2024-04-28
HomeEkintza SindikalaHauteskunde SindikalakBerriz irabazi ditugu hauteskundeak Iruñeko Udalean

Berriz irabazi ditugu hauteskundeak Iruñeko Udalean

Duela lau urte egindako hauteskunde sindikaletan bezala, oraingoan ere LAB izan da Iruñeko Udalaren zenbaketa orokorrean boto gehien lortu dituen sindikatua; izan ere, 10 ordezkari lortu ditu: zazpi, funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen artean, eta hiru, lan-kontratudunen artean. Horrela, bigarren indarrak baino lau ordezkari gehiago izanen ditugu.

Gure eguneroko gainerako alderdietan gertatzen ari den bezala, hauteskunde-prozesu honen garapena COVID-19ak baldintzatu du goitik behera. Hori dela eta, aurreko hauteskundeetan baino boto gutxiago eman dira; baina ezin dugu ahaztu udal langile batzuk konfinatuak daudela, beste batzuk konfinatutako ahaideak zaintzen ari direla (ezinbesteko betebeharragatiko baimena baliatu gabe, gogora dezagun), eta beste batzuk telelanean ari direla. Horregatik, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu LABen boto-papera hautestontzietan sartuz guregan konfiantza izan duten langile guztiei.

Zuei esker, LABek bigarren aldiz jarraian irabazi ditu hiriburuko udaleko hauteskundeak. Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen artean berdindu egin ditu 2016an lortutako emaitzak; guztira, 23 ordezkarietatik 7 lortu ditu. Lan-kontratudun langileei dagokienez, LAB hirugarren postuan geratu da, baina boto gehiago lortu dituzten bi sindikatuen ordezkari kopuru bera lortuta. Egia bada ere lan-kontratudun langileen artean LABek, 2016ko hauteskundeekin alderatuta, ordezkaritza galdu duela, ezin dugu alde batera utzi lau urte hauetan bikoiztu egin dela hauteskundeetan parte hartu duten sindikatuen kopurua (2016an 3 sindikatu izatetik 2020an 6 izatera igaro gara). Horrek azaltzen du, neurri batean, gertatutakoa.

Emaitza horiek bultzada handia ematen diote lau urte hauetan egin dugun lan gogor eta etengabeari; izan ere, Langileen Batzordean proposamen gehien aurkeztu duen ordezkaritza sindikala izan gara. Eta, horrez gain, lortutako emaitzak honako hauen ondorio ere badira: egin ditugun kontsulta eta aholkularitza guztien ondorio, Udaleko langileei dagozkien alderdi partikularrei buruz informatzeko, galdetzeko eta erabakitzeko egin ditugun dozenaka bilera eta batzarren ondorio, eta udal langileen eskubideak defendatzeko eta haien lan baldintzak hobetzeko modu batean edo bestean abian jarri ditugun ekimen guztien ondorio.

Jakin badakigu, halaber, laguntza hori, kasu askotan, babes kritiko bat izan dela; horregatik, aukera bat da gure lana hobetzeko, akatsak zuzentzeko eta sindikatu parte-hartzaileago eta dinamikoago bat izaten saiatzeko. Hori helburu, langile guztiak animatzen ditugu parte hartzera eta ekarpenak egiten jarraitzera, egunetik egunera hobeak izan gaitezen, eta, horrela, ahal izanez gero, udaleko langile guztiei laguntzeko.

Baina emaitza horiek ere erakusten dute langileek badakitela hurrengo urteetan, eta Udalaren jarrera ikusita, gure eskubideak eta sektore publikoa indar biziz defendatzea tokatuko dela: kontratu prekarioenak desagerraztea, soldatetan hobekuntzak sartzea -batez ere, lanpostu feminizatuenetan-, akordio kolektiboak betearaztea, euskararen erabilera normalizatzea… Horiek dira gure helburuak, eta horien alde lan egiten jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.