2026-01-27
Blog Page 488

Infernuaren utzarazteak bere gordintasun osoan erakusten digu zein den Donostiako Udalaren hiri-eredua

Donostiako Infernua auzoan burutzen ari utzaraztea, operazioa zilegiztatzeko egindako kriminalizazio kanpaina eta arrazakeria instituzionala salatzen ditugu. Polizia operazio bortitzak eta errepresio etengabea jasaten ari diren bertako bizilagunei gure elkartasun osoa adieraztearekin batera.

Donostiako Udalarentzat, pertsona guztientzako bizitza duina eta eskubideak bermatzearen betebeharra defendatu ordez, hirigintza proiektu suntsitzaile eta desjabetze planek lehentasun osoa izaten jarraitzen dutela argi geratzen da, beste behin ere. Honela, bertako bizilagunak kriminalizatu eta kanpaina mediatiko oso baten ostean hustutze bat justifikatzen ari dela salatu nahi dugu.

Infernuko auzoan hirigintza eredu eta sistema honek kanporatutako eta baztertutakoen erresistentzia gauzatzen dela badakigu, prekarietatea bizi duten herritarren eta egoera zaurgarrian dauden bizilagunen bizitokia dela. Hain zuzen, arduradun politikoek eta instituzio publikoek herritarron eskubideak sistematikoki urratzen dituztelako auto antolatzen diren herritarrei, eta sistemaren hutsuneak bistaratu, salatu eta eraldaketa proiektuak gauzatzea ahalbidetzen duen okupazioari, jazartzen ari zaie. EAJ-PSEren kudeaketa instituzional penagarriaren beste erakusgarri bat: pandemiak azaleratutako behar sozial eta premiakoei erantzuteko konpromisorik adierazi ez bezala, oraingoan ere, non daude baliabideak?

Ekintza kolektiboa, elkartasuna eta erresistentzia eragotzi nahi dutenen aurrean, eta aldiz arrazakeria, prekarietatea eta errepresioa zilegiztatzen dutenen aurrean, pertsona guziontzat eskubide guztiak eta bizitza duina defendatzera eta mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu.

Ospitale eta osasun etxeen aurrean mobilizatu gara berriro, osasungintza publikoaren defentsan

Osasun publikoaren egoera larriaren aurrean, eta Osasun Sailaren irtenbiderik eza ikusita, mobilizazio ugari egin ditugu atzo eta gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitale eta osasun etxeen aurrean, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuok deituta. Era berean, azaroaren 5aren etorrerarekin, EAEn deitutako hiru greba egunetatik bigarrena gauzatu dugu Gipuzkoan, urriaren 29an Araban egindakoaren ostean. Bizkaian, azaroaren 12an egingo dugu greba.

Atzo eta gaurko mobilizazioen argazkiak eta kontakizuna LABen Osakidetzako Twitter kontuak jaso ditu.

Hauxe da sindikatuok igorritako oharra, gaurko greba eguna dela eta:

Gaur, Gipuzkoako lehen mailako arretan eta Osakidetzako ospitaleetan protestak eta greba egiten ari dira SATSE, ELA, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE, UTESE sindikatuek deituta, lurraldeko zentro guztietan.

Grebaren jarraipena, joan den ostegunean Araban gertatu zen bezala, oso zabala izaten ari da, batez ere Lehen Mailako Arretan. Goizeko 11etan kontzentrazio masiboak egin dira Gipuzkoako zentro guztietan, eta horren adibide garbia da Donostia Ospitalean egin den kontzentrazioa.

Greba, hainbat ospitaletako radiologian, laborategian eta kirofanoetan nabaritu da. Araban gertatu zen bezala, jarraipena bereziki garrantzitsua izaten ari da lehen mailako arretan, eta, zalantzarik gabe, horrek agerian uzten du jasaten ari den gainezkatze sistematikoa eta langileen nekea. Nabarmentzekoa da osasun-zentroetako Bezeroaren Arretarako Guneetako langileen artean izaten ari den jarraipen masiboa. Gainerako kategoriek ere gogor jarraitu dituzte lanuzteak.

Eta hori guztia, gehiegizko zerbitzu minimo batzuekin. Izan ere, kolektiboaren greba-eskubidea neutralizatzeko, eragozteko eta erasotzeko ahalegin berri baten aurrean gaude. Horrez gain, salatu nahi dugu, grebaren jarraipena zenbatzeko orduan, Osakidetzak beti manipulatzen dituela datuak; eta, greba egiteko aukera izan dutenen artean zenbatek parte hartu duen adierazi beharrean, plantilla osoa hartzen duela oinarritzat, nahiz eta jakin plantilla horren zati handi batek ezin duela greba egin.

Deialdia egin dugun sindikatuok plantillaren egoera kezkagarria salatu nahi dugu. Egoera hori egunetik egunera larriagotu egiten da pandemiaren bilakaeraren ondorioz eta horren ondorioak, langileek ezezik, herritarrek ere jasaten dituzte. Argi eta garbi esan dezakegu, lehen konfinamendua igaro ondoren, Osakidetzak ez duela plangintza egokirik martxan jarri, ezta birusaren balizko berragerraldiei bermeekin aurre egiteko beharrezko errefortzuak ere. Gogoratu behar da, birusa agertu aurretik, lan gainkarga sistematikoa zegoela Osakidetzan.

Egoera larria izanik, egindako greba-deialdiak arrakastatsuak izan ondoren, Osasun Sailak ez du inolako elkarrizketarik izan sindikatuokin. Neurri batzuen berri izan dugu komunikabideen bitartez, eta, zalantzarik gabe, fede-egintza bat egin behar dugu Eusko Jaurlaritzak plantillei eta beste gai batzuei buruz publikoki eskaintzen dituen datuekin; izan ere, ohikoa denez, erabateko iluntasuna eta informazio falta dago. Era berean, ez dago negoziaziorik mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenen inguruan, eta ez da neurri bakar bat ere planteatu urrutitik datozen egiturazko arazoei irtenbidea emateko.

Premiazkoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea eta osasun publikoaren etorkizuna bermatuko duten eta profesionalak errespetatuko dituzten irtenbideak abian jartzea. Nahikoa da gezurrez, hitz onez eta manipulazioez. Benetako konponbideak nahi ditugu.

Bizkaiari ematen diogu erreleboa: azaroaren 11an protestak izango dira Gipuzkoako eta Arabako osasun-zentro eta ospitale guztietan, eta azaroaren 12an BIZKAIA GREBARA!

Ostalaritzako langileak babesteko neurriak eskatzen ditugu

Hego Euskal Herriko Ostalaritzan ezarri diren murrizketak direla-eta -Nafarroan erabateko itxiera izan da-, LAB sindikatuak sektoreko langile guztiak babesteko neurriak eskatzen ditu. Besteak beste, ostalaritzaren inguruko jarduera oro pandemiak bereziki eragindako aktibitate gisa deklaratzea eskatzen dugu. Ondorioz, sektorea babesteko neurri ezohikoak ahalbideratzea.

LAB sindikatutik gogor salatu nahi dugu ostalaritza sektorea bizitzen ari den kriminalizazioa. Krisi egoera honetan, Ostalaritza behin eta berriz izaten ari da kolpatua, behin eta berriz lege mugapenak aplikatuz edota kutsatzeen erantzule eginez. Guk argi dugu honen atzean gobernuen kudeaketa eza ezkutatzeko asmoa dagoela.

Kate luzea dago taberna bakoitzaren atzean, hala nola ekoizle zein banatzaileak, garbitzaile edota aholkularitzak, eta ondorio latzak eragiten ari dira murrizketok langile askorengan. Baina erabaki politikoak debeku eta isunak arautzera mugatzen ari dira soilik, inolaz ere ez sektorea babesteko neurrietara.

Aldi berean, ezinbestekoa iruditzen zaigu kontratupeko langile ororentzako neurri bereziak hartzea, izan behin-betikoak, behin behinekoak edota kontratu ezarengatik babes juridiko gabe dauden milaka langileak. Bada garaia sektorean ematen diren gehiegikeriak behar bezala ikuskatzekoa, jardunaldiak erregularizatzea eta gutxieneko jardun eta soldatak arautzekoa.

Une honetan, lehentasunezkoak dira ostalariak babesteko neurriak, lokalen alokairuen gainekoak edota autonomo zergari dagozkionak. Baina laguntza oro enplegua bermatzeari baldintzatuak egon behar dira, kaleratzeak debekatuz eta langileen langabeziak osagarrituz.

Azaroaren 7rako Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitu diren protestetarako gure atxikimendu publikoa adierazten dugu. Ostalaritza kriminalizatzearen aurka aterako gara, bai eta ostalaritzako langileak babesteko neurriak eskatzera ere.

Bilboko Udalak eskola publikoetako garbiketa zerbitzua murriztu egin du pandemiaren bigarren olatua indartsu dagoen honetan

Bilboko Udalak ikastetxeetan garbiketa eta desinfekzioa indartzeko kurtso hasieran iragarri zuen ordu osagarriak murriztea erabaki du.

Ikasturtearen hasieran, Bilboko Udalak 200.000 euroko inbertsioa iragarri zuen herriko eskola publikoetako garbiketa zerbitzua indartzeko. Inbertsio hori ez zen nahikoa izan, pertsona bakarra edo bi kontratatu ziren ehunka ikasle hartzen zituzten zentroetarako. Gainera, hasierako iraupena 15 egunekoa izango zela estimatu zen. Kontratu horiek lehen hilabetean luzatu ziren, baina urrian jada lehen murrizketak etorri ziren; hasieran 7 ordu/eguneko lanaldiak zirenak, aste batetik bestera, 4 ordu izatera pasa ziren; zentroetako benetako garbiketa-beharrak gaindimentsionatu zituztela argudiatuz.
Aste hauetan guztietan, ez da ikastetxerik egon kasu susmagarriengatik edo zuzenean baieztatutako positiboagatik covid protokoloa aktibatu ez duenik.

Joan den ostiralean jakin genuen zerbitzua berriro doitu zela, kontratatutako orduen kopurua berriro murriztuz. Gaur egun, zentro batzuetan egiten ari diren garbiketa-errefortzua hasieran iragarritako orduen erdia ingurukoa da. Zenbait langile kaleratu dituzte.

LAB sindikatutik Udalaren jarrera arduragabea salatu nahi dugu; izan ere, kutsatze-kopuruaren gorakadak geldiarazten ez den momentu hauetan, aldebakartasunez erabaki du eskoletan garbiketa-errefortzua murriztea. Udalari eskatzen diogu bere erabakian atzera egin dezala, manten dezala hasiera batean iragarritako inbertsioa eta ez dezala lagundu garbitzaileen lan-baldintzak prekarizatzen. Horrela, azpikontratatutako enpresari, UTE INTERIORES BILBAO IIri, langileen lanaldiak handitzeko eska diezaiola, kontratu horiek mugagabe bihurtzea eta kontratazioa handitzea, esleitutako lan-karga jasanezina izan ez dadin.

Idazkaritza Feministatik gogor gaitzetsi nahi dugu Palestinako GUPWko idazkari nagusi Khitam Al-Saafin-en atxiloketa

Gure kezka eta amorrua adierazi nahi dugu atxiloketa honen aurrean eta egunotan Zisjoradaniako hainbat eremuetan aurrera eramaten ari dituzten sarekadengatik, zeinak helburu argia duten, Palestinar herriaren aldeko defentsan dauden aktibistak  beldurtu eta zigortzea.  

Era berean, gure elkartasun feminista adierazi nahi diogu Khitam eta bera bezala Palestinar emakumeen eskubideen alde borrokan dauden Aktibista Feminista guztiei, zeinak  jazarpenak eta mehatxuak beraien egunerokotasuna bilakatu diren Israelgo estatu faxistaren eskutik.

Hau dela eta, LABetik Khitamen berehalako kaleratzea exijitzen dugu eta Palestinar herriarekiko eta Preso Politikoekiko gure elkartasun osoa adierazi nahi dugu.

Langabeziaren bilakaera positiboak ameskeria soila izateko aukera gehiegi ditu

Urrian 5.524 pertsona gutxiago daude langabezian, eta horrek atseden txiki bat ematen digu gaur egun bizi dugun egoera zailean. Beraz, Hego Euskal Herriko lurralde guztietan 177.379 pertsona daude langabezian, eta %55,4 emakumeak dira. Nafarroan soilik egin du gora langabeziak, aurreko hilabetean baino 763 pertsona gehiago.

Ikuspegi osoagoa izateko, oraindik 25.955 pertsona daude enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean.

Itxuraz, erregistratutako hobekuntza positiboki baloratu beharko litzateke, baina arrazoi gehiegi daude benetan ameskeria soil baten aurrean gaudela pentsatzeko.

• EAEn langabezia murriztu egin da “aurreko lanik gabeko” pertsonen artean, irailean baino 1.005 gutxiago. Bilakaera hori arrazoi administratibo hutsengatik gertatu da; izan ere, Lanbidek datuak Hezkuntzarekin gurutzatzen ditu, eta langabezia neurtzeko araudia aplikatuta, zerrendatik kanpo uzten ditu lehen enplegua eskatzen duten ikasleak.

• Urrian sortutako enpleguaren zati handi bat Hezkuntzaren sektorean biltzen da, eta, horrela, beste urtebetez errepikatzen da oporretako hilabeteetan kaleratzeko eta ikasturtearen hasieran berriz kontratatzeko ohitura. Ohikoa bezain iruzurrezkoa.

• Urte arteko krisiaren ondorio suntsitzailea neurtzen badugu, 30.180 pertsona gehiago daude langabezian: %25,8 gehiago gizonen artean eta %16,5 emakumeen artean.

• Hamarkada batean bigarren aldiz, gazteak dira gehien zigortutako kolektiboa. 25 urtetik beherako gazteen langabezia %53,4 igo da.

• Konfinamendu berri baten atarian, edozein hobekuntza hauskorra eta iragankorra da. Dena berragerpenen gogortasunaren eta horien kudeaketaren mende dago. Eta horri dagokionez, azpimarratu behar da inork ezin duela bere erantzukizun-zatia saihestu, nork berea.

Egungo egoeran, administrazio publikoei dagokie osasuna bermatzea, ekonomia kolapsatzea eta enplegua suntsitzea saihestea, eta krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialak arintzea.

Gure aldetik, kontraboterea erabili behar dugu, ahalik eta kontrabotererik handiena, gizarte-inboluzioaren arriskua eta desberdintasunak areagotzea saihesteko.

Aburto alkatearen jarrera oztopatzailea salatu dugu Bilboko Udalaren telelanaren aplikazioan

Bilboko Udaleko LABeko Atal Sindikalak hilabeteak daramatza langile guztientzat telelana ezartzeko eskatzen, pandemiaren hedapenari aurre egiteko prebentzio-neurri gisa.

Datuek bilakaera negatiboa izan badute ere, Aburto alkateak eta bere gobernu taldeak entzungor egin die, ez bakarrik proposamen horri, baizik eta LABIren gomendioei, alkatea bertako kidea den arren. Bere jarrerarekin, desplazamenduak eta mugikortasuna nabarmen murriztea eragozten du, funtsezkoa dena birusa hedatzeko egoera horretan, eta, gainera, arriskuan jartzen du langileen osasuna.

Ez da alkatea berandu eta gaizki doan lehen aldia: martxoan, lehen olatuan, herritarren arretako langileen planto bat egin behar izan zen prebentzio-neurriak areagotzeko erabakia har zezan.

Urriaren 30ean, LABIren Aholku Batzordearen Batzorde Teknikoak ohiko bilera egin zuen, eta, ondoren, hamar gomendio emateko proposamena eman zion Urkullu lehendakariari, gizarteari helarazteko. Gomendio horien helburua lehendakariaren 36/2020 Dekretuan jasotako prebentzio-neurrien eraginkortasuna eta zorroztasuna indartzea zen. Jasotako txostena aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzak bere egin ditu LABIren Batzorde Teknikoaren hausnarketak, eta gizarte osoari helarazi dizkio.

Hamar gomendioen artean, bi hauek daude:

• “Garraio publikoaren erabilerari dagokionez, komeni da pilaketak saihestea, batez ere puntako orduetan. Horretarako, oso komenigarria da garraio-maiztasuna eta unitate-kopurua handitzea ordutegi-tarte horietan”.

• “Gomendatzen da, halaber, hori posible den enpresetan telelana eta ordutegi malguak sustatzea (malgutasuna sarrera- eta irteera-orduetan).”

LABen proposamena

Udala bi lantaldetan banatzea proposatu dugu, telelana eta aurrez aurreko lanaren modalitatea txandakatuz, beste administrazio batzuetan egiten den bezala.

Langileen banaketa hori osasun-irizpideak kontuan hartuta planteatu da, eta irizpide horiekin honako helburu hauek lortzeko:

1.- Telelanaren eta aurrez aurreko lanaren modalitate misto hori ezarrita, langileen artean kutsatzeak saihestea.

2.- Kutsatzeengatik bulegoak ixteko arriskua minimizatzea, Bilboko Udalak kudeatutako zerbitzu publikoak bertan behera geratzea ekiditeko.

3.- Udalean lan egiten duten langileen mugikortasuna minimizatzen du, garraio publikoan pilaketak saihesten lagunduz.

LABeko atal sindikalak modalitate misto hori ezartzea eskatu duen aldi guzti-guztietan, udal honetako arduradunek ezezkoa erantzun dute.

Ildo horretan, erantzun hori ulertezina da Juan Maria Aburto Bilboko alkatea EAEko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeko (LABI) kide izanda, zeinak bi gomendio hauek ematen baititu: telelana ahal den guztietan ezartzea eta garraio publikoan pilaketak saihestea.

Lehentasunezkoa da obra publikoen kontrol publiko eta herritarra berreskuratu eta Donostiako metroa gelditzea

Ekainaren 5ean jakin zen Donostiako erdiguneko eraikin batean metroaren obrek zulo bat eragin zutela, zorionez, inor zauritu gabe. Irailaren 25ean berriz, jakin genuen tunelaren zulaketa lanetan agertutako harea eta urak %70eko gainkostua eragingo zuela. Ondorioz, ETS-k enpresarekin zuen kontratua eten eta 28 langile kaleratu zituen. Harridura eta haserrea eragiten duten gertakariak, eta guzti horren artean ulertezin zaizkigun galderak: zer gertatu zen ekainaren 23an ETS-k onartutako obren aldi baterako etenaldi partzialetik irailaren 25era arte, ETS-ek kontratua baliogabetzea aztertzen ari dela jakinarazi zuen arte?

Arantxa Tapia, Eneko Goia eta lagunek obrak oso-osorik zoru arrokatsuan egiten ari direla esaten ibili dira, nahiz eta agerian geratzen joan den bezala, hala izateko bermerik ez zegoen. Nola da posible obrak egin aurreko zundaketetan inolako eragozpenik identifikatzen duen lekukotzarik jaso ez izana (edo omititu izana)? Oinarrian, behar bezalako azterketa bat egin eta ura agertu eta hareatza desestabilizatu dezakeen aurreikuspenik egiten ez duen proiektu publiko batekin aurrera jarraitzea guztiz kudeaketa arduragabea da. Gainera, obrari lotutako bestelako hamaika irregulartasun salatu izan ditugu: eraikinetan sor ditzakeen kalteen inguruko azterketarik egin ez izana, bizilagunek jasandako kalteen erreparaziorik egiteko borondate eza, lan baldintza kaxkarrak, segurtasun araudia eta gomendioak betetzen ez dituzten larrialdi irteerak…

Nola uler daiteke metroaren Mirakontxa-Easo zatia lizitazioan aurreikusitakoa baino 11,3 milioi euro gutxiagoan esleitzea? Bada, obra publiko handietan eguneroko ogi izaten direlako lan baldintza prekarioak, herritarrak infantilizatzea eta gainkostuetatik etekin pribatuak ateratzea. Instituzio publikoen aldetik, merkeen eskain dezakeen enpresaren alde egin eta ondoren gainkostu jasanezinetan itotzea, eta gainera enpresei inolako konpromisorik exijitu gabe, kaleratzeak ahalbidetuz honela, guztiz jarrera onartezina da. Lehentasunez, diru publikoa esku pribatuetan jartzeko politikarekin amaitzea exijitzen dugu eta obra publikoen kontrol publiko eta herritarra berreskuratzea.

Izan ere, krisiaren ondorioak gogorren pairatzen ari ginenean ekin zitzaion metroaren eraikuntzari, herritarren behar eta lehentasunei entzungor eginez. Gaur, covid19-ak azkartutako krisien aurrean, indar handiagoz diogu premiazkoa dela politika publikoen norabidea aldatzea, beste eredu ekonomiko eta sozial baterantz trantsizioa egiteko. Erdigunearen komertzializazioa eta bizilagunen kanporaketa eragiten duten makro- proiektuak bertan behera utzi, pribatizazio eta merkantilizazio logikekin eten eta bizitza erdigunean jarriko duen Donostia baterantz trantsizioa egiteko urjentzia dugu.

Bizi dugun une kritiko honetan eta metroko obren gertakari larri hauen aurrean, jendarteak bere haserrea adierazi du, eta arduradun politikoak urduri daudela agerikoa da. LABeko langileok halako makro-proiektu zentzugabearen kontrakotasunean berresten gara, eta orain indar handiagoz, herritarrok erantzuteko momentua dela argi dugu. Satorralaia bizilagunen mugimenduak azaroaren 14rako deitutako manifestaziorekin bat egiten dugu eta dei egiten diegu langileei gure ezezkoa eta haserrea kalean eta lanean adierazi eta antolatzera.

EAEko Hezkuntzako eta EHUko garbitzaile azpikontratatuek egoera larrian daudela salatu dute

Mobilizazioak egin dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian. “Funtsezkoak bagara, zergatik gutxiesten gaituzte?”, galdera egin diete Jaurlaritzari eta enpresei. Bada, azaroaren 19 eta 25ean bi greba egun egingo dituztela iragarri dute.

Hauxe da gaurko mobilizazio egunaren harira LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok igorritako oharra:

Egoerak ez du hobera egin Hezkuntza eta EHUko garbitzaile azpikontratatuentzat. Izan ere, ikasturte hasieratik bi hilabete igaro ondoren, Hezkuntza eta EHUko garbitzaile azpikontratatuek egoera kritikoan jarraitzen dute.

Denbora daramagu borrokan hutsik dauden lanpostu guztiak bete daitezen, auzitegiek arrazoia eman badigute ere, enpresa pribatuek ez dituzte lanpostu horiek betetzen. Baina badakigu, greba-egunak direla lanpostu guztiak bete diren egun bakarrak. Horrek guztiak argi uzten du minimoen azpitik lan egiten dugula; izan ere, egunerokoan enpresek ez dituzte zerbitzu minimoak ere betetzen. Gure lankideen bajak bete gabe daude oraindik; bost egon beharko ginatekeen zentroetan hiru lankide gaude, eta azkenean ordezko bat kontratatzen denean kontratu partzialak egiten dizkiote lanaldi osoak betetzeko.

Preziorik merkeenari lehentasuna ematean oinarritutako azpikontratazio-politikaren ondorioz, eta enpresen iruzurrezko jardunbideak gutxi kontrolatzearen ondorioz, garbitzaileen lan-karga handitu egiten da, eta enpresa pribatuak bidegabe aberasten dira diru publikoaren desbiderazioari esker.

Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen partida ekonomiko indartua egongo zela garbiketarako. Baina, egia esan, errefortzu hori ez da iritsi. Aitzitik, enpresa pribatuak ordutegi-aldaketak egiten ari dira, lan- karga handitzen ari zaizkigu, baina ez dira lanaldiak luzatzen ari. Beraz, berriro diogu, galdera oso erraza da, non dago garbitasunaren errefortzurako diru publiko hori? Zertara bideratu dute enpresa pribatuek diru publiko hori, errefortzuetan ez bada? Gardentasuna eskatzen dugu, eta horregatik eskatu dugu bilera-sorta bat egitea alderdi politiko guztiekin alde batetik eta egoera honen erantzutzule diren bezero nagusiekin ere: EHU eta Hezkuntza. Hala ere, gaur egun, eta egoera oso larria izanik, Hezkuntza sailburuak oraindik ez digu bilerarik eman. Eta guk argi daukagu, beraiek dira egoera honen azken erantzuleak eta beste behin azpikontratuak izateagatik gutxietsi nahi gaituztela.

Lan segurtasunarekin eta higienearekin kezkatuta dauden berberak, grebarako dugun eskubide legitimoa urratzen dute, eta beste alde batera begiratzen minimoetan gaudela salatzen dugunean, kutsatzeak beranduegi jakinarazten direla, norbera babesteko ekipamenduak ez direla iristen eta bajak ez direla estaltzen salatzen dugunean. Gutxieneko zerbitzuen % 100-a ikastetxeetan osasuna eta higienea bermatu ahal izateko ezinbesteko lurzorua bada, zer gertatzen da gainerako egun guztietan, % 90ean edo % 80an gaudela?

Funtsezkoak bagara, zergatik gutxiesten gaituzte?

Urteak daramatzagu ikastetxeetako garbitzaileen egoera salatzen, mobilizazio, lanuzte eta grebekin. Baina gaur garukoz egoerak onera egin beharrean, larriagotu egin da pandemiarekin. Baina guk irmoki iragartzen dugu datozen asteetan mobilizatzen jarraituko dugula eta azaroaren 19an eta 25ean bi greba egun egingo ditugula Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, minimoetan gaudela salatzeko. eta gure lankide guztiak borrokarekin bat egitera animatzen ditugu; izan ere, borroka da bide bakarra merezi dugun errespetu eta duintasuna lortzeko.