2026-02-06
Blog Page 566

Cables y Alambres enpresako langile jubilatu eta egungo langileek Vicinay taldearen enpresa baten bulegoak okupatu dituzte egin zaien akzio lapurreta salatzeko

0

Erandioko Cables y Alambres enpresako egungo langileak eta langile jubilatuak Cemvisa enpresaren bulegoetan sartu dira. Hain zuzen ere, Bilbon dagoen enpresa hau Vicinay Taldearen esku dago, eta okupazioa langileei egin zaien akzio lapurreta salatzeko egin dute.

2015ean, Cables y Alambres enpresa hartu zuenean, Vicinay Taldeak akzioak erosi zizkien garai hartan enpresako akziodun ziren langileei, notario aurrean. Erosketa Cemvisaren bitartez egin zuten, Vicinay Taldearen beste enpresa baten bidez, eta ez zen ordainketa bakar batean egin; bost urteko epea ezarri zuten ordainketa egiteko, eta azken epea aurtengo abenduaren 15a izan da.

Bada, Vicinay Taldeak erabaki du akzioak ez ordaintzea eta, horretarako, hartzekodunen lehiaketa eskatu du akzioen jabe den Cemvisa enpresan. Modu honetan, Vicinay Taldeak milioi erdi euro utzi die ordaindu gabe Cables y Alambres enpresako 123 langileri, eta honi gehitu behar zaio azken bost hilabeteetan egungo langileei ez diela soldata ordaindu ere egin; abuztuaz geroztik, hain justu.

Gogoratu behar da Vicinay Taldeak hartzekodunen lehiaketa eskatu zuela Cables y Alambres enpresan, irailean, Santiago Babio Martinez Osaba eta Guillermo Hormaechea zuzendaritza kideek lantegia utzi zutenean, Taldearen beste enpresa garrantzitsu batzuetan ardura postuak hartzeko. Abandonu honen ondorioz, plantilla da, Administrazio Konkurtsalarekin batera, ekoizpena kudeatzen ari direnak.

 

 

 

Osakidetzak errespetu falta dio Mahai Sektorialeko ordezkaritza sindikalari

0
Osakidetzako Zuzendaritzak argi utzi du, gaurko deitutako Mahai Sektorialaren bileran, ez dela gai Osakidetzako langile guztien ordezkaritza sindikalarekiko errespeturik txikiena erakusteko. Mahai Sektorialaren bilerak propaganda-ekintza huts gisa edo ke-gortina gisa erabiltzen jarraitzen du, beste albiste deseroso batzuk ezkutatzeko. Argi dagoena da aspaldi utzi ziola negoziazio kolektiborako foro izateari. Osakidetzak, bere harrokerian eta aurrera ihes egitean, ez du negoziatzen eta ez du horretarako asmorik. Sindikatuok bere ikuskizuneko harrizko gonbidatuak izatea besterik ez du nahi.

Gaurko Mahai Sektorialaren bilera, ohi bezala, berandu eta aldez aurretik informaziorik bidali gabe deitu dute. Gai-zerrendak, alde bakarrez inposatuak, bi puntu baino ez zituen jasotzen: lehena, zerbitzu jakin baten kokapen berriari buruzko informazio hutsa; eta bigarrena, garrantzitsuena, LEP berrian deitu beharreko plazei buruzkoa. Onartezina da, ordea, azken puntu horri buruzko informazioa atzo komunikabideen bidez jaso izana, sailburuaren ahotan, eguneko albisteari garrantzia estaltzen edo kentzen saiatzeko ahalegin desesperatuan: "De Miguel" auzian EAJko goi-kargudunei ustelkeria-sarea osatzeagatik ezarritako zigorrak.

EAJren baitan ustelkeriaren arreta desbideratzeko presa horiek zifra zehaztugabeak ematera eraman zuten sailburua, gaur Osakidetzako zuzendaritzak ageriko ezintasuna adierazi duen bileran aitortu den bezala, ez baitute argi zenbat plaza izango diren azkenean.

Ez genuke jakingo zer jarrera nabarmendu Osakidetzako egungo zuzendaritzan eta Kontseilaritzan: ezintasuna, ergelkeria, utzikeria, harrokeria edo fede txarra. Zoritxarrez, uste dugu denetik pixka bat dutela, proportzio berdinean.

Hedabideen aurrean zehaztu gabeko zifrak agertu beharrean, sailburuak eta Osakidetzako Zuzendariak hobe lukete euskal jendarteari azalduko bazenioten zergatik filtratzen diren azterketak Osakidetzan, zergatik “galtzen” diren 200.000 euro Santiago Ospitalean, zergatik ez den LEPa amaitu, zergatik ez den lanbide-garapenerako deialdirik egiten, zergatik ez den plantilla handitzen, zergatik zentroak ixten eta ordutegiak murrizten diren… Horretarako guztirako, Osakidetzako Zuzendaritzaren eta Kontseilaritzaren erantzuna bera dira: "Orain legegintzaldia amaitu besterik ez dugu nahi…”

 

 

 

Konpromiso sorta aurkeztu dugu langile guztion Euskal Herria eraikitzeko, Pertsona Migranteen Nazioarteko Egunaren harira


Iñigo Urkullu lehendakariak, azaroaren 30ean, Migraziorako Euskal Itun Sozialaren aurkezpena egin zuen, hainbat eragile gonbidatuz; horien artean, LAB sindikatua bera. Bertan ez parte hartzea erabaki genuen, Itunaren edukia aztertuta, tresna eraginkorra ez dela argudiatuz; alegia, xenofobia, pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako konpromiso eskasak jasotzen dituelako. Hala, agerraldai egin dugu, abenduaren 18ko Migranteen Nazioarteko Egunarekin bat, eta hainbat neurri aurkeztu ditugu bestelako politika publikoak beharrezkoak direla nabarmentzeko.  


Gaurko egunean, Pertsona Migranteen Nazioarteko Eguna, LABek pertsona migranteek pairatzen duten egoera gogorarazi eta salatu nahi du:

• Jatorrian, kapital transnazionala da Iparralde Globalaren eta Hegoalde Globalaren arteko ezberdintasunak eragiten dituena. Hegoalde Globaleko herrialdeei inposatzen zaien eredu extraktibista eta espoliazioa eta orokorrean, kapitalismoa neoliberalak bultzatzen duen garapen eredu sostengaitza txanpon beraren bi aurpegiak dira.

• Zirkulazioan, izan ere, bidaian ematen diren giza eskubideen urraketak konstante bat dira. Mugen itxiera, poliziaren gehiegikeriak, babesgabetasun politiko eta juridikoa… errealitate horren adibide garbiak dira.

• Helmugan. Langile migranteak lan eskuaren esplotazioaren azken katebegira dira patronalarentzat. Lan eskubideen murrizketa eta eskubide sozialen murrizketa langile guztiok sufritzen ditugun erasoak dira, baina langile migranteek modu krudelagoan bizitzen dituzte.

LABek ordezkatzen duen sindikalismoak pertsona migranteek euskal gizartearekin izan beharreko elkarrekintza eta elkarkidetza prozesuaren parte izan behar du.

Horretarako, aldaketa sozialean oinarritutako prozesu independentista batek izan dezakeen potentzial guztia garatu behar dugu langile migranteen interesak defendatzeko eta ortzimuga askatzaile berri bat sortzeko.

Orain dela aste batzuk, Eusko Jaurlaritzak, Migraziorako Euskal Itun Soziala aurkeztu zuen. LAB sindikatutik ez parte hartzea erabaki genuen, izan ere, gure iritziz, bertan ez da konpromiso zehatzik ez eta politika publiko zehatzik kokatzen migrazioaren aferari modu integralean erantzuteko. Berriro ere ikusi dezakegu nola Eusko Jaurlaritzak diskurtsoa eta praktika modu ezberdinean ulertzen dituen. Erretorika hutsak ez ditu eskubideak eraikitzen; ekintza eta erabaki konkretuak behar dira, eta, zoritxarrez, DSBEaren erreforman edota harrera planen aplikazioan ikusten ari garen bezala, Gasteizko Gobernuak asko du hobetzeko gai hauetan. Are gehiago, atzerapausoak ematen ari da politika publiko askotan.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak migrazioaren auziaren inguruko bere konpromisoak egin ditu gaur publiko, agenda sindikalean ondorio zuzena izango dutenak. Hainbat neurri zerrendatu ditugu, egingarriak direnak.

 

 

 

Administrazio eredua goitik-behera aldatzea beharrezkoa da iruzurrak dakarren lapurretarekin amaitzeko

Euskal Herrian inoiz frogatu den korrupzio kasurik handienak badu epaia, “De Miguel auziaren” bueltan frogatuta geratu baita ustelkeria trama egon zela. Baditugu arrazoiak iruzurraren eta iruzurgileen aurka kalera ateratzeko. Adi! plataformak deituta, gaur arratsaldean Gasteizen egingo den mobilizazioarekin bat egiten dugu LABetik.

LAB sindikatutik beti argi izan eta esan dugu Euskal Herrian ere badela ustelkeria, beti egon dela, alderdi sistemikoen “euskal oasiaren” parte izan dela eta badela, euskal erakundeetan beste hainbat kasutan ere ikusi dugun moduan; Gipuzkoan “Bravo” kasua, Kutxabankeko “Cabieces” kasuarekin gertatu bezala.

Euskal oasian ere bada, bai, ustelkeria, eta ustelkeria hori ezin da ulertu arduradun batzuk edo besteek izaniko jokamolde isolatu eta pertsonal moduan. De Miguel auziak EAJ zipriztindu badu, Urkulluren alderdia lokatzetan belaunetaraino sartuta izan delako da. Ezin dira erakundeak Batzokiak bailiran kudeatu, interes propioen mesedetan.

Elite politikoek eremu publikoan duten boterea baliatuz eraikitzen da iruzurraren amarauna, baita gurean ere; sare eta harreman klientelarrak daude oinarrian. Praktika horiekin amaitzea ezinbestekoa da ustelkeria ororekin amaituko bada, baita Euskal Herrian ere.

Hori egin ezean, boterean diren agintari sistemikoek praktika ez legezko eta ez bidezkoen bidez euren poltsikoak betetzen jarraituko dute, eta herritarronak ustutzen.

Iruzurrak dakarren lapurretarekin amaitzeko administrazio eredua goitik-behera aldatzea beharrezkoa ikusten dugu, diiru publikoaren kudeaketa gardena eta aberastasunaren banaketa justua bermatzeko. Eta bien bitartean, “De Miguel” eta gisakoekin lapurtu diguten guztia itzul dezatela.

 

 

 

Soldata arrakala salatu dute Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen garbiketako langileek

0

Kale ekintza bat gauzatu dugu Donostian, Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen garbiketa hitzarmenean soldata arrakala gainditzeko borrokaren baitan. Hain zuzen ere, Tabakalerako tunela, Bretxa plaza eta San Martin merkataritza gunean izan gara, soldata arrakala %28ra iristen dela salatzeko.

Hauxe da gaurko ekintzaren harira igorritako oharra:

Emakumeak* gara, garbitzaileak eta Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen garbiketa hitzarmenean soldata arrakala gainditzeko borrokan ari gara!

Urtebete daramagu negoziatzen. Gure aldarrikapen nagusia SOLDATA-ARRAKALA EZABATZEA da, Gipuzkoako Garbikuntza Sektorean ere badagoena. Izan ere, guk egunero egiten dugun lana kale-garbitzaileek egiten dutenarekin alderatzen badugu, argi ikusten da gure arteko arrakala. Eraikin eta Lokaletako garbitzaileok 5.175 € gutxiago jasotzen ditugu urtean (kale-garbitzaileei dagokien lan toxiko eta nekagarrien plusa kontuan hartu gabe). Bi kategoria horien arteko aldea, beraz, %28koa da.

Zergatik hori? Lan-esparru feminizatuetan prekarietate handiagoa dago, eta gurean hori bera gertatzen da. Emakumeak gara, eta gure lana gutxiago baloraturik dago. Gure sektorean emakumezkoena da; kale-garbitzaile gehienak, ordea, gizonak. Eta hortxe dago koxka, hortxe da bretxa!

Urtebeteko negoziaketaren ostean ASPEL patronalaren jarrera salatu nahi dugu. Izan ere, betoekin jokatu du hasieratik. KPIaren erreferentzia ezin dela negoziatu, urtea pasa ahala ez direla atzerapenak egongo eta soldata arrakala ez dela existitzen. Eta harekin batera, arrakala, beraien isiltasun eta utzikeriarekin mantentzen duten klienteak ere, administrazioa eta enpresa pribatuak.

Gu sinetsita gaude orain dela abagunea. Emakumeak, eta gure errealitatea ikusgai daude inoiz baino gehiago. Garbitzaileok emakume borrokalariak gara, eta hala frogatu dugu hainbestetan. Orain, hain bidezkoa den borroka honetan, ez gara atzean geratuko.

 

 

 

Helduen egoitzetako dekretuaren aurka mobilizatu gara Getxon, Urgatzi enpresaren aurrean, zaintzaren negozioari ezetz esateko

Pertsonal falta enpresentzako diru iturri oso aberasgarria bilakatzen da. Zaintza diru iturri bilakatzeak milaka pertsonentzat ezinbestekoa den lanpostua are zailago bihurtzea dakar.

Pasaden uztailaren 31ean, Eusko Jaurlaritzak gune erresidentzialen dekretua onartu zuen eta dekretuak honako gaiak erregulatzen ditu erresidentzietan: material kontuak, pertsonal kontuak eta homologazioa.

Gure eskaerak betetzetik urrun, dekretu berriak enpresentzako negozio bilakatzen gaitu, gure osasuna arriskuan jartzen du. Jezartzen duen pertsonalaren ratioak, sektorea baldintza egokietan mantentzeko ezinbestekoa dena, ez du 98ko aurreko dekretua hobetzen, ez nahikoa da eta makinen antzera lanean eduki nahi gaitu.

Dekretuak hobekuntza ekarri badakar, baina egoitzak kudeatzen dituzten enpresen banku kontuentzako soilik. Zerbitzuaren titulardunek, Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak izaera pribatua duten elkarteei orubeak eta edifizio publikoak eskaintzen dizkiete. Horrelaxe, eskubide baten kudeaketa enpresaburuen kontuen saldo positibo bihurtzen da. Sektoreko langileak etekinak ateratzeko aukerarik hoberena dira, zenbait eta pertsonal gutxiago, orduan eta etekin gehiago eta aldierantziz planteatuta ere.

Dekretuaren onespenak zerbitzu sozialen kudeaketa egoiliar eta langileentzako beharko luken sistema publiko, doako, unibertsala eta egokia izatetik urruntzea ekartzen du.
 

 

 

Greba Orokorrera jotzeko arrazoiak soberan daudela berretsi dugu Iruñean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekitaldia egin du Iruñeko Labriten eta manifestazioa ondoren, Nafarroarako aurrekontu duin batzuk aldarrikatzeko. Gasteizen atzo egin bezala, Kartako eragileak oholtzara igo gara, eta lan, pentsio eta bizitza duinak lortzeko mobilizazioa beste biderik ez dagoela berretsi dugu. Hala, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako deia luzatu dugu berriro, planto egiteko arrazoiak soberan ditugulako.

Labriteko ekitaldian, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza, eta aurrekontu duinak aldarrikatu ditu Nafarroarako, atzo EAErako aldarrikatu bezala: “2015eko aldaketa sakonagoa izan zitekeen. 2019an panorama argitu da, eta ez dugu uste aurrekontu duinak ekarriko dituztenik”.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “hiru gauza behar dira aurrekontu duinak lortzeko: mugimendu sozial eta sindikalaren parte-hartzea bermatzea, gastu mugarekin amaitzea eta aberastasuna modu ekitatiboan banatzea"

 

 

 

Eñaut Aramendi: “Orain da momentua inoiz baino gehiago borrokatzeko”

Macronen Gobernuak ezarri nahi duen erretreten erreformaren aurkako hirugarren greba eguna da gaur, eta kalean izan gara berriro, lan, pentsio eta bizitza duinaren defentsan. Hain zuzen ere, aurreko egunetan egin bezala, pikete eta mobilizazioetan hartu dugu parte, eta Baionako autobus geltokitik abiatutako manifestazioarekin egin dugu bat.

Ipar Euskal Herriko LABeko ordezkari Eñaut Aramendik ohartarazi du, gaur ere, erretreten erreformak bizi baldintzak okertuko dituela, pentsio sistema ahalduko duela eta, bereziki, gazteak kaltetuak izango direla, ez baitute pentsio sistema duin bat izango lan ibilbidea bukatzerakoan. “Erreforma honek ez digu ezer onik ekarriko. Orain da momentua inoiz baino gehiago borrokatzeko”.

Eñaut Aramendik gogoratu du igandean prekarietatea salatu genuela Angelun, astelehenean Donibane Garaziko tren zerbitzuan eragozpenak sortu genituela eta gaur, Baionan, piketeetan hartu dugula parte erretreten defentsan, goizean goizetik: "Arratsaldean batzarra egingo dugu protestei zein segida eman erabakitzeko, baina jada ostegunerako mobilizazio eguna dugu berriro".
 

 

 

Estigmak ere hiltzen duela salatu nahi dugu Sexu Langileenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean

Abenduak 17 Sexu Langileenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Egun honetan, 80. hamarkadan, Seattle-en gizon batek 49 sexu langile erail zituela gogora ekartzen dugu. Atxiloketa egunean gizonak adierazi zuen "ahalik eta gehien erailko nituzke kaleak garbitzeko". Egun, ez gaude diskurtso horretatik urrun.

Hainbat herrialdetan sexu langileak politika publikoen bitartez jazartzen dituzte; haien askatasuna murriztuz, haien gorputzen eta lanaren kontrola ezarriz, haien eskubideak urratuz, indarkeriaren bitartez.

Migrazio legeak trata eta prostituzioa nahastuz, sexu langileen eskubideei eraso egiten diete, eta haien lan baldintzak okertzen eta prekarizatzen dituzte. Sexu langileak indarkeria pairatzen dute, ez soilik instituzioengatik, jendartean dagoen haien lanarekiko estigmak, bazterretara eta ikustezintasunera kondenatzen dituelako ere. Haien lanaren aitortza ezak indarkeria areagotzen du eta egoera zaurgarri batean uzten ditu langileak. Jakin badakigu, sexu langileen lana aitortzen ez den bitartean, ezingo dugula indarkeriarekin bukatu.

Estigmak ere erailtzen gaitu, langileak gara eta aitortza nahi dugu.