Hauxe da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok zabaldu dugun mezua, gaurko agerraldia dela eta:

Bizitzak erdigunean kokatu nahi ditugula aldarrikatu dugu ozen behin eta berriro, eta Covid-19ak sorturiko egoerak are eta ikusgarrigo egin du Euskal Herriko Karta Soziala osatzen dugun eragileok etengabe salatu dugun krisi estrukturala (ekonomikoa, soziala, ekologikoa, zaintzena…) eta egoera hobetzeko beharrezko den eraldaketa soziala.

Hitz horiekin amaitu genuen ikasturtea, ekainaren 19an mobilizatzeko deia eginez. Zoritxarrez, salbuespen egoera sortu duen osasun krisiak bere horretan jarraitzen du, sistema honek dituen gabeziak gero eta modu sakonagoan agertuz eta langile zein herritar sektore zabalen bizitzak prekarizatuz. Horregatik, mobilizazio dinamika bat aurkeztuz abiatuko dugu ikasturtea. Hortaz, gaurko agerraldia “Ondasunak banatu, eskubideak bermatu, zerbitzu publikoak garatu! Lehenik bizitza! dinamika aurkezteko baliatuko dugu.

EHESK osatzen dugun eragile, sindikatu etaekonomia sozial eraldatzaileko elkarteekegungoa sistema da zalantzan jartzen duguna: aurretik genuenak ez zituen pertsona guztien eskubideak bermatzen eta oraingo normalitate berriak are eta gutxiago. 

Ondasunak banatu

Fiskalitatea herritarron ulermenetik urrun dagoen ariketa abstraktua dela sinestarazi nahi digute. Errealitatea oso bestelakoa da, gure eguneroko bizitzan guztiz barneratuta baitago. Gakoa aberastasuna nola sortu eta nola banatzen den dago. Aberastasuna badago, arazoa da kapitalaren edota errenta altuenen mesedetan banatzen dela eta ez dagoela modu orekatuan birjasotzeko neurri fiskalik. 

Horregatik, lehentasunez aldarrikatzen dugu:

  • -Egoera honi aurre egiteko ezinbestekoa izango den gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publikoa errenta altu, kapital-errenta, ondarea eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.
  • -Aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak. Kalitatezko zerbitzu publikoak eta babes soziala bermatuko dituzten aurrekontuak behar ditugu. 

Testuinguru honetan, EHESK-k ekarpena egin eta fiskalitate eredua herritarrei gerturatzeko ahalegina eginez, azaroaren 5ean Mahai ingurua antolatuko dugu (zehaztapenak, lotu ahala). Era berean, fiskalitate eredu berri baterako oinarriak adostu eta mahai inguruan aurkeztuko ditugu. 

Eskubideak bermatu

Ezbairik gabe, osasun krisiak modu gordinean kolpatu ditu egoera zahurgarrian bizi diren herritarrak, lehendik zetozen eskubide urraketak agerian utziz. Eredu sozioekonomikoa eraldatu ezean, ordea, herritarron oinarrizko eskubide sozialak (etxebizitza, osasungintza, hezkuntza, elikadura osasuntsua, energia… ) daude jokoan. Era berean, kalitatezko enplegu duina aldarrikatzen dugu eta enplegua suntsitu nahiz prekarizatzeko saiakera oro salatu. Gero eta langile edota pentsionista gehiago izango dira bizitza duina bermatzeko ezintasuna dutenak, emakume edo gaztea izanagatik egoera okerrean egonik. 

Horregatik, lehentasunez aldarrikatzen dugu:

  • -Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a eta etxebizitza eskubidea.
  • -1080 eurotako gutxieneko diru-sarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat. 
  • -1200 euroko gutxieneko soldata/35 orduko gehienezko lanaldia.
  • -Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa

Eskubide guztiak guztiontzat defendatzen ditugu eta norabide honetan kokatzen ez diren proposamenen aurrean mobilizatuko gara. 

Zerbitzu publikoak garatu

Hezkuntza, osasungintza, zahar egoitza/ erresidentzia, azpi-kontrataturiko zerbitzuetako edota gizarte zerbitzuetako langileak borrokan daude ikasturte hasieratik egoerari irtenbidea emateko hainbat proposamen mahai gaineratuz. Langileon lan baldintzak hobetzen diren neurrian, zerbitzu hobea eskaintzeko baldintzak egongo direla ulertuz eta jokoan dagoena zerbitzuaren eredua bera dela, bizitza vs kapitala.  

Testuinguru honetan ezinbestekoa da zerbitzu publikoak indartzea-garatzea, herritar guztioi eskubideak bermatzeko bidea delako. Horretarako, ordea, egungo politika publikoen norabidea errotik aldatu behar da, pertsonak erdigunean kokatuz eta eredu sozio-produktiboa estrukturalki aldatzeko bideari ateak irekiz.

Horregatik, lehentasunez aldarrikatzen dugu: 

  • -Zerbitzu publikoak garatu. Zaintza lanen (zahar egoitza, eguneko zentro, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egoitza-elkarte, adin-txikikoen bizileku eta etxez etxeko zerbitzuak), osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek (hezkuntza publikoa, osasungintza…) azpikontrataturiko zerbitzuen (garbiketako, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile-hezitzaileak…)  eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa, langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea.
  • -Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea. 

Honetan guztian eragiteko aurrekontuak ezinbesteko tresna diren neurrian, gaurdanik lantzen hasiko garen mobilizazio dinamika martxan jarriko  dugu. Mmobilizatuz eta proposamenak eginez, aurrekontuak pertsonen beharretara baldintzatzeko mobilizatuko gara:

  • -Interpelazio instituzionala. Nafarroa eta EAE-ko Gobernuei bilkurak eskatuko dizkiegu aurrekontuen inguruko proposamen zehatzak egiteko
  • -Azaroaren 28an Iruñean manifestazioa egingo dugu
    • Azaroaren 19/ 26an ekimenak
  • -Abenduaren 13an, Bilbo, Donostia eta Gasteizen manifestazio bana egingo dugu 
    • Abenduko lehen hamabostaldian ekimenak herrialde bakoitzean

Era berean, urriaren 31ean Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean erresidentziatako erabiltzaileen elkarteek, pentsionisten mugimenduarekin elkarlanean, egingo dituzten manifestazioei atxikimendua eman nahi diogu eta herritarrak modu masiboan bertan parte hartzeko deia egin. Erresidentzietan bizi den egoerak argiki uzten du eredu honek ez duela funtzionatzen eta aldaketa ezinbestekoa dela. Zaintza sistema publiko, unibertsal eta doako aldarrikatzeko bertan izango gara.