2026-11-15
HomeEkintza PolitikoaLan mundua euskalduntzeko konpromisoa berresten dugu, Euskaraldiatik harago

Lan mundua euskalduntzeko konpromisoa berresten dugu, Euskaraldiatik harago

LAB eta ELA sindikatuok 50 langiletik gorako enpresetan Euskara Planak negoziatu daitezela eskatu genuen Euskaraldiaren atarian, eta eskaera hau berresten dugu euskararen erabilera sustatzeko dinamikaren amaieran ere, Nazioarteko Euskararen Egunarekin bat. Euskaraldiaren ondoren urrats berriak emango ditugu eskaera hau gauzatu dadin.

LAB, ELA eta Kontseiluak azaroaren 2an publiko egin genuen lan mundua euskalduntzeko proposamena. Proposamen umila eta ausarta, enpresetan euskararen egoera aztertzeko biltzea bakarrik eskatzen duena, baina egun euskaldunok lan munduan euskaraz lan egiteko eskubideari begira egoera irauli dezakeena.

Azken 40 urteetan euskaldunon hizkuntza eskubideak inon garatzerik izan ez bada, hori lan munduan izan da. Gaur egun enpresen %1ek ere ez du euskararen erabilera nolabait arautzeko neurriren bat adostuta. Lan munduan diharduten eragileek autokritika egin beharra dute, eta sindikatu zein euskalgintzak beren esku dagoen instrumentua mahaigaineratu dute erronka bideratzeari begira.

Oraindik ere sindikatuok ez dugu CONFEBASK, CEN, Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernuen erantzunik jaso. Erantzun hori jaso ezean, eta euskararen gaia lantokietan negoziazio- gai bihurtu ezean, LAB eta ELAk urrats berriak emango ditugu eragile guztiek beren jarrera argitu dezaten.

Euskaraldia ezin da eragile bakoitza zuritzeko ariketa bihurtu, Euskaraldia bukatuta ere euskaldunok euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea bermatuta izan ditzagun urratsak ematea ezinbestekoa da. Norbanakoek egin dute beraiei zegokien ariketa egun hauetan, orain eragile eta gobernuei dagokie beren esku dagoena egitea. Horren eskaera umila onartu eta bultzatu ezean gizarte guztiari iruzurrean ari zaizkiela ulertu beharko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...