2026-08-01
HomeEkintza PolitikoaPSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bildurekin bildu gara, euskara planak enpresetan...

PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bildurekin bildu gara, euskara planak enpresetan sustatu ditzaten

LABek, Kontseiluak eta ELAk 50 langiletik gorako enpresetan Euskara Planak bultzatzearen aldeko Lanbidearteko Akordio proposamena aurkeztu diegu PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH-Bilduri. Maiatzaren 14tik 17ra egin dira batzarrak, eta zehazki Rebeka Ubera, Aitor Aldasoro, Irune Berasaluze eta Miren Gorrotxategi legebiltzarkideekin eta Idoia Mendiaren Gabinete Buru den Pau Blasirekin elkartu gara.

Bileretan, azaroan jendarteratutako proposamena aurkeztu diegu: hiru eragileon asmoa da CONFEBASKekin Lanbidearteko Akordioa sinatzea 50 langiletik gorako enpresa guztietan Euskara Plan bat negoziatzeko konpromisoa berresteko.

Argi azaldu diegu, norberaren eskakizun propioei uko egin gabe, aurkeztutako proposamenak gutxienekoa izan beharko lukeela lan-munduan aritzen diren eragile guztientzat. Gainera, azpimarratu dugu akordio horren bidez euskararen gaia agendan sartzea besterik ez dugula nahi, hori protokolizatuz, eta, ondorioz, eskaera bakarra dela enpresetan horri buruz hitz egitea, Berdintasun Planekin gertatu den bezala.

Alderdi ezberdinei adierazi diegu udazkenean negoziaketa formala hasteko asmoa dugula, eta akordioaren aldeko giroa sortu nahi dugula. Horregatik, Legebiltzarrean proposamenaren aldeko adierazpena egitea eskatu diegu.

Alderdiek harrera ona egin diete proposamenari eta azaldutako adierazpena nola gauzatuko den eztabaidatzekotan geratu dira.

Alderdiekin eta CCOO sindikatuarekin egon ondoren, aurkezpen errondarekin jarraituko dugu; UGT, Lan Sailarekin, Hizkuntza Politiketarako Sailburuordetzarekin eta CONFEBASKekin, hain zuzen.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.