2026-07-01
Blog Page 511

Eskola jangelen aldeko benetako apustua egin dezala eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari

EAEko eskola jangeletako langileek elkarretaratzea egin dugu Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diogu jangelen aldeko benetako apustua egin dezala, eta elkarrizketa-mahai bat sor dezala langileen ordezkariekin ratioez eta enpleguari eta lan-baldintzei eusteaz hitz egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jangeletan baliabideak jarri baditu ere, oraindik ez dira nahikoak zerbitzu segurua eta kalitatezkoa emateko, eta horixe aldarrikatzen ari gara ikasturtearen hasieratik. Langileak ahalegin handia egiten ari dira bizitzen ari garen COVID egoeraren barruan ahalik eta zerbitzurik onena emateko.

Ezinbestekoa da Jokin Bildarratz buru duen Saila langileen ordezkariekin hitz egitera esertzea, mahai gainean jar ditzaten ratioen berrikuspena, lan-baldintzak eta lanpostuen mantentzea, baita langile guztien segurtasuna ere; azken batean, bere hitza bete dezan.

LAB sindikatutik beti defendatu izan dugu jangelak ikastetxeko beste hezkuntza-espazio bat dela, eta ez zerbitzu osagarri hutsa, Hezkuntza Sailak aurreko astean izandako bileran jakinarazi zigun bezala. Ez zaie batere axola, ez ikasleei, ez langileei. Jangelan, jateaz gain, hezten eta ikasten jarraitzen da.

Nahi beste arrazoi ditugu Osakidetzan greba egiteko

Osakidetzako sindikatuok agerraldi bateratua egin dugu, urtarrilaren 28ko grebaren atarian. “Txertoekin gertatutakoak argiro erakusten digu zenbatekoa den osasun-sistema publikoarekiko eta osasun-langileekiko arbuioa. Gertaera hori urtetan salatu izan dugun zerrenda luzearen azkena izan da”, adierazi dugu.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon ohar bateratua:

Osakidetzan txertoekin gertatu dena, oraingoz Basurtuko eta Santa Marinako kudeatzaileak irtetea eragin duena, onartezina eta zitala da, argi eta garbi. Egunero lehen lerroan lan egiten duten profesionalak txertoa jasotzeko txandaren zain daude, horrek dakarren arriskua eta guzti; baina aldiz kargudun jakin batzuek, beren karguez baliaturik, ez zegokien txertoa jaso dute. Egia esan, zantzu txarra da, protokoloen betetze-maila zaindu behar dutenek eta langileen lan-baldintzen gainean erabakitzeko ahalmena dutenek arauak beren onerako saihesten ibiltzea.

Hori bereziki larria da egungo osasun-krisian, langileek lan egiteko izan dituzten eta dituzten egoera zailak kontuan hartuz: babes-materialik eza, langile bat hiltzea eragin duen kutsatze-indize handia, giza eta gauza baliabiderik eza, atsedenaldiak eta oporrak bezalako lan-eskubideei uko egitea… Hain zuzen ere, lan-eskubideak aitzakia gisa erabili ditu lehendakariordeak, duela egun gutxi, txertaketaren geldotasuna justifikatzeko, eta, horrela, plangintzarik eta baliabiderik gabezian duen erantzukizuna saihesteko.

Guk gertaturikoa zorrotz eta sakon ikertzea eta dagozkion erantzukizunak argitzea eskatzen dugu. Halaber, txertaketa-prozesuaren gardentasuna eta protokoloa nahiz lehentasun-hurrenkera zorrotz betetzen direla bermatu behar da.

Testuinguru horretan, eta behin eta berriz salatu dugun bezala, azpimarratu nahi dugu osasun publikoaren gainbehera askoz lehenagotik datorrela, pandemiaren aurretik ere egiturazko arazoak bazeudela, eta Osasun Sailak ez duela inoiz izan konpontzeko borondaterik, ezta oraingo honetan ere.

Atzo egindako Mahai Sektorialaren bileraren ondoren, adierazi nahi dugu, hitz ederrak eta asmo oneko adierazpenak alde batera utzita, gaur egun ez dagoela inolako neurririk mahai gainean Osakidetzaren egiturazko gabezia larriak konpontzeko. Bileran egindako planteamenduak, azaldutako aldarrikapenei dagokienez, ez dira nahikoak edo ez dago batere planteamendurik.

Gogora ekarri behar da behin eta berriz eskatu dugula gure aldarrikapenak gai-zerrendan sartzea, eta, era berean, Osakidetzak gaiak inposatu dituela salatu dugula. Atzoko bilerarako, azkenean, gai-zerrendan bi puntu sartzeko eskatu ziguten. Hala ere, jorratu beharreko gaietan formalki sartuta egon arren, egindako planteamenduak ez dira nahikoak izan, eta Osakidetzak bizi duen egoera larriari aurre egiteko aldarrikapen nagusiak alde batera utzi dira. Izan ere, Osakidetza aspaldidanik gutxiegi hornitua eta gaizki tratatua izan da:

-Osasun publikoan inbertsio handiagoa behar dugu. Lehentasunezkoa da diru publikoa denontzako zerbitzuetan gastatzea. Hala ere, horri buruzko proposamenik ez egoteaz gain, Osasun Sailaren aurrekontuari buruz galdeturik sailburuak erantzuteari ere uko egin dio, Legebiltzarrean beharrezko azalpenak emanak zituela esanez.

-Egiturazko plantilla handitu behar da, eta behin-behinekotasunarekin amaitu. Langileak gainkargatuta eta gainezka daude, eta nork bere lanpostua finkatu behar du. 15.000 aldi baterako langile baino gehiago edukiz, behin-behinekotasuna %40koa izanik, Osakidetzak egin duen EPEaren proposamena, 3.500 lanpostukoa, ez da inola ere nahikoa.

-Lan-baldintzak Arautzeko Akordio berri bat behar dugu, duela 11 urte iraungi baitzen. Halaber, urte hauetan guztietan ezarri dizkiguten murrizketak lehengoratu behar dira: lanbide-garapena, Itzarri, erretiro aurreratuaren primak, eroste-ahalmena berreskuratzea. Osakidetzako Zuzendaritzak adierazi du akordio arautzaile berrirako gure proposamena aztertzeko borondatea duela, baina ez gainerako gaiak aztertzeko.

-Pribatizazioak amaitutzat jo behar dira. Azken urteotan pribatizatu diren zerbitzuak publiko bihurtu behar dira berriro. Horri heltzeko borondaterik ez dago.

-Langileen lan-osasuna noizko? Segurtasuna eta osasuna ziurtatzeko neurriak behar ditugu. FFP2 maskarak ez dira xuhurtu behar, protokolo bermatzaileak taiutu eta aplikatu behar dira, eta arrisku psikosozialak eta lan-kargak aztertu behar dira.

Hilabeteak daramatzagu mobilizazioetan. Osakidetzak mobilizazioa beste biderik ez digu utzi. Testuinguru horretan, pandemia aitzakia ezin hobea izan da murrizketak aplikatzen jarraitzeko. Horren adibide onak dira Zumarragako eta Deustuko AZP/PACetan aplikatutako murrizketak.

Horregatik, dei egiten diegu osasun-langileei datorren ostegunean, urtarrilak 28, grebarekin bat egitera. Halaber, dei egiten diegu gainerako langileei, erabiltzaileei eta herritar guztiei deitutako mobilizazioetan parte hartzera.

Asko dugu jokoan: osasun publikoa denona eta denontzakoa izatea.

CCOOk eta UGTk Nafarroako Ostalaritzaren sektore osoan soldata igoera ez aplikatzea onartu dutela salatu dugu

Ostalaritzako AEHN eta ANAPEH patronalen eskariz, CCOO eta UGT sindikatuek erabaki dute 2021erako hitzarmenean adostutako soldata igoera ez aplikatzea murrizketak dauden bitartean.

LAB sindikatutik salatu nahi dugu patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek Ostalaritzako soldatetan %2ko igoera ez egiteko sinatu duten akordioa. Orain arte ez genuen sektorean halako deskuelgerik ikusia; izan ere, galerak dituzten enpresek badut aukera hitzarmena ez aplikatzeko. Baina gaur erabaki dute aldez aurretik akordaturiko igoera ez aplikatzea sektore osoan.

LABek ulertzen du bizi dugun egoera ohiz kanpokoa dela eta, zehazki, Ostalaritzaren sektorea une zailak bizitzen ari dela bere biziraupenerako. Baina ezin dugu ahaztu sektoreko langile gehienak besteren kontura kontratatutako langileak direla, eta martxotik (aldizka edo etengabe) Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedieenteetan sartuta ibili dirla, oso soldata  baxuak kobratzen, gehienetan ez baitira osatzen ari.

Gainera, ez zaigu bidezkoa iruditzen 2021eko urtarrilaren erdialdean patronalak bere langileez gogoratzea, martxotik ez baitugu haiengandik ezer jakin. Ezinbesteko ABEEEak onartu dira inolako negoziaziorik gabe, langilei ia jakinarazpenik egin gabe, eta orain bai beraiekin gogoratzen dira, baina soldata igoera kentzeko.

Erantzukizun ariketa bat eginez, LABek mahaian proposamen bat egin du soldata igoeraren deskuelgea onartzeko, baina betiere baldintza batzuen menpe. Ezin baita erabaki langileek soldata-igoera jasotzeari uztea, eta hori ez lotzea enpleguaren bermearekin, edo birjartzeek atzeraeragina izatearekin, edo ABEEEan segitzen duten bitartean opor egunetan edo aparteko lansarietan kalterik ez izatearekin.

Baina baldintza-proposamen hori ez dute onartu. Eta patronalek eta CCOO eta UGTk lansarien tauletan %2ko igoera ez aplikatzeko akordioa adostu dute, Ostalaritzako enpresa guztiek etekinak izanda edo ez. Hau da, krisi hau gehien pairatzen duten langileek diru bat emanen diote patronalari, bermerik gabe, itzulketarik gabe eta kontraprestaziorik gabe.

LABek Ostalaritzarako neurriak defendatzen jarraituko du, betiere sektoreko langileak babesteko badira. Nahikoa da, patronalari ezin zaizkio laguntza gehiago eman baldintza batzuk ezarri gabe. Langileak oso egoera kaskarrean daude eta ezin dute murrizketa gehiago onartu.

Modu positiboan baloratzen dugu 2021erako Arabako ardogintza hitzarmeneko aurreakordioa

LABen modu positiboan baloratzen dugu aurreakordio are gehiago egungo baldintzak kontuan hartzen baditugu, hau da, COVID-19aren pandemia, erabat baldintzatu baitu negoziazio prozesua, bi urte baino gehiagoz luzatu dena 20 bilera baino gehiagorekin.

Hobekuntzak lortu dira esparru sozial zein ekonomikoan. Ordaindutako baimenei dagokienez, gurasoak mediku-kontsultara laguntzea, seme-alaben heriotzaren aurrean 5 egun (aurretik 3), azterketetara joateko, etab.

Lan-baldintzetan:

–  Jarduera protokoloak laneko jazarpen eta sexu-jazarpenaren aurrean edo sexuagatiko diskriminazioagatik.

–  Berdintasun Batzordearen sorrera emakumeen kontratazioa sustatzeko.

–  Kategoriaka, funtzio eta mailen berrikuspen eta deskribapena…

Alderdi ekonomikoan, nabarmentzekoa da denbora luzez aldarrikatu izan duguna lortu dugula, kategoria apalenen soldata igoera, hilean mila euro garbi jasotzen zituztenena, orain oinarrizko soldatan kontsolidatu den osagarri baten bidez eta beranduago %4ko igoera ezarriko zaiona, beste kategoriei bezala.

Gainera, langile guztiek bi paga jasoko dituzte 2019 eta 2020ko konpentsazio bezala, %2 eta %1ekoak hurrenez hurren, 2018ko urteko soldata gordinarekiko.

Aurretik adierazitako guztiagatik, aurrera jarraitzen dugu langileen lan-baldintzak duinduko dituen Arabako Ardogintzako Hitzarmen Sektorialaren alde egiten ari garen bidean. Zalantzarik gabe, horren alde borrokan jarraituko dugu LABetik.

Azkenik, argi utzi nahi dugu hau dela negoziazio prozesu osoan lortu den aurreakordio bakarra.

TRW lan zentroan ISS enpresak egindako kaleratzeak salatu ditugu

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du TRW enpresak Iruñeko Landaben industrialdean duen lantegiaren sarreran, lan zentro horretako garbiketen zerbitzuan egiten ari den murrizketa salatzeko. Ekimenean, garbiketetako langileez gain, TRWko zenbait sindikatutako zenbait delegatuk hartu dute parte.

Garbiketetako murrizketa salatzearekin batera, LABek kaleratutako langileen birkokapena eskatu du, ISS enpresak neurri horri uko egiten baitio.

Manifestaziora deitu dute urtarrilaren 30erako Gasteizen, Arabako enpleguaren defensan

Borrokan diren hainbat sektoretako eragileek deitu dute. Bilbo plazatik irtengo da, 17:00etan, eta Aernnova, SDA, Laminaciones Arregui eta Alestiseko enpresa batzordeak eta Pentsionistak Araba, kirol jardueretako langileak, SOS Ostalaritza eta GPS daude deitzaileen artean.

Hauxe da aurkezpen agerraldian banatutako oharra:

Azken hilabete hauetan, enpresa eta sektore asko atera gara kalera kaleratzeak, EREak, eskubideen murrizketa, zainketen Merkantilizazioa, itxiera behartuak, zerbitzu publikoen murrizketak, kontrataziorik eza eta abar salatzeko.

Kalera atera garenean, ehunka lagunen elkartasuna eta babesa ikusi dugu. Etengabeko borroka horren ondorioz, jakin dugu gaur egungo egoerak, norbanakoaren edo sektore jakin baten arazoa izatetik urrun, lantokiak gainditzen dituela eta herritar guztiei eragiten diela.

Ezin dugu beste alde batera begiratu, inor ez baitago salbu; enplegu duinaren aurkako eraso sistematiko horrek edonori eragin diezaioke.

Ezin dugu esan milaka langileren urteetako ahalegina jaken jartzen denik, administrazioak pandemiaren kudeaketan egiten dituen akatsen erantzule egiten dituenik.

Ezin gara geldirik egon, langabeziak eta egungo enplegu prekarioak gazteei, emakumeei, pertsona arrazizatuei eta lan egiteko adinean daudenei eragiten dielako, baina etorkizuneko pentsioei ere eragiten die, eta pentsiodunen kolektiboak aspalditik salatu du hori.

Ezin dugu alde batera utzi gure ekoizpen-sarea desegin eta administrazioetatik diru-laguntzak eta laguntzak jasotzen dituztenek eskubideak deuseztatzen dituzten bitartean. Horregatik, borroka eta aldarrikapena batera ibiliz hazten eta indartzen dira.

Eta horixe da, hain zuzen ere, enpresa-batzorde, sektore eta kolektibo horiek proposatzen dutena: edozein arrazoirengatik enplegu duinarekin konprometitutako egoera bizi duten enpresa eta sektore guztien manifestazio bateratua, globala eta plurala. Deialdi hori eragindako enpresa eta sektoreei helaraziko diegu, beren egin eta bertan parte har dezaten. Era berean, deialdi bateratu horretatik, herritarrak mobilizazio horretan parte hartzea nahi dugu, eta erantzun sozial bateratu eta masibo bat bihurtzea.

Araban enplegu duina defendatzea, gizarte-eskubideetan, zaintzan, zerbitzu publikoetan eta abarretan dituen ondorioekin, gizarte osoak inplikatu behar duen eta administrazioek ozen eta argi entzun behar duten aldarrikapena da.

Ez dago inolako arrazoirik berehala euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara ez eramateko

LABek begi onez ikusten du eta bat egiten du Nafarroako Parlamentuak onartutako mozioarekin, dei egiten duena horrela nahi dute nafar presoak euren zigorra Iruñeko kartzelan bete ahal izatera. Presoak bergizarteratzeko helburuak horrela exijitzen du, legeak horrela zehaztu du eta baldintza teknikoak erabat egingarri egiten dute. Ez dago inolako arrazoirik berehala nafar presoak Iruñeko kartzelera ez eramateko. Lekualdatze hau ezarritako zigorra edozein izanda ere egin beharko litzateke, sakabanaketa modu bidegabe eta arbitrarioan ezarritako zigor gehigarria delako.

Arrazoi politikoengatik zigortutako presoen kasuan, sakabanaketa salbuespeneko kartzela politikaren parte da, helburu politiko zehatzak dituena, hala nola preso politikoen kolektiboa apurtu eta hauetako bakoitzaren borondatea suntsitzea. Politika honek sufrimendua sortu izan du eta oraindik jarraitzen du sortzen, bai presoentzat (duela hiru urte Xabier Reyren heriotzak gordinki erakutsi suzen moduan) bai euren gertukoetzat, astero bidaia luzeak egitearen arriskupean daudenak (Sara Fernandez eta Karmele Solaguren bi istriputan hil ziren). Sakabanaketa-politika, 30 urte luzez indarrean dagoena, beti izan da bidegabea; orain gainera, anakronikoa da: ia 10 urte pasatu dira ETAk bere jarduera armatua amaitu zuenetik.

Zorionez, euren jatorrizko lekuetatik gertuago dauden kartzeletara gerturatzen ari dira euskal preso politikoak modu mailakatuan. Alde batetik, gerturatze hauen erritmoa bizkortu behar dela uste dugu; eta bestetik, gerturatze hauek Iruñeko kartzelara egin behar direla, aipatu dugun moduan, nafar preso guztiak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituena.

Osasungintza publikoaren alde mobilizatu gara berriro

Osasun Sailak daukan negoziatzeko borondaterik eza ikusita, eta Osakidetzak aspalditik dauzkan arazo larriak konpontzeko borondaterik ikusten ez dugun heinean, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok mobilizazio dinamikarekin aurrera jarraitzen dugu, urtarrilaren 28ko grebaren atarian. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan eta lehen arretako zentroetan elkarretaratzeak egin ditugu, negoziazio erreal bat eskatzeko, osasun publikoaren egiturazko arazoei helduko dieten edukiekin.

LAB Osakidetzaren Twitter kontuan egin dugu mobilizazio egunaren jarraipena.

Gipuzkoako eraikinen eta lokalen garbiketako langileak Donostian mobilizatu dira, soldata arrakalaren aurka eta lan baldintza duinen defentsan

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok urtarrilaren 21 eta 22rako deitu ditugu grebak Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbiketan. Hala, Eulen enpresaren egoitzan elkarretaratzea egin dugu goizean, eta manifestazioa egin dugu Donostian eguerdian, sektore feminizatu honetan pairatzen duten soldata arrakala murrizteko hitzarmen kolektibo duin baten alde. Hain zuzen ere, Gipuzkoako eraikinen eta lokalen garbiketako hitzarmenak 5.000 langileri eragiten die Gipuzkoan, eta %80 emakumeak dira.

Langileek oinarrizko sektore baten parte direla nabarmendu dute mobilizazioetan, “baina oinarrizkoak zertarako? Patronalak soldtaa arrakala ukatzen jarraitzen du”. Hala, lan baldintzak duintzea exijitu dute, berriro.