2026-07-31
HomeEkintza SindikalaOldarraldiari erantzuteko eta administrazioaren euskalduntzean jauzi egiteko, mobilizazioak eta ekimenak bultzatuko ditu...

Oldarraldiari erantzuteko eta administrazioaren euskalduntzean jauzi egiteko, mobilizazioak eta ekimenak bultzatuko ditu LABek udazkenean

Lan deialdi berriak prebentziozko jarrerarekin ezartzen hasiak dira instituzioak, epaitegien zigorra jasotzeko mehatxuak baldintzatuta. Horren aurrean, oldarraldiari erantzutetik harago, administrazioa euskalduntzeko legeria aldatu beharra dago, eta horrek herritarren aktibazioa eskatzen du. Horretan bere ekarpena egingo du LABek.

Duela 4 urte hasitako EAEko administrazioaren euskalduntzearen aurkako oldarraldi politiko-sindikal-judizialak ez du etenik izan azken hilabeteetan. Horrela, EAEko hainbat lan deialdi eta legeren hizkuntza eskakizunen zein euskara sustatzeko bestelako neurrien aurkako 14 epai, gutxienez, izan dira ikasturte honetan. Hau da, hilabetean epai bat baino gehiago, hori da epaitegietatik euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurka etenik gabe egiteko azken hiruzpalau urteetako kadentzia arbuiagarria.

Epai hauek guztiek euskara administrazioan erabat normalizatzea oztopatu nahi dute, eta, ahal duten heinean, aurreratutakoari atzerantz eragitea beste helbururik ez duen jurisprudentzia osatu. Administrazio publikoaren lanpostu guztietara aurkezteko gaztelera ezagutzea beharrezkoa den arren, euskara eskakizunak gaztelerazkoekin parekatu nahi dituzten edozein lan deialditako eskaerak “gehiegizkoak” eta “inposizioa” omen dira. Epai-segida horren bitartez epaileak hizkuntza politika egiten ari dira, beraien eskumenetatik harago joanez; euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako hizkuntza politika judizial glotozida.

Argudioen bihurritze horretan, hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen arteko dikotomia faltsua planteatzen ari dira sektore euskarafoboak. Izan ere, eskubideak, eskubide badira, ezin dira mailakatu. Eskubide batzuen urraketa aldarrikatzea beste batzuen mesedetan ez da zilegi ezta onargarria ere, eta larria da hori izatea euren burua aurrerakoitzat duten pertsonen eta eragileen mezua.

Hori guztia nahiko ez, eta ikasturte honetan nabarmentzekoa da oldarraldiaren ondorioak eta eraginak ezagutzen ere hasiak garela. Epai bakoitzak aztertzen duen auzi espezifikotik harago, epai segida luze hau administrazioaren euskalduntzearen egungo paradigmari kortse estua ezartzen ari zaio. Arduradun instituzionalak lan deialdi berriak prebentziozko jarrerarekin zehazten hasiak dira, horiei helegitea jartzeko arriskua agerikoa dela jakinda, eta, hori gertatuz gero, aurkako epaia jasotzearen mehatxua ia ziurra denaren beldurrarekin. Hau da, lan deialdi berriak eta administrazioaren euskalduntzearekin lotutako bestelako neurriak ez dira erabakitzen ari, orain arte bezala, administrazio elebiduna erdiesteko prozesu progresiboan urrats berriak egiteko perspektiba askearekin (eta herri honen gehiengoaren borondateari jarraituz), baizik eta epaitegien zigorra jasotzeko mehatxuaren pean. Horrek guztiak gazteleraren hegemonia areagotu, eta euskara bigarren mailako menpekotasun egoeran betikotu baino ez du egingo.

Oldarraldiak ez du etenik izango, eta euskararen normalizazio prozesuaren une erabakigarrian gertatzen ari da hau, administrazioaren euskalduntze prozesu osoa auzitan jartzen ari baitira. Horregatik, ez da nahikoa oldarraldiari aurre egin eta administrazioa euskalduntzeko egungo eredua defendatzearekin. LABen ustez, administrazioa euskalduntzeko paradigma eraldatu beharra dago, eremu horretan jauzi egiteko. LABek aldarrikatzen duen paradigma berria EH Bilduk aurkeztutako Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko proposamenaren norabidean doa. Aldaketa horrek soilik emango dio segurtasun juridikoa administrazioa euskalduntzeko prozesuari.

Hala ere, administrazioa osoki euskalduntzeko ez da nahiko legea aldatzeko bide parlamentarioarekin. Helburu horrek eragile sindikalen, euskalgintzaren, eta, oro har, herritarren aktibazioa eta indar metaketa eskatzen du. LABen ustez, pairatzen ari garen erasoaldiaren tamainako aktibazioa eta mobilizazioa beharrezkoa da, ez soilik oldarraldia gerarazteko, baita administrazioaren euskalduntzean jauzi egiteko ere. Horrela, aktibazio horri ekarpena egiteko, LABek udazkenean hainbat mobilizazio eta ekimen egingo ditu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.