Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dugu Asparrenan, Asparrondo industria gunean, Euskal Herrian izandako azken lan heriotza salatzeko. Hain zuzen ere, urtea hasi denetik, gutxienez sei langile hil dira lan istripuz; azkena Araban, Donemiliagan, garraiolari bat bere kamioiarekin beste kamioi batekin talka egin eta gero.
Pentsio sistema propioaren alde, otsailaren 13an langileok ere kalera!
Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak larunbata honetarako mobilizazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. LAB sindikatuak mobilizazio deialdiarekin bat egin eta langileak mobilizazioetan parte hartzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du. Izan ere, langileon etorkizuneko pentsioak eta gure pentsio sistemaren oinarriak daude jokoan, bizi baldintza duinak bermatu edo prekarietatea, genero arrakala, ezberdintasun sozialak zein elkartasun ezan oinarrituko den sisteman sakondu.
Zentzu horretan, pentsiodunen mugimenduak eginiko aldarrikapenekin bat egiten dugu:
• 2010 eta 2012. urteetako lan erreformak indargabetzea.
• 2011 eta 2013. urteetako pentsio erreformen aspektu erregresiboak indargabetzea.

Era berean, pentsio sistema propioa eta 1.080 eurotako pentsio minimoak aldarrikatzen ditugu, Euskal Herrian erabakiaren erabakitzeko eskubidea aintzat hartuz, Babes Sozial eta Lan Harremanetarako Euskal Esparru baten norabidean. Hortaz, Toledoko Itunak eginiko gomendioak gaitzetsi eta pentsioen inguruko erabakiak hartzeko eskumen osoa exijitzen dugu.
Osasun krisialdiak lehendik zetorren alde anitzeko krisia azeleratu egin du, estrukturalak diren krisiak ikusaraziz: zaintza krisia, eskubide sozialak unibertsalizatzeko zerbitzu publikoen gabeziak, osasuna, hezkuntza… Bidegurutze baten aurrean gaude, baina uste dugu badugula aukerak politikaren lehentasunak herritarron zerbitzura jartzeko. Beraz, larunbata honetan hitzordu garrantzitsua dugu bizitza, lan eta pentsio duinak aldarrikatzeko.
Plastibor-eko langileak zoriondu nahi ditugu lortu duten akordioarengatik #LortuDugu
Astelehen gauez, 2021-2013rako enpresa-hitzarmenaren inguruko akordio batera heldu ziren Plastibor Slko langileen-batzordea (LABeko 7 delegatu, ELAko 1 eta CCOOeko 1) eta zuzendaritza. Akordioa langileen asanbladak berretsi du.
Plastibor SL Zornotzan dagoen kimika arloko enpresa da, 111 langile ditu eta automoziorako eta alor elektrikorako plastikozko piezak ekoizten ditu.
Enpresako lan-hitzarmenaren inguruan akordio bat lortu nahian, bilera mordoa egin zituzten 2020ko martxotik inongo akordiorik lortu gabe. Azkenean, langileen-batzordearen proposamenari jarraituz, asanbladak urtarrilean mobilizazioei ekitea erabaki zuen. Horrela, egunero enpresa aurrean elkarretaratzeak egiten hasi ziren. Hala ere, eta enpresarekin akordioa erdiestea posible izan ez zen, greba mugagabea deitu zuten negoziazioetako blokeoa hautsi asmoz. Greba mugagabea otsailaren 7ko gaueko txandan hasi zen eta gaurko, otsailaren 9ko goizeko txandara arte luzatu da, akordioa atzo gauez lortu zelako.
Hitzarmenaren eduki garrantzitsuenak:
-3 urterako iraupena (2020-2023).
-Ia 7 egun gutxiago lan egingo dira urtean, otartekoaren denbora lanordu kontsideratzearen ondorioz.
-Soldata igoerari dagokionez, lehenengo urtean gutxien irabazten dutenek igoera altuagoa izango dute. Hurrengo urteetan, aurreko urteko KPI + 0,5 eta KPI + 0,75 izango dira hurrenez hurren, igoera nabarmena gaueko plusean eta erreleboko plusa ezartzen da lehen aldiz. Adibide bezala, kategoria baxueneko langile batentzat, 2021eko soldata-igoera %6 ingurukoa izango da.
-Kategoria-promozioetarako protokolo bat landuko da.
-%100 edozein bajetan, eta bajek ez diete aparteko pagei eragingo.
-Lan erreformari mugak jarri. Enpresak ezingo du hitzarmena ez ezarri, lan baldintzak aldatu edo nahieran inor kaleratu. Behartuta egongo da langileen ordezkariekin borondate onarekin akordioa bilatzera.
LAB sindikatuarentzat, hitzarmen honetan aurrerapauso ikaragarriak jasotzen dira Plastibor-eko langileentzat, eta agerian uzten du langileen batasunak eta lan sindikal serio eta konprometituak bere emaitzak ematen dituela. Antolakuntza eta borroka.
[IRITZIA] “Aski da!”
LAB Irakaskuntzako ordezkari Edurne Lekunberrik Iruñeko haur eskolen aferari buruz idatzi du:
Azken egun hauetan, uste dut, bizirik gabeko gauza bat balitz bezala tratatua senti daitekeen haurtxo bat bezalaxe ari naizela sentitzen. Mugimendu zakarrak erabiliz, esperientziarik gabeko eskuek helduta, ekarri-eramanda, baita bultzatua ere, haurtxoa bezala, ziurgabetasuna, egoneza, estutasuna eta dardara, ari naiz sentitzen, ni ere. Eskuartean daramaten bitxikeriari erreparatu gabe, beharrezkoa den arreta, zaintza eta maitasuna ematen ez duten eskuek ibiltzen naute.
Jostailu bat banintz bezala sentitzen naiz; erraldoiek elkarri pasatzeko erabiltzen duten pilota bat bainintzan; batzuek, ostikoka, nire norabidea markatzen dute, niretzat lortuezinak diren jarreretan jarraraziz, garatu gabeko gaitasunak erabiltzeko exigituz… Nik, jokaldi honetan, zer esan handia dudala ohartu ere, egin gabe.
Izan ere, ASKI DA! Oihukatzeko gogoa dut, eta zentzugabeko partida hau, geldiarazi dezatela. Eta jokoa, berriro hasi baino lehen, guztion artean, modu lasai batean, hemendik aitzina, joku hau gobernatuko duten arauak asma ditzagun. Aurreiritziriak albo batera utzita, ingurua eta jokuan dauden elementuak, aztertuz; ahalegin handiz, ilusioz eta bokazioz arlo honetan lan egiten duten profesionalen iritziak, kontuan hartuz; familiak ere entzunez eta batez ere, hiri honetako 0 eta 3 urte tarteko haurren eskubideei erreparatuz eta horiek errespetatuz.

