2026-08-02
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaEskola jangeletako langileen lan baldintza ez duinak zentroz zentro seinalatuko dizkiogu Jaurlaritzari

Eskola jangeletako langileen lan baldintza ez duinak zentroz zentro seinalatuko dizkiogu Jaurlaritzari

EAEko eskola-jangeletako langileok urteak daramatzagu gure lan baldintzen defentsan kalera ateratzen, Eusko Jaurlaritzari gu aintzat hartzeko eskatzen, ratioen jaitsieren alde mobilizatzen, lan berdinaren aurrean soldata berdinak eskatzen, hitzarmen propio bat eskatzen, gure miseriazko lan jardunak eta ondorioz, miseriazko soldatak salatzen…

Martxoan, euskal herriko milaka langile bezala, egun batetik bestera, gure lan jarduna eten egin zuten. Ondorioz, milaka haur eta nerabeentzat ezinbesteko elikadura sostengu dena ezabatua izan zen. Hilabete luzez langabezian egon gara diru sarrera oso baxuekin baina ez gara etxean egon. Ekainean mobilizazio ezberdinak egin genituen gure funtzioen aitortza eskatuz, itzulera seguru eta adostu bat eskatuz Eusko Jaurlaritzari.

Baina Gobernu honek, grebekin soilik ulertzen ditu gauzak. Eta horixe egin genuen. Irailaren 15ean, hezkuntza komunitate osoarekin batera, greba egin genuen. Eusko Jaurlaritzak ordea, jangeletako langileon eskakizunei entzungor egin zien. Horregatik, urriaren 7an, EAEko eskola publiko, pribatu eta itunduetako jangeletarako 3 eguneko greba deialdia egin genuen.

Greba deialdiak ezinbestekoak izan dira Eusko Jaurlaritzak bilera batera deitu gaitzan. Greba deialdi horiei esker, hezkuntzako partaide eta interlokutore bezala aitortzea lortu dugu. Izan ere, bilera horretan datuen kontrastea egitearekin batera, azaroaren 10ean berriz ere biltzeko konpromisoa lortu genuen interbentzio kirurgikorako konpromisoa lortzearekin batera.

LAB sindikatuak argi du bilerek ez dutela jangeletan bizi ditugun arazoak konpontzen. Aurretik zetozen eskaerei, pandemiak ekarritakoak gehitu behar zaizkie: lan karga hirukoiztu zaigu burbuilak kontrolatzen, jangela askotan betetzea ezinezkoa den protokoloak errespetarazten, behin eta berriz dena desinfektatzen, espazio berri eta ezberdinetatik mugitzen… Ezinbestekoa da ratioak jaistea, gure jardunak handitzea eta langile gehiago kontratatzea.

Ezinbestekoa iruditzen zaigu hemendik eta azaroak 10 bitarte, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien ez nahikotasuna agerian uztea. Horregatik, aste honetako grebak, ezinbestekoak direla iruditzen zaigu. Eusko Jaurlaritzari borrokan dugun tinkotasuna, indarra eta duintasuna jangeletako langileen lan baldintza ez duinak zentroz zentro seinalatuz erakutsiko diogu.

LABen lehen ekimena bihar egingo dugu, urriaren 27an, Gasteizko San Inazio ikastetxean 10:30etik aurrera (Iturritxu kalea, z/g). Horrekin batera, batasun sindikalak deitutako mobilizazioetan izango gara bihar 12:00etan, Eusko Jaurlaritzako hezkuntzako ordezkaritzen aurrean, Bilbon (Gran VĂ­a, 85), Donostian (Andia, 13) eta Gasteizen (San Prudentzio, 18).

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.