2026-01-27
Blog Page 491

Bilboko Portuko zamaketariak egiten ari diren grebari egindako boikota salatzen dugu

Pasa den igandean, urriaren 25ean, portu barruan euren lanpostura zihoazen langileei sartzea eragotzi zieten.

Portu Agintaritzak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak kontrol perimetroa ezarri zuten Bilboko portukoak edo zamaketakoak ez ziren langileen sarbiderako, horrela greban zeuden langileak ordezkatuz portutik merkantziak atera ahal izateko, modu aktiboan zamaketa-enpresei lagunduz eta oinarrizko eskubide bat, grebarako eskubidea, baliatzea eragotziz.

LABen ustez onartezina da gertatutakoa, eta EAJk izendatutako Ricardo Barkalari, CEBEK eta zamaketa- enpresei egoztendiogugertatutakoarenardura

Era berean, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ere salatzen ditugu. Langile gehienak %100ean aritzera behartzen dituzte eta horrela asko zailtzen da greba bezalako langileriaren tresna bat modu normalean garatzea.

Gatazka hau konpontzeko kaleratutako 100 langileak berriro lanean hastea eskatzen dugu eta hauek mugagabeko bihurtzea.

Hiruhileko hobea izan arren, krisiaren aurreko enplegu maila urrun dago oraindik

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, aurtengo hirugarren hiruhilekoan 28.800 pertsona gehiago zeuden lanean Hego Euskal Herrian, gehienak emakumeak. Bilakaera horrek konfinamendua amaitu ondoren sortutako errebote-efektua eta aurreko hiruhilekoan enpleguak jasandako kolpe gogorra jasotzen ditu, geldialdi ekonomikoak 43.200 lanpostu suntsitzea eragin baitzuen.

Beraz, uztailetik irailera bitartean, aurreko hiru hilabeteetan galdutako enpleguaren bi heren berreskuratu dira. Hala ere, oraindik duela urtebete baino 20.500 pertsona gutxiago daude lanean (-%1,7).

Egungo krisiaren lan-ondorioak gehien pairatzen dituen jendarte-sektorea gazteria da zalantzarik gabe. Azken urtean, gazteen enpleguaren %20 baino gehiago suntsitu da, eta langabezia-tasa %39tik gora igo da.

Bestalde, kontuan izan behar dugu Biztanleria Aktiboaren Inkestak mugak dituela hilabete hauetan lan- merkatuan gertatzen ari den guztia jasotzeko; izan ere, inkestaren metodologiak okupatutzat jotzen ditu enplegu-etenaldiaren eraginpean dauden pertsonak, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Txosten (EABET) baten bidez.

Zehazki, Hego Euskal Herrian 44.280 pertsona egon dira, batez beste, aldi baterako lan-erregulazioko espediente baten eraginpean urteko hirugarren hiruhilekoan. Hala ere, irailaren amaierarako 30.480 pertsonatik behera zegoen kopuru hori.

AEBETen erabilera masiboak lehen boladan izandako kaleratze kopuruari eustea ahalbidetu du; baina horrek ez du eragozten Covid-19k lan-jardueran izan duen eragina inkestako datuen arabera ondoriozta zitekeena baino handiagoa izan dela baieztatzea.

Izan ere, lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtutako enpleguak %6,5eko urte arteko beherakada izan du EAEn. Datu horrek pandemiak enpleguan dituen ondorioen inguruko ideia bat ematen digu, gutxienez benetan lan egindako orduen ikuspegitik. Nastat-ek oraindik ez du Nafarroa Garaiari buruzko informaziorik aurreratu.

Nolanahi ere, komeni da ohartzea oraindik ere erresistentzia-fasean gaudela birusaren aurrean; beraz, orain lehentasuna da birusaren hedapena saihestea, bizitzak salbatzea eta ekoizpen-sarea gehiago suntsitzea eragoztea.

Testuinguru korapilatsu horretan garatu behar dugu gure lan sindikala, beste hiru epidemiaren aurrean, horiek ere larriagotzen baitira: langabezia, prekarietatea eta soldata-murrizketak.

Greba mugagabea bertan behera gelditu da Tecnichapan

Igorren kokatuta dagoen Ormazabal-Velatia taldeko Tecnichapako langileek Velatiako zuzendaritza Hitzarmen Kolektiboa adostera behartzea lortu dute.

Urriaren 20an Tecnichapako Langile Batzordeak (LABekoak dira 8 ordezkariak) greba mugagabea deitu zuen enpresak ez zituelako langileen aldarrikapenak negoziatu nahi. 160 langilek egiten dute lan bertan.

Langileek aurkeztu zuten plataformako edukiak negoziatu beharrean, Covidak eragindako egoeraz baliatu eta Taldeko beste enpresa batean lortutako akordioa inposatu nahi izan zuen: langileentzako eskubide galerak zekartzan akordio horrek, malgutasuna areagotzen zuelako eta aparteko orduak egonkortzen zituelako.

Langileek xantaiari aurre egin eta greba egiteko erabakiak Velatiako zuzendaritza mugiarazi du, eta akordioa ekarri. Zehazki, greba mugagabea hasi behar zen egunean (26 gauean) akordioa lortu genuen.

Akordioak langileen aldarrikapenak jasotzen ditu soldata igoerari dagokionean, eta enpresak inoiz onartu ez duen kategoriak ezartzeko garaian irizpide objektiboak ezarri dira, betidanik Tecnichapako langileek eskatu izan duten zerbait. Enpresaren proposamenak greba bertan behera uztea ekarri du, baina argi utzi eta gero etorkizunean ez dugula inposaketarik ez eta negoziaketa gaien inguruko betorik onartuko.

LABek Tecnichapako langile guztiak zoriondu nahi ditu pandemia giroan beste hainbat enpresek egin bezala Velatiak irabaziak handitzeko sortu nahi izan duen beldurrari aurre egin diotelako.

LABek akordioa ona dela baloratzen du. Proposatzen ziren murrizketak desagertzen direlako eta enpresaren jarrera aldatu arazi delako. LABentzat Tecnichapako langileen borrokak frogatzen du “shock” egoera baliatuz patronalak hedatu nahi duen beldurraren aurrean borrokatzeak merezi duela eta lan baldintzak hobetzeko aukera badagoela.

Mobilizazio dinamika bat abiatuko dugu Eskubide Sozialen Kartatik, aurrekontuak pertsonen beharretara bidera ditzaten

Hauxe da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok zabaldu dugun mezua, gaurko agerraldia dela eta:

Bizitzak erdigunean kokatu nahi ditugula aldarrikatu dugu ozen behin eta berriro, eta Covid-19ak sorturiko egoerak are eta ikusgarrigo egin du Euskal Herriko Karta Soziala osatzen dugun eragileok etengabe salatu dugun krisi estrukturala (ekonomikoa, soziala, ekologikoa, zaintzena…) eta egoera hobetzeko beharrezko den eraldaketa soziala.

Hitz horiekin amaitu genuen ikasturtea, ekainaren 19an mobilizatzeko deia eginez. Zoritxarrez, salbuespen egoera sortu duen osasun krisiak bere horretan jarraitzen du, sistema honek dituen gabeziak gero eta modu sakonagoan agertuz eta langile zein herritar sektore zabalen bizitzak prekarizatuz. Horregatik, mobilizazio dinamika bat aurkeztuz abiatuko dugu ikasturtea. Hortaz, gaurko agerraldia “Ondasunak banatu, eskubideak bermatu, zerbitzu publikoak garatu! Lehenik bizitza! dinamika aurkezteko baliatuko dugu.

EHESK osatzen dugun eragile, sindikatu etaekonomia sozial eraldatzaileko elkarteekegungoa sistema da zalantzan jartzen duguna: aurretik genuenak ez zituen pertsona guztien eskubideak bermatzen eta oraingo normalitate berriak are eta gutxiago. 

Ondasunak banatu

Fiskalitatea herritarron ulermenetik urrun dagoen ariketa abstraktua dela sinestarazi nahi digute. Errealitatea oso bestelakoa da, gure eguneroko bizitzan guztiz barneratuta baitago. Gakoa aberastasuna nola sortu eta nola banatzen den dago. Aberastasuna badago, arazoa da kapitalaren edota errenta altuenen mesedetan banatzen dela eta ez dagoela modu orekatuan birjasotzeko neurri fiskalik. 

Horregatik, lehentasunez aldarrikatzen dugu:

  • -Egoera honi aurre egiteko ezinbestekoa izango den gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publikoa errenta altu, kapital-errenta, ondarea eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.
  • -Aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak. Kalitatezko zerbitzu publikoak eta babes soziala bermatuko dituzten aurrekontuak behar ditugu. 

Testuinguru honetan, EHESK-k ekarpena egin eta fiskalitate eredua herritarrei gerturatzeko ahalegina eginez, azaroaren 5ean Mahai ingurua antolatuko dugu (zehaztapenak, lotu ahala). Era berean, fiskalitate eredu berri baterako oinarriak adostu eta mahai inguruan aurkeztuko ditugu. 

Eskubideak bermatu

Ezbairik gabe, osasun krisiak modu gordinean kolpatu ditu egoera zahurgarrian bizi diren herritarrak, lehendik zetozen eskubide urraketak agerian utziz. Eredu sozioekonomikoa eraldatu ezean, ordea, herritarron oinarrizko eskubide sozialak (etxebizitza, osasungintza, hezkuntza, elikadura osasuntsua, energia… ) daude jokoan. Era berean, kalitatezko enplegu duina aldarrikatzen dugu eta enplegua suntsitu nahiz prekarizatzeko saiakera oro salatu. Gero eta langile edota pentsionista gehiago izango dira bizitza duina bermatzeko ezintasuna dutenak, emakume edo gaztea izanagatik egoera okerrean egonik. 

Horregatik, lehentasunez aldarrikatzen dugu:

  • -Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a eta etxebizitza eskubidea.
  • -1080 eurotako gutxieneko diru-sarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat. 
  • -1200 euroko gutxieneko soldata/35 orduko gehienezko lanaldia.
  • -Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa

Eskubide guztiak guztiontzat defendatzen ditugu eta norabide honetan kokatzen ez diren proposamenen aurrean mobilizatuko gara. 

Zerbitzu publikoak garatu

Hezkuntza, osasungintza, zahar egoitza/ erresidentzia, azpi-kontrataturiko zerbitzuetako edota gizarte zerbitzuetako langileak borrokan daude ikasturte hasieratik egoerari irtenbidea emateko hainbat proposamen mahai gaineratuz. Langileon lan baldintzak hobetzen diren neurrian, zerbitzu hobea eskaintzeko baldintzak egongo direla ulertuz eta jokoan dagoena zerbitzuaren eredua bera dela, bizitza vs kapitala.  

Testuinguru honetan ezinbestekoa da zerbitzu publikoak indartzea-garatzea, herritar guztioi eskubideak bermatzeko bidea delako. Horretarako, ordea, egungo politika publikoen norabidea errotik aldatu behar da, pertsonak erdigunean kokatuz eta eredu sozio-produktiboa estrukturalki aldatzeko bideari ateak irekiz.

Horregatik, lehentasunez aldarrikatzen dugu: 

  • -Zerbitzu publikoak garatu. Zaintza lanen (zahar egoitza, eguneko zentro, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egoitza-elkarte, adin-txikikoen bizileku eta etxez etxeko zerbitzuak), osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek (hezkuntza publikoa, osasungintza…) azpikontrataturiko zerbitzuen (garbiketako, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile-hezitzaileak…)  eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa, langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea.
  • -Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea. 

Honetan guztian eragiteko aurrekontuak ezinbesteko tresna diren neurrian, gaurdanik lantzen hasiko garen mobilizazio dinamika martxan jarriko  dugu. Mmobilizatuz eta proposamenak eginez, aurrekontuak pertsonen beharretara baldintzatzeko mobilizatuko gara:

  • -Interpelazio instituzionala. Nafarroa eta EAE-ko Gobernuei bilkurak eskatuko dizkiegu aurrekontuen inguruko proposamen zehatzak egiteko
  • -Azaroaren 28an Iruñean manifestazioa egingo dugu
    • Azaroaren 19/ 26an ekimenak
  • -Abenduaren 13an, Bilbo, Donostia eta Gasteizen manifestazio bana egingo dugu 
    • Abenduko lehen hamabostaldian ekimenak herrialde bakoitzean

Era berean, urriaren 31ean Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean erresidentziatako erabiltzaileen elkarteek, pentsionisten mugimenduarekin elkarlanean, egingo dituzten manifestazioei atxikimendua eman nahi diogu eta herritarrak modu masiboan bertan parte hartzeko deia egin. Erresidentzietan bizi den egoerak argiki uzten du eredu honek ez duela funtzionatzen eta aldaketa ezinbestekoa dela. Zaintza sistema publiko, unibertsal eta doako aldarrikatzeko bertan izango gara. 

Jaurlaritzari eskatu diogu, ekintza sindikala gauzatzeko ere, langileen mugikortasuna jasota egotea salbuespenen artean

LAB sindikatuak idatzi bat erregistratu du Eusko Jaurlaritzan. Hain zuzen ere, alarma egoeraren ondorioz hartutako neurriek jasotako salbuespenen artean, eskubide zibil eta politikoekin lotura duten bilera publiko eta manifestazioei ez zaie erreferentziarik egiten. Hala, eskatu dugu salbuespenen artean langileen mugikortasuna bermatzea ekintza sindikala gauzatzeko ere. Izan ere, oso egoera zaila bizitzen ari gara lan eta arlo sozialean; EEEak, ABEEEak, oinarrizko zerbitzu ez nahikoak, kaleratzeak, lan baldintzen prekarizazioa, kontratazio falta… Hortaz, langileek euren eskubideak ekintza sindikalarekin defendatzeko beste biderik ez dute, eta jarduera hauek guztiak gauzatu ahal izateko kaltetutako langileen mugikortasuna bermatzea ezinbestekoa da.

Honela gauzak, kasu hauetarako mugikortasuna salbuetsita ez badago, patronala-administrazioaren eta langileen arteko oreka hautsiko litzateke, legezko eta bidezko lan baldintzak bermatzeko bidean. Dekretuak lantokira joateko aukera eskaintzen du; bada, aukera bera izan beharko lukete euren lan eskubide eta sozialen defentsan ari diren langileek; mugikortasunean inolako mugarik izan gabe, lan zentroetan aplikatzen diren prebentzio eta segurtasun neurri berak kontutan hartuta (1,5 metroko distantzia, garbitasun eta babes baliabideak…).

Erabaki politiko ausarten beharra

Herritarren oinarrizko eskubideen urraketen aurrean, LAB sindikatuak nabarmendu nahi du egoeraren larritasunak etxeratze agindua edota konfinamendu perimetraletatik haragoko erabaki politiko ausartak eskatzen dituela:

-Zerbitzu publikoen pribatizazio eta merkantilizazio politikarekin amaitu behar da. Inbertsio gehiago bideratu behar dira hezkuntzara, osasungintzara eta gizarte zerbitzuetara, ratioak murriztu eta langile gehiago kontratatu behar dira. Oso nabarmen geratzen ari da hori osasungintzan; pandemia bati aurre egiteko osasun sistema publiko indartsua ezinbestekoa izanik, ez da erabakirik hartu norabide horretan.

-Zaintza sistema publiko baten beharra dago. Helduen zaintzak eredu aldaketa sakona eskatzen du; onartezina da negozioa egitea pertsonen zaintzarekin. Kalitateko zerbitzu bat eman ahal izateko langileen lan baldintzak hobetu egin behar dira, publifikazio prozesuak bultzatuz edota ratioen lege berri bat eginez. Haurren zaintzari dagokionez, ez ohiko kurtsoa izanik, haurrak etxean konfinatuak dauden kasuetarako zaintzarako baimenak ematea eskatzen dugu.

-Enplegu asko suntsitu da, eta gazte eta emakumeak dira kaltetuenak. Milaka lanpostu daude kolokan, ERTEak amaitzean langile askok ez dutelako enplegua bermatua. Enplegu politika berri bat behar da.

-Pobreziak eta behar sozialek gora egin dute, eta babes sozial sistema hobetzeko neurri bakar bat ere ez dugu ezagutzen.

Langileok antolatu eta mobilizatzen jarraituko dugu, zerbitzu publikoen defentsan, enpleguaren defentsan eta pentsio duinak eta oinarrizko behar sozialak herritar guztiei bermatzeko.

Deslokalizazioaren aurkako lege proposamenari hainbat ekarpen egin dizkiogu Nafarroan, legearen espiritua indartzeko eta azpikontrataturiko langileak aintzat har ditzan

LAB sindikatuak, Imanol Karrera bere bozeramailearen bidez, eskutitza bidali die Nafarroako talde parlamentario guztiei deslokalizazioaren aurkako lege proposamena aberasteko hainbat ekarpenekin. Gogoratzekoa denez, lege proposamen hori EH Bilduk egin zuen, Parlamentuaren gehiengoak tramitera onartu zuen, eta bihar (urriak 27) bukatzekoa da zuzenketak egiteko epea.

LABek ontzat jo zuen Nafarroako Parlamentuak tramitera onartu izana enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruz aurkezturiko lege proposamena. Baina, era berean, oso garrantzitsutzat jo zuen proposamen hori edukiz ez hustea. Ildo horretan, talde parlamentarioei bidalitako LABen proposamen multzoak, hain zuzen ere, legearen espirituan sakondu nahi du; bertzeak bertze, azpikontrataturiko langileak kontuan har ditzan (batez ere enpresa nagusiaren deslokalizazioaren ondorioz enplegua suntsituta ikusten duten emakumeak), eta lana benetan eta eraginkortasunez betetzeko kontrol, jarraipen eta ebaluazio mekanismo zorrotzak ezar ditzan.

Harridura eta haserrea adierazi nahi dugu ELAk zaintzaren eremuan lan egiten duten gizarte zerbitzuetako sektore batzuetan aldebakarrez deitutako grebaren harira

ELA sindikatuak zaintzaren eremuan lan egiten duten gizarte zerbitzuetako sektore batzuetan aldebakarrez deitutako grebaren harira, LAB sindikatuak bere iritzia eman nahi du.

Lehenik eta behin gure harridura eta haserrea adierazi nahi dugu. Gaur ELAk bere kabuz publiko egin duen deialdia LABekin batera lantzen eta adosten ari zen eta onartezina iruditzen zaigu aldebakarrez eta ezkutuan langileek ezagutzen ez duten deialdi bat publiko egitea. Gure ustez, bizi ditugun garai zail hauetan indarrak batu egin behar dira; horren eredu izan dira hezkuntzan eta Osakidetzan aurrera eramaten ari garen greba eta mobilizazio dinamikak. Ez da orain borrokak patrimonializatzeko garaia. ELAk gaur egindakoarekin, egoera oso larrian dauden langileen arteko batasuna apurtzeko pauso bat eman du, bere interes propioak gailenduz.

Bestetik, deialdi hauek ezin dira langileen bizkar egin; langileekin batera beraien lan baldintzak errotik aldatzeko dinamika oso bat beharrezkoa da zalantzarik gabe, ez greba egun isolatu bat. Adostu gabeko horrelako deialdiek konfiantza falta areagotzen dute eta desmobilizazioa sustatzen dute.

LAB sindikatua prest egon da eta dago greba eta mobilizazio dinamika bateratuak adosteko, bai ELArekin zein beste sindikatu eta eragile sozialekin. Hori horrela izanda, gure hausnarketak sektore hauetan lan egiten duten sindikatu eta eragile sozialekin konpartitzeko ordua dela uste dugu, zaintzan lan egiten duten zerbitzu sozialak publifikatu eta ratioa onargarriak ezarri daitezen helburuarekin.

Gure helburua greba eta mobilizazioaren bidetik zaintza sistema publikoa eraikitzea da eta horretarako gure konpromisoa berresten dugu.

Onartezina deritzogu EAJ-ak Lorent Saleh gonbidatu izana Euskal Herrira

Bihar, urriak 27, Lorent Saleh venezuelarra Euskal Herrian egongo da Eusko Alderdi Jeltzaleak gonbidatuta. EAJ-ak eta komunikabide nagusiek esango dute pertsona hau aktibista baketsu eta demokrata bat dela, Venezuelan Chavismoari modu demokratikoan aurre egin eta bide baketsuetatik demokrazia eraman nahi duela Venezuelara. Preso politikoa izan zela esango digute, eta Operación Libertad izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundearen sortzailea dela.

Errealitatea oso bestelakoa da, baina. Venezuelako erakunde demokratikoen kontrako atentatu ezberdinetan harremana izan duen pertsona bat da, bai Venezuelan eta baita Kolonbian ere, ultra-eskuineko taldeekin harremana izan duena; hala nola, Kolonbiako “Alianza Nacionalista por la Libertad” izeneko talde faxistarekin. Bere egunean frogatuta gelditu zen bezala, Lorent Saleh-ek Venezuela ezegonkortzeko helburua zuten ekintza terroristekin harremana izan zuen.

Onartezina deritzogu EAJ-ak pertsona hau Euskal Herrira gonbidatu izana eta are eta mingarriagoa iruditzen zaigu Venezuelan biolentzia eta terrorismoarekin erlazionatua izan den pertsona bati gure herrian eta munduan giza eskubideen sinbolo den Gernikara gonbidatu izana.

Bakoitza bere aliatu politikoak izateko libre da noski, eta Venezuelako egoera politikoaren inguruko iritzi guztiek zilegitasun beradute, baina gonbidapen honek muga guztiak gainditzen ditu, ekitaldi hauekin Venezuelako herriaren kontrako terrorismoa eta indarkeria zuritzen baitira.

LAB sindikatuak Venezuelan bakea, demokrazia eta burujabetza nazionala defendatzera deitzen du bere militantzia. Urriaren 27an, giza eskubideak eta herri guztiok gure etorkizun politikoa aske eta demokratikoki erabakitzeko dugun eskubideak defendatzearren, gonbidapen honen kontra deituta dauden mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu.

Eskola jangeletako langileen lan baldintza ez duinak zentroz zentro seinalatuko dizkiogu Jaurlaritzari

EAEko eskola-jangeletako langileok urteak daramatzagu gure lan baldintzen defentsan kalera ateratzen, Eusko Jaurlaritzari gu aintzat hartzeko eskatzen, ratioen jaitsieren alde mobilizatzen, lan berdinaren aurrean soldata berdinak eskatzen, hitzarmen propio bat eskatzen, gure miseriazko lan jardunak eta ondorioz, miseriazko soldatak salatzen…

Martxoan, euskal herriko milaka langile bezala, egun batetik bestera, gure lan jarduna eten egin zuten. Ondorioz, milaka haur eta nerabeentzat ezinbesteko elikadura sostengu dena ezabatua izan zen. Hilabete luzez langabezian egon gara diru sarrera oso baxuekin baina ez gara etxean egon. Ekainean mobilizazio ezberdinak egin genituen gure funtzioen aitortza eskatuz, itzulera seguru eta adostu bat eskatuz Eusko Jaurlaritzari.

Baina Gobernu honek, grebekin soilik ulertzen ditu gauzak. Eta horixe egin genuen. Irailaren 15ean, hezkuntza komunitate osoarekin batera, greba egin genuen. Eusko Jaurlaritzak ordea, jangeletako langileon eskakizunei entzungor egin zien. Horregatik, urriaren 7an, EAEko eskola publiko, pribatu eta itunduetako jangeletarako 3 eguneko greba deialdia egin genuen.

Greba deialdiak ezinbestekoak izan dira Eusko Jaurlaritzak bilera batera deitu gaitzan. Greba deialdi horiei esker, hezkuntzako partaide eta interlokutore bezala aitortzea lortu dugu. Izan ere, bilera horretan datuen kontrastea egitearekin batera, azaroaren 10ean berriz ere biltzeko konpromisoa lortu genuen interbentzio kirurgikorako konpromisoa lortzearekin batera.

LAB sindikatuak argi du bilerek ez dutela jangeletan bizi ditugun arazoak konpontzen. Aurretik zetozen eskaerei, pandemiak ekarritakoak gehitu behar zaizkie: lan karga hirukoiztu zaigu burbuilak kontrolatzen, jangela askotan betetzea ezinezkoa den protokoloak errespetarazten, behin eta berriz dena desinfektatzen, espazio berri eta ezberdinetatik mugitzen… Ezinbestekoa da ratioak jaistea, gure jardunak handitzea eta langile gehiago kontratatzea.

Ezinbestekoa iruditzen zaigu hemendik eta azaroak 10 bitarte, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien ez nahikotasuna agerian uztea. Horregatik, aste honetako grebak, ezinbestekoak direla iruditzen zaigu. Eusko Jaurlaritzari borrokan dugun tinkotasuna, indarra eta duintasuna jangeletako langileen lan baldintza ez duinak zentroz zentro seinalatuz erakutsiko diogu.

LABen lehen ekimena bihar egingo dugu, urriaren 27an, Gasteizko San Inazio ikastetxean 10:30etik aurrera (Iturritxu kalea, z/g). Horrekin batera, batasun sindikalak deitutako mobilizazioetan izango gara bihar 12:00etan, Eusko Jaurlaritzako hezkuntzako ordezkaritzen aurrean, Bilbon (Gran Vía, 85), Donostian (Andia, 13) eta Gasteizen (San Prudentzio, 18).