2026-09-29
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaModu aktiboan hartuko dugu parte Euskaraldian

Modu aktiboan hartuko dugu parte Euskaraldian

2018eko edizioan egin zuen bezala, 2020 honetan ere Euskaraldian parte hartuko du LABek. Nagusiki euskaraz funtzionatzen duen sindikatua izanik, gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea izango dugu helburu aurten, baita sindikatu barruko hizkuntza prozesuetan euskararen erabilera areagotzea ere.

Horretarako eman dugu izena ekimenean. Euskararekin sindikatuak duen konpromisoa agerian utzi eta Euskal Herriko eragile sozial gisa dugun eragin esparruaz kontziente izanik ezinbestekotzat jotzen dugulako gure komunitatea aktibatzea.

Gure egoitza aktibo guztiak arigune izango dira, bai kanpora begira eta baita barrura begira ere. Kanpora begira Belarriprest Ariguneak izango dira. Egoitzara hurbiltzen denari arreta euskaraz bermatzea badugun arren, datorrenak euskaraz dakien ezin dugulako jakin. Barne mailako Ariguneak, ordea, Ahobizi izango dira. LAB sindikatuaren funtzionamendua euskara hutsez izateko aurrera urrats gisa ulertu dugu Euskaraldia, eta marko nazionalez gain eskualdekako markoak ere euskalduntzen arreta jarri nahi izan dugu.

LABkide guztiek Euskaraldian izena ematea izan da gure beste erronka bat eta liberatuen artean ezezik, delegatuengana ere zabaldu dugu deialdia. Beraien enpresetan ariguneak sortu eta ekimenean izena eman dezaten. Orotara 500 txapa banatu ditugu. 300 inguru Ahobizi-enak eta 200 Belarriprest-enak.

Aurtengo konpromisoa: kanpo komunikazioa euskara hutsean

Euskaraldiak irauten duen bitartean, azaroaren 20tik abenduaren 3ra, euskara hutsean egingo du bere kanpo- komunikazio osoa LABek (prentsa, webgunea eta sare sozialak).

Orain euskarari ekitea da erronka. Egunerokoan darabilgun kasuetan eutsi eta orain arte kamuts xamar genbiltzanetan saiatuz. LAB sindikatuak onartu egin du Euskaraldiaren ordagoa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Donostiako Udalak, berriro ere legedia kontutan hartu gabe, zeroan utzi ditu SPEIS-en inbertsioak

2027ko aurrekontu-proiektuak suhiltzaile-etxe saturatua handitzea eragozten du, 2026an hasitako blokeoa luzatzen du eta Eneko Goia alkateak 2023ko azaroaren 16an langileekin egindako bileran bere gain...

LABetik etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazioak antolatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hainbat gatazka sindikal piztuta ditugu LABen, eta gatazka horietako maizterrekin batera antolatu ditugu mobilizazioak. Etxebizitzaren negozioak edonor mehatxatzen du, eta langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu da. Hori horrela, eredua goitik behera eraldatu behar dela aldarrikatuko dugu, eta, horretarako, premiazkoa dela etxebizitzaren merkatuan eskua hartzea eta errentismoarekin amaitzea.

Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan akordioa #LortuDugu!

Joan den astean, gure borroka publiko egin eta urrirako sei greba egun deitu zituzten Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan lan egiten duten SEULA enpresako langileek, herriko jaiekin bat etorriz. Gaur, enpresak premiazko bilera batera deitu gaitu eta, azkenean, orain arte defendatu izan ditugun baldintzetan lortu dugu akordioa sinatzea.