2026-05-01
HomeEkintza SindikalaBanketxeei eta eraikuntza enpresei diru publikoz laguntzea etxebizitza politika okerra dela salatu...

Banketxeei eta eraikuntza enpresei diru publikoz laguntzea etxebizitza politika okerra dela salatu du LABek

Gaur, EAJren iniziatibaz, etxebizitzak erosteko abalen lerroa onartzekoa da Eusko Jaurlaritza. LABek dekretua bertan behera uzteko alegazioak egin dizkio, 2015eko Etxebizitza Legea urratzen duela iritzita.

Sabin Etxea aurrean elkarretaratzea egin du LABek, Jaurlaritzaren etxebizitza politika salatzeko eta azken asteetan hartu diren neurrien inguruko balorazio kritikoa egiteko. Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak hartu du hitza, eta hiru mezu nagusi azpimarratu ditu.

Batetik, aurreko astean EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean aurkezturiko premiazko neurriak aztertu ditu Perezek. Haren hitzetan, bizi dugun larrialdi egoerari eraikuntza ziklo berri batekin erantzun nahi dio gobernuak eta, hartutako norabidearekin, arazoa are gehiago okertuko du, konpondu beharrean: “Langileak pobretzeko arrazoi nagusietakoa bihurtu da etxebizitza; sarbidea geroz eta zailagoa da, eta EAJk eta PSEk nahiago izan dute merkatu pribatua elikatzeko politikak eta eraikuntza enpresei begirako neurriak proposatu, errotik arazoari erantzun baino. Prezioak jaisteko berehalako neurriak behar dira, baita parke publikoa handitzekoak ere, baina parka ezin da soilik etxe berriekin osatu. Dagoena mobilizatzeko neurriak behar-beharrezkoak dira”.

Diru publikoa zertara bideratzen den, horrekin ere kritiko azaldu da Ekintza Sozialeko arduraduna: “Hemen eskupekoak jaso eta diru laguntzetatik bizi direnak banketxeak, eraikuntza enpresak eta higiezinen patronala dira, eta horri amaiera eman behar zaio. Etxebizitzen funtzio soziala lehenetsi behar da eta harekin negozioa egiteko aukera mugatu. Hor egin behar da ahalegina eta hor hartu behar dira premiazko neurriak”. Perezek adierazi du gazteak emantzipatzeko diru laguntzak errentisten eskuetan amaitzen dutela, eta, era berean, gaur onartuko den abalen lerroa banketxeei diru publikoaren transferentzia egiteko erabakia dela. “Suari gasolina gehiago botatzea da; merkatuko prezioek igotzen jarraituko dute, eta banketxeek, langileen hipoteken bidez gehiago aberasten”. 

Halaber, salatu du abalen lerro horri alegazioak aurkeztu dizkiola LABek, 2015eko Etxebizitza Legea urratzen duela iritzita. “Legeak jasotzen du diru publikoak alokairu sozialerako edota etxeak birgaitzeko izan behar duela, eta, orain, Gazteria Sailak 140 milioi bideratuko ditu, Finantza Institutuaren eskutik, erosketa sustatzera”. Horren ondorioa izango da, Perezen arabera, dagoeneko etxea erosteko aukera dutenei erraztu egingo zaiela horretarako aukera, eta, aldiz, premia handiagoa dutenek babesgabe jarraituko dutela. “Dekretua bertan behera uzteko eskatu dugu, eta erantzuna da abal lerro hau ez dela etxebizitza politikaren parte. Eskandalu hutsa da”, salatu du. 

Hirugarrenik, Perezek azpimarra egin du LABek egindako proposamenetan. Etxebizitza larrialdiari eta langile sektoreek bizi duten prekarizazio eta pobretze prozesuari aurre egiteko, prezioen etengabeko igoerari galga jartzeko eta horiek jaisteko neurriak behar direla aldarrikatu du. Horretarako, EAE osoa tentsio gune izendatzeko eskatzen du LABek, baita prezioen indizea berehala publikatzea ere. “Ez du arazoa konponduko, baina tresna gehiago emango dizkigu”, adierazi du Perezek. Era berean, Etxebiden 100.000 pertsona izen emanda egotea eta %85ek alokairu soziala galdegiteak nahikoa arrazoi behar luke Etxebizitza Legeak jasotzen duena betetzeko, salatu duenez. Etxebizitza eskubidea bermatzeko eta sarbidea ahalbidetzeko merkatu pribatuan alokairua ordaintzetik alokairu soziala eskaintzera igaro behar du administrazioak, aldarrikatu duenez, eta, horretarako, etxejabeei, banketxeei eta errentistei onura fiskalak eman beharrean, presio handiagoa egin behar zaie, etxebizitzak egon badaudelako. 

“Negozioa egiteko bahitutako etxeak modu duin eta iraunkorrean bizitzeko etxeak bihurtzeko neurriak behar ditugu”, aldarrikatu du. “Pertsonak dira erdigunean jarri behar direnak, maizterren eskubideak babestuz eta zabalduz, inor kale gorrian geratu ez dadin. Astero ezagutzen ditugu indarrez haien etxeak uztera behartzen dituzten langileen egoerak, atzo Bilbon etxegabetutakoa nola, eta halako egoerak ezin ditugu normalizatu eta onartu”. 

Amaitzeko, LABek etxebizitza problematikari aurre egiteko duen konpromisoa berretsi du Endika Perezek: “Bizi dugun gatazkan modu zuzenean esku hartzen ari da sindikatua, ekintza sindikalaren bidez, alokairuen prezioak jaisteko borroka eginez, turistifikazioaren ondorioei aurre eginez eta etxegabetzeen aurka.” Horrela, sindikatua etxebizitza problematikari aurre egiteko tresna izan dadin lanean jarraituko dutela esan du Perezek. 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...

Erandioko Udaleko langileak mobilizatu egin dira gaur, Erandioko udalak hasi asmo duen etxez- etxeko laguntzaren pribatizazioaren aurka

Urteak daramatzate etxez- etxeko laguntza zerbitzua indartzea exijitzen. Alde batetik, zerbitzurako sarbidea izan beharko luketen erandioztar guztiei eskubidea bermatzeko eta bestetik, ematen den zerbitzuaren...

Igor Arroyo: “Batzuentzako prekaritatea dena, beste batzuentzako etekinak dira”

LABeko koordinatzaile orokorrak elkarrizketa eman du gaur goizean Naiz Irratiko mikrofonoetan. Greba Orokorraren osteko egoeraz, lan osasunaz, euskara eskakizunen aferaz edota, nola ez, biharko, Maiatzaren Lehenerako, sindikatuak eginiko deialdiez mintzatu da, besteak beste.