2026-07-23
Blog Page 482

Herri ekimeneko euskaltegi pribatu homologatuen lehen hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dugu

LABek azkenengo urteetan ordezkariekin eta afiliazioarekin egindako sektorearen egoeraren hausnarketaren ostean, helduen euskalduntzea eta alfabetatzea 4 oinarri hauen gainean eraiki behar dela uste dugu:

  • Unibertsala izan behar da: euskal herritar orok du euskara ezagutzeko eskubidea, eta botere publikoek hori bermatu behar dute.
  • Doakoa izan behar da: pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila bada ere zehazten, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan oinarrituta, herritarrek euskalduntze-prozesu osoa amaituta izango dute erabiltzaile gaituak direnean, hau da, gutxienez C1 maila lortzen dutenean. Euskara ikasteko gaur egungo subentzio-sistema gainditu eta benetako doakotasuna bermatu behar zaie herritarrei.
  • Publikoa izan behar da: helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie; eta LABen iritziz, publikotasuna bermatze aldera, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean kokatu behar da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio, sistema antolatzea eta kudeatzea, finantzatzea, titulazioak kudeatzea, baliabide didaktikoak eta pedagogikoak bermatzea eta sortzea, irakasleen etengabeko formazioaz arduratzea eta langileak kudeatzea.
  • Kalitatezkoa izan behar da: bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat. Euskara ikasi nahi duten herritarrek instalazio duinak, ratio egokiak, baliabide pedagogiko egokituak… eduki behar dituzte eta hori bermatu behar zaie. Sektoreko langile guztiek lan-baldintza duinak, egonkortasuna, formazioa, aitortza eta etorkizuneko aukerak eduki behar dituzte. 

Sektorearekiko dagoen abandonu egoera dela eta, LAB lanean ari da herri eraikuntzan estrategikoa den jarduera honi etorkizun duin bat marrazteko borrokatuz. Besteak beste, izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuetan dituen afiliatuekin eta ordezkariekin, langile hauek pairatzen duten prekaritatearekin amaitzeko pausuak ematen hasi gara. 

Izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuen langileen egoera eta lan baldintzak oso anitzak dira. HABEren partetik ikas-talde bakoitzeko diru kopuru berdina jaso arren, euskaltegien artean dauden lan baldintzak oso ezberdinak dira;  batzuetan EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeen hitzarmena aplikatzen da, beste batzuetan, berriz, estatuko hezkuntza ez arautuko hitzarmena aplikatzen da.

Aurreko hilabetean prentsa bidez jakin genuen izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuetako titularrek eta HABEk finantziazio sistema berria adostu dutela langileen lan baldintzak hobetzeko asmoz. 

Akordio horrek langileen lan baldintzak hobetzeko helburua duela diote, baina gure ustez ez da nahikoa, pribatizazioan sakontzen duelako eta ez duelako euskaltegien sektorea arautzen.

Langileak aldebiko –HABE eta euskaltegi pribatuetako titularrak- negoziaziotik kanpo utzi dituzte; langileen ordezkari legalei ez diete proposamena helarazi ezta eztabaidarako aukerarik eman ere. Formen aldetik oso larria. Batez ere LABek komunikazio kanal bat irekita izan duelako azken urtean HABErekin, aspaldi eskatu zuelako eztabaidan parte hartzea langileen ordezkari legal garen heinean. Gainera, euskaltegietako hainbat langile (trebatzaileak, idazkariak, informatikariak eta HABEk diruz laguntzen ez dituen jardueratan aritzen direnak) akordiotik kanpo utzi dituzte, eta horrek diskriminazio itzela sor lezake; irakasle kategoria izan arren beste batzuk baino soldata txikiagoa izan dezaketelako.

Administrazioak urte luzez abandonatuta izan duen helduen euskalduntzearen sektoreari finantzazioa hobetzea eta egonkortzea positiboa da; proposatutako finantziazioa sasi-egonkortze bat baino ez den arren. Baina, helduen euskalduntzearen sektorea ez dute herri ekimeneko izaera pribatua duten euskaltegiak bakarrik osatzen. Udal euskaltegiek ere errealitate bat dute eta akordio honek sektorearen alde publikoa ez du kontuan hartzen, horrek pribatizazioa bultzatzen du eta publiko-pribatu zatiketan sakontzen du. Gaur egungo datuek berresten dute hemen esaten ari garena: euskaltegi homologatuetan ia 1.200 langile inguru daude egun lanean, udal euskaltegietan 400 langiletara ez direnean heltzen. Beraz, argiki udal euskaltegien geroa kolokan dago euskararen ikaskuntzaren pribatizazioaren aurrean.

HABEk aurkeztu duen diru laguntzak 2 arlotan indarra egiten du; soldatetan eta ordu lektiboetan. 2 alderdi horietan aurrerapauso  nabarmenak ikusten  baditugu ere (300 bat lanordu gehiago egin behar izango baitituzte irakasleek), euskaltegi bakoitzaren esku uzten du neurri hauek aplikatzea, administrazioak diru publikoaren fiskalizaziorako bermerik gabe eta 4 urteetarako aurreikuspenarekin soilik. Sektoreko langileentzat hori ez da nahikoa prekaritatetik irteteko.

Herri ekimeneko Euskaltegi pribatu-homologatuen arduradunek eta HABEk sinatutako akordioa LABek ez du nahikotzat jotzen eta oraindik ere hainbat gai arautu gabe geratzen direla azpimarratu nahi dugu: urteko lanaldia, ratioak, ordutegiak, lizentziak eta baimenak, formakuntza…

Hori dela eta, LABek dei egiten die herri ekimeneko euskaltegi pribatu-homologatuetako titularrei antolatu daitezen, euskaltegietako langileen lan baldintzak arautuko dituen lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia deituko baitugu hurrengo maiatzaren 26rako. 

Lan erreforma indargabetzeko presio soziala ezinbestekoa dela berretsi du Garbiñe Aranburuk

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako “Egun On Euskadi” saioan izan da, aktualitateko gaiei buruz hitz egiteko. Lan erreformari buruz galdetu diote, besteak beste: “Lan erreforma atzera botatzea oso neurri garrantzitsua litzateke, baina, egia esan, presio sozialik ez badago, Gobernuak ez badu presio sozial hori sentitzen, lan erreforma atzera botatzeko iragarpenak hitz hutsetan geratzeko arriskua du”.

Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburuk adierazi du urtebete pasa dela jada Espainiako Gobernuak EH Bildurekin lan erreforma indargabetzeko konpromisoa hartu zuenetik, eta oraindik mugimendurik ikusi ez dugula nabarmendu du: “CEOE patronala dago horren atzean, eman nahi zaion beto eskubidea dela eta”.

Sindikatuko idazkari nagusiaren hitzetan, “hainbat enpresatan enplegua suntsitzen ari dira, baita norbanakoen enplegu asko ere, behin behinekotasun tasa handiak bermatzen dituelako erreformak. Patronalari esaten diogu langileok ez gaudela hori onartzeko prest. Mobilizazioak eta grebak egin ditugu enpleguaren defentsan, eta bide judiziala amaitzen denean ere mobilizazioak aurrera jarraitzen du”.

Beste hainbat gaien artean, Maiatzaren Lehenean aipatutako greba orokor baten beharrari buruz ere galdetu diote: “Guk egiten dugun irakurketa da aldaketa garaian gaudela, ezinbestekoak direla aldaketak, egungo sistema ezin baita sozialki eta ekonomikoki sostengatu. Enpleguaren defentsan, lan duinaren alde, zerbitzu publikoen defentsa, zaintza sistema publikoaren aldarria, pentsio duinen alde… badaude borroka sozial asko piztuta, eta iritsi da garaia borroka horiek bateratu eta beste urrats bat emateko”. Garbiñe Aranbururen esanetan, datorren kurtsora begirako greba orokorrak mugarri bat izan behar du, eta patronalari eta instituzioei mezu argi bat bidali nahi diegu: “zerbitzu publikoen norabidea aldatu nahi dugu, eta ez dugu onartuko langileok krisi honen ondorioak ordaintzen jarrai dezaten”.

Eskubide Sozialen Kartatik Zaldibarreko aferan erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea exijituko dugu Zallan, Joaquin Beltran gogoan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok agerraldia egin dugu, larunbatean, 18:00etan, Zallan, Joaquin Beltranen herrian, Zaldibar Argitu plataformak deitutako mobilizazioarekin bat egiteko. LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek hartu du hitza prentsaurrekoan, eta Iñigo Urkullu lehendakariaren isiltasuna salatu du.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren oharra:

Hurrengo ikasturtean Nafarroa Garaiko ikastetxe guztietan eskolaldi jarraia nahitaez ezartzeko Hezkuntza Departamentuak hartu duen erabakia salatu dugu

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak jakinarazi duenez, 2021-22 ikasturtea Nafarroan hasiko da derrigorrezko eskolaldi jarraiarekin, guraso elkarteen eta eskola jantokietako langileen eskaerei entzungor eginez.

LAB sindikatuak harriduraz jaso du Hezkuntza sailburuak emandako berria, bazter uzten baitu ikastetxeek pandemiaren aurreko ordutegietara itzultzeko aukera, Covid eta aldaera berrien aitzakiarekin.

LABi onartezina iruditzen zaio guraso elkarteek eta eskola jantokietako langileek egindako aldarrikapenak kontuan ez hartzea, hurrengo ikasturtean lanaldi jarraia ez ezartzea eskatzen baitzuten.

Gainera, iragarpen horretan, jardunaldi hori aldatzeko aukera gehitu du: urriko lehen hamabostaldian eta Gabonak itzuli ondorengo lehen hamabostaldian. Eta horrek are gehiago ezegonkortzen ditu ikasgeletara itzultzeko baldintzak, bai familientzat, bai, bereziki, kolektibitateen sektoreko langileentzat.

Sektore horretako langileen erdiak ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteetan sarturik daude 2020ko martxotik, eta ez dakite zer gertatuko den beren lanpostuekin. ABEEEak, berez, maiatzaren 31n bukatuko dira. Beraz, sektorean Enplegu Erregulazio Espediente masiboa izateko aukera handitu egiten da. Gainera, planteatu den eskolaldi jarraiaren berrikuspenak erabateko ezegonkortasunean uzten ditu langileak, eta aldika jakin beharko dute beren lanpostura itzuliko diren ala ez.

LAB sindikatutik dei egiten diogu Hezkuntza Departamentuari en onari eutsi diezaion eta jardunaldi jarraituaren inposizioa ken dezan; enpresei eskatzen diegu egoera horren aurrean erantzukizunez joka dezaten; eta sektoreko langile guztiak deitzen ditugu LABekin kalera atera daitezen beren lanpostua defendatzera.

Funtsezkoak direla aldarrikatu dute berriro Osakidetzako garbitzaileek

Osakidetzako garbitzaileak euren lan baldintzen defentsan mobilizatu dira berriro, maiatzean zehar gauzatzen ari diren dinamika mobilizatzailearen harira. Hain zuzen ere, bi okupazio egin dituzte protesta moduan: Garbialdi enpresaren biltegian sartu dira Trapagaranen, eta Osakidetzaren egoitzan Gasteizen, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok deituta. Era berean, Bilbon eserialdia egin dute Jaurlaritzaren egoitza aurrean eta Donostian elkarretaratzea gauzatu dute, Osasun sailaren bulego atarian.

Maiatzaren 27an jarraipena izango dute mobilizazioek, egun horretarako deitutako grebarekin.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek ADEGIra eraman dituzte euren aldarriak

Beste greba egun bat egin dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, lan baldintza duinen eta kalitatezko zerbitzuaren defentsan. Oraingoan, ADEGIren egoitzaren aurrean mobilizatu gara.

Krisi honek modu zuzenean jo du helduen egoitzetako langile eta egoiliarren kontra, baina ulergaitza izan arren egoerak berdin jarraitzen du, 2012tik herrialdeko hitzarmenik gabe, langile ratio berdinarekin 2006. urtetik…

Ezin dugu ahaztu langileak lanera joateagatik gaixotzen ari direla, lan karga eta erritmoak handitu egin dira eta enpresetan ez dira lan arriskuen ebaluazioak egiten, nahiz eta legeak hori eskatu.

Ezin dugu onartu egoilarrek eta langileek bizi duten egoera gogor hau denbora gehiago luzatzea, denen ardura delako zaintzan oinarrituta dagoen zerbitzu sozial hau defendatzea, jendartearen ardura delako pertsona hauen ongizatea.

Helduen egoitzetako langileek urteak daramatzate beraien eskubideen defentsan borrokan. Helduen egoitzetako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena izateko garaia da, eta, hau lortzeko, sektoreko alde guztien parte hartzea ezinbestekoa da. 

Beste greba egun bat egin dugu Arabako helduen egoitzetan, hitzarmenaren defentsan

Maiatzaren 12an egin bezala, Arabako helduen egoitzetan beste greba egun bat izan dugu, hitzarmen duin baten defentsan, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta. Hurrengo greba eguna maiatzaren 26an izango da.

Maiatzaren 26an greba egingo dugu BBVAn, iragarritako kaleratzeen aurka

Maiatzaren 26an greba egingo dute BBVAn, estatu mailan 3.798 langile kaleratu nahi dituen Enplegu Erregulazioko Espedientearen (EEE) kontra. Egun horretan, Euskal Herrian, LAB, ELA eta CGTk deituta, mobilizazioak egingo ditugu Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, 12:00etan.

LAB, CGT, SEC, CIC, CIG, ELA eta SCAT sindikatuon oharra:

PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bildurekin bildu gara, euskara planak enpresetan sustatu ditzaten

LABek, Kontseiluak eta ELAk 50 langiletik gorako enpresetan Euskara Planak bultzatzearen aldeko Lanbidearteko Akordio proposamena aurkeztu diegu PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH-Bilduri. Maiatzaren 14tik 17ra egin dira batzarrak, eta zehazki Rebeka Ubera, Aitor Aldasoro, Irune Berasaluze eta Miren Gorrotxategi legebiltzarkideekin eta Idoia Mendiaren Gabinete Buru den Pau Blasirekin elkartu gara.

Bileretan, azaroan jendarteratutako proposamena aurkeztu diegu: hiru eragileon asmoa da CONFEBASKekin Lanbidearteko Akordioa sinatzea 50 langiletik gorako enpresa guztietan Euskara Plan bat negoziatzeko konpromisoa berresteko.

Argi azaldu diegu, norberaren eskakizun propioei uko egin gabe, aurkeztutako proposamenak gutxienekoa izan beharko lukeela lan-munduan aritzen diren eragile guztientzat. Gainera, azpimarratu dugu akordio horren bidez euskararen gaia agendan sartzea besterik ez dugula nahi, hori protokolizatuz, eta, ondorioz, eskaera bakarra dela enpresetan horri buruz hitz egitea, Berdintasun Planekin gertatu den bezala.

Alderdi ezberdinei adierazi diegu udazkenean negoziaketa formala hasteko asmoa dugula, eta akordioaren aldeko giroa sortu nahi dugula. Horregatik, Legebiltzarrean proposamenaren aldeko adierazpena egitea eskatu diegu.

Alderdiek harrera ona egin diete proposamenari eta azaldutako adierazpena nola gauzatuko den eztabaidatzekotan geratu dira.

Alderdiekin eta CCOO sindikatuarekin egon ondoren, aurkezpen errondarekin jarraituko dugu; UGT, Lan Sailarekin, Hizkuntza Politiketarako Sailburuordetzarekin eta CONFEBASKekin, hain zuzen.