2026-02-03
Blog Page 496

Lasarteko Ferrovialeko langileek lanuztea egingo dute enpresa itun duina lortzeko

LABek lan uztea deitu du biharko, urriaren 16an, Michelingo azpikontrata den Lasarteko Ferrovial Servicios SAU enpresan 13:00tatik 15:00tara. 32 langilek lan egiten dute bertan eta bertako ordezkaritza LABena da. Lan eskua merkatu eta lan baldintzak okertzeko helburuarekin ezartzen den azpikontratazio sistemaren adibide garbia da Ferrovial. Izan ere, bere lanaren %100a Michelinentzat egiten dute, Michelingo langileek baino baldintza okerragoan.

Enpresa ituna negoziatzen ari dira, eta enpresaren itxikeriaren aurrean 2 orduko lan uztea egin zuten asteazkenean, urriaren 14an. Ostiral honetako lan uztean Lasarteko Michelinen kontzentrazioa egingo dute langileek 13:00etatik aurrera.

Ostiral honetako lan uztearekin enpresak bere jarrera aldatuko ez balu, datorren astetik aurrera mobilizazioak areagotu eta gogortuko dituzte.

Azpikontratazioa prekarietatea da! Hitzarmen duina lortuko dugu!

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak Irun eta Hendaia artean antolatutako ekimenean parte hartzeko deia luzatu dugu

Urriaren 17an Irunen, Euskal Herriko Mundu Martxaren Nazioarteko V. Ekintzari hasiera emateko antolatutako ekimenean parte hartzeko deia luzatu nahi dugu sindikatutik. Hain zuzen ere, ekimenaren helburua bertara gerturatzen garen emakumeon artean egungo sistema kolonialista, inposatutako mugak  eta transnazionalak salatzea izango da, performance baten bitartez, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak antolatuta.

Ekimen-performance honen bitartez, zapiekin sare bat irudikatuko dugu, Kate Rushiren “La Puente” poema hizkuntza ezberdinetan entzuten dugun bitartean. Zubiaren bi aldeetan kokatuko gara eta gero zubi erdian elkartuko gara sare handi bat eginez.

Hau guztia posible egiteko, urriaren 17an, 11:00etan, Irun eta Hendaia arteko mugan (oinezkoen zubian) egotea eskertuko genuke ekintza jendetsua egiten laguntzeko! Posible duzuenak zapi bat eraman gero zubian zintzilik utziko duguna.

Sistema aldatu barik oso zaila izango da generoagatiko soldata- arrakalarekin amaitzea, sistema kapitalistaren parte baita berau eta honi funtzionala zaiolako

Emakume eta gizonen arteko soldata-berdintasunaren inguruko urriaren 13ko 2020/902 Errege Dekretuaren balorazioa:

Lanaren banaketa sexualarekin batera, soldata-arrakalak sistema kapitalista mantentzea eta betierekotzea lortzen du. Izan ere, sistema honek beharrezkoa du zaintza lanak emakumeok egitea doan edo gaizki ordainduta. Emakume eta gizonok lan-baldintza berdinak izango bagenitu, erori egingo litzateke sistema kapitalista, esplotazioa eta lan horien doakotasunean oinarritzen baita. Hau da, ez da posible izango egiturazkoa den zerbait partxeekin aldatzea.

Neurriek enpresen diagnostiko beharra garatzen dute, soldata-erregistro eta auditoriari dagozkien zehaztapenen bidez. Hala ere, ez dira hartzen soldata arrakalaren amaitu edo berau murrizteko neurriak. Honen inguruan, Langileen Estatutuko 28.3 artikulua aipatu behar dugu, enpresari lan-zentroan ematen den soldaten aldea justifikatzeko aukera ematen diona. Hortaz, ez da soldata-arrakala ez eragotzi ez galarazten.

Gai interesgarriak aipatzen ditu dekretuak, hala nola soldatetan sexuagatiko zeharkako diskriminazioa ekiditeko lan-postuen balorazioen garrantzia aitortzea, balio berdineko lanaren kontzeptua nabarmentzea edota soldaten auditoritzak egitea proposatzea egiturazkoak diren soldaten alde hauek argitara ateratzeko.

Hala ere, ulertzen dugu lanpostuen balorazioak ez direla neutroak. Faktore berriak agertu ahal dira lanak baloratzerakoan eragina izan ahal dutenak lanik feminizatuen balorazio positiboago baten (garbiketa, zaintza…) eta hori modu positiboan baloratzen dugu; baina generoaren eraikuntza soziala eta lanaren banaketa sexuala honen aurretikoak dira.

Esan nahi duguna da zerbait garrantzitsuagoa, ezinbestekoa, baloragarria, zaila, espezializatua eta teknikoa… dela jotzeko darabilgun kontzenptuan badagoela isuri bat gizonek egiten dituzten lanen eta emakumeek egiten dituztenen artean. Hortaz, ez badago alde hauek zuzenean zuzenduko dituen faktorerik, ez da erraza izango hauek desagertzea

Dekretuak dioenaren arabera “lan-postuen balorazio okerrak” zuzentzen ahalegintzeko susmagarria den borondate ona dago. Eta susmagarria dela diogu balorazioak ez zirelako akastunak, emakumeentzako diskriminatzaileak baizik.

Horregatik, funtzio zein zereginen izaeran fijatzea, hezkuntza baldintzetan, baldintza profesional eta prestakuntzan… oso interesgarria eta argigarria izan daiteke, baina testuinguruak egiten digu huts. Sistema kapitalista heteropatriarkal, arrazista, kolonialista eta ekozida da testuingurua, eta honek beharrezkoa du diskriminazioek esistitzen jarraitzea berau desager ez dadin.

Honekin lotuta, diskriminazioen aurka hartuko dugun neurri oro beti izango da ongi- etorria, baina arrakasta izango du soilik, era berean, berauek sortzen dituen sistema erauzteko borrokatzen bada. Bestela, partxe bat gehiago besterik ez da izango.

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmen berria sinatuko dugu, emakumeona ere izango dena

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenean mahai gainean zeuden edukiak ez nahikoak zirela esan genuen azken bilera egunean.

Besteak beste, harritzekoa bezain larritzekoa, Berdintasunean ADEGIk urratsik eman nahi ez izatea zen. 2006tik sinatua zegoen, baina eraginkorra ez zela frogatua zegoen klausula defendatzen jarraitzen zuen Patronalak. Nahiz eta, behin eta berriro, negoziazio mahai ezberdinetan, eduki horiek ez nahikoak zirela esan genien; berdintasunean urrats errealak emateko epeak eta helburu zehatzak jarri behar genituen. Beraz, azken proposamenaren arabera sinatu izan balitz, argi eta garbi esan behar dugu, Gipuzkoako herritarren erdia, hau da emakumeak, kanpo utziko lituzkeen hitzarmen bat egongo litzakeela; eta LAB, noski, ez geunden eta ez gaude horretarako prest.

Horregatik, borrokan jarraitu dugu, eta lortu dugu! ADEGIk 3 hilabete baino lehen berdintasun batzordea martxan jarri beharko du, zertarako? Soldata arrakalarekin bukatu edota emakumeen kontratazioa bultzatzeko, besteak besteak. Beraz, pozik eta harro gaude, borrokan jarraitzeak merezi izan du.

Orain arte mahai gainean egon ez den beste proposamen bat ere ekarri du ADEGIk: Errekonozimentu medikuei dagokioenean ere, lan ordutatik kanpo egiten diren kasuetan, horren kostua enpresak asumitzea proposatu du patronalak, orain arteko egoera bidegabe horrekin amaituz.

Horrekin batera, aurretik ere esan izan dugu hitzarmen honek badituela eduki positiboak; soldaten eguneratzea, soldata igoera, subrogazio eskubidea sektore gehiagotara zabaltzea, ABLEen kontratazioa epetan mugatzea, besteak beste.

Badaude, ordea, hitzarmen honi eskatzen genizkion beste aurrerapauso batzuk, aldi baterako desgaitasunen osagarriak, lan jarduna murriztea edota gazte kontratazio duina bezalakoak, batzuk aipatzearren. LABek badakigu, borrokaz eta langileen indarrak batuz, urrats handiago eta garrantzitsuagoak ematerik bagenuela. Horregatik, ez dugu ulertzen, gutxiengoan, ELAk nola egin dion uko borrokari. Ulergaitza da, nola alderatu dituen Gipuzkoako eta Bizkaiko metalgintzako soldatak, jakinik Gipuzkoako taulak beti egon izan direla goitik, erreferente izan dira guztiontzako. Soldata tauletan igoera handiagoa lor genezakeen oraingoan ere, denon borroka eta konpromisoz, eta LAB prest geunden horretarako. Zoritxarrez, ELAk langileak desaktibatzeko hautua egin zuen.

LABeko ordezkaritzak erantzukizun ariketa egin du; urte asko daramatzagu Gipuzkoan metalgintzako hitzarmenik gabe, juridikoki urrats garrantzitsuak lortu dira, subrogazioan edo berdintasunean lortutakoak ere azpimarratzekoak dira; baita soldata eguneratzeak edota lizentzia batzuen hobekuntzak ere.

Erantzukizun horretatik, ordea, badakigu hainbat gai ez direla behar bezala jasoko hitzarmen honetan; lan jardun murrizketa, aldi baterako desgaitasunen osagarriak, ABLE bidezko kontratuetan errotazioak… horregatik ostiralean, urriak 9, Villabonan egindako ordezkarien batzarrean, bi erabaki hartu genituen:

1. Berdintasunean urrats eraginkorrak aurkeztuz gero, hitzarmena sinatzea. Beraz, gaur ADEGIk aurkeztu duen proposamena ikusirik, LABek hitzarmena sinatuko dugu. Gipuzkoako gizon zein emakumeentzako hitzarmen berria!

2. Borrokan jarraitzeko konpromisoa hartu dugu eta hitzarmenean jaso ez diren gaiak, lan zentroz lan zentro irabaziko ditugu; bai lan zentroetako langileen lan baldintzak hobetzeko, zein datorren sektore hitzarmenerako borroka-baldintza hobeak sortzeko.

Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzea, doakotasuna eta EAEko Hezkuntza Sailean integratzea eskatzen dugu

LAB Sindikatuak salatu nahi du eremu pribatuko 0-3ko eskolentzat Jaurlaritzak ikasturterako diru languntzak argitaratu dituela, oraindik ere Haurreskolak Partzuergoko aurrekontua zehaztu gabe dagoenean.

Langileen eskaeren aurrean, Haurreskolak Partzuergoko gerenteak hartutako erabakiak justifikatzeko, publikoa den Partzuergoak aurrekontu mugatua etengabean erabiltzen duen bitartean, Jaurlaritzak haur eskola pribatuentzako diru-laguntzak argitaratu ditu. Izan ere, oraindik ez dakigu Haurreskolak Partzuergoak duen kontingentzia plana, hedapena eta doakotasunari aurre egiteko inbertsioa handitzeko asmorik duen EAEko gobernu berriak.

Bestalde, lotsagarria iruditzen zaigu haur hezkuntzako lehenengo zikloaren inguruan hitz egitean administrazioak egiten duen erabilera interesatua. Eskola pribatuaz ari denean 0 urtetik 3 urterako zikloaz hitz egiten du; publikoa den Haurreskolak Partzuergoren inguruan ari denean, aldiz, 0 urtetik 2 urtera arteko ikasgelez mintzo da, publikoan zikloa bitan zatituz. Antolakuntza honek hezkuntza proiektuan eta pedagogian eragiten du guztiz, eredu zurrunagoak ezarriz gure ikasleei.

Horrez gain, berriro ere salatu nahi dugu eskola pribatuei ematen zaien diru publikoaren kontrol falta eta hezkuntza proiektuen jarraipen eza. Era berean, 2018ko udaberrian Legebiltzarrak Jaurlaritzari Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunerantz urratsak ematea eskatu ziola-eta, LABek norabide horretan behingoz behin betiko urratsa ematea eskatzen du.

Gauzak horrela, LAB Sindikatuak Haurreskolak Partzuergoa, administraziopeko 0-3 ziklo euskalduna, doakoa, unibertsala eta kalitatekoa, Hezkuntza Sailean integratzea eskatzen du Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eraiki bidean.

Hiru greba egun deitu ditugu Osakidetzan

Osasun publikoaren egoera larriaren aurrean, eta Osasun Sailaren irtenbiderik eza ikusita, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuok Osakidetzan hiru greba egun deitzea erabaki dugu: urriaren 29an Arabako lan zentruetan, azaroaren 5ean Gipuzkoakoetan eta azaroaren 12an Bizkaikoetan. Eusko Jaurlaritzak mobilizazioren bidea baino ez digu utzi. 

Gure herriko osasun publikoak gaur egun bizi dituen egiturazko arazo larrien aurrean, ekainetik aurrera mobilizazio-dinamika bat jarri genuen abian. Azkeneko ekitaldia izan zen urriaren 3an Bilbon egindako manifestazio jendetsua. Mobilizazioek langileen eta herritarren babes zabala izan dute.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren propaganda-diskurtsoetaz haratago, Osasun Sailak eta Osakidetzak berak ez dute mahai gainean jarri gure osasun publikoak pairatzen dituen gabezi larriak arintzeko neurririk. Urteak daramatzagu gabezi horiek salatzen.

Egiturazko eta sakoneko arazoak ditugu aurrean, urrutitik datozenak. Baina Osakidetzak azken urteotan ez du horiek konpontzeko inolako borondaterik izan. Horren adibide garbia da Lehen Arretan gertatzen dena. Langileak kalera atera ziren iaz, eta hiru greba egun egin zituzten, egunerokoasunean pairatzen duten muturreko egoerari irtenbideak eskatzeko. Urtebete geroago, agerian geratu da, hitz onak alde batera utzita, Eusko Jaurlaritzak ez diela irtenbiderik eman gabezi larri horiei.

EAEko osasun publikoko inbertsioa Europako batez bestekoaren azpitik dago, eta azken urteetan, gainera, gutxitu egin da. Desinbertsio horrek, zalantzarik gabe, eragin zuzena izan du gure osasun publikoak bizi duen egoera larrian. Egoera hori, bereziki nabarmena da Lehen Arretan, baina gainerako arreta mailetan ere pairatzen dute langileek, ospitaleetan eta osasun mentaleko sarean hain zuzen ere: giza baliabideen eta baliabide materialen eskasia, lan gainkarga sistematikoa, behin-behinekotasun tasa altuak, akidura fisiko eta emozionala, lan-eskubideen murrizketak, zerbitzuen pribatizazioa, babesgabetasuna eta lan osasunaren utzikeria, etab.

Agerraldi bateratua egin dugu Bilbon.

Gabezi larri horiek, urrunetik datozenak, larriagotu egin dira egungo osasun-krisiaren ondorioz, baina ez dira birusarekin agertu, eta ez dira desagertuko egiturazko eta sakoneko konponbideak martxan jartzen ez badira.

Azpimarratu nahi dugu ez dela asmo oneko adierazpenak egiteko unea, ezta ezer konpontzen ez duten propaganda-diskurtsoak egitekoa ere. Ekiteko unea da, berehalako eta etorkizuneko neurriak abian jartzeko unea, azken urteetako murrizketa-politikek eragin dituzten ondorio larriak iraultzeko.

Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu osasun publikoa bere lehentasuna bihurtu dezala. Pandemia honek argi erakutsi duen bezala, osasun sistema sendoa eta giza baliabide eta baliabide material nahikoak izatea ezinbestekoa da ongizate kolektiborako; egiturazko gabeziek, pertsonen ongizatea ez ezik, gure garapen soziala baldintzatzen dute, baita ekonomikoa ere.

Premiazkoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea eta osasun publikoaren etorkizuna bermatuko duten irtenbideak abian jartzea:

• Osasun publikorako aurrekontu-partida bat, Europa Batasuneko batez bestekoaren parekoa, %25a Lehen Arretara bideratuz.

• Enpleguaren arloan
◦ Plantilla handitzea, iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan txertatuz.
◦ Plantilla egonkortuko duten behin-behineko langileen finkapena, Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihesteko.

• Murrizketa guztien berreskurapena: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuaren primak eta 2009tik iraungitako akordio arautzaile berri baten negoziazioa.

• Egindako pribatizazioak atzera egitea enplegua mantenduz.

• Langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, bai koronabirusaren aurrean, baita haien eguneroko lanean ere: kategoria guztietarako babes-material nahikoa eta egokia; lan arriskuen balorazioa arreta-maila guztietan eta prebentzio eta babes-neurriak hartzea; arrisku psikosozialen ebaluazioa, lan-kargen ondoriozkoak barne, eta neurri zuzentzaileak hartzea.

Gasteizko langileek Alestiseko EEEaren aurrekoardioa baztertu dute

LABetik publikoki salatu nahi dugu CCOO eta UGTk lortu duten EEEaren akordioa. Azken honek, 440 langileren kaleratzea aurreikusten du hegazkingintza sektoreko talde enpresarial honetan, eta zehazteke legoke zenbat kaleratze egongo den lantegi bakoitzean eta kaleratzeok noiz gauzatuko diren. Dena dago baldintzatuta eskatutako langile kopuru honi sustatutako bajak, aurrejubilazioak eta eszendentziak batzera. Azken hauek itzultzeko itxaropnea izango lukete hiru urtera, oso kalteordain kaxkarrekin ez betetzerik ematen bada enpresaren beharren arabera eta soldata izoztuta 2021 eta 2022rako. Konpentsazioa apalak jasotzen dituen akordioa eta urriaren 22a baino lehen zehaztu behar dena. Aurreakordioak ez luke eraginik izango “borondatez” amortizatu beharreko lanpostuen kopuru hori lortzen ez bada. Akordioa Gasteizko langileek baztertu egin zuten urriaren 7an, aurreakordioa azaltzeko egindako asanbladan. 178 langiletatik 124 bertaratu ziren, eta hauetatik 105ek kontrako botoa eman zuten eta 16k soilik eman dute aldeko botoa. 3 abstenitu egin ziren.

Kaleratzeok Andaluziako CCOO eta UGTren babesa dute. Ontzat eman dituzte enpresak emandako arrazoiak eta EEEa akordioarekin sinatu dute. Gainera, Alestisek kaleratzeengatik planteatzen dituen konpentsazio eta kalteordainak Aciturri enpresakoak baino okerragoak dira, azken honetan ere bi sindikatuok dutenean ordezkaritza sindikalaren gehiengoa eta jabeak Alestiseko berdinak direnean.

Patronalaren neurria egindako akordioa, ustezko borondatezko izaera batekin jantzia eta langileak behartu egiten dituena enpresarentzat onuragarriak diren kontratuak amaitzeko “borondatezko” baldintza batzuk onartzera. Onartu ezean, irteera are traumatikoagoak planteatzen dituzte, baldintza okerragoetan. Benetako xantaia. Balizko “borondatezko” eszedente hori jasango luketenak ahaztu gabe, 50 urtetik beherakoak? Mahai-gainean explizitatu zen baina aurreakordioan ez da ezer agertzen. Hortaz, guztiok dugu buruan zeintzuk izango ziren kaltetuenak eta baita zein lantegi ere.

Sinatu denaren arabera 30.000 eta 40.000 euro bitarteko irteera intzentibatuak planteatzen dira benetan, kategoria eta aintzinatsunaren arabera kasu onenean langile gehienentzat. Eta soldata gordinaren %60aren bermearekin egindako aurrejubilazioei dagokienez, ondo egingo lukete sinatzaileek ze kotizazio oinarriren arabera egingo dioten ekarpena Gizarte Segurantzaren hitzarmen bereziari irteera honen alde egin eta gutxienezko kotizazio aldia dutenei. Izan ere, etorkizunean euren pentsioak murriztuak izango dira eta koefiziente murriztailea izango dute jubilazioa aurreratzeagatik. Kotizaziorako oinarri hauek ere eragina izango dute euren pentsioetan, inolako zalantzarik gabe.

Zer gertatuko da urriaren 22an enpresarekin adostutako 440 langileen kaleratzeak lortzen ez badira? Akordioa hain ona baldin bada, ondo egingo lukete berau sinatu eta bultzatu dutenek, eta baita asanbladetan aldeko botoa eman dutenek, irteera “intzentibatuetara bolondres aurkeztuta, arazo honek gainontzeko langileei eragin ez diezaien.  

Enpresa da egoeraren erantzule nagusia, itxita dagoelako enplegu suntsiketaren aurreko alternatibak bilatzera. Neurri krudel eta epe-laburrekoa planteatu du enpresak, covid-19arekin lotutako osasun egoerak sortu duen eskarien faltadun egoera koiunturala konpontzen ez duena. Egoera hau aitzakia bezala erabili da enplegua suntsitzeko, neurri handi batean emakumeena, eta gainera, etorkizun ziurgabea eman zaie 440 familiari. Hori guztia, enpresak EEEan bertan onartu duenean jarduera bi edo hiru urtetan berraktibatuko dela.

Enpresak hasieratik jokatu eta negoziatu du fede txarrez. Lehen momentu batean, uko egin zion lantegika negoziatzeari, lantegi bakoitzeko ordezkaritza soziala eta lan-baldintza espezifikoak ahaztuz. Eraman egin zuen negoziazioa bere esparru naturaletik eta zentralizatu egin zuen hegoaldean. Horrela, zaildu egin zuen taldearen gainontzeko lantegietako langileek defentsa eta Cadiz eta Sevillak lantegiak lehenetsi zituen. UGT eta CCOOek dute gehiengoa lantegi hauetan eta lan erreforma eta sindikatu hauek langile eta lantegi batzuen interesak interes orokorren aurretik jartzen zituztela baliatuz, enpresaren neurrira egindako akordioa sinatu zuten.

Hasiera batetik egin zion uko enpresak traumatikoak eta aldi baterakoak izango ez ziren konponbideak bilatzeari koiunturala zen lan-karga faltari. Bere helburu nagusi eta bakarra interes enpresarialen defentsa izan da, zehazki Clemente familiaren interesen defentsa, hauek baitira Alestis eta Aciturriko jabeak. Hasiera batetik planteatu dute lanpostu asko amortizatzea lantegi guztietan. Gainera, EEEa erabili dute taldearen zorra negoziatzeko enpleguarekin inolako konpromisorik hartu gabe. Hori dela eta, ez dugu arrazoirik ikusten EEE bat egiteko egiturazko arrazoirik ikusten eta ez dugu baztertzen judizialki inpugnatzea.

Enpresarena ezezik, SEPIren jarrera ere salatzekoa iruditzen zaigu. Enpresaren %25a izanda, egoera honetara iristea ahalbidetu du, Airbus bere bezero nagusiarekin batera (azken honek ere partehartze publikoa du). Inmorala, justifikaezina eta iruzur soziala da parte-hartze publikoa duten enpresetan kaleratzeak onartzea, diru publikoarekin eta gainera, zenbait sindikaturen babesarekin.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritza eta beste instituzioen inplikazioa eskatzen jarraitzen dugu, EAEn lantegiak dituzten hegazkingintza sektoreko enpresetan enpleguari eusteko ahal dituen neurri guztietan inplika dadin. Izan ere sektore estrategikoa da hegazkingintza, gure ekonomiari balio erantsi altua sortzen diona.

Gaurkoa itzulerarik ez duen egoera da pertsona eta familia askoren etorkizunarentzat eta iragarritako heriotza izan daiteke taldeko zenbait lantegirentzat. Baina mingarria izan arren ez da azkena. LABetik, lehenik eta behin, gure babesa eta elkartasuna eman nahi diegu kaleratu guztiei. Alestis-eko langileek enpleguaren alde eta kaleratzeen kontra egin duten borroka aitortzen dugu eta enplegu suntsiketa eta lan-baldintzen prekarizazioaren aurka gaudela adierazi nahi dugu. Era berean, konpromisoa hartzen dugula lehenbailehen enpresarien diruzalekeria eta itxikeriaren ondorioz galde den enpleguaren alde borroka egiten jarraituko dugula, eta baita ere enplegu guztien, gure lan-baldintzen eta sektorearekin etorkizunaren alde.

Alestisen ez dago inor sobrean. Enplegu suntsiketari ez. Kaleratzeei ez.

Tolosako Asuncion klinikako egoera salatu dugu

Tolosaldean ospitale publiko baten beharra salatu dugu askotan. Oraingoan, Tolosako Asunción Klinikaren kudeaketa txarra salatu nahi dugu. Sektore honetako langileak sufritzen ari ziren eta covid-19ak aspalditik salatzen ari garen egoera larria erakutsi du.

Asuncion klinikaren eraikinak ez dituela betetzen bizi den egoerari aurre egiteko egiturazko beharrak, zona zikinak (paziente positiboak) eta kutsadurarik gabeko guneak deitzen ditugunak, ez dago zirkuitu itxirik bere osotasunean. Langileentzako, atsedenerako edo lanerako kutsadura saihesteko behar adina gune ez da jarri, dituzten aldagelak ez dira berezitu kutsadurarekin lanean daudenak eta ez daudenen artean. Gainera, garbiketa ez da indartu lan kargak handitu direnean eta langileek salatu dute ez zutela Norbere Babeserako Ekipamendurik gertatzen ari zenerako.

Dagoeneko 35 dira positibo eman duten langileak, eta positiboak edo edo harreman estuak izateagatik itxialdian daude espezialista eta garbiketako langile gehienak. Erizaintzako langileak ez ziren konfinatu sintomak eman ezean eta langile guztiei PCR egin arte, gaur egungo egoeran sortaraziz, hasieran PCR negatiboa eman zuten eta denbora gutxian positiboa izatera iritsi diren 35 langile positibo eta 6 paziente horiekin.

Horrek guztiak langileen osasuna galtzea eragiten du, eta azpimarratu nahi dugu osasun fisikoa ezezik, eragin psikologikoa ere izugarria dela.

Azken agerraldiaren lotuta, hainbat neurri eta erabaki hartu dira, baina gure kezka adierazi nahi dugu hauen inguruan:

– Larrialdi zerbitzua mantentzen da, ospitaleko kontsultak zalantzan, ospitalizazioak Bidasoako ospitalera bideratuko dira. Zergatik Bidasoara, Donostia edo Zumarragako ospitaleak gertuago daudenean. Ez dakigu zenbat iraungo duen egoera honek.

– Ospitalizazio berriren bat dagoenean, uste dugu azterketa azkarra egiteaz gain, modu isolatuan jarri beharko liratekeela ospitalizatuak guztion segurtasunerako, PCR egin arte.

– Beharrezko lanpostu guztiak indartu daitezela langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

Gertakari honen larritasuna ezin da besterik gabe alde batera utzi. Ez dugu onartuko arduragabekeriaz jokatzea ezta langileen, erabiltzaileen edo beste herritarren osasuna arriskuan jartzea.

Hori dela eta, Asuncion klinika, Osakidetza eta Tolosako Udalari eskatzen diegu egoera horiek argitzeko. Krisi hau pairatu dutenak langileak izan dira eta ez dugu inolaz ere onartuko, ez dute merezi.

Herritar eta klinikako langileei dei egiten diegu urriaren 17a larunbaterako deitutako manifestazioarekin bat egitera. Mobilizazioa 12:30ean abiatuko da Tolosako Udaletxetik.

Nafarroako beira biltzeko Ascan Servicios Urbanos enpresan, %15eko soldata-hobekuntza lortu dugu

LAB sindikatuak enpresa-akordio on bat sinatu du ASCAN servicios urbanos SL enpresan, Nafarroan beira biltzeko, garbitzeko eta edukiontziak mantentzeko zerbitzuaren enpresa esleipendunean. Enpresak Kantabrian (Espainia) duen gerentziarekin negoziatu ondoren, enpresa-akordio bat lortu da, eta bilketan zerbitzu hobea eta langile guztien lan-baldintzak islatu dira.


Akordio horren ondorioz, modu nabarmenean duindu da Estatuko hitzarmen aplikagarria -saneamendu publikoaren, kale-garbiketaren, hondakinen bilketa, tratamendu eta deuseztapenaren eta abarren sektoreko hitzarmen kolektiboa-, % 15eko soldata-igoerarekin, 2020ko urtarrilaren 1eko atzeraeraginarekin, etorkizuneko kontraten aurrean edo bertze enpresa batek zerbitzua hartzearen aurrean subrogatzeko konpromiso, akordioa blindatzea aurreraeragin mugagabearen moduan eta baldintzak ez baztertzearekin. 18 urteko indarraldi laburrarekin.


LABen ustez, ongi egindako lanak beti ditu bere fruituak, eta langileen batasunak arrakasta ekarri du lan-hobekuntza horiek lortzean, eta horiek borrokatzen jarraituko dugu hurrengo negoziazioan, urtebete baino gutxiagoan izanen baita.