan hitzarmenaren beharra

LABeko Enplegu Zentro Berezietako ordezkariek agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, abenduaren 3an Enplegu Zentro Berezietako lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaira deitu zuen LABek. Mahai horretarako bi deialdi egin ostean, ordea, patronalak bere ardura hartu gabe jarraitzen du, eta ez da lortu mahaia eratzea.

Testuinguru honetan, gaur LABeko ordezkariek hitza hartu dute Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Lan eta Enplegu Batzordean. EAEen 17.000 langile baino gehiago dira sektore horretan eta hitzarmen kolektibo baten beharra dute, sektorearen egoera prekarioa duintzeko eta Euskal Herrian bertako langileen lan baldintzak arautzeko.

Legebiltzarreko hitzartzean sektoreko langileek euren egoera mahai gainean jarri dute, eta instituzioak interpelatu dituzte. Sektoreko enpresek lan esku merke bezala erabiltzen dituztela salatu dute, eta sektorearen araudi faltak prekaritatera kondenatzen dituela. Administrazioek ardura dute langile horien lan baldintzak arautzeko, eta, horregatik, konpromisoa eskatu diete euren aldarrikapenei bide emateko. Legebiltzarreko alderdiei hitzarmenak ekarriko lituzkeen hobekuntzak azaldu dizkiete LABeko ordezkariek, eta patronala interpelatzeko ere eskatu diete, interlokutore izan dadin.

Enplegu Zentro Berezietako hitzarmena lortze aldera, LAB sindikatuak pausoak ematen jarraituko du.

Euskal Herriak Kapitalari Planto Osakidetzaren pribatizazioaren aurka mobilizatuko da

Martxoaren 31n mobilizatuko da Bilbon, 11:00etan, Areilza Doktorea kaleko anbulategiaren aurrean.

EH Kapitalari Plantok argi dauka Osakidetzaren hondatzea sakona eta oso agerikoa dela, ez dela pertzepzio hutsa. Desinbertsioa -batik bat lehen mailako arretan eta osasun publikoko zerbitzuetan-, itxaron zerrendak, prekarizazioa eta laneko behin-behinekotasuna, bizitzaren zaintzarekin lotutako lan sektore feminizatuetako baldintzak, osasun eskubidea kaltetzea, eta osasun sarbideari dagokionez hazten ari diren klase, arraza eta genero aldeko asimetriak errealitatea dira.

Korporazioen papera diagnostiko horren funtsezko zatia da, interes pribatuak eta onurak maximizatzeko logika ekuazioaren funtsezko aldagaiak baitira. Horren ondorioz, eskubide publiko baten eta interes komunaren eta irabazia eta interes pribatua maximizatzearen arteko talka ikusi eta jasaten dugu.

Inbertsio publikorik eza, itunpetze soziosanitarioak, zerbitzu orokorren azpikontratazioak, enplegu publiko pribatizatuak, aseguru pribatuak eta ate birakariak dira gaur egun horren adibide.

Datuetan, Osakidetzan inbertsioa geldituta dago (2025erako Osakidetzak eskura dituen funtsak 7 milioitan baino ez dira haziko, guztiaren %0,1; pertsonalaren atalean, igoera 24 milioikoa da, hau da, %0,9), itxarote zerrendak mediku espezialistaren lehen bisita jasotzeko gora doaz (24.179 pertsona izatetik 2021ean eta 69.532 pertsona izatera igo dira 2023an), ebakuntzen itxarote zerrendak berdin (18.357tik 24.333ra igo dira 2019tik 2023ra). Beraz, itunpetze sanitario eta soziosanitarioen alde egiten da, funts publikoak negozio pribatuetara bideratuz. Aurrekontuei erreparatuta, azken datu ofizialen arabera 2024an itunpetze sanitarioei bideratutako kopuru osoa 249.695.724 eurokoa izan da. Hori Osasun Sailaren gastu osoaren %5,10 da, eta 2023tik %9,1 igo da. Hala ere, zenbait kazetaritza iturrik kopuru hori 299,8 milioikoa izan dela azaldu dute, aurreko urtekoarekiko %11,5 igota eta aurrekontu osoaren %6,12. Kopuru horiei itunpetze soziosanitarioei dagozkien 6,49 milioi euro gehitu behar zaizkie.

Zerbitzuak eta lanak kanpora ateratzearena ez da mugatzen arlo soziosanitariora, zerbitzu orokorren baitako hainbat zereginetan ere esternalizazioa gorantz doa, garbiketa, anbulantziak, sukaldaritza, segurtasuna, mantenu lanak, elektromedikuntza, arropa garbitegia, aholkularitza, zerbitzu digitalak, e. a.

Honela, osasun sistema publikoan dagoen botere korporatiboa hazi eta hedatu egiten da edozein arlotako enpresekin. Horien negozio estrategia Osakidetzaren etengabeko pribatizazioa finkatu eta hazi ahala moldatuko da gehiago ala gutxiago. Ohikoa da zenbait osasun alor, osasun mentala, kardiopatiak, giltzurrunetako gaixotasunak, dialisia, erradiologia, kardiologia, onkologia eta abar. arlo kalteberak izanik ere, ez egotea interes orokorraren eta osasun eskubidearen defentsaren aterkipean. Aitzitik, horiek ere irabaziak maximizatzearen aldeko enpresa logikari lotuta ageri dira.

Sustatzen den eredu publiko-pribatuak, oro har, zerbitzuen kalitatearen galera dakar, baita planifikazio eta aholkularitza dinamiketan enpresa pribatuen gehigizko presentzia ere. Horrez gain, eredu honek lizitazioen arloan kartel modura funtzionatzea dakar, datuen eskuratze pribatua, eta bereziki lan gatazken areagotzea, enpresen helburua beti baita haien etekinak ahalik eta gehien handitzea. Pribatizatutako enplegu publikoa aipatu beharreko beste zutabea da, soldata publikodun mediku izanda osasungintza pribatuan ere lan egiten duten medikuena. Gaur egun Osakidetzako 1.059 mediku dira bateragarritasuna aitortua dutenak, jokabide hau sustatu egin da, bai esklusibotasun pizgarriak ezabatuta, bai gaiari jarraipenik bat ere ez egitearen poderioz.

Inbertsio publikoaren gelditzearen eta esternalizazioen gorakadaren beste aldean aseguru pribatuen kopuruaren zein gastu bolumenaren hazkundea dago. Beti ere, aseguru pribatua ordaindu ahal dutenen artean. EAEn nolabaiteko osasun aseguru pribatua duten pertsonak 525.000 baino gehiago dira, 2023ko datuen arabera. Prima bezala egiten den gastu osoa, urte horretan, ia 400 milioi eurokoa da, eta 30 urtean laukoiztu egin da kopuru hori.Eta zer esan ate birakarien inguruan, jokabide hau guztiz ohikoa da euskal osasun sisteman.

Hainbestean ze, Osasun Saileko sailburu eta sailburuordeetatik asko, batez ere Eusko Alderdi Jeltzalera lotuak, igarotzen baitira euskal osasun arloko botere korporatiboko zuzendaritza ardurak hartzera, Keralty, Quiron eta IMQ-n besteak beste. Talde hauek osasun sistema publikoa pribatizatzea internazionalizatzen dabiltza herrialde ezberdinetan, batez ere Hegoalde globalean.

Honegatik guztiagatik, EH Kapitalari Plantok honakoa exijitzen du:

• Osasun arloan inbertsio publikoa modu nabarmenean handitzea.

• Esternalizazioei muga jartzea epe ertainera begira.

• Osasungintza publikoko langileriaren lan eta soldata egonkortasuna hobetzea.

• Enplegu publiko eta pribatuaren arteko bateragarritasuna zerbitzuburuei kentzea.

• Ate birakariak ekiditea, interesen arteko talkak zorrotz kontrolatuta.

• Maila guztietako lege aldaketak sustatzea, gaur egungo harrapaketa korporatiboa gelditzeko eta osasun sistemaren jabetza, kontrola eta kudeaketa oinarri-oinarrian publikoa izatea babesteko.

Udalerriko Eguneko Arretarako Landa Zentroko langileen lan-baldintzak sektore publikokoekin parekatzeko eskatzen dio LABek Amurrioko Udalari

Aspaldi bideratu zuen LAB sindikatuak bere ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko estrategia zaintza sistema publikoa lortzera. Hego Euskal Herriko administrazioei pribatizatutako zaintza langileen publifikazioa exijituz eta zaintza zerbitzuen kudeaketa publikoa aldarrikatuz.

Bide honetan, etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileekin batera, zerbitzu honen pribatizazioarekin bukatzeko eta bertan lanean aritzen diren langileen publifikazioari bide emateko urrats ezberdinak eman ditugu.

Amurrioko Udalaren kasuan, LAB sindikatutik, Eguneko Arretarako Landa Zentroko (EALZ) langileekin batera, zerbitzua hobetzeko, lan baldintzak duintzeko eta zerbitzuaren kudeaketa publikoaren aldeko lanean hasi gara. Lehen helburua EALZ zerbitzuko langileen lan baldintzak udaletxeko langileen lan baldintzekin parekatzea izan da. Amurrion zerbitzua kudeatzen duen enpresa pribatuarekin parekatzea negoziatzeaz gain, udalaren borondatea eta inplikazioa ezinbestekoak dira, Amurrioko Udalak zerbitzuaren lizitazioan langile hauen lan baldintzak arautuko dituelako eta langileen lan baldintzen ekiparazioa sostengatu beharko duelako.

Azken urtean zehar, zerbitzuaren pleguak berritu baino lehenago, hainbat bilera egin ditugu udalarekin, eta haien hitzetan badute zaintza sistema publikoaren alde urratsak emateko borondatea, eta pribatizatutako zaintza langileen lan baldintzak hobetzearen aldeko apustua egiten dutela adierazi digute.

Aldiz, azken hilabete hauetan, nahiz eta borondate politikoa adierazi, prozesua moteltzen eta gelditzen ari dela salatu beharra dugu LABetik. Azken asteetan udaletxea bilerak atzeratzen ibili da eta horregatik arduratuta gaude eta dakigunez, zerbitzuaren eta langileen baldintzak arautuko dituen plegua publikatzear dago. LABetik Amurrioko Udalari bere konpromisoarekin aurrera egiteko eman beharreko urratsak ematea eskatzen diogu. Ardura politikoa ezinbestekoa delako eta Amurrioko biztanleek zaintza arreta zerbitzu duina jasotzea beharrezkoa dutelako. Bestalde, zerbitzu honetan lanean ari diren langileen lan baldintzak duintzea beharrezkoa da, langile publikoen baldintzekin ekiparazioaren bitartez, pribatizatutako zaintza langileek lan publikoa egiten dutelako.

LABek Sunsundeguin ekintzara pasatzeko deia egiten du

Une honetan 300 lanpostu baino gehiago daude jokoan Altsasun; etorkizunerako estrategikoa dirudien sektore batean, merkatua duen produktu batekin. Sunsundegui azaroaren 5ean borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik 4 hilabete betetzera doazenean, legezko epeak erretzen joan dira. Oraindik ez da zehaztu balizko inbertsore baten aukerak aurrera egingo duen ala ez.

Martxoaren 22an konkurtso-administrazioak bere txostena aurkezteko zituen hiru hilabetekoa da epe hori, eta beste bat prorrogan. Bertan ezarriko du zein den Sunsundeguiren egoera eta zer gogoeta egiten dituen lantegiaren bideragarritasunaren inguruan. Beraz, hartzekodunekin hitzarmenik egin daitekeen ikusiko dugu, sozietateak aurrera egin dezan edo konpainia likidatu dadin bideratuko duten konkurtsoa. Hau da, konpainiaren jarraipenaren aldeko eskaintzarik ez badago, laster inori interesatzen ez zaion likidaziora iritsiko gara.

Egoera hori jada INASAn bizi izan dugu aurretik. Likidazio-fasean zegoen makineriaren salmentak Irurtzungo lantegirako zegoen industria-proiektu batek aurrera egitea eragotzi zuen. LAB en ez dugu horrelakorik berriro gertatzen utziko.

Beraz, inplikatutako alderdiei dauden legezko epeak ahalik eta gehien luza ditzaten exijitzeko unea da, eta exijitzeko unea da, eta baita Altsasuko lantokian alternatibaren bat lortzea erraztu dezaten ere.

Gaur egun badakigu inbertitzaile batek interesa duela, Nafarroako Gobernuak Mikel Irujo kontseilariaren bidez publiko egin zuen bezala. Argitu behar dugu gobernuak egoera horien berri eman digula. Badakigu enpresaren egoerari aurre egiteaz gain, beharrezkoa dela likidezia; badakigu lanean ari direla beharrezko finantzaketa lortzeko. Hala eta guztiz ere, faltan botatzen dugu gaur egun mahai bat osatu ez izana, zeinetan administrazio konkurtsala, sindikatuak eta gobernua eserita egongo garen interes komuna defendatzeko.

LABen ustez, eltzea sutan jartzeko unea da, beranduegi izan baino lehen, eta, horretarako, dauden epeak luzatu eta inplikatutako alderdi guztien artean konponbideak jorratu behar dira, konkurtsoak dituen erritmoak eta proposamen bat lotzeko erritmoak ez baitira berdinak.

LABetik, erantzukizunez, Sunsundeguiko langileei eta Nafarroako gizarteari dei egingo diegu Altsasuko lantegia likidatu ez dadin borrokatzera. Era berean, enpresa-batzordea osatzen duten gainerako sindikatuei ere erantzukizun bera eskatu nahi diegu. Datorren astean batzarrak deituko ditugu enpresan, gauzatu beharreko ekintzak zehazteko.

LABek Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langileen hitzarmena sinatu du 16 urteren ondoren

Azken urteetan hamaika mobilizazio, greba, salaketa egin ditugu Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatuenaren eta lan baldintza prekarioenak dituenaren lan baldintzak errespetatu eta hobetu daitezen. Pribatizazio prozesu bortitzena jasan duen sektorea da, zerbitzuetako lan batzuk azpikontratatuta baititu sailak.

2018an lan baldintzak hobetzea lortu zuen LABek, mobilizazio eta greba dinamikari esker, eta gaur, urtarrilean eta otsailean lau greba egin ondotik, borrokak merezi duela argi utzi du. Besteak beste, soldata administrazio orokorreko langileekin ekiparatzea lortu du, sukaldean %9 eta garbiketan %6 igota; urteko jarduna sukaldeetako langileei 108 ordu eta garbiketakoei 120 ordu jaistea; sukaldeburuen eta garbiketa buruen kategoriak sortzea, zeinak kategoria horiek profesionalizatzea eta kolektibo guztia euskalduntzeko urratsak zehaztea ekarriko baitu.

Kategoria igoerak titulazioaren bidez parekatzea lortu da, baita 3 urteko zerbitzuen bidez gaitasun profesionala ziurtatuko dutenek ere. Ezin izango da jardun erdirako baino gutxiagorako kontratatu, orain arte 10 eta 15 orduko kontratu asko eskaintzen ziren arren. Kolektibo horretan ordezkapenak betetzeko egon den arazoetako bat konponduko da, ordezkoen araudi berria lan hitzarmenean txertatuta. Horrez gain, lizentzia eta baimenetan hobekuntzak jaso dira eta LABek sinatutako akordioa garatuz 60 urtetik gorako langileentzat lanaldiaren hereneko murrizketa zuzenean aplikatuko da eta lanpostu berriak sortzeko prozedura zehaztu da. Funtzioak eta betekizunak mahai teknikoan zehaztuko dira, eta ratioak murriztu dira.

Bestalde, Hezkuntza Sailak eta LABen artean sinatu zen akordio laboralean jasotako hainbat aldagai sinatu dira, besteak beste, behin-behinekotasun tasa ezingo da izan %5 baino handiagoa izan, eta hiru urtean behin lan eskaintza publikoa egingo da.

Era berean, pribatizazioari mugak jartzeko urratsak ere jaso dira, sukalde berriak egiten direnean, Hezkuntza Saileko langileak jarriko dira. Bertako langileak dituzten zentroetan, obrak direla-eta garbitu beharreko metro kopurua handitzen bada, langile propioekin kontratatuko dira; era berean, ratioen beherakadaren ondorioz kontratazio-premia berriak sortuko balira, langile propioekin egingo lirateke.

Horrenbestez, LABek sukalde eta garbiketan grebak bertan behera uzten ditu. Lehenengo indarra den kolektiboetako hitzarmenak sinatuz eta eskola publikoko lan baldintzak hobetuz, ikasleei ematen zaien hezkuntza kalitatea hobetu du, eskola publiko ardatz, euskal eskola publiko komunitarioaren bidean.

Premiaz, Palestinaren alde kalera

LABek bat egiten du Gernika-Palestinak deituta bihar 17:30ean Donostian egingo den manifestazioarekin.

Bi hilabeteren ostean su-etena apurtu eta palestinar Herriaren aurkako erasoaldi bortitzari berrekin dio Israelek. Egoera larriaren aurrean Gernika-Palestinak premiazko manifestazioa deitu du larunbat honetan Donostian, 17.30ean, Bulebarretik abiatuta. Mobilizazioarekin bat egiten du LABek eta bertan parte hartzera dei egiten die euskal langileei.

Palestinak gu guztion elkartasuna behar du. Eta konponbidea behar du. Horretarako, nazioarteko komunitateak bere isiltasun konplizeari amaiera eman behar dio, Israelen zigorgabetasunarekin amaitzeko.

Guztioi dagokigu, bakoitzak bere tokitik, genozidioaren amaiera eskatu eta bultzatzea. Zentzu horretan, dei egiten diegu euskal instituzioei eta patronalari, posizioa har dezaten herri palestinarrak pairatzen duen genozidioaren aurrean, eta hori bultzatzen ari den sionismoaren aurrean. Genozidekin, giza-eskubideak etengabe urratzen ari direnekin harremanak apurtzea eskatzen diegu.

Bide diplomatikoak ireki behar dira berriro berehalako su-etena lortzeko. Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaiera eta eskubide nazionalak erdigunean jarriko dituen ebazpen politiko integrala lortzeko.

Martxoaren 30ean Palestinar Lurraren Eguna izango da. 1976an bezala, ia 50 urte geroago, euskal langileok Palestinaren ondoan gaude. Jarrai dezagun mobilizatzen, herri palestinarra Israelen eskutik pairatzen ari den genozidioa bukatzeko, basakeriari eta gizateriaren aurkako krimenei amaiera emateko.

LABek benetako negoziazio zintzo, serio eta xantaiarik gabearen alde egiten jarraituko du SIDENORen

Pasa den ostiralean CCOO, UGT eta USO sindikatuek SIDENOR Azkoitiako lan-zentroan esandakoen inguruan, honako prentsa oharra ateratzea erabaki dugu. LAB sindikatuaren “jarrera onartezina” eta “batzarrak lehertzen saiatu” izana leporatu ziguten.

Urteak dira hiru sindikatu horiek SIDENOReko zuzendaritzarekin batera eskutik helduta dabiltzala. Ordezkaritza daukaten lan-zentro gehienetan enpresarekin ezkutuko akordioak egiten dituzte, gero, pantomimak eginez, beraien akordioak plazaratzeko. Azken hamarkadan (edo gehiago) eskubideak galtzen ari dira hiru sindikatuek gehiengoa izan duten SIDENOReko lan-zentroetako langileak, hiru sindikatuek eta SIDENORek sinatutako akordioen ondorioz.

Azkoitira itzuliz, jakinda 2018ko azaroan hauteskunde sindikalak zirela, aipagarria da, urte bereko uztailean (hiru sindikatuek komiteko gehiengoa osatzen zutela aprobetxatuta), opor bezperatan, negoziazioa irekita egon gabe, eta asanblearik egin gabe, momentu hartan indarrean zen hitzarmena beste 5 urtez luzatzea erabaki zutela, langileon eskubideak eta lan-postuak murrizteko aprobetxatuz, urte horietan guztietan, hurrengo komitearen gehiengoaren jarduera erabat baldintzatuz. Jarrera garden eta parte-hartzailea irudituko zaionik agian, izango da.

2018ko azaroan hauteskundeetan gehiengoa galdu zuten eta, urte askoren ondoren, iaz hasi zen beraien gehiengorik gabeko aurrenengo negoziazioa. Enpresak negoziazio serio bat eraman beharrean, gehiengoa baldintzatuta zeukan ABEEE bat aplikatu zuen. Reinosa-ko (Kantabria) lan- zentroko komitearekin bilduta, hiru sindikatuek gehiengoa zeukaten. Horren ondorioz, sinatu egin zuten ABEEE (asanblearik konbokatu gabe kasu honetan ere), eta Azkoitian martxan izan da ordutik (Reinosan ez, akordioa ixteko beharrezkoa izan zen arren) langileak nekatu eta negoziazioa baldintzatzeko helburu garbiarekin.

Aurreko astean Azkoitian izan zen asanblada deitzeko lortutako sinadurak azaroan bildutakoak ziren; beste gai-orden batekin; asanblada deitzeko sinadura eman zuten askori (30etik gora) ez zaio hitzarmena aplikatzen, eta beste zenbaitek presiopean sinatu zuten; eta gainera, batzarrean bertan galde-erreguak egitea ukatu zieten langile guztiei. Izango da hori ere gardena eta demokratikoa dela deritzonen bat.

Enpresa urduri dabil ez duelako lortu langileak nekatzea, eta antzerki hori erabili du jendea beldurtu, presioa sartu eta hitzarmenaren negoziazio prozesuari amaiera emateko.

Azkoitiko eta Legutioko prozesuek irekita jarraitzen dute, eta aurrerago, egingo dugu bi negoziazio horien azterketa xeheagoa. Hala eta guztiz ere, garbi utzi nahi dugu benetako negoziazio zintzo, serio eta xantaiarik gabearen alde jarraituko dugula, eta horren aldeko apustu irmoarekin segitzen dugula LAB sindikatutik. Enpresa Batzordearen gehiengoak babestutako proposamena soilik eramango dugu asanbladara, eta beronen gehiengoaren adostasunarekin bakarrik onartuko dugu.

Aurre egin diezaiegun gure pribilegioei; deseraiki dezagun sistema arrazista hau

Gaur, martxoak 21, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Egunean, pribilegioetan jarri du azpimarra LABek. Izan ere, egungo sistema arrazista deseraikitzera bidean, oinarrizko urratsa behar du gure pribilegioak onartzeak.

Ipar globalean jaio izanagatik, gure azalaren koloreagatik eta egunero sortzen, berritzen eta aldatzen diren erakunde eta harreman politiko, juridiko, ekonomiko eta sozialekiko erregimen arrazista baten parte izateagatik ditugun pribilegioez ari gara, horiek pribilegioak ditugula onartu beharraz; ez pribilegio horiek geldiarazi gaitzaten, baizik eta erantzukizun politikoz aldaketarako palanka moduan erabiltzeko, sistema arrazista hau hankaz gora jartzeko.

LABen, gure tokitik eta posiziotik, lehentasunez laneko arrazakeria errotik erauztea dagokigu, bidegabekeria, desberdintasun eta indarkeria iturri nagusietako bat baita. Konpromiso horretan berresten gara.

Ildo beretik, Euskal Herriko herri eta hirietan gaurko egunaren harira mugimendu antirrazistak deituriko mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu, zor koloniala konpontzearen alde, justizia neurri zehatzak hartzeko eta migratu eta arrazializatu guztiei bizitza seguruak eta bizi baldintza duinak bermatzkeo.

Egin diezaiegun aurre gure pribilegioei; deseraiki dezagun sistema arrazista hau.