2026-08-02
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaLangabeziaren jaitsiera, enplegurik sortu gabe

Langabeziaren jaitsiera, enplegurik sortu gabe

Covid-19ren krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialek jendarte osoa kolpatzen jarraitzen dute, baina oso modu desberdinean. Izan ere, enpleguaren suntsiketa bereziki gogorra izaten ari da 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Hori ez da kasualitatea, kolektibo horrek prekarietate eta lan-ezegonkortasun handiagoko baldintzak baititu, bai krisi-garaian, bai oparoaldi ekonomikoan.

Badirudi azaroan langabeziak izan duen bilakaerak su-eten txiki bat eman duela, baina arretagunea zabaltzen badugu, lehen iritzi hori gezurtatzen duten beste aldagai batzuk topatuko ditugu.

Izan ere, azaroaren amaieran 5.416 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Hala ere, langabeziaren zifra ofizialen jaitsiera txiki horrek ez du eraginik izan enpleguan, ez behintzat Gizarte Segurantzaren sisteman, horrek 180 afiliazio garbiren igoera txikia adierazten baitu.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar enplegu-erregulazioko egoeran dauden langileen kolektiboa, nahiz eta teknikoki pertsona landuntzat hartzen diren.

Pandemiaren bigarren olatuaren eta kutsatzeak geldiarazteko hartutako neurri murriztaileen ondorioz, ABEEE batek eragindako pertsonen kopurua % 60 igo da azaroan. Gaur egun, 41.704 pertsona daude ABEEE baten eraginpean, urrian 25.955 pertsona zeuden bitartean.

Halaber, 25.044 langile autonomok beren jarduera ekonomikoaren murrizketa administratiboarekin lotutako aparteko prestazioak eskatu dituzte azaroan.

Azkenik, gogoratu behar da aurreko urtearekin alderatuta, Hego Euskal Herrian 25.770 langabe gehiago erregistratu direla, hau da, kopuru erlatiboetan %17,6 gehiago. Bien bitartean, gazteen langabezia izugarri ugaritu da, urteko % 44,6ko erritmoan.

Koronabirusaren aurkako txertoa edukitzeak susperraldi ekonomikoa aurreratu dezake, baina egoera hori oraindik ez da iritsi eta ondorioak ez dira automatikoak edo miragarriak izango. Nolanahi ere, susperraldia inklusiboa izan dadin, gizarte-sektore guztiei egin beharko lieke mesede, eta, bereziki, gazteriaren berariazko arazoa agenda politikoan sartzea eskatzen du.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.