2026-02-01
Blog Page 481

Bi greba egun deitu ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, abenduaren 10 eta 11rako, lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzua aldarrikatzeko

Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera salatzeko agerraldia egin dugu Donostian. Bertan, abenduaren 10 eta 11rako deitutako greben berri eman dugu. Hain zuzen ere, urteak daramazkigu sektoreko errealitatea zein den salatzen, baina, erakunde eta enpresen jarrera ikusita, badirudi gatazka langile, egoiliar eta hauen senideena dela soilik, eta honek horrela ez lukeela izan beharko gogor kritikatu dugu, egoera jasangaitz honek jendarte guztiari eragiten baitio.

Helduen egoitzetako sektorea zaintzan oinarrituta dago; jendarte honetako menpekotasuna duten pertsonei zuzenduta, hain justu. Horretaz gain, diru publikoarekin finantzatzen da. Bada, pandemiaren eraginez bizi dugun krisiak modu gordinean utzi ditu agerian helduen egoitzetako gabeziak, berriak ez direnak. Langileak euren osasuna lanean uzten ari dira, modu prekarioan lan egiten dute, eta ordainetan sektoreko arduradun Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du egoera aldatzeko inongo asmorik erakutsi.

Langileek berriro ere euren profesionaltasuna erakutsi dute eta egoera gogor zein latz honetan duten onena ematen ari dira, egoiliarrak maite dituztelako eta euren eskubideen defentsan ere borrokan jarraituko dutelako.

Bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia non dago? Zer egiten ari da helduen egoitzetan egoera bortitz hau aldatzeko?

LAB sindikatutik askotan aldarrikatu dugu, bizi dugun muturreko momentu honi aurre egiteko, bi lehentasun daudela sektorean: herrialdeko hitzarmena eta langileen kopurua zehazten duten katalogoa egungo egoerara egokitzea. Lehentasun horietaz aparte, porrot egin duen sistema goitik behera aldatu beharra dagoela argi dugu. Aski da enpresek diru publikorekin negozio egitea. Pribatizazioan oinarritutako sistema honek langileek bizi dugun prekarietatean areagotzen du eta modu zuzenean eragiten du egoiliarrek jasotzen duten arretan.

Langileen, egoiliarren eta jendartearen defentsan, LAB sindikatuak bi greba egun deitu ditu, abenduak 10 eta 11rako. Egun horietan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, ezinbestekoa baita denon inplikazioa egoera irauli nahi badugu.

Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du itundu gabe dagoen zentro kontzertatuetako 0-3 zikloa eta Haurreskolak Partzuergo publikoa ez

Haurreskolak Partzuergoan inbertsioa handitzea, Covid-19ak sortutako gastuari aurre egiteko partida bat aurrekontuan sartzea eta familiak kuoten ordainketan laguntzea galdegiten dio LABek Hezkuntza Sailari, izan ere, 2019ko errenta aitorpenaren araberako hobari-sistemak ez baitio erantzuten familien egungo egoera ekonomikoari

Aurreko ikasturte bukaeratik giza baliabide eta material falta salatzen ari gara Haurreskolak Partzuergoko langileok. Gure zentroetan ez dugu aurrekontu berezirik Covid-19ari aurre egiteko, arlo pedagokikoari heltzeko zein prebentzio arloak jasotzen dituen kontingentzia plana aurrera eramateko; eta hori gutxi balitz, LAB sindikatuarekin 2018an Partzuergoak sinatu zuen akordioa urratzen ari da, ordezkapenen eta ordezkoen araudiari dagokionean. Aitzakia aurrekontu falta.

Haurreskolak Partzuergo publikoa Eusko Jaurlaritza eta udalen arteko 0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua emateko ituna den heinean, haur eskolen garbiketaren ardura udalena da. Haurreskolak Partzuergoak garbiketa protokoloak gomendatu ditu kontingentzia-planaren barruan, baina hainbat udalerritan ez da langile gehiago kontratatu lan hauek aurrera eramateko, nahiz eta protokoloak garbiketarako errefortzua eskatu.

Gure harridurako, pandemia egoera honek sortutako gastuei aurre egiteko zentro kontzertatuei EAEko Jaurlaritzak emango dien diru-laguntzen partidan, itunduta ez dagoen 0-3 ziklorako partida sartu du, diru-laguntza gehigarri bat emanez esan bezala itunduta egon gabe. Diru laguntza hauek hezitzaileak kontratatzeko edo lanorduak gehitzeko zein garbiketa gastuei aurre egiteko zuzenduta daude.

LAB Sindikatuak urriaren erdialdian salatu zuen eremu pribatuko 0-3ko eskolentzat Jaurlaritzak ikasturterako diru- laguntzak argitaratu zituen bitartean, oraindik ere Haurreskolak Partzuergoko aurrekontua zehaztu gabe zegoela. Gaur gaurkoz ez dakigu zein izango den diru-partida hori. Horretaz gainera, berriro salatu nahi dugu 0- 3ko eskola pribatuei ematen zaien diru publikoaren kontrol falta eta hezkuntza proiektuen jarraipen eza.

Oraindik ere ez dakigu, EAEko gobernuak, Haurreskolak Partzuergoak duen kontingentzia plana betetzeko, hedapenari heltzeko eta doakotasunari aurre egiteko inbertsioa handitzeko asmorik duen. Irakaskuntza publikoko langile kolektibo guztietako mahai negoziatzaileak burutu diren bitartean, Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean azaldu genuen bezala, haurreskoletako langileok, Haurreskolak Partzuergoaren eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren zain jarraitzen dugu.

Gauzak horrela, LAB Sindikatuak Haurreskolak Partzuergo publikoaren doakotasunerantz urratsak ematea eta Hezkuntza Sailean integratzea eskatzen du. Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eraiki bidean, euskalduna, kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa izango den 0-3 zikloa izateko, Haurreskolak Partzuergoa indartu eta babestu behar dugu, bere etorkizunaren berme bakarra inbertsio gehigarria, Hezkuntza Sailean integratzea eta doakotasuna izanik.

Garbiñe Aranburu: “Bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioa marraztu nahi dugu”

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok Iruñeko kaleak hartu ditugu, aurrekontu sozialen defentsan eta zerga-erreforma justu eta sakon baten alde. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza amaiera ekitaldian: “Bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioa marraztu nahi dugu, eta trantsizio hori borrokatzen ari gara”. Hain zuzen ere, Garbiñe Aranbururen esanetan, “trantsizio hori egiteko, bide hori egiteko, orain arteko bidean atzera egin behar da, erabakietan deseraikitzeko prozesu bat beharrezkoa da. Orain arteko erabakiekin bukatu behar da, pribatizazio eta merkantilizazio politikei mugak jarriz, zaintzaren arazori irtenbide bat emanez eta pentsio eta lan erreformekin atzera eginez”.

“Historikoki, zorretan gaude etxeko langileekin”

Etxeko langileak Bilbon mobilizatu dira, indarkeria matxistak eurena bezalako sektore prekarioan dituen adierazpide zehatzak salatzeko. LAB lanean ari da eurekin, Trabajadoras No Domesticadas-eko kideekin batera, sektorerako EAE mailako hitzarmen bat erdiesteko. Azaroaren 25aren testuinguruan egin dute ekintza. Hain zuzen ere, diskurtso ofizial eta hegemonikoek ezkutatu egiten dituzte etxea eta zaintzaren esparruan gertatzen diren biolentziak. Ez dira kasu isolatuak, etxeko langileen artean ematen diren ohiko bizipenak dira.

Ane Escondrillas-ek, LABeko Idazkaritza Feministako kideak, hartu du hitza Bilboko mobilizazioan: “Historikoki, zorretan gaude etxeko langileekin. Gure atarietan, ondoko ateetan, garraio publikoan, kaleetan, gure etxeetan… badaude, existitzen dira”.

Lauak taldeak aurreikusitako 138 langileen kaleratzeak salatu ditugu Aiherran

Lauak taldeak Nafarroa Behereko Aiherra herrian duen lantokian ekintza egin dugu. Xingola beltzak zintzilikatu ditugu aeronautika arloko enpresan bertan, eta elkartasuna adierazi diegu bertako langileei, iragarritako kaleratze kolektiboak direla eta. Botere publikoei egin diegu dei, mutu baitaude iragarpenaren aurrean. Era berean, antolatzeko eta borrokatzeko beharra aldarrikatu dugu, halako egoera bidegabeei aurre egiteko.

Hain zuzen ere, LABeko Ipar Euskal Herriko Industria arloko arduradun Heren Muruagak azaldutakoaren arabera, Lauak enpresako egoerak erakusten du zein beharrezkoa den antolatzea eta borrokatzea. Izan ere, bertan ez dago sindikaturik, eta, langileekin izandako hartu-emanetan abandonaturik sentitzen direla aitortu digute, enpresaren asmoen menpe.

Antolatzeko aldarria zabaltzeaz gain, Muruagak adierazi du egoera honek berriro jartzen duela mahai gainean hausnarketa baten beharra; Ipar Euskal Herrirako zein eredu ekonomiko nahi dugun eta zein motatako lanbideak behar ditugun, alegia. Aipatutako hausnarketa eragile sozial, ekonomiko eta politikoekin egin beharko litzateke.

Guggenheim Museoko aretoko laguntzaileak eta arte-lanen zaintzaileekin gertatzen ari dena salatzen dugu

Guggenheim Museoak ESC Servicios Generales enpresa azpikontratatu du aretoko laguntzaile eta arte-lanen zaintzarako zerbitzua emateko. Enpresa hori Prosegur-ena da, eta bere fundazioa museoa beraren patronatuan dago, beste erakunde batzuekin batera, hala nola Eusko Jaularitza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala.

ESC Servicios Generales enpresak xantaia egin nahi die langileei lan-baldintzen funtsezko aldaketa batekin (41. artikulua). Hala, museoan lanean aritzetik (enpresa berak lehenengo klausula gehigarrian sinatutako zentro-itunean bezala), langileak enpresaren intereseko edozein merkataritza-zentrotan egotera pasatzea nahi du enpresak, neurri hori xantaia gisa erabiliz, inolako baldintzarik gabeko ABEEE bat onar dezaten.

LABen ustez, nahiz eta enpresa batzordean ordezkaritzarik ez eduki, afiliazio-kopuru handia daukagu, negoziazioan parte hartu ahal izan beharko genuke xantaia ezin zaigula egin esateko. Prest gaude ondorio guztiekin mobilizatzeko, aldaketa horrek berehalako eraginik izan ez dezan.

Bilera bat eskatu diogu Guggenheim Museoko zuzendaritzari, eta baita erakundeei eta alderdi politikoei ere, enpresak abenduaren 7tik aurrera indarrean egin nahi duen zerbait lehenbailehen konpontzeko. Enpresak ez digu kasurik egiten, ez erantzuten.

Jendarteak muturreko egoerak bizi dituenean, pandemiaren aitzakian orduekin xantaia egin, egutegia nahi bezala aldatzea eta enpresari nahi duen malgutasuna lortzen uztea ez da onargarria.

Lan prekarioa dugu, feminizatua eta aitortzarik gabea, atzetik eta langileen kontra eginez dabilen enpresa honetan. Guk argi daukagu, ez dugu xantai hori onartuko, edo jarduteko modua aldatu egiten dute edo konfrontazioaren bidea besterik ez zaigu geratuko.

Horretarako, premiazko 3 neurri eskatzen ditugu.
– Baldintzen funtsezko aldaketa berehalako eraginik gabe uztea. – Langileei egungo egoera berehala jakinaraztea.
– Xantaiarik gabeko benetako negoziazioa hastea.

2019ko azaroan ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuek eta Kristau Eskola eta AICE- IZEA patronalek sinaturiko akordioa legez kanpokoa zen

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako administrazio eta zerbitzuetako langile eta hezkuntza-laguntzako espezialistentzat ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuek adostutako soldata-jaitsiera legez kanpokoa dela berretsi da orain.

Hitzarmen berri baten aldeko borrokan mobilizazio eta greba dimanika gogor, eta langileen aldetik eredugarri, baten ondoren, 2019ko azaroaren 9an, ELA, Steilas, CCOO, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalak akordio batera iritsi ziren. LABek ezagunak diren arrazoiengatik ez zuen sinatu. Akordio horretan, administrazio eta zerbitzuetako langileei (AZL) eta Hezkuntza-Laguntzako Espezialistei (HLE) 2018 urteko soldata jaitsi zitzaien, eta, ondorioz, hurrengo urteetako soldaten igoera ere baldintzatuz, kalkulurako abiapuntu baxuagoa adostu baitzuten. Kristau Eskola, AICE-IZEA patronalek eta ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek 2018. urterako %1,60ko soldata- igoera adostu zuten, administrazioko langileekin alderatuz, iragarritako %95eko ekiparazioa baino txikiagoa. Hori zela eta, negoziazio-mahaian LABek sinatzaileei ohartarazi zien parekatze azpiko igoera adostu zutela, eta, zuzendu ezean, salatuko genuela. Hala ere, sinatzaileek ez zuten aintzat hartu LABen ohartarazpena.

Ezinahaztu, kolektibo hauentzat gutxieneko %95eko ekiparazioa administrazioko langileekiko 2013an lortu zela, epaitegien bidez eta ondo kostata. Beraz, LABi ulertezina egiten zaio patronalarekin ekiparazio horren azpitik soldatak adostea, etorkizunerako oso ate arriskutsu bat irekitzen duela ulertzen baitugu. LABek ez du onartzen langileen eskubide bat dena zapaltzea, eta prest gaude, honako honetan erakutsi dugun bezala, azken muturreraino joateko eskubide horiek errespeta daitezen.

Kristau Eskolak, AICE-ICEAk, ELAk, Steilasek eta CCOOk akordioa sinatu zutenetik urtebetera, epai batek arrazoia eman dio LABi soldata jeitsiera hori legez kontrakoa zela ebatziz.

Ondorioz, LABek honako hau eskatzen du:

– Langileen eskubideak eta lan-baldintzak ez ditzatela zapaldu inoiz gehiago.

– Aipaturiko bi langile-kolektibo horien 2018tik aurrerako soldata-taulak alda ditzatela, eta, epaian ebatzi bezala, zor dizkieten atzerapenak ordain ditzatela abenduaren 31 baino lehen. Horretaz gainera, 2020an sortutako atzerapenak ere 2021eko urtarrilaren 31 baino lehen ordaintzea eskatzen dugu.

Berriz irabazi ditugu hauteskundeak Iruñeko Udalean

Duela lau urte egindako hauteskunde sindikaletan bezala, oraingoan ere LAB izan da Iruñeko Udalaren zenbaketa orokorrean boto gehien lortu dituen sindikatua; izan ere, 10 ordezkari lortu ditu: zazpi, funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen artean, eta hiru, lan-kontratudunen artean. Horrela, bigarren indarrak baino lau ordezkari gehiago izanen ditugu.

Gure eguneroko gainerako alderdietan gertatzen ari den bezala, hauteskunde-prozesu honen garapena COVID-19ak baldintzatu du goitik behera. Hori dela eta, aurreko hauteskundeetan baino boto gutxiago eman dira; baina ezin dugu ahaztu udal langile batzuk konfinatuak daudela, beste batzuk konfinatutako ahaideak zaintzen ari direla (ezinbesteko betebeharragatiko baimena baliatu gabe, gogora dezagun), eta beste batzuk telelanean ari direla. Horregatik, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu LABen boto-papera hautestontzietan sartuz guregan konfiantza izan duten langile guztiei.

Zuei esker, LABek bigarren aldiz jarraian irabazi ditu hiriburuko udaleko hauteskundeak. Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen artean berdindu egin ditu 2016an lortutako emaitzak; guztira, 23 ordezkarietatik 7 lortu ditu. Lan-kontratudun langileei dagokienez, LAB hirugarren postuan geratu da, baina boto gehiago lortu dituzten bi sindikatuen ordezkari kopuru bera lortuta. Egia bada ere lan-kontratudun langileen artean LABek, 2016ko hauteskundeekin alderatuta, ordezkaritza galdu duela, ezin dugu alde batera utzi lau urte hauetan bikoiztu egin dela hauteskundeetan parte hartu duten sindikatuen kopurua (2016an 3 sindikatu izatetik 2020an 6 izatera igaro gara). Horrek azaltzen du, neurri batean, gertatutakoa.

Emaitza horiek bultzada handia ematen diote lau urte hauetan egin dugun lan gogor eta etengabeari; izan ere, Langileen Batzordean proposamen gehien aurkeztu duen ordezkaritza sindikala izan gara. Eta, horrez gain, lortutako emaitzak honako hauen ondorio ere badira: egin ditugun kontsulta eta aholkularitza guztien ondorio, Udaleko langileei dagozkien alderdi partikularrei buruz informatzeko, galdetzeko eta erabakitzeko egin ditugun dozenaka bilera eta batzarren ondorio, eta udal langileen eskubideak defendatzeko eta haien lan baldintzak hobetzeko modu batean edo bestean abian jarri ditugun ekimen guztien ondorio.

Jakin badakigu, halaber, laguntza hori, kasu askotan, babes kritiko bat izan dela; horregatik, aukera bat da gure lana hobetzeko, akatsak zuzentzeko eta sindikatu parte-hartzaileago eta dinamikoago bat izaten saiatzeko. Hori helburu, langile guztiak animatzen ditugu parte hartzera eta ekarpenak egiten jarraitzera, egunetik egunera hobeak izan gaitezen, eta, horrela, ahal izanez gero, udaleko langile guztiei laguntzeko.

Baina emaitza horiek ere erakusten dute langileek badakitela hurrengo urteetan, eta Udalaren jarrera ikusita, gure eskubideak eta sektore publikoa indar biziz defendatzea tokatuko dela: kontratu prekarioenak desagerraztea, soldatetan hobekuntzak sartzea -batez ere, lanpostu feminizatuenetan-, akordio kolektiboak betearaztea, euskararen erabilera normalizatzea… Horiek dira gure helburuak, eta horien alde lan egiten jarraituko dugu.

Pentsio sistema propioaren alde, azaroaren 30ean eta abenduaren 5ean kalera ateratzeko deia egiten dugu

Datozen hilabeteetan pentsioen erreforma berri baten aurrean egongo gara. Berretsi nahi dugu pentsioen erreformak ez duela bermatuko pentsio sistema publikoaren nahikotasuna ezta iraunkortasuna ere.

• Ez dira 2011 eta 2013.urteetako erreformak lehengoratzen. Erreforma hauek jubilazio prestazioak eskuratzeko baldintzak gogortu zituzten, besteak beste, pentsioen kalkulurako kotizazio urteak handituz eta jubilazio adina atzeratuz. Bi erreforma hauek pentsioetan murrizketa sakonak eta estaldura tasa txikitzea ahalbideratzen dute, hau da, jasotako azken soldataren eta jubilazio pentsioaren arteko arrakala gero eta handiagoa izatea.

• Ez da 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko eta ez da neurri bakar bat ere aurreikusten gizon eta emakumeen arteko pentsio arrakala murriztu edo ezabatzeko.

• Gizarte segurantzaren iraunkortasun finantzieroa ez da bermatuko.

Testuinguru honetan, ezin gara Madrilera begira egon edota estatutik inposatzen zaizkigun neurriak baloratzera mugatu. Pentsio sistema publikoa ziurtatzeko, eredua eraldatu behar da. Horretarako, pentsio sistema propioa eta Euskal Herriarentzat gizarte segurantzarako lege propioa beharrezkoak ditugu.

Pentsio sistema propioa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskuratzeko mobilizazioa ezinbestekoa da LAB sindikatuarentzat. Horregatik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak azaroaren 30ean Nafarroan eta abenduaren 5ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu langileak.