2026-04-12
Blog Page 498

Abenduaren 13an EAEko hiriburuetako kaleak hartzeko deia luzatu dugu, bizitza erdigunean jarriko duten aurrekontuen defentsan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileon dinamika mobilizatzaileak aurrera darrai, EAE eta Nafarroako aurrekontuen inguruan ditugun eskaeren berri emateko. Iruñean mobilizatu ginen joan den larunbatean, Donostian eta Gasteizen asteazkenean; bada, ostiralaren etorrerarekin, Bilbora ekarri ditugu ondasuna banatu, eskubideak bermatu eta zerbitzu publikoak lehenetsiko dituzten aurrekontu sozial, burujabe, parte-hartzaile, feminista eta ekologisten aldarria.

Hain zuzen ere, Bilboko Euskadi plazan egindako mobilizazioan berretsi dugu abenduaren 13ko deialdi nagusia. Egun horretan, aurrekontuen ildoan sustatutako dinamika biribiltzeko, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako kaleak hartuko ditugu.

Hauek dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileon aldarriak:

1.Zerbitzu publikoak garatu. 

-Zaintza lanen, osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek azpikontrataturiko zerbitzuen eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa, langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetako lan baldintzak langile publikoen lan baldintzekin parekatzea. Horretarako beharrezko partidak bideratzea.

-BPGaren %6 hezkuntzara bideratzea. Hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko, doakoa eta aniztasuna integratuko dituena ardatz izango duen euskal hezkuntza sistema propio eta inklusibo bat berma dadin.

-BPGaren %7 osasungintzara bideratzea.

2. Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea eta horretarako beharrezko partidak bideratzea.

3. Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako Herri Ekimen Legegilean planteaturiko neurriak.

-DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a.

-Etxebizitza eskubidea.

4. 1.080 euroko gutxieneko diru-sarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.

-Pentsioak 1.080 arte osatzeko neurriak hartu/partidak bideratu.

5. 1.200 euroko gutxieneko soldata / 35 orduko gehienezko lanaldia sektore publikoko azpikontrata guztietan bermatzea.

6. Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.

7. Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa bermatu.

Neurriak exijitu dizkiegu administrazioei aniztasun funtzionala duten langileen eskubideak bermatzeko

LABek mobilizazioak egin ditu Bilbo eta Donostian aniztasun funtzionala duten pertsonek ohiko lanpostu bat eskuratzeko dituzten zailtasunak eta Enplegu Zentro Berezietako prekarietatea salatzeko. Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkartu dira eta Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, “Aniztasun funtzionala duten pertsonen insertzio sozial eta laborala edo esku-lan merkea eta enpresentzako negozioa?” lemarekin.

Adierazi dute Eusko Jaurlaritza eta Lanbide ez dira euren betebeharrak betetzen ari, eta honek, paper errea bihurtzen du Nazio Batuen Konbentzioa eta Desgaitasuna duten pertsonen eskubideen lege orokorra, aniztasun funtzionala duten pertsonak eskubide subjektu izatea eta eskubide hauen egikaritzea efektiboa izatea bermatuko beharko luketenak.

Enplegua eskuratzeari dagokionez, aniztasun funtzionala duten langileen bazterketa oso kezkagarria dela adierazi dute:

  • EAEn, kontratuen kopurua egindako kontratu guztien %1,70 da.
  • Langabeziak bi aldiz zigortzen ditu dibertsitate funtzionala duten pertsonak, eta are larriagoa da 45urtetik gorakoen artean eta emakumeen artean.
  • Enpresek ez dute betetzen langileen %2k gutxienez aniztasun funtzionala izatea.
  • Enplegu-zerbitzu publikoak ez dute bermatzen %2ko kuota betetzen dela, bitartekotza bidez eta dibertsitate funtzionala duten pertsonekin ibilbide indibidualizatuak eginez, bai eta neurri alternatiboak eskatzea ere.
  • Sektore Publikoko Kontratuen Legeak, Enplegu Zentro Bereziei kontratuak gordeta, aniztasun funtzionala duten pertsonak merkatu arruntean integratzea erraztu beharrean, gehiago sakontzen du EZBak betierekotzean. Are merkeagoak diren azpikontrata bezala erabiltzen ditu administrazio publikoak enplegu zentro bereziak.

Gainera, aniztasun funtzionala duten langileei, enplegua baldintza berdinetan izateko duten eskubidea urratzen zaie, nagusiki finalista (ez aldi baterakoa) den enplegu batestua eskuratzen dutelako eta nagusiki enplegu-zentro berezietan oinarritutakoa.

  • Enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuak izaten dituzte. Kausarik gabeko, jarraitutasunik gabeko eta hobaridun aldi baterako kontratu mota bakarra da hau.
  • Errendimendu txikiko kontratuak ere izaten dituzte aniztasun funtzionala duten langileek, soldataren % 25eko murrizketa dakartenak, lanaldi osoan eta gainerako langileen baldintza berberetan lan eginez.
  • LGSrekin lotutako soldatak jasotzen dituzte, gure autonomia ekonomikoa onartzen ez dutenak.
  • Enplegu-zentro bereziek azpikontrata gisa funtzionatzen dute enpresa askorentzat eta administrazioarentzat berarentzat. Errendimendu handia eskulan merkearen eta lan-baldintza eskasen kontura.
  • Aniztasun funtzionala duten langileak beste enpresa batzuetako enplegu-zentro berezien kontura jartzea, %2ko erreserba-tasa betetzen ez dutelako.

Enplegu-politika aktiboak ezin dira mugatu Enplegu Zentro Berezietan enplegu babestura bideratutako diru- laguntzak eta zuzeneko finantzaketara. LABen iritziz beste neurri batzuk ere beharrezkoak dira.

Aniztasun Funtzionala duten pertsonek lan-ingurune ireki, inklusibo eta irisgarrian baldintza berdinetan eta diskriminaziorik gabe lan egiteko duten eskubidea aitortzeak behartu egiten ditu administrazioak neurri egokiak hartzera, horretarako araudi baten bidez.

Egoera horren aurrean, LABek konpromiso hauek hartu ditu:

  • Agente aktiboa izatea aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideen ez-betetzeak salatzeko.
  • Eskubideak eta lan-baldintzak hobetzen aurrera egitea, aniztasun funtzionala duten langileekin batera.
  • Aniztasun funtzionala duten langileen mugimendu bat antolatzea, Eusko Jaurlaritzari eska diezaion langile hauen eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautu ditzala, EAErako lege propio bat egin eta onartuz.

Lan mundua euskalduntzeko konpromisoa berresten dugu, Euskaraldiatik harago

LAB eta ELA sindikatuok 50 langiletik gorako enpresetan Euskara Planak negoziatu daitezela eskatu genuen Euskaraldiaren atarian, eta eskaera hau berresten dugu euskararen erabilera sustatzeko dinamikaren amaieran ere, Nazioarteko Euskararen Egunarekin bat. Euskaraldiaren ondoren urrats berriak emango ditugu eskaera hau gauzatu dadin.

LAB, ELA eta Kontseiluak azaroaren 2an publiko egin genuen lan mundua euskalduntzeko proposamena. Proposamen umila eta ausarta, enpresetan euskararen egoera aztertzeko biltzea bakarrik eskatzen duena, baina egun euskaldunok lan munduan euskaraz lan egiteko eskubideari begira egoera irauli dezakeena.

Azken 40 urteetan euskaldunon hizkuntza eskubideak inon garatzerik izan ez bada, hori lan munduan izan da. Gaur egun enpresen %1ek ere ez du euskararen erabilera nolabait arautzeko neurriren bat adostuta. Lan munduan diharduten eragileek autokritika egin beharra dute, eta sindikatu zein euskalgintzak beren esku dagoen instrumentua mahaigaineratu dute erronka bideratzeari begira.

Oraindik ere sindikatuok ez dugu CONFEBASK, CEN, Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernuen erantzunik jaso. Erantzun hori jaso ezean, eta euskararen gaia lantokietan negoziazio- gai bihurtu ezean, LAB eta ELAk urrats berriak emango ditugu eragile guztiek beren jarrera argitu dezaten.

Euskaraldia ezin da eragile bakoitza zuritzeko ariketa bihurtu, Euskaraldia bukatuta ere euskaldunok euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea bermatuta izan ditzagun urratsak ematea ezinbestekoa da. Norbanakoek egin dute beraiei zegokien ariketa egun hauetan, orain eragile eta gobernuei dagokie beren esku dagoena egitea. Horren eskaera umila onartu eta bultzatu ezean gizarte guztiari iruzurrean ari zaizkiela ulertu beharko dugu.

Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa zerbitzuak kaleratutako 25 langileetatik 5ek lanpostua berreskuratu dute

Azaroaren 16an gutxienez 25 langile kaleratu izan ziren Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko garbiketa zerbitzuan. Aurrekaririk gabeko kaleratze kolektiboa administrazio honen menpeko garbiketa-kontratan. Gauetik goizera, eta inolako arrazoirik gabe, Gizarte Segurantzan baja eman zitzaien, zerbitzua Garbialditik Optima enpresak esleitzera pasa zeneko unea aprobetxatuz. Bada, mobilizazioa egin dugu Bilbon, Aldundiaren egoitzaren aurrean, falta direnek ere lanpostua berreskura dezaten.

Hain zuzen ere, azaroaren erdialdetik kaleratutako langileen lanpostuen defentsan astero mobilizatzen ari gara. Ez da alferrik izan. Badakigu 5 langile pertsona Garbialdikoak diren zentroetan kokatu dituztela; baina oraindik dozena bat langile baino gehiago daude irtenbide baten zain.

Langile horietako gehienek Covid-19agatiko errefortzu-kontratuak zituzten, eta desinfekzio-lanak egin behar zituzten langileen joan-etorri handieneko eremuetan edo jendearentzat zabalik dauden espazioetan. Aldundiak baieztatu zuen desinfekzio-beharrak berdinak direla oraindik ere, beraz, zergatik ez ziren subrogatuak izan?

Enpresa esleipendun berriak, Optima enpresak, pertsona horien kontratazioan irregulartasunak egin izanaren erantzukizuna Garbialdiri egotzi dio, baina haien kontratuak erregularizatu eta egindako akatsak konpondu beharrean, kaleratzeko bide erraza aukeratu dute. Garbialdik, berriz, beste alde batera begiratu du.

Bizkaiko Foru Aldundiak, bien bitartean, egoeraren ardura bere gain hartu gabe jarraitzen du: enpresa esleipendunarekin aztertu beharreko gaiak direla argudiatuz.

LABek enpresa pribatuak erantzule egiten ditu, bai, baina baita Aldundia bera ere, kanporatze-politikagatik egiten baitira horrelako kaleratzeak. Garbiketa-zerbitzua azpikontratatzeak eta eskaintzailerik onenaren esku uzteak, zerbitzu horren prestazioaren gaineko inolako zaintzarik eta kontrolik gabe, tamaina honetako bidegabekeriak dakartza ondorio gisa. Aldundiak kaleratze bakoitzaren erantzukizuna beren gain hartu behar luke. Ez dugu zurituko kaleratzearen kalte-ordainak diru publikoarekin finantzatzea.

LABek kaltetutako langile guztiak berriro hartzea eskatzen du, eta beren enpleguei eusteko borroka egingo dugula iragartzen dugu, bide juridikotik baina baita kaleetan ere. Mobilizatzen jarraituko dugu, astero, azken langilea berriro onartua izan arte.

Auzitegi Nazionalak arrazoia eman digu, eta Arcelor Mittalen espedientea baliogabetu du

Auzitegi Nazionalak 109/2020 epaiaren bidez baieztatu du langileok bagenekiena, alegia, ez zegoela Arcelor Mittalen ABEEErako arrazoirik, eta LABen eskaria osorik berretsi du.

Epaia oso gogorra izan da enpresarentzat; izan ere, langileen ordezkariei dokumentazioa eta informazioa falta zaizkiela, patronalaren fede txarra eta arrazoi horrengatik iruzurra gertatu dela frogatu du.

Zehazki, epaiak salatzen du enpresak ez duela enpresa guztiei buruzko informaziorik eman. Halaber, alde batera utzi du etekin gehien ematen zuten enpresen informazio ekonomikoa, eta hori fede txarraren adibide argia da auzitegiarentzat. Era berean, informazioaren zati bat ingelesez zegoen, eta gainera ez zuten ematen, interneteko esteka batera joateko agintzen zuten.

Halaber, negoziaziorik ez bilatzea leporatu dio auzitegiak enpresari, enpresak 50-100 kaleratze egiteko mehatxua egin baitzuen, eta beste aukerarik ez bilatzea, LABek salatu zuenez.

Azkenik, epaiak arrazoia eman dio berriro LABi, uste baitu enpresak ez duela alegatu ABEEE berri hori justifikatzen duen arrazoi berririk, eta gogorarazi dio enpresari 11 urte daramatzala ABEEE bat erabiltzen.

Zoritxarrez, bide judizialera jo behar izan dugu Arcelor Mittaleko langileen eskubideak berriro lortzeko. LAB poztu egin da epaiagatik, eta multinazionalari eskatu dio langileei urratutako eskubideak itzultzeko eta haien erantzukizuna eta ondorioak bere gain hartzeko.

LABen ustez, epai horrek argi utzi du, sindikatu batzuek orain arteko ABEEE guztiak sinatu izan ez balituzte, multinazionalak ezin izango zituela 11 urtez etengabe aplikatu.

Borrokak fruituak ematen ditu.

Langabeziaren jaitsiera, enplegurik sortu gabe

Covid-19ren krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialek jendarte osoa kolpatzen jarraitzen dute, baina oso modu desberdinean. Izan ere, enpleguaren suntsiketa bereziki gogorra izaten ari da 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Hori ez da kasualitatea, kolektibo horrek prekarietate eta lan-ezegonkortasun handiagoko baldintzak baititu, bai krisi-garaian, bai oparoaldi ekonomikoan.

Badirudi azaroan langabeziak izan duen bilakaerak su-eten txiki bat eman duela, baina arretagunea zabaltzen badugu, lehen iritzi hori gezurtatzen duten beste aldagai batzuk topatuko ditugu.

Izan ere, azaroaren amaieran 5.416 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Hala ere, langabeziaren zifra ofizialen jaitsiera txiki horrek ez du eraginik izan enpleguan, ez behintzat Gizarte Segurantzaren sisteman, horrek 180 afiliazio garbiren igoera txikia adierazten baitu.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar enplegu-erregulazioko egoeran dauden langileen kolektiboa, nahiz eta teknikoki pertsona landuntzat hartzen diren.

Pandemiaren bigarren olatuaren eta kutsatzeak geldiarazteko hartutako neurri murriztaileen ondorioz, ABEEE batek eragindako pertsonen kopurua % 60 igo da azaroan. Gaur egun, 41.704 pertsona daude ABEEE baten eraginpean, urrian 25.955 pertsona zeuden bitartean.

Halaber, 25.044 langile autonomok beren jarduera ekonomikoaren murrizketa administratiboarekin lotutako aparteko prestazioak eskatu dituzte azaroan.

Azkenik, gogoratu behar da aurreko urtearekin alderatuta, Hego Euskal Herrian 25.770 langabe gehiago erregistratu direla, hau da, kopuru erlatiboetan %17,6 gehiago. Bien bitartean, gazteen langabezia izugarri ugaritu da, urteko % 44,6ko erritmoan.

Koronabirusaren aurkako txertoa edukitzeak susperraldi ekonomikoa aurreratu dezake, baina egoera hori oraindik ez da iritsi eta ondorioak ez dira automatikoak edo miragarriak izango. Nolanahi ere, susperraldia inklusiboa izan dadin, gizarte-sektore guztiei egin beharko lieke mesede, eta, bereziki, gazteriaren berariazko arazoa agenda politikoan sartzea eskatzen du.

Guggenheim-eko areto zaintzaileek mobilizazioa egin dute enpresaren xantaiarik onartuko ez dutela adierazteko

ESCko langileak dira Guggenheim Museoko areto zaintzaileak. Gaur, mobilizazioa egin dute Bilbon enpresaren xantairik onartuko ez dutela adierazteko.

Azaroaren 20an, ESC enpresak 27 langileri gutuna bidali zien, aintzinatasun handiena zutenei hain zuzen ere, lan-baldintzen funtsezko aldaketa bat inposatuz, Langileen Estatutuko 41. artikuluaren bidez. Gutunean, abenduaren 7tik aurrera Guggenheimeko arte-lanak zaintzetik Eroski supermerkatu batean aforoen kontrola egitera pasatuko zirela esaten zen. Horrela, enpresarekin sinatutako itunean jasotako langileen eskubideak urratu egiten zirelarik.

Bilboko Guggenheim Museorako espezifikoa den zentroko itun honek klausula bat dauka zehazten duena langileak ezin dituztela museotik mugitu, museoari berari atxikitutako langileak direlako. Enpresak orduak berreskuratzera behartu nahi gaitu, martxoaren 14tik apirilaren 11ra arte, enpresak berak gaizki kudeatutako kontu batengatik, horrela ABEEE bat hilabete berandu inposatuz. Gainera, Madriletik kudeatuko dutena.

Langileek salatu dute ESC enpresa eurei xantaia egin nahian ari dela, inposatutako gutun horiek bertan behera uzteko 8 hilabeterako ABEEErako aurreakordioa sinatzearen truke. Gainera, ez dute enplegua bermatzen, legeak zehazten duenetik harago (6 hilabete) eta ez diete sindikatuei ABEEE horren arrazoi ekonomikoa justifikatzen duen dokumentazioa helarazi.

LABetik, ABEEEa arrazoitzen duen dokumentazioa eskatzen dugu eta enpresari ABEEEa %100ean osagarritzea eskatzen diogu, gutxienez bi urtetako enplegu bermea eta zehaztea ze portzentaian, ze ordenetan eta irizpiderekin aterako diren langileak ABEEEtik.

Aurrekontu sozial, burujabe, parte-hartzaile, feminista eta ekologistak aldarrikatu ditugu Donostian eta Gasteizen

Donostian eta Gasteizen mobilizatu gara, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok deituta, instituzioei herritarren beharrak eta bizitza erdigunean jarriko dituzten politikak exijitzeko. Hain zuzen ere, dinamika mobilizatzaile baten harira gauzatu ditugu protestak, ondasuna banatu, eskubideak bermatu eta zerbitzu publikoak garatu beharko lituzketen aurrekontuen defentsan. Zentzu honetan, abenduaren 13an Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo ditugun manifestazio nagusietarako deia luzatu dugu, Gasteizko Gobernuari aldarrikapen zehatzak luzatzeko, joan den larunbatean Iruñean Nafarroako Gobernuari egin genizkion eskaeren ildoan.

Hauek dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileon aldarriak:

1.Zerbitzu publikoak garatu.

-Zaintza lanen, osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek azpikontrataturiko zerbitzuen eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa, langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetako lan baldintzak langile publikoen lan baldintzekin parekatzea. Horretarako beharrezko partidak bideratzea.

-BPGaren %6 hezkuntzara bideratzea. Hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko, doakoa eta aniztasuna integratuko dituena ardatz izango duen euskal hezkuntza sistema propio eta inklusibo bat berma dadin.

-BPGaren %7 osasungintzara bideratzea.

2. Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea eta horretarako beharrezko partidak bideratzea.

3. Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako Herri Ekimen Legegilean planteaturiko neurriak.

-DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a.

-Etxebizitza eskubidea.

4. 1.080 euroko gutxieneko diru-sarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.

-Pentsioak 1.080 arte osatzeko neurriak hartu/partidak bideratu.

5. 1.200 euroko gutxieneko soldata / 35 orduko gehienezko lanaldia sektore publikoko azpikontrata guztietan bermatzea.

6. Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.

7. Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa bermatu.

Eusko Jaurlaritzak proposatzen dituen tresnak ez dira nahikoak behin-behinekotasunaren abusuarekin amaitzeko

Eusko Jaurlaritzak Administrazio Orokorrerako Kidego eta Eskalen Lege proiektua Legebiltzarrera eramatea onartu du gaur. Zalantzarik ez dugu Legebiltzarrean ematen den indar korrelazioak lege horren onarpena ahalbidetuko duela, gainontzeko alderdi eta sindikatuon ekarpenei arretarik egin gabe.

Gure ustez, lege horretan enplegu publikoan kontsolidazio prozesuak egiteko planteatzen diren neurriak erabat ez nahikoak dira. Administrazio askotan 20 urte badira deialdi publikoak egiten ez direla eta horrek milaka langile egoera ezegonkor batean kokatu ditu. Plaza kopuru bat txanda itxi batean ateratzeko aukera horrek ez dio euskal administrazioetan daukagun egoerari erantzuten. Azken urte hauetan kontsolidazio prozesu hauek egiteko lege propio bat eskatzen ari gara, estatutik datozen irizpideetatik harago beharrezkoak ditugu tresna legal guztiak kontuan hartuko dituena.

Jaurlaritzak gaur onartu duen legeak ez ditu, inolaz ere, bitarteko langileen kolektiboak izan ditzakeen aldarrikapenak jasotzen. Ez ditu ere deialdiak egiteko irizpideak ezartzen ez eta deialdietan barneratuko den plaza kopurua zehazteko irizpideak ere barnebiltzen. Hori dela eta, Madriletik ezarriko diren erabakien menpe egon beharko dira bitarteko langileak, beraien etorkizunerako garrantzitsuenak diren gaietan.

Enplegu plan integral bat beharrezkoa dela behin eta berriz aldarrikatu izan dugu, Jaurlaritzak ordea enpleguari dagozkion gaiak propagandarako erabiltzen jarraitzen ditu. Bada garaia Mahai Orokorreko bilera deitzeko eta behar bezalako negoziazio prozesu baten ostean behin-behinekotasunarekin amaitu eta kalitatekoa enplegua helburu duen plangintza bat adosteko.