2026-10-02
HomeLAB SindikatuaSozio-EkonomiaHiruhileko hobea izan arren, krisiaren aurreko enplegu maila urrun dago oraindik

Hiruhileko hobea izan arren, krisiaren aurreko enplegu maila urrun dago oraindik

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, aurtengo hirugarren hiruhilekoan 28.800 pertsona gehiago zeuden lanean Hego Euskal Herrian, gehienak emakumeak. Bilakaera horrek konfinamendua amaitu ondoren sortutako errebote-efektua eta aurreko hiruhilekoan enpleguak jasandako kolpe gogorra jasotzen ditu, geldialdi ekonomikoak 43.200 lanpostu suntsitzea eragin baitzuen.

Beraz, uztailetik irailera bitartean, aurreko hiru hilabeteetan galdutako enpleguaren bi heren berreskuratu dira. Hala ere, oraindik duela urtebete baino 20.500 pertsona gutxiago daude lanean (-%1,7).

Egungo krisiaren lan-ondorioak gehien pairatzen dituen jendarte-sektorea gazteria da zalantzarik gabe. Azken urtean, gazteen enpleguaren %20 baino gehiago suntsitu da, eta langabezia-tasa %39tik gora igo da.

Bestalde, kontuan izan behar dugu Biztanleria Aktiboaren Inkestak mugak dituela hilabete hauetan lan- merkatuan gertatzen ari den guztia jasotzeko; izan ere, inkestaren metodologiak okupatutzat jotzen ditu enplegu-etenaldiaren eraginpean dauden pertsonak, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Txosten (EABET) baten bidez.

Zehazki, Hego Euskal Herrian 44.280 pertsona egon dira, batez beste, aldi baterako lan-erregulazioko espediente baten eraginpean urteko hirugarren hiruhilekoan. Hala ere, irailaren amaierarako 30.480 pertsonatik behera zegoen kopuru hori.

AEBETen erabilera masiboak lehen boladan izandako kaleratze kopuruari eustea ahalbidetu du; baina horrek ez du eragozten Covid-19k lan-jardueran izan duen eragina inkestako datuen arabera ondoriozta zitekeena baino handiagoa izan dela baieztatzea.

Izan ere, lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtutako enpleguak %6,5eko urte arteko beherakada izan du EAEn. Datu horrek pandemiak enpleguan dituen ondorioen inguruko ideia bat ematen digu, gutxienez benetan lan egindako orduen ikuspegitik. Nastat-ek oraindik ez du Nafarroa Garaiari buruzko informaziorik aurreratu.

Nolanahi ere, komeni da ohartzea oraindik ere erresistentzia-fasean gaudela birusaren aurrean; beraz, orain lehentasuna da birusaren hedapena saihestea, bizitzak salbatzea eta ekoizpen-sarea gehiago suntsitzea eragoztea.

Testuinguru korapilatsu horretan garatu behar dugu gure lan sindikala, beste hiru epidemiaren aurrean, horiek ere larriagotzen baitira: langabezia, prekarietatea eta soldata-murrizketak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.