2026-04-05
Blog Page 557

Haurreskolak Partzuergoko gerentziak eta Eusko Jaurlaritzak negoziatzeari uko egin diote

0
Gaur, Martxoak 9, Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa arloko aurreakordioa sinatu zenetik bi hilabete betetzen direla eta, kudeaketako langileen arloko aurreakordioa akordio bihurtzeko ez dela mahai negoziatzailerik bildu salatu nahi du LAB sindikatuak. Hainbatetan eskatu dugun dokumentazioa ez zaigu oraindik aurkeztu eta birritan deitu duten mahai negoziatzailea bertan behera utzi dute, inongo azalpenik gabe.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ez du bere hitza bete eta desagertuta dago. Kudeaketa arloko lanpostuen zerrenda, 32 plazekin onartu eta argitaratu behar zen 2020ko otsailean; horren baitan, lanpostu berriak betetzeko barne sustapenaren deialdia ere egin behar zuten.

EAJ-k Haurreskolak Partzuergoarekiko duen utzikeria eta arduragabekeria behin baino gehiagotan salatu dugu, oraingoan martxoaren 11rako mahai negoziatzailea deitu dute, gai ordenan puntu bakarra jarriz, 2020ko soldataren igoera. Hau guztia gutxi balitz, emailez ekarpenak bidaltzeko aukera ematen digute.

LAB sindikatuak eskaera bideratu dio Haurreskolak Partzuergoko gerenteari negoziatzeko ditugun beste gai batzuk gaiordenean txertatzeko. Orain arte, negoziazioa motel joan bada ere, Gerente berriaren izendapenak negoziazioa etetea besterik ez du ekarri.

Gauzak horrela, LAB gero eta arduratuago dago Haurreskolak Partzuergoan gertatzen ari den egoerarekin eta horregatik, bitartekaritza eta bide judiziala hartzea besterik ez zaigula geratuko susmatzen dugu.

 

 

 

EHUko eta Hezkuntza Saileko azpikontratatutako garbitzaileek Emakunderen egoitzara eraman dituzte euren aldarrikapenak

0

Sindikatuok esan nahi diegu enpresei gure eskuak luzatuta jarraitzen duela, eta edozein momentutan mahai baten bueltan esertzeko prest gaudela, edukiez hitz egin eta gatazka konpodu. Horixe da gure borondatea. Horretarako ezinbestekoa da patronalaren borondatea langileon eskariak aintzat hartzeko. Horrela ez bada, tinko jarraituko dugu borrokan, amaieraraino heltzeko erabakia hartuta dugulako.

Sindikatuok (LAB, ELA, ESK eta CCOO) orain arte egindako greba egunei buruz egin dugun balorazioa:

Gaur, martxoaren 5ean, laugarren greba eguna ari gara egiten Hezkuntza eta EHUko garbiketa kontratetako langileak. Gaurko mobilizazioa Emakunderen egoitzaren aurrean amaitu dugu, euskal administrazioari gogorarazteko prekarietatea onartzen ari dela bere instalazioetan, garbiketa bezalako sektore batean zeinetan emakumeak diren langileen %90a. Administrazioa martxoaren 8an publizitate-kanpainak egitera mugatzen da, eta ardura %40 baino gehiagok lanaldi partzialak izatea, eta gizonen %100ak lanaldi osokoa. Ez da kasualitatea emakumeak izatea hezkuntza komunitatean txartoen ordaindutako langileak emakumeak izatea.

Greba deitu dugun sindikatuok orain arte gertatutakoren balorazioa egin nahiko genuke.

Lehenik eta behin, zabala izan da grebaren jarraipena, eta balioa eman nahiko genioke langileak hiru lurraldeetan erakusten ari diren determinazioari. Era berean, greba irmoa izaten ari da. Lehen egunetaik nabarmena da lan-zentro asko zikin daudela. Baina hemendik ukatu egin nahi dugu ekintza bandalikoak gertatzen ari direnik, EHUren zuzendaritzak salatzen duen moduan. Lan zentroak zikin daude hezkuntza-komunitatea kontura dadin garbiketako langileok egunero egiten dugun lanaz.

Fakultateak zikinak daude, gure lan mesprexatu eta izkutukoak duen garrantziaz jabetu daitezen. Ez gara bigarren edo hirugarren mailako langileak, hezkuntza-komunitatearen parte gara gainontzeko langileak bezala. Nabarmena da besteak bezain ezinbestekoak garela hezkuntza-jarduerak funtziona dezan.

Bestalde, oso larritzat ditugun gertakari batzuk salatu nahi genituzke, azken egun bietan gertatu direnak eta greba izkutatu eta oztopatzea dutenak helburutzat.

• Asteartean, Gasteizko Farmazioako dekanatoak deialdia egin zuen fakultatea bolondresek egiteko. Honek legez kanpoko langileen ordezkatzea esan nahi du eta ondorioz, grebarako eskubidea urratzea.

• Goizean ez zioten utzi Greba-Batzordeari Arabako Campuseko Errektoreordetzara sartzen utzi.

• Atzo asteazkena, Ertzaintzak eragotzi egin zien manifestariei Arabako Campuseko fakultateetan sartzera, parte-hartzaileetako bat identifikatuz.

• Gipuzkoako zenbait ikastetxetan zuzendaritzak ikasleak animatzen ari dira, garbi dezaten.

Era berean, itogarria izaten ari da poliziaren presentzia campusetan. Gure ustez, errektoretza-ekipoak eskatu duena. Guztiz gaitzesten dugu EHUren Zuzendaritza erakusten ari den jarrera, langileon gain jartzen duelako egoeraren erantzukizuna eta ez zilegizko neurrietan, patronalaren alde kokatuz. Onartezina da unibertsitateko arduradunak greba eskubidea urratzen ibiltzea, ez dagokien lan bat egiterakoan. Tamalgarria da langileak kriminalizatu nahia.

Guzti honetatik ateratzen dugun ondorioa da greba oso ondo ari dela ateratzen eta mina egiten ari dela. Baina hemendik dei egiten diogu EHUren zuzendaritzari garbitzaileak seinalatzen ibili beharrean, Hezkuntza Sailera jo dezala lan-gatazka honen konponbidean inplika daitezen.

 

 

 

Sindikatu feministatzat dugu gure burua eta praktika feminista bateranzko bidea egiten ari gara

0

Emakumeon* Batzarra egin dugu Donostiako Eureka Zientzia Museoan. Bertan, sindikatuko 100 emakume elkartu gara Martxoaren 8aren bezperako egunetan. 2019ko Greba Feministatik hona egindako ibilbidea aztertu eta hainbat gairen inguruan egin dugu eztabaida: berdintasun politikak, etxeko langileak eta zaintza lanak, sindikatuak martxan jarritako eskola feminista aitzindariak eta ekintza sindikala.

Sindikatuak aurten “Kapitalismoak gure bizitzei erasotzen die, kapitala hautsi, bizitzari eutsi” lemapean ardaztu du martxoaren 8a. LABeko emakumeok badugu ardura bat eta erantzukizun bat, gure zeregina eta helburua delako sindikatu hau feminismora eramatea, sindikatu honen praktika feminista bilakatzea: “Askotan esan dugu sindikatu honen ezaugarri nagusietakoa dela hitza eta ekintza garela eta horretaz harro azaldu izan gara. Hori da lortu behar duguna feminismoarekin ere. Lortu behar duguna, urratsez urrats bide bat egiten ari garelako”.

LABen iritziz, “gu ez gara zuriketa morearen parte izango, guk onartzen dugu oraindik ere bide batean gaudela, urrats berriak eman behar ditugula, sindikatua feminista aldarrikatzetik sindikalismo feminista egitera oraindik ere ibilbidea egin behar dugu. Baina, determinazio osoa daukagu horretarako, borondatea, gogoa eta ilusioa ez zaigu falta, proposamenak ere ez. Gaur proposamen horiek eztabaidatu eta horien inguruan gogoeta egiteko tartea izan dugu”.

Igandean, martxoaren 8an, Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiriburu eta herrietan egingo dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du LABek.
 

 

 

Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eskatu diogu lehenbailehen egin dezala Hezkuntza Itunaren Jarraipenerako Batzordea biltzeko deia

0

Nafarroako Irakaskuntza publikoaren Hezkuntza Ituna sinatu dugun sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu Hezkuntza Departamenduaren aurrean, eskatzeko lehenbailehen bildu dadila Hezkuntza Itunaren Jarraipenerako Batzordea. Horrela lortu nahi dugu 2020rako adostutako neurri guztiak bete daitezela behingoz eta egutegi bat ezar dezatela erabaki gabe dauden gainerako kontuei ekiteko. Eskaera erregistratu dugu.

Ikusirik Nafarroako Gobernuak ez duela partida espezifiko bat sartu nahi izan Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2020rako Hezkuntza Itunean adostutako neurriak betetzeko, Ituna sinatu genuen sindikatuok (LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGT) Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu lehenbailehen egin dezala Itunaren Jarraipenerako Batzordea biltzeko deia, adostutakoa betetzeko dauden bideak aztertzeko.

Gure ustez, aurrekontu-partida espezifiko bat ez egoteak nabarmen galarazten du 2020rako adostutako neurriak betetzea. Hezkuntza Departamentua oraindik prest badago 2020-2021 ikasturtean 57 urtetik gorako irakasleei eskola-karga murrizteko eta ikastetxeei ordu gehiago emateko zuzendaritza-lanak konpentsa ditzaten, lehenbailehen jakinarazi beharko du. Bi neurri horiek behar-beharrezkoak dira, eta irakasle lanpostu gehiago sortzea ekarriko lukete.

Horregatik guztiagatik, Ituna sinatu genuen sindikatuok Hezkuntza Departamentuari exijitzen diogu batzorde horren bilerarako deia egin dezala, Itunaren agirian jasota dauden neurri guztiak kuantifikatzeko eta aplikazio egutegi bat zehazteko. Izan ere, Ituna 2022-2023 ikasturtea hasi baino lehen bete behar da oso-osorik.

 

 

 

Arabako ESIko zuzendaritzari ikerketa espedientea abiatzea eskatu diogu, “0 Pazientearen” inguruko kudeaketaren egokitasuna argitzeko

0

Gaur, Arabako ESIko zuzendaritzari erregistro bidezko eskaera egin diogu Txagorritxu ospitaleko “0 pazientearen” inguruan egindako kudeaketa argitzeko. Adibidez, deigarria da Txagorritxuko lehen kasu ziurra pasa den ostiral arratsaldeko 19:30ean izanda, protokoloa ez zela gaueko 22:00ak arte aktibatu.

Ikerketa honen bitartez argitzea nahi dugu ea protokoloak bete ziren eta bete baziren, egokiak izan ote ziren langileen osasuna babesteko eta gure zentroetan koronabirusaren hedapenari eusteko. Azken finean, Txagorritxun sortutako egoera ikusita, halako ikerketa batek protokoloak eta ekinbideak hobetzeko aukera emango digu, eta balizko hobekuntza horiek ahalik eta lasterren gauzatzeko parada, Txagorritxun gertatutakoa ez errepikatzeko gainerako lekuetan.

Bestaldetik, LABek jarraitzen dugu aldarrikatzen langile guztien (kategoria guztiak, finkoak eta behin-behinekoak, publikoak eta kontratakoak) formakuntza etengabea egoera aurre egiteko, informazio eguneratuarekin, eta pertsonal errefortzuak lan gehien jasotzen duten zerbitzuetan (osasun garraioa, osasun zentro eta ospitaleetako mostradoreak eta telefonoak, larrialdiak, garbiketa, laborategiak, Oinarrizko Prebentzio Unitateak, etab…).
 

 

 

Laminaciones Arreguiko enpresa-batzordeak inplikazioa eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

0

Gaur, martxoaren 4an, lanuztea eta kontzentrazioa egin dute Laminaciones Arreguiko langileek, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Lakuan. Bihar osteguna, martxoaren 5ean, kontzentrazioa egingo dute 11:00etan, Europa Jauregian, bertan egingo den Enplegu Foroaren aurrean. 19:00etan, manifestazioa egingo dute Bilbo plazatik hasita.

Laminaciones Arreguiko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, enplegua eta etorkizunaren defentsan. Gaur, enpresa-batzordea Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin batzartu da. Langileek lanuztea egin dute eta kontzentrazioa egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren kanpokaldean.

Gaur, martxoaren 4an, bilera egin dute Celsa Atlantic-Laminaciones Arreguiko enpresa-batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak, 8 langileren kaleratzeak sortutako egoeraren aurrean. Bileran, langileek ordezkariek, 2012an gatazka sortu zenetik honako ibilbidearen berri emateaz gain, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatu dute enpleguari eutsi eta Gasteiz eta Urbinako lantegien etorkizunerako bermeak bilatzeari begira.

Zehazki, enpresa-batzordeak planteatu du Industria Sailak enpresari etorkizunerako plan industriala exiji diezaiola, produktuen dibertsifikazioa eta enpleguaren mantenuan oinarrituko dena.

Batzarrak iraun duen bitartean, Laminaciones Arreguiko langileek enplegua eta etorkizunaren aldeko mobilizazioekin jarraitu dute. Langile gehienek egin dute bat gaur deitutako lanuztearekin eta kontzentrazioa egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Bihar, martxoaren 5ean, jarraituko dute mobilizazioek, txanda guztietan lanuzteak egingo dituztelarik. Honetaz aparte, langileek kontzentrazioa egingo dute 11:00etan Europa Jauregian egingo den Enplegu Foroan. Arratsaldez, manifestazioa egingo dute 19:00etan Bilbo plazatik hasita, eta honetan parte hartzeko deia egin diete gasteiztarrei.
 

 

 

Enpresa batzuk egiten duten feminismoaren erabilera salatzen dugu

Aspalditik ari dira hainbat enpresa feminismoaren gurdira igotzen edo berdintasunaren defendatzailetzat jotzen, emakumeen diskriminazio-egoera iraultzeko zerbait egiten duen ala ez axola gabe.

Erantzukizunak saihestuz eta irudi publikoaren erabilera zitala eginez, gero eta enpresa gehiago aurkitzen ditugu, data honen inguruan, galeriari begira ekitaldiak eta ekintzak antolatzen dituztenak, errealitatearekin bat ez datorren berdintasunaren aldeko enpresen irudi bat saltzeko.

Lan-taldeko emakumeekin argazkiak ateratzea, berdintasunari buruzko eztabaidatzeko deialdiak egitea, hortik ateratzen diren ondorioetako bakar bat ere (ateratzen badira) gauzatzeko inolako asmorik izan gabe izen edota morez argiztatzea eraikin publikoak izen bat dauka: feminismoaren erabilera edo zuriketa morea!

Enpresak, benetako diagnostikoetan oinarritutako berdintasun plan eraginkorrak egitera behartuta daude. Diagnostikoetan lantokietako emakumeen egoeraren ikuspegi orokorra agertu behar da: soldatak, kategoriak, erakundean betetzen dituzten lanpostuak, sarbidea, sustapena, kontziliazio eta erantzunkidetasun neurriak, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako neurriak… eta planak eraginkorrak izatea eta betetzea eta atzemandako diskriminazioekin bukatzea da enpresaren betebeharra eta erantzukizuna, inoiz ez neurri mediatikoa edo postureoa.

Guzti horrengatik, dei egiten diegu Mercedes edo TUVISA bezalako enpresa guzti hauei albo batera utz ditzaten euren marketing operazioak eta euren lantokietan emakumeek bizi duten egoera aztertzeko konpromisoa har dezaten, baita bizitzen egon daitezkeen diskriminazio moduak ere, jasan ditzaketen diskriminazio egoerak, zainta lanen inguruan korrespontsabilitateari begirako kontziliazio neurrien eraginkortasuna, zergatik ari diren hain emakume gutxi sartzen euren lantaldeetan… helburu batekin, ordezkaritza sozialarekin batera guzti honen aurrean neurri eraginkorrak planteatzeko. Honetarako, LABen prestasun guztia izango dute. Euren aurpegia garbitzeko, ez dute sindikatu honen laguntzarik izango.
 

 

 

“Gure adinekoek merezi duten arretaren kalitatea lortzeko, gure lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da”

Arabako helduen egoitzetako langileek mobilizazioa egin dute Gasteizen, Foru Aldundiaren aurrean, sektoreko langileentzat baldintza duinak eskatuz, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta. Agerraldian helduen zainketak duin egiteko manifestu bat irakurri dute, Pentsionistak Martxan plataformaren eskutik.

-Hauxe da adinekoen zainketak duin egiteko manifestua

"Nire duintasuna kentzen saiatzen den pertsona edo erakunde orok porrot egingo du" (Nelson Mandela)

Duintasuna gizakiak atxikita dakarren ezaugarri bat da, nazioarteko hainbat itun eta adierazpenetan aitortua izan dena.

NBEk, 1991n egindako Batzar Nagusian, zenbait printzipio onetsi zituen adinekoen alde. Horien bidez, mundu osoko gobernuei eskatu zien neurriak har zitzaten bermatzeko pertsona orok honako eskubide hau daukala “tratu duina jasotzeko eskubidea, haren adin, sexu, etnia, ezintasun edo beste edozein baldintza gorabehera eta euren ekarpen ekonomikoa kontuan hartu gabe baloratuak izan daitezen”.

Zer egin dute gobernuek printzipio horiekin? Euren adierazpen publikoak eta programa instituzionalak apaintzeko erabili.

Araban adinekoentzako arretak murrizketa garrantzitsuak pairatzen ditu orain dela ia hamar urte. Gizartea kezkatzen duen arazoa da, bai erabiltzaile gisa, bai zaintzaile gisa. Aintzat hartu behar da Arabako populazioaren % 20 65 urte baino gehiago dituela eta ehuneko horrek gora egingo duela datozen hamarkadetan.

Errealitate hori ondo ezagutzen dugun pertsonak garen heinean, “Pentsionistak martxan” mugimendutik, manifestu honekin, eztabaida eragin nahi dugu; eragile sozial, sektoreko profesional eta erakundeen artean borondateek bat egin dezaten, politika sozialetan hobekuntzak lortzeko helburuarekin.

Adinekoek jasotzen duten arreta duin bihurtzea eginbehar etikoa da. Hausnarketa egitea nahi dugu, bai gizarte zerbitzuetatik eskaintzen den arreta ereduaren inguruan, bai egungo egoitzen ereduaren inguruan.

Gero eta garrantzitsuagoa den sektorearentzako konponbideak jarri behar dira mahai gainean; azken finean, lehenago edo beranduago, denok pasako gara hortik, zorigaitzak kontrakoa erabakitzen ez badu behintzat.

-Hauxe izan da langileek gaur egin duten irakurketa:

Sektore honetako langileok pairatzen dugun egoera prekarioak gurpil maltzur hau osatzen du. Gure adinekoek ez dute merezi duten kalitatezko arreta jasotzen, langileak falta direlako zein gehiegizko lan-karga dela eta. Laguntzaile, sukaldari, garbitzaile, baita erizain lanak ere egiten ditugu, horretarako titulaziorik ez badugu ere. Eta ez dugu denborarik garrantzitsuena egiteko, gure funtsezko eginkizuna gauzatzeko: ZAINTZEA.

Feminizatuta dagoen sektore baten aurrean gaude (% 95 emakumeak) eta ez dugu ekoizten, zainketa lanak egiten ditugu. Historikoki emakumeek egin izan dituzten lanek ez dute aitorpenik jasotzen, ez sozialki, ez soldatari dagokionez. Datorren martxoaren 8an hain feministak izango diren erakundeek jorratu beharko luketen benetako soldata arrakala da hori.

Hilean 997 euro gordin kobratzen dugu, eta gure Gipuzkoako eta Bizkaiko lankideek baino 200 ordu gehiago egiten dugu lan urtean. Ezin gara gaixotu, luxua baita guretzat; izan ere, lehenengo hiru egunetan ez dugu ezer kobratzen, 4. egunetik 20. egunera soldataren % 60 kobratzen dugu eta 21. egunetik aurrera, % 75.

Xedea probintzia mailako hitzarmen bat lortzea da, gutxienez, Arabako lan-baldintzak Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko lankideekin parekatzeko (izan ere, hiru probintzietan gobernua alderdi politiko berdinek kudeatzen dute eta enpresa berdinek ematen dute egoitza-zerbitzua).

Lehenengo urratsa egoitza pribatuen sektoreko patronalen eta alderdi sozialaren artean negoziazio mahai bat osatzea da (eskaintzen dituzten plaza kopuruari dagokionez, errealitate ezberdinak daudela uste dugu). Modu horretan, Arabako egoitza pribatuen I. Probintzia Hitzarmenaren negoziazioa abian jarriko da.

Gure adinekoen zainketa ardura publikoa izan beharko litzateke, hala ere, erakundeek azpikontratazioari ematen diote lehentasuna, kontratazio zuzena eta zerbitzuen kalitatearen kontrola babestu beharrean.

Bidezko hitzarmena langileentzat onuragarria izateaz gain, lagungarria da, erakundeek eskaintzen duten zerbitzua eskuratzeko lehiaketa publikoetara aurkezterakoan, eskaintzak serioak izan daitezen. Hala, hitzarmena egonez gero, prekarietatea, azpikontratazioa eta enpresen arteko lehia desleiala saihestu ahalko lirateke, eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea ziurtatuz.

Gure adinekoek merezi duten arretaren kalitatea lortzeko, gure lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da.

Jakin behar dugu manifestu honek agerian uzten duen batasunak indartsuago egiten gaituela.

Hemen ikusiko dugu elkar berriz ere, asteazkenero bezala, bi astetan behin, GURE PLAZAN!

 

 

 

Sexu heziketari buruzko gida aurkeztu dugu Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola komunitatearentzat

0

Sexualitate askatzaileak iruten dinamikaren barruan, eta sexu heziketa txiki txikitatik landu beharrekoa dela-eta, hezkuntzako ziklo guztietarako gida eta material zehatzak sortzea dugu helburu. Gida hau Haur eta Lehen Hezkuntzako etapak kontuan hartzen ditu, eta irakasle, hezitzaile, begirale, guraso, edo eta ikasleekin esku-hartzea duen edonori zuzenduta dago.

Orotara 4.000 ale banatuko ditugu eskoletara, baita Interneten ere eskuragarri izango du interesa duen edonork eskura dezan.

Badira urte batzuk LAB irakaskuntzan Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eraiki bidean pedagogia feministari bultzada ematen ari garela. Hasieran, Nafarroatik ekin genion bideari, hainbat material didaktiko osatu ondoren, data jakinetan zabalduz. Ondoren, hilabete bakoitzeko 8an proposamen didaktiko ezberdinak bidaltzen hasi ginen, "8 oro da martxoa" dinamikari hasiera emanez. Egun, LABeko Irakaskuntzako hezitzaile guztiek hilabetero proposamen didaktiko hezkidetzaile bat jasotzen dute euren eskoletan nahieran landu ahal izateko.

Egindako lan eskergak bere fruituak eman zituen, eta urrats bat gehiago emateko helburuarekin sexu heziketari buruzko gida aurkeztu genuen iaz LAB irakaskuntzak Nafarroan. Nafarroak hasitako bidearen lekukoa hartu eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren txanda da oraingoan. Hori da gaur aurkeztera gatozena: Sexu heziketari buruzko gida Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola komunitatearentzat. Eskola guztietara iristeko asmoarekin 4000 kopia banatzera goaz!

LAB sindikatuan denbora luze daramagu sexu heziketa eta sexualitate askatzaileak lantzeko asmoarekin, horregatik “Sexualitate askatzaileak iruten” dinamika abiatu dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu egungo txikiekin gaia lantzea, izan ere, lanketak edo beronen faltak dituzten bizipenetan zuzenean eragiten baitu orainean zein etorkizunean ere.

Sexu heziketa ahalik eta lasterren lantzen hastea garrantzitsua da (sexualitatea bizitzan etengabekoa delako, jaiotzen garenetik, hil arte); eta horregatik, derrigorrezko hezkuntzako ziklo guztietarako gida eta material zehatzak sortzea da dinamika honen bidez landu nahi dugun asmoa. Gaur aurkeztu dugun gida hau, zehazki, Haur eta Lehen Hezkuntzako etapei zuzendua dago, eta haurren garapeneko aro bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartzen ditue.

Gida didaktikoa edozein hezitzaileri zuzendua dago, izan irakasle, hezitzaile, begirale, guraso, edo eta ikasleekin esku-hartzea duen edonor. Gidaren helburua ikasleen aniztasuna eta haurren garapenaren ezaugarriak kontuan izanik haurrekin gaia lantzeko zenbait gako ematea da. Gerora sortu daitezkeen zalantzak argitzeko tresnak eskuratuz.

Gida, atal ezberdinek osatzen dute bakoitzak galdera edo aspektu bati erantzuna emanez, besteak beste:
1. Zer dela-eta material hau?
2. Zergatik eta zertarako sexu heziketa?
3. Zertaz ari gara sexualitateaz ari garenean?

4. Nork eta nola landu behar du gai hau?
5. Sexu-garapenari buruzko gakoak.
6. Sexu heziketa “osasuntsu” baterako klabeak. 7. Baliabideak eta material didaktikoa.

Datozen asteetan LAB irakaskuntzako kideok aurkeztu berri dugun gida hau eskola komunitatea osatzen dugunon artean zabalduko dugu, ahalik eta eskola gehienetara heltzeko asmoarekin.