2026-07-27
Blog Page 488

Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilentzia Planaren tramitazio prozesuaren opakotasuna salatzen dugu

Informazio eta gardentasun falta Europako funtsak langileriak eskatzen eta behar dituen lehentasunak bere jardueraren erdigunean kokatzeko diseinatuta ez daudela adierazten duen beste sintoma bat da.

Espainiako Gobernuak Eraldaketa eta Erresilientzia Berreskuratzeko Plana onartu zuen asteartean Ministroen Kontseiluan, eta gaur zen Europako Batzordeari igortzeko azken eguna. Planak 20 trakzio-programa eta 110 inbertsio-eremu ditu, baina oraindik ez ditu zehazten Europar Batasunera bidaliko diren proiektu zehatzak. Next Generation EUren onarpena eta izapidetzea inguratzen ari den prozesu opakoaren beste kapitulu bat baino ez da hau.

Ildo beretik, gogoratu behar da 36/2020 Dekretutik eratorritako lege-proiektua onartu gabe dagoela oraindik, eta hainbat aldiz luzatu dela haren izapidetzea; horrek ziurgabetasun handiagoa gehitzen du aipatu prozesuan. PERTEak onartzea, hala nola proiektu estrategikoak izapidetzeko sozietate-figurak eta kontratazio publikoaren bermeetan baldintzak jaistea salatzen ari garen opakotasunaren beste adibide bat dira.

Gauzak horrela izanik ere, Europako funtsak jaso ahal izateko egingo dituen erreformak bai zehaztu ditu Espainiako Estatuak bere dokumentuan. Aurkeztutako planean jasotzen diren erreformen artean, pentsioen erreforma, lan erreforma eta erreforma fiskala daude. Bruselak mahai gainean jartzen dituen baldintzatzaile argiez harago, Estatuko Gobernuak lan- erreforma indargabetzeko erakutsi duen borondate eza gogoratu behar dugu.

Norabide berean, Toledoko Itunaren gomendioek eta pentsioen sistema publikoa ahultzeko Escrivá ministroak egindako proposamenak langile guztion eskubideei zuzenean erasotzen dituela deitoratu nahi dugu. Gobernuaren politika erregresiboaren zantzu argiak dira, besteak beste, pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko epea 25 urtetik 35era luzatzea edo 2011ko pentsioen erreforma sendotzea.

Aldi berean, zerga-erreforma sakon bati ekitea saihesten da. Beste behin ere, errenta altuak eta enpresa-mozkinak gehiago zergapetzeko egiturazko erreformen beharra aldarrikatzen dugu. Ez egitea murrizketa gehiagoren alde egitea da.

Aipatzekoa da ere, oso esanguratsua izaten ari dela aholkularitza-enpresa handiek eta enpresa transnazionalek planaren diseinu-prozesu osoan izan duten presentzia, bai planaren arau-garapenean, bai haren ondoriozko jarduera-ildo estrategikoen eta proiektuen prestakuntzan. Lankidetza publiko-pribatua klientelismoan eta 2008ko krisian ere funtzionatu zuen estrategian laburbiltzen da: etekinak pribatizatzea eta galerak sozializatzea.

Beste behin ere ikusten ari gara Euskal Herriko langileriaren etorkizuna Madrilen eta Bruselan erabakitzen dela. Aldiz, erabaki eta politika horien ondorioek eragin nabarmena dute euskal langileen bizi-baldintzetan. LAB sindikatutik argi daukagu kapitalaren bira berriak, hazkunde berdearen eta digitalaren eskemarantz, langileen interesekin aurrez aurre talka egiten duela.

LABetik berriro diogu beharrezkoa dela gizarte-eztabaida bat egitea osasun-larrialdiak sakondu dituen krisiei aurre egiteko egin behar den trantsizioari buruz. Ezin digute eztabaida hori lapurtu. Egungo sistema ez da ez sozialki ezta ekologikoki bideragarria. Bizitzaren merkantilizazioaren aurrean, langileon beharrak erdigunean jarriko dituen trantsizio ekosozialista eta feminista beharrezkoa da; jarduera ekonomikoaren ardatza publikoan jarriko duena, aberastasuna, lana eta enplegua ikusarazi eta banatuko dituena, jasangarria eta interdependentea izango dena, eta pentsio-sistema eta langile guztientzako lan-baldintza duinak babestuko dituena.

Bideragarritasun-plan bat eskatu diogu Electroaceros enpresari, bertako lanpostuak ziurtatzeko

Electroaceros S.A.ko (Metalaren sektoreko Iruñeko faktoria da, eta 40 bat langileri ditu) zuzendaritzaren utzikeria salatu nahi du LAB sindikatuak, azken urteotako enpresaren dinamika negatiboa konpontzeko utzikeria. Langileek gaur ordu erdiko elkarretaratzea egin dute lantegiaren atarian.

LABek behin eta berriz eskatu dio enpresako zuzendaritzari mahai baten inguruan esertzeko, haiekin batera enpresaren egoera aztertzeko eta dauden aukera guztiak ikusteko konpromisoa. Ildo horretan, enpresaren etorkizunerako duen bideragarritasun-plana ezagutaraztea eskatu izan diogu enpresari, ekarpenak egin ahal izateko.

Baina gure eskaera onartu beharrean, enpresak hainbat erasorekin erantzun du. 2020ko uztailean, kontsultaldia amaitu aurretik erretiratu zuten ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente ekonomikoa aplikatzen saiatu ziren, eta 2021eko martxoan funtsezko aldaketa bat egiteko mehatxua egin zuten, langileen soldata izugarri okertzen zuena. Aldaketa hori plantillaren batasun eta mobilizazioari esker gelditu zen.

Nahiz eta ontzat jotzen dugun ez dela aplikatuko ez ABEEErik ez funtsezko aldaketarik, egoera ez da aldatu, eta egoera horri gehitu behar zaio 2021 osoan enpresak daraman plantillari nominak ordaintzeko atzerapena. Beste behin ere, LAB sindikatutik eskatzen dugu enpresak bideragarritasun-plana aurkezteko eta gurekin negoziatzeko, Electroaceros S.A. enpresako lanpostuen etorkizuna ziurtatze aldera.

Zutik, kanta, garaitzera goaz!

Hemen da Maiatzaren Lehena, eta LABek langile klasearen harrotasunaren eguna musikatu du, “El pueblo unido jamás será vencido” abesti historikoaren euskarazko aldaera eginda. Hain zuzen ere, Andreina Jolin musika talde nafarraren eskutik egin dugu abestia, “Herria, batua, inoiz ez garaitua” izenburupean.

EAEko Goi Auzitegiaren ebazpena klasistatzat jotzen dugu eta Euskal Herri osoan antolatu ditugun 34 mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei

EAEko Goi Auzitegiak Eusko Jaurlaritzaren irizpidea ontzat ematen du, alegia, sindikatuoi eskatzen digu Maiatzaren Leheneko Gasteiz, Bilbo eta Donostiako manifestazioetan itxiera perimetralaren neurriak bete daitezen bermatzea.
LABen iritziz, Eusko Jaurlaritzaren eta EAEko Goi Auzitegiaren irizpidearen atzean klasismo nabarmena dago. Bistan da epaitegiak ez direla neutroak; klase gatazka areagotzen ari den honetan, euren ebazpenetan gehiegizko konfiantza jartzea arriskutsua da.

Klasismoaz mintzo gara, turismoa sustatzearren Kantabriako muga ospakizun artean ireki zuen edota pandemiaren lehen olatua amaitu gabe zegoela alde bakarrez hauteskundeak deitu zituen Jaurlaritzak berak mugatu nahi dituelako orain langileon oinarrizko eskubide zibil eta politikoak. Klasismoaz mintzo gara, pandemia hasi denetik ez delako egon enpresetan segurtasun neurriak bermatzeko inolako ekimenik Ertzaintzaren, Lan Ikuskaritzaren edota epaitegien aldetik. Egunero-egunero, milaka langile goaz lanera, ez nahikoa den garraio publikoan pilatuta kasu askotan, gure herrietan itxiera perimetrala egon ala ez. Eta joan-etorri horiek baino, kalean eta segurtasun neurri guztiekin egingo diren mobilizazioetarako joan-etorriak mugatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Ematen du koronabirusa baino, mobilizazio soziala dela arazoa eurentzat.

Edozein kasutan ere, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako mobilizazioak ez dira LABek EAEn egingo dituen mobilizazio bakarrak, ezta gutxiago ere. Gainontzeko sindikatuak ez bezala, Maiatzaren Leheneko mobilizazioak deszentralizatzearen alde egin du LABek, bai herritarren parte hartzea errazteko baita joan-etorriak murriztu eta jende pilaketak ekiditeko. Osotara 34 mobilizazio antolatu ditu Euskal Herri osoan zehar eta ondorioz langile gehien-gehienek izango dute aukera euren bizitokitik gertuko mobilizazio sindikal batean parte hartzeko. Mobilizazio hauek segurtasun neurri guztiekin egingo dira, azken urtean hamaika aldiz egin bezala.

Langileon eguna langileona da eta ez dago Jaurlaritzarik ez eta epaitegirik ebatsiko digunik. Bete ditzagun kaleak arduraz eta elkartasunez; ozen entzun dadila euskal langileon deiadarra: lan, pentsio, zaintza eta bizitza duina denontzat! Trantsizio ekosozialista eta feminista, orain!

Gazteen enpleguaren galera handia, prekaritatearen ondorio

Sindemiak eta hondamendi handiagoa saihesteko hartutako neurriek eragindako enplegu galerak, urteko balantze gisa 35.200 lanposturen suntsiketa utzi du Hego Euskal Herriko lurraldeetan, hau da, duela urtebete okupatuta zeuden biztanleen ia %3.

Gainera, datu horri beste 35.000 pertsona gehitu behar zaizkio; izan ere, martxoaren amaieran oraindik ere Aldi Baterako Enplegu Erregulazio (ABEE) baten eraginpean zeuden, eta euren enplegu-etorkizuna hari batetik zintzilik dago momentu honetan.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) emaitzak sektoreka aztertuz, enpleguaren galera handiagoa izan da zerbitzuetan, batez ere ostalaritzan eta aisiarekin zerikusi zuzena duten jardueretan. Hain zuzen ere, jarduera-adar horietan kokatzen da gazte askoren enplegu-jarduera, aldi baterako enplegu prekarioetan nagusiki. Horregatik, kanoi-bazka gisa erabiltzen den gaztetasuna, krisiak gehien kaltetutako biztanleriaren sektorea izaten ari da.

25 urtetik beherakoen artean lan-okupazioak %12 egin du behera azken urtean, eta langabezia-tasa ia bikoiztu egin da, gazteen artean % 37tik gorako langabezia-tasara iritsi arte. Langabezia-tasa hori guztiz zentzugabea da, batez ere Europar Batasuneko batez bestekoarekin (%17 ingurukoa) alderatzen badugu. Izan ere, EBko estatu kideen artean, Espainiakoak soilik du gazteen langabezia-tasa gurea baino handiagoa.

Bestalde, aldi baterako kontratuen tasa %75 ingurukoa da euskal gazteen artean, eta belaunaldi gazteenek laneratzeko prozesu neketsuan jasaten dituzten lan-baldintza tamalgarrien beste adibide bat da.

Horregatik guztiagatik, Maiatzaren Lehenaren bezperan eta lan-erreforma berri baten atarian, nabarmendu nahi dugu esperientziak erakusten duela erreformek ez dutela inoiz enplegua sortzeko balio izan, baina enplegua prekarizatzen lagundu dutela. Hala ere, guztiz kontrakoa lortzen ere lagun dezakete.

Ildo horretan, PSOEri bere konpromisoak betetzeko eta lan erreforma bertan behera uzteko eskatzen diogu, agindu bezala.

Osakidetzako garbitzaileek mobilizazioak iragarri dituzte, euren lan baldintzen defentsan

LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok greba egun batera deitu dugu maiatzaren 27rako. “Iritsi da ikusarazteko ordua”, adierazi dute agerraldi batean.

Igor Arroyo: “Izan dadila Maiatzaren Lehen hau borroka aro berri baten erakusgarri”

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Ipar Hegoako analisien arduradun Oihana Lopetegik agerraldia egin dute, egungo egoera sozio-ekonomikoaren inguruko “Ikusmiran” txostena aurkezteko eta sindemia egoerak eskatzen dituen premiazko neurriak aldarrikatzeko: enplegu politika publiko bat, zerbitzu publikoen aldeko apustu sendo bat eta zerga politika berri bat.

Igor Arroyoren esanetan, “langileok bizi dugun krisi hau ez da orain sortu, ez du koronabirusak sortu. Langileriak bizi duen krisia aspalditik dator, gutxienez 2008tik. Urte hortatik aurrera, euskal langileon lan eta bizi baldintzak okertu egin dira nabarmen”.

Langileon krisiaren aterabidea ez datza Barne Produktu Gordinaren gora-beheretan, baizik eta bestelako adierazletan: soldaten zenbatekoa, erosmen ahalmena, zerbitzu publikoetako ratioak, etxebizitzaren bataz besteko prezioa… Adierazle horiek hobetzeko, euskal instituzioak egiten ari diren politika publikoak aldatu beharra dago.

Zentzu honetan, LABeko idazkari nagusi ondokoak premiazko hiru neurri exijitu ditu gutxienez: enplegu politika publiko bat, zerbitzu publikoen aldeko apustu sendo bat eta zerga politika berri bat. “Orain egiten dena ez da enplegu politika publikoa, eremu pribatuaren esku uzten da enpleguarekiko ardura”, adierazi du.

Zerbitzu Publikoei dagokienez, instituzioek langileon osasuna, zaintza, hezkuntza, etxebizitza edota prestazio sozialak bermatu behar dituztela nabarmendu du: “Lotsagarria da pandemia hasi eta urtebetera osasun eta zaintza sistema publikoan egindako inbertsio eskasa, edota osasun baliabide pribatuen gaineko kontrol publikoa hartu ez izana. Lotsagarria da zerbitzu publikoetan dagoen behin-behinetakosun tasa. Ulertezina da nolatan ez zaio heltzen behingoz Euskal Herrian bizi dugun zaintza krisiari”.  

Enplegu politika zein zerbitzu publikoen garapena finantzatuko duen zerga politika berri bat ezinbestekoa dela azpimarratu du Igor Arroyok: “Gehien dutenek gehiago ordaintzea, bidezkoa ez ezik, are eta beharrezkoagoa da oraingoa bezalako larrialdi egoeran”. 

Era berean, kaleratzeak nahiz prekarizazio prozesua errazten duen lan erreforma bertan behera utzi beharra dagoela esan du: “Lan erreformaz baliatzen diren Confebask eta CENi aurre egin beharra dago; ez dira patronalarekin akordio merkeak bilatzeko garaiak, baizik eta patronalarekin konfrontatzeko garaiak”.

Egoera aztertuta, euskal instituzioen borondate falta ikusita, borroka fase bat beharrezkoa dela berretsi du: “Aktibazio sozial eta sindikala beharrezkoa da politika publikoen norabidea aldatzeko”.

Bada, LAB bere ildoan berresten da: “Bagoaz borrokatzera, bagoaz politika publikoak aldatzera, bagoaz trantsizio ekosozialista eta feministari ateak irekitzera. Hori da Maiatzaren Lehenean adieraziko duguna. LABek antolatutako hogeita hamar bat mobilizazioetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen diogu guk egiten dugun apustuarekin bat datozen langileei. Izan dadila Maiatzaren Lehen hau borroka aro berri baten erakusgarri”, erantsi du idazkari nagusi ondokoak.

Langileak lan zentroetan inpunitate osoz hil eta gaixotu egiten direla salatu dugu

Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren etorrerarekin, Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu gara, “Sistema honek gaixotu eta hiltzen gaitu” leloarekin, euskal gehiengo sindikalak deituta. Gasteizen bezperan egin genuen elkarretaratzea, eta Iruñean, Donostian eta Bilbon gaur bertan egin ditugu manifestazioak. Azken honetan, Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak hartu du hitza, eta lan osasuneko politikak errotik aldatzeko garaia dela aldarrikatu du.

Xabier Ugartemendiak alternatibak ditugula adierazi du, baina borondate politikoa falta dela deitoratu du: “Guk borrokan jarraituko dugu, osasuna eta bizitza erdigunean jartzen duen eredu bat lortu arte. Osasuntsu eta bizirik etxera bueltatu nahi dugu”.

Hain zuzen ere, urtarrilaren 15ean EAE eta Nafarroako gobernuei egin genizkien eskaerak berretsi ditu:

-Zerbitzu publikoak indartu behar dira

-Enpresak kontrolatu behar dira, lantokietan osasun eta prebentzio neurriak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako behar beste baliabide jarri behar dira.

-Mutualitateak eta Prebentzio Zerbitzuak publifikatu behar dira.

-Prebentzio arloan zigortu dituzten enpresak kontratatzea debekatu behar da.

-Prebentzio sistema publiko eta propioa behar dugu.

Administrazio publikoaren konplizitatea

LABeko ordezkariak nabarmendu du langileen osasuna eta bizitza agenda politikoan egon behar duela eta norabide aldaketa beharrezkoa dela: “Herri honetan inpunitate osoz hil daitekeen leku bakarra dago: lantokiak, lan zentroak. Bertan langileak hil daitezke eta inork ez du ordaintzen, inor ez da erantzule eta ez dira konponbiderik jartzen”.

Patronala da egoera honen eragile eta arduraduna, Xabier Ugartemendiaren hitzetan; bere diru gosea lehenesten duelako langileen bizitzaren aurretik. “Baina, bide horretan ez daude bakarrik; administrazio publikoen konplizitatea dute. Hauek prebentzioari buruz mintzo dira, baina prekaritatea dakartzan politikak sustatzen dituzte, eta patronala txalotu eta babesten dute”, esan du.

Lan istripu-tasa hilgarria urtetik urtera handitzen ari da, eta eragin handiagoa du langile prekarioenen artean. Lotura oso erraza da: zenbat eta lan baldintza okerragoak, istripu gehiago, osasun galera gehiago: “Istripu eta gaixotasunen atzean ezkutatzen diren arrazoi nagusiak oso argiak dira: prekaritatea, azpikontratazioa, lan erritmo handiak, baliabideetan inbertsiorik ez, informazio falta eta prestakuntza eza”.

Lan Ikuskaritzari dagokionez, LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariaren arabera, “bere jarduera lantokietatik desagertu da, eta horrela ezinezkoa da prebentzio neurriak eta araudia betetzen direla kontrolatzea. Langileak abandonatu dituzte”.

Covid agerraldien %70a, lan esparruan

Koronabirusaren pandemiak izugarri tenkatu du Osasun Sistema Publikoa eta agerian utzi ditu lan arriskuen prebentziorako sistemaren gabezia larriak. Gaur da eguna oraindik ez dakiguna zenbat langile hil diren koronabirusagatik, lanean kutsatuta, baina berriki datu bat jakin dugu: EAEn, 2020ko urria eta 2021eko urtarrila bitartean sortu diren agerraldien %70a baino gehiago lan esparruan jazo dira.

Xabier Ugartemendiaren hitzetan, “enpresa askotan ez da neurririk ezartzen. Gaur egun bere horretan diraute lantokietako kutsatzeek eta agerraldiek. Herritarrei milaka zigor ezarri zaizkie koronabirusari aurre egiteko neurriak ez betetzeagatik; aldiz, enpresei zigorrik ez zaie ezarri. Nola da posible agerraldien %70a lantokietan gertatzea eta inongo prozedurarik ireki ez izana? Zenbat zigor ezarri dira aipatutako agerraldietan neurriak ez betetzeagatik? Bada, bakar bat ere ez. Banakako errua botatzen digute langileei, benetako arazoa alfonbra azpian ezkutatuz”.

Maiatzaren Lehenean Laudion Tubacex-eko enpresa-batzordeak deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu

Tubacexeko enpresa-batzordeak Aiaraldeko enpleguaren alde maiatzaren lehenean, 18:30ean, Laudion egin duen “Enpleguaren Defentsan Aiaraldean” eskualdeko manifestazioaren deialdiaren berri izan ondoren, LABetik honako hau jakinarazi nahi dugu:

– Lehenik eta behin, bat egiten dugu Tubacex-eko enpresa-batzordeak egindako deialdiarekin, eta dei egiten diegu gure afiliatu eta jarraitzaile guztiei, bai eta eskualdeko gainerakoei ere, “Aiaraldeko enpleguaren aldeko” manifestazioan parte hartzera.

– Bigarrenik, eta erabakia hartzea kostatu zaigun arren, LABek, 13:00etan, Tubacexetik hasita Laudion egingo genuen manifestazioa bertan behera uztea erabaki dugu, indarrak batzeko eta Tubacex-eko manifestazioan gure militantzia guztiaren presentzia bermatzeko. Uste dugu orain inoiz baino garrantzitsuagoa dela langile-klasearen batasuna, eta zentzu horretan hartu dugu erabakia, eta Tubacexen zein Aiaraldean honetarako lanean jarraituko dugu.

– Aiaraldeko COVIDak baldintzatutako egungo egoeran bi manifestazio egiteko deialdiak, bi manifestazio horietako edozeini partaidetza eta eragina ken liezaiokeela uste dugu, eta horregatik baloratu dugu, Tubacex-eko langileek 129 kaleratzeen aurka egiten ari diren borrokari merezi duen lehentasuna ematea. Are gehiago Tubacex-en borroka Aiaraldeko enpleguaren suntsipenaren eta prekarietatearen aurkako erreferentzia, elkargune eta bultzada-punta bihurtu denean, eta deialdi hau eskualde osoko enpleguaren defentsan izanik.

– Manifestazioa bertan behera utzi arren, maiatzaren 1erako LABetik programatutako gainerako ekitaldiekin jarraituko dugu, goizean kotxe karabana bat egingo dugu Aiaraldean, Urduñako goizeko 10:00etan hasita, eta argazki erakusketa bat Laudion, Iñaki Montes LABeko delegatu eta argazkilariaren eskutik, Tubacexeko langileek 76 egun hauetan egiten ari diren greba eta borrokari buruzko erakusketa.

Azkenik, antolatzeko eta borrokan jarraitzeko deia egin nahi dugu, bai Tubacexen, bai Aiaraldean, bai Euskal Herri osoan. Gure eskualdean azken hilabeteetan gertatzen ari den bezala, asko gara kaleratzeen kontra, prekarietatearen aurka, pentsio duinen alde, zerbitzu publiko sendoen alde… borrokatzen ari garenak. Norabidea aldatzeko aukera dugu, antolaketa- eta borroka-bide horretan jarraitzen badugu. Aldaketa da aukera!

Gora maiatzaren lehena! Gora langileon borroka!