2026-06-20
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakBi greba egun deitu ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, abenduaren 10 eta 11rako,...

Bi greba egun deitu ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, abenduaren 10 eta 11rako, lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzua aldarrikatzeko

Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera salatzeko agerraldia egin dugu Donostian. Bertan, abenduaren 10 eta 11rako deitutako greben berri eman dugu. Hain zuzen ere, urteak daramazkigu sektoreko errealitatea zein den salatzen, baina, erakunde eta enpresen jarrera ikusita, badirudi gatazka langile, egoiliar eta hauen senideena dela soilik, eta honek horrela ez lukeela izan beharko gogor kritikatu dugu, egoera jasangaitz honek jendarte guztiari eragiten baitio.

Helduen egoitzetako sektorea zaintzan oinarrituta dago; jendarte honetako menpekotasuna duten pertsonei zuzenduta, hain justu. Horretaz gain, diru publikoarekin finantzatzen da. Bada, pandemiaren eraginez bizi dugun krisiak modu gordinean utzi ditu agerian helduen egoitzetako gabeziak, berriak ez direnak. Langileak euren osasuna lanean uzten ari dira, modu prekarioan lan egiten dute, eta ordainetan sektoreko arduradun Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du egoera aldatzeko inongo asmorik erakutsi.

Langileek berriro ere euren profesionaltasuna erakutsi dute eta egoera gogor zein latz honetan duten onena ematen ari dira, egoiliarrak maite dituztelako eta euren eskubideen defentsan ere borrokan jarraituko dutelako.

Bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia non dago? Zer egiten ari da helduen egoitzetan egoera bortitz hau aldatzeko?

LAB sindikatutik askotan aldarrikatu dugu, bizi dugun muturreko momentu honi aurre egiteko, bi lehentasun daudela sektorean: herrialdeko hitzarmena eta langileen kopurua zehazten duten katalogoa egungo egoerara egokitzea. Lehentasun horietaz aparte, porrot egin duen sistema goitik behera aldatu beharra dagoela argi dugu. Aski da enpresek diru publikorekin negozio egitea. Pribatizazioan oinarritutako sistema honek langileek bizi dugun prekarietatean areagotzen du eta modu zuzenean eragiten du egoiliarrek jasotzen duten arretan.

Langileen, egoiliarren eta jendartearen defentsan, LAB sindikatuak bi greba egun deitu ditu, abenduak 10 eta 11rako. Egun horietan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, ezinbestekoa baita denon inplikazioa egoera irauli nahi badugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.