2026-08-02
HomeEkintza SindikalaHerri ekimeneko euskaltegi pribatu homologatuen lehen hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dugu

Herri ekimeneko euskaltegi pribatu homologatuen lehen hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dugu

LABek azkenengo urteetan ordezkariekin eta afiliazioarekin egindako sektorearen egoeraren hausnarketaren ostean, helduen euskalduntzea eta alfabetatzea 4 oinarri hauen gainean eraiki behar dela uste dugu:

  • Unibertsala izan behar da: euskal herritar orok du euskara ezagutzeko eskubidea, eta botere publikoek hori bermatu behar dute.
  • Doakoa izan behar da: pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila bada ere zehazten, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan oinarrituta, herritarrek euskalduntze-prozesu osoa amaituta izango dute erabiltzaile gaituak direnean, hau da, gutxienez C1 maila lortzen dutenean. Euskara ikasteko gaur egungo subentzio-sistema gainditu eta benetako doakotasuna bermatu behar zaie herritarrei.
  • Publikoa izan behar da: helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie; eta LABen iritziz, publikotasuna bermatze aldera, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean kokatu behar da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio, sistema antolatzea eta kudeatzea, finantzatzea, titulazioak kudeatzea, baliabide didaktikoak eta pedagogikoak bermatzea eta sortzea, irakasleen etengabeko formazioaz arduratzea eta langileak kudeatzea.
  • Kalitatezkoa izan behar da: bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat. Euskara ikasi nahi duten herritarrek instalazio duinak, ratio egokiak, baliabide pedagogiko egokituak… eduki behar dituzte eta hori bermatu behar zaie. Sektoreko langile guztiek lan-baldintza duinak, egonkortasuna, formazioa, aitortza eta etorkizuneko aukerak eduki behar dituzte. 

Sektorearekiko dagoen abandonu egoera dela eta, LAB lanean ari da herri eraikuntzan estrategikoa den jarduera honi etorkizun duin bat marrazteko borrokatuz. Besteak beste, izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuetan dituen afiliatuekin eta ordezkariekin, langile hauek pairatzen duten prekaritatearekin amaitzeko pausuak ematen hasi gara. 

Izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuen langileen egoera eta lan baldintzak oso anitzak dira. HABEren partetik ikas-talde bakoitzeko diru kopuru berdina jaso arren, euskaltegien artean dauden lan baldintzak oso ezberdinak dira;  batzuetan EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeen hitzarmena aplikatzen da, beste batzuetan, berriz, estatuko hezkuntza ez arautuko hitzarmena aplikatzen da.

Aurreko hilabetean prentsa bidez jakin genuen izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuetako titularrek eta HABEk finantziazio sistema berria adostu dutela langileen lan baldintzak hobetzeko asmoz. 

Akordio horrek langileen lan baldintzak hobetzeko helburua duela diote, baina gure ustez ez da nahikoa, pribatizazioan sakontzen duelako eta ez duelako euskaltegien sektorea arautzen.

Langileak aldebiko â€“HABE eta euskaltegi pribatuetako titularrak- negoziaziotik kanpo utzi dituzte; langileen ordezkari legalei ez diete proposamena helarazi ezta eztabaidarako aukerarik eman ere. Formen aldetik oso larria. Batez ere LABek komunikazio kanal bat irekita izan duelako azken urtean HABErekin, aspaldi eskatu zuelako eztabaidan parte hartzea langileen ordezkari legal garen heinean. Gainera, euskaltegietako hainbat langile (trebatzaileak, idazkariak, informatikariak eta HABEk diruz laguntzen ez dituen jardueratan aritzen direnak) akordiotik kanpo utzi dituzte, eta horrek diskriminazio itzela sor lezake; irakasle kategoria izan arren beste batzuk baino soldata txikiagoa izan dezaketelako.

Administrazioak urte luzez abandonatuta izan duen helduen euskalduntzearen sektoreari finantzazioa hobetzea eta egonkortzea positiboa da; proposatutako finantziazioa sasi-egonkortze bat baino ez den arren. Baina, helduen euskalduntzearen sektorea ez dute herri ekimeneko izaera pribatua duten euskaltegiak bakarrik osatzen. Udal euskaltegiek ere errealitate bat dute eta akordio honek sektorearen alde publikoa ez du kontuan hartzen, horrek pribatizazioa bultzatzen du eta publiko-pribatu zatiketan sakontzen du. Gaur egungo datuek berresten dute hemen esaten ari garena: euskaltegi homologatuetan ia 1.200 langile inguru daude egun lanean, udal euskaltegietan 400 langiletara ez direnean heltzen. Beraz, argiki udal euskaltegien geroa kolokan dago euskararen ikaskuntzaren pribatizazioaren aurrean.

HABEk aurkeztu duen diru laguntzak 2 arlotan indarra egiten du; soldatetan eta ordu lektiboetan. 2 alderdi horietan aurrerapauso  nabarmenak ikusten  baditugu ere (300 bat lanordu gehiago egin behar izango baitituzte irakasleek), euskaltegi bakoitzaren esku uzten du neurri hauek aplikatzea, administrazioak diru publikoaren fiskalizaziorako bermerik gabe eta 4 urteetarako aurreikuspenarekin soilik. Sektoreko langileentzat hori ez da nahikoa prekaritatetik irteteko.

Herri ekimeneko Euskaltegi pribatu-homologatuen arduradunek eta HABEk sinatutako akordioa LABek ez du nahikotzat jotzen eta oraindik ere hainbat gai arautu gabe geratzen direla azpimarratu nahi dugu: urteko lanaldia, ratioak, ordutegiak, lizentziak eta baimenak, formakuntza…

Hori dela eta, LABek dei egiten die herri ekimeneko euskaltegi pribatu-homologatuetako titularrei antolatu daitezen, euskaltegietako langileen lan baldintzak arautuko dituen lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia deituko baitugu hurrengo maiatzaren 26rako. 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.