2026-01-27
Blog Page 478

Langabeziaren jaitsiera, enplegurik sortu gabe

Covid-19ren krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialek jendarte osoa kolpatzen jarraitzen dute, baina oso modu desberdinean. Izan ere, enpleguaren suntsiketa bereziki gogorra izaten ari da 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Hori ez da kasualitatea, kolektibo horrek prekarietate eta lan-ezegonkortasun handiagoko baldintzak baititu, bai krisi-garaian, bai oparoaldi ekonomikoan.

Badirudi azaroan langabeziak izan duen bilakaerak su-eten txiki bat eman duela, baina arretagunea zabaltzen badugu, lehen iritzi hori gezurtatzen duten beste aldagai batzuk topatuko ditugu.

Izan ere, azaroaren amaieran 5.416 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Hala ere, langabeziaren zifra ofizialen jaitsiera txiki horrek ez du eraginik izan enpleguan, ez behintzat Gizarte Segurantzaren sisteman, horrek 180 afiliazio garbiren igoera txikia adierazten baitu.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar enplegu-erregulazioko egoeran dauden langileen kolektiboa, nahiz eta teknikoki pertsona landuntzat hartzen diren.

Pandemiaren bigarren olatuaren eta kutsatzeak geldiarazteko hartutako neurri murriztaileen ondorioz, ABEEE batek eragindako pertsonen kopurua % 60 igo da azaroan. Gaur egun, 41.704 pertsona daude ABEEE baten eraginpean, urrian 25.955 pertsona zeuden bitartean.

Halaber, 25.044 langile autonomok beren jarduera ekonomikoaren murrizketa administratiboarekin lotutako aparteko prestazioak eskatu dituzte azaroan.

Azkenik, gogoratu behar da aurreko urtearekin alderatuta, Hego Euskal Herrian 25.770 langabe gehiago erregistratu direla, hau da, kopuru erlatiboetan %17,6 gehiago. Bien bitartean, gazteen langabezia izugarri ugaritu da, urteko % 44,6ko erritmoan.

Koronabirusaren aurkako txertoa edukitzeak susperraldi ekonomikoa aurreratu dezake, baina egoera hori oraindik ez da iritsi eta ondorioak ez dira automatikoak edo miragarriak izango. Nolanahi ere, susperraldia inklusiboa izan dadin, gizarte-sektore guztiei egin beharko lieke mesede, eta, bereziki, gazteriaren berariazko arazoa agenda politikoan sartzea eskatzen du.

Guggenheim-eko areto zaintzaileek mobilizazioa egin dute enpresaren xantaiarik onartuko ez dutela adierazteko

ESCko langileak dira Guggenheim Museoko areto zaintzaileak. Gaur, mobilizazioa egin dute Bilbon enpresaren xantairik onartuko ez dutela adierazteko.

Azaroaren 20an, ESC enpresak 27 langileri gutuna bidali zien, aintzinatasun handiena zutenei hain zuzen ere, lan-baldintzen funtsezko aldaketa bat inposatuz, Langileen Estatutuko 41. artikuluaren bidez. Gutunean, abenduaren 7tik aurrera Guggenheimeko arte-lanak zaintzetik Eroski supermerkatu batean aforoen kontrola egitera pasatuko zirela esaten zen. Horrela, enpresarekin sinatutako itunean jasotako langileen eskubideak urratu egiten zirelarik.

Bilboko Guggenheim Museorako espezifikoa den zentroko itun honek klausula bat dauka zehazten duena langileak ezin dituztela museotik mugitu, museoari berari atxikitutako langileak direlako. Enpresak orduak berreskuratzera behartu nahi gaitu, martxoaren 14tik apirilaren 11ra arte, enpresak berak gaizki kudeatutako kontu batengatik, horrela ABEEE bat hilabete berandu inposatuz. Gainera, Madriletik kudeatuko dutena.

Langileek salatu dute ESC enpresa eurei xantaia egin nahian ari dela, inposatutako gutun horiek bertan behera uzteko 8 hilabeterako ABEEErako aurreakordioa sinatzearen truke. Gainera, ez dute enplegua bermatzen, legeak zehazten duenetik harago (6 hilabete) eta ez diete sindikatuei ABEEE horren arrazoi ekonomikoa justifikatzen duen dokumentazioa helarazi.

LABetik, ABEEEa arrazoitzen duen dokumentazioa eskatzen dugu eta enpresari ABEEEa %100ean osagarritzea eskatzen diogu, gutxienez bi urtetako enplegu bermea eta zehaztea ze portzentaian, ze ordenetan eta irizpiderekin aterako diren langileak ABEEEtik.

Aurrekontu sozial, burujabe, parte-hartzaile, feminista eta ekologistak aldarrikatu ditugu Donostian eta Gasteizen

Donostian eta Gasteizen mobilizatu gara, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok deituta, instituzioei herritarren beharrak eta bizitza erdigunean jarriko dituzten politikak exijitzeko. Hain zuzen ere, dinamika mobilizatzaile baten harira gauzatu ditugu protestak, ondasuna banatu, eskubideak bermatu eta zerbitzu publikoak garatu beharko lituzketen aurrekontuen defentsan. Zentzu honetan, abenduaren 13an Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo ditugun manifestazio nagusietarako deia luzatu dugu, Gasteizko Gobernuari aldarrikapen zehatzak luzatzeko, joan den larunbatean IruĂąean Nafarroako Gobernuari egin genizkion eskaeren ildoan.

Hauek dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileon aldarriak:

1.Zerbitzu publikoak garatu.

-Zaintza lanen, osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek azpikontrataturiko zerbitzuen eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa, langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetako lan baldintzak langile publikoen lan baldintzekin parekatzea. Horretarako beharrezko partidak bideratzea.

-BPGaren %6 hezkuntzara bideratzea. Hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko, doakoa eta aniztasuna integratuko dituena ardatz izango duen euskal hezkuntza sistema propio eta inklusibo bat berma dadin.

-BPGaren %7 osasungintzara bideratzea.

2. Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea eta horretarako beharrezko partidak bideratzea.

3. Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako Herri Ekimen Legegilean planteaturiko neurriak.

-DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a.

-Etxebizitza eskubidea.

4. 1.080 euroko gutxieneko diru-sarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.

-Pentsioak 1.080 arte osatzeko neurriak hartu/partidak bideratu.

5. 1.200 euroko gutxieneko soldata / 35 orduko gehienezko lanaldia sektore publikoko azpikontrata guztietan bermatzea.

6. Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.

7. Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa bermatu.

Eusko Jaurlaritzak proposatzen dituen tresnak ez dira nahikoak behin-behinekotasunaren abusuarekin amaitzeko

Eusko Jaurlaritzak Administrazio Orokorrerako Kidego eta Eskalen Lege proiektua Legebiltzarrera eramatea onartu du gaur. Zalantzarik ez dugu Legebiltzarrean ematen den indar korrelazioak lege horren onarpena ahalbidetuko duela, gainontzeko alderdi eta sindikatuon ekarpenei arretarik egin gabe.

Gure ustez, lege horretan enplegu publikoan kontsolidazio prozesuak egiteko planteatzen diren neurriak erabat ez nahikoak dira. Administrazio askotan 20 urte badira deialdi publikoak egiten ez direla eta horrek milaka langile egoera ezegonkor batean kokatu ditu. Plaza kopuru bat txanda itxi batean ateratzeko aukera horrek ez dio euskal administrazioetan daukagun egoerari erantzuten. Azken urte hauetan kontsolidazio prozesu hauek egiteko lege propio bat eskatzen ari gara, estatutik datozen irizpideetatik harago beharrezkoak ditugu tresna legal guztiak kontuan hartuko dituena.

Jaurlaritzak gaur onartu duen legeak ez ditu, inolaz ere, bitarteko langileen kolektiboak izan ditzakeen aldarrikapenak jasotzen. Ez ditu ere deialdiak egiteko irizpideak ezartzen ez eta deialdietan barneratuko den plaza kopurua zehazteko irizpideak ere barnebiltzen. Hori dela eta, Madriletik ezarriko diren erabakien menpe egon beharko dira bitarteko langileak, beraien etorkizunerako garrantzitsuenak diren gaietan.

Enplegu plan integral bat beharrezkoa dela behin eta berriz aldarrikatu izan dugu, Jaurlaritzak ordea enpleguari dagozkion gaiak propagandarako erabiltzen jarraitzen ditu. Bada garaia Mahai Orokorreko bilera deitzeko eta behar bezalako negoziazio prozesu baten ostean behin-behinekotasunarekin amaitu eta kalitatekoa enplegua helburu duen plangintza bat adosteko.

Langileen aurkako erasoen aurreko protokoloak eskatu ditugu Lurraldebusen

Azken asteetan Lurraldebuseko autobusetan emandako eraso eta gertaerak salatzen ditugu, bereziki aurreko larunbatean, Hernani- Donostia ibilbidea egiten duen autobusean jazotakoa.

Hain zuzen ere, pasa den larunbatean, bi pertsonek arazoak eragin zituzten Lurraldebuseko autobus batean. Bi pertsona hauei autobusetik jeisteko esan zieten gidariak eta hainbat erabiltzailek. Azkenean autobusetik kanporatuak izan ziren. Bitartean, gidariak Ertzaintzari jakinarazi zion gertatutakoa. 20 minutuz egon behar izan zuen autobusak geldirik, eta bi pertsona hauek autobusetik jaitsi zirenean jarraitu ahal izan zuen bere bidea.

Gertatutakoaren xehetasunetatik at, egiten dugun salaketa argia da: autobusetan ematen diren gertaera hauen aurrean ez dago inolako protokolorik. Gidari bakoitzak erabaki behar izaten du zer egin kasu bakoitzean. Arazoaren konponbidea gidari bakoitzaren irizpideen esku geratzen da. Ez dakigu, autobusa geratu behar dugun ala ez, arazoak sortzen dituzten pertsonak autobusetik bota behar ditugun ala ez, zeini deitu behar diogun; larrialdi zerbitzuari, enpresari, beste lankideei,…

Ulergaitza da nola Lurraldebusek ez duen honelako egoeren aurrean (nahiko maiz gertatzen direnak) ekiteko protokolorik. Ulergaitza da nola egoera hauen aurrean aurkitzen garen bakoitzen ez dakigun zer egin behar den. Gertaera hauen aurrean gure jarrerak gure burua arazoetan sartzea ekar dezake, edota gure aurkako erasoak eragin. Ez gaude prest lanean ari garen bakoitzean beldurra, ezinegona eta kezka izatea.

Lurraldebusek arazo honi soluzioa jarri behar dio zerbitzua ematen dugun langileekin batera, gartakarien aurrean eman beharreko pausoak zehatzen dituen protokolo bat egin eta inplementatu behar du.

Manteleceko langileak subrogatzea eskatu diegu Osakidetza eta Drager Medical Hispaniari

Gaur, abenduaren 1ean, Osakidetzak Gipuzkoako ospitaleetako ekipamendu elektromedikoaren mantenimendua egiten duen enpresa aldatu du. Orain arte, Mantenimiento ElectromĂŠdico SL enpresak egiten zuen lana, hemendik aurrera Drager Medical Hispania enpresak egingo du. Bizi dugun pandemia egoeran bereziki kezkagarria deritzogu, pandemia baten erdian gaudelako eta ospitaletan saturazio egoera bizi delako. Zerbitzu honen barruan kokatzen da, esaterako, arnasgailuen mantentze lana egitea.

Gainera, legea bete gabe egin nahi du aldaketa hori Osakidetzak. Izan ere, berriki sinatutako Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenak subrogazio eskubidea jasotzen du bere 43. artikuluan, mantenimendu lanak egiten dituzten langileentzat. Hitzarmena azaroaren 24an argitaratu eta indarrean sartu zen. Hau da, enpresa berriak, Dragel Medical Hispaniak, aurretik zerbitzu hori egiten duen enpresako langileak mantendu behar ditu, lehengo lan baldintza berdinetan. LABek jakin duenez, ordea, Drager Medical Hispaniaren asmoa zerbitzua hirugarren enpresa bati azpikontratatzea da.

Mantenimiento ElectromĂŠdico SL enpresako langileak ziurgabetasun erabatekoan daude, ez baitiete subrogazio eskubidea aitortu. Gaur Donostia, Zumarraga, Mendaro, Arrasate eta Bidasoa Ospitaleetan eta anbulategietan gertatutakoaosolarriada:eurenlanpostuetaralanerajoandirenlangileei ezdietelanerasartzenutzi.

Zerbitzu publikoen azpikontratazioak lan baldintzen okertzea bilatzen du, baina zerbitzuen kalitatea ere arriskuan jartzen du, oinarrizkoak direnena ere bai, kasu honetan bezalaxe. Gainera, kasu honetan, azpikontratazioa berazpikontratatu nahi dutela ematen du, azken finean, zerbitzu eta lan baldintza okerragoak, baina geroz eta bitartekari gehiagok irabaziak edukitzeko.

LABek lan kontratuak subrogatzeko eskaera egin zien, bai Osakidetzari, baita zerbitzua emango duen enpresa berriari, Drager Medical Hispaniari. Horretarako borondaterik ez dute azaldu. Berriro ere, deia egiten diogu Osakidetzari langileei legez dagokiena aitortzeko, hau da, euren lanpostuetan lanean jarraitzeko. Jarrera aldatu ezean, LABekepaitegirajokodu.

Kaleratutako lankide guztiak berriro lanean hasteko eskatu diote Alestiseko zuzendaritzari

Alestis-eko enpresa batzordearen oharra, Gasteizen egindako agerraldiaren harira:

Gaur, 2020ko abenduaren 1ean, Alestis, CCOO eta UGT sindikatuek adostutako epaia exekutatu dute. 76 pertsona kaleratu gaituzte Gasteizko lantegian. Ez gara zenbaki bat, izen-abizenak gara, gure bizitza eta familiekin. Zabor gisa tratatu gaituzten pertsonak gara. Enpresan batez beste 20 urte daramatzagunak. Enpresako zuzendaritza guri begietara begiratzeko gai izan ez den pertsonak. Burofax bat bidali digute gure etxeetara kaleratzearen berri emateko. Hainbeste denboran erakutsitako dedikazioa eta profesionaltasuna modu txarrak, tratu txarra eta inolako enpatiara mugatu dira enpresa honetan gorputz eta arima jardun dugun pertsonekiko.

Sententzia hau gizarte osoaren diruarekin gauzatu da, diru publikoarekin. SEPIren bidez, estatuko gobernuak (PSOE eta Podemos) Alestiseko akzioen %25 du.

Negoziazioa bidegabekoa izan da. Lantegika egitea galarazi zaigu (hemen egiten dugu lan eta hemen erabakitzen dugu). Gasteizko langileak ez dira behar bezala ordezkatuta egon. 13 pertsonako mahai batean, 2 Gasteizkoak eta 11 Andaluziakoak. Errealitate eta plantila oso desberdinak. Gure iritzia ez da kontuan hartu. Gasteizko langileek ez zuten dirurik nahi, beren lanpostuak baino ez zituzten nahi. Gasteizko langileak akordioaren aurka agertu dira, argi eta garbi, bi bozketatan. Azkenean aldeko 2 boto, 4 abstentzio eta kontrako 114 izan ziren. Gasteizko lantegiak jaso du zigorrik handiena enplegu-erregulazioko txostena sinatu nahi ez izateagatik. Konpainia osoaren turkoburua izan gara. Kaleratzeko arrazoi objektiboak ahaztu dira, eta generoa, lanaldi-murrizketak, sindikatu-afiliazioa eta ezintasun luze eta larriak bezalakoak kontuan hartuta.

Gaurko epai horren ondorioz, 185 langile izatetik 101 izatera igaro da Gasteizko plantilla. Alestis 230 pertsonako enpresa izatetik 100 pertsonako enpresa izatera pasa da. Noiz amaituko da odoluste hau? Langile guztiak kaleratzerakoan? Alestis, lehengo SK10, Gasteizen sortu zen diru publikoarekin, diru laguntzekin. Non dago enpresako zuzendaritzak onura jaso duen gizartearekin duen konpromisoa?

Clemente familia, CCOO eta UGT sindikatuekin batera, eta erakunde guztien adostasunarekin, bidegabekeria eta aberrazio honen errudunak dira. Lehenak, egin egin dutelako eta bigarrenak, baimentzeagatik. Clemente familia, CCOO eta UGT neurri gabeko eta mugarik gabeko zekenkeriaren errudunak dira. Irabaziek lehentasuna dute pertsonen aurrean. Denak balio izan du. Erakundeek beste alde batera begiratzen dute arazoa aurkezten diegunean. Ulertzen gaituztela eta egoeraz penatzen direla esan, eta, aldi berean, enpresak bere planekin jarraitzea onartzea. Langileei asmo onak oparitzen dizkigute eta gertatutakoa ahaztu egiten dituzte. Azken batean, enpresa zuzendaritzaren aurrean saldu gaituzte. Ezin da diru publikoarekin jokatu kapitalari bakarrik mesede egiteko. Zer gertatu behar da erakundeak inplikatzeko? Hau guztia esaldi batean laburbiltzen da: kapitala pertsonen gainetik, eta hitzak, haizeak eramaten dituenak.

Kaleratutako lankide guztiak berriro lanean hastea eskatzen diogu Alestiseko zuzendaritzari. Egungo egoera koiunturala da, eta ezin da egiturazko neurriekin konpondu. Kaleratzeak egiteko beste bide batzuk daude. ABEEEak, lanaldi-murrizketak… erakundeei legeak aldatzeko eskatzen diegu, bidegabekeriak legezkoak izan ez daitezen, eta, diru publikoa tartean badago, enpresei idatzizko konpromisoak eskatzeko.

Langile eta kaleratuok kaleratzeen kontrako borrokan jarraituko dugu.

Bilboko Udaleko aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatu eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatu dugu

Abenduak 1, Bilboko Udalaren 2021erako aurrekontua onartuko da. LABen iritziz, aurrekontuak herritarren beharrei erantzungo dieten kalitatezko zerbitzu publikoen garapena lehenetsi beharko luke, denon artean sortutako aberastasunaren banaketa zuzena ziurtatuz. Hala, aldarri hau jendarteratzeko, elkarretaratzea egin dugu udaletxe aurrean, aurrekontuen eztabaida egin bitartean.

Aurten ere, onartuko duten aurrekontuak ez die honako gaiei erantzuten:

–  Udaleko langileekin hartutako konpromisoei.

–  Osoko Bilkuran onartutako Gizarte Politiken Itunari, ez duelako behar adina diru bideratzen itun hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko.

–  Herritarren eta udaleko langileen hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planari, ez baitu Plan hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko behar adinako aurrekontu-zuzkidura ematen.

–  Ez du emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egiten. Ez du ezertarako balio Berdintasun saila sortzeak, Berdintasun-planak eta ordenantzak onartzeak, gero horiek inplementatzeko berdintasun- teknikari 2 baino ez badaude.

Udalak enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna ez du bere gain hartu nahi.

Egun, kontrata askotan lana prekarizatuta dago, are gehiago sektore feminizatuetan (lanaldi partzialak, behin- behinekotasuna…), kasu batzuetan ez baitira betetzen Langileen Estatutuaren oinarrizko alderdiak, hala nola atsedenerako eskubidea.

Udalak adi egon behar du, eta espedientea egin behar die lan arloko araudia betetzen ez duten kontratei.

Garaia heldu da. Kontratazioen baldintza-agirietan, bai udalarenetan bai udal enpresenetan, langileen lan- baldintzak prekarioak izan ez daitezen beharrezkoak diren klausulak sartu behar dira, honako edukiak jasoko dituztenak:

➢  Gutxieneko soldata: 1.200 euro

➢  Probintziako lan hitzarmena betetzea.

➢  Subrogazioa.

➢  Kontratu mugagabeen kopurua saritzea.

➢  Lanaldi osoen kopurua saritzea

➢  Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-irizpideak sartzea, soldata arrakala besteak beste.

Beste urte batez, Udal Gobernuak ez du bere gain hartzen enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna eta enpresen etekina lehenesten jarraitzen du, pertsonen bizi-kalitatearen gainetik. Horrela, gero eta langile pobre gehiago sortzen laguntzen ari da.

Ordubeteko lanuztea deitu du Kelvion-eko enpresa-batzordeak Igorreko sektore guztietan, abenduaren 11rako

Enpresa batzordearen oharra:

Kelvioneko zuzendaritzak Igorreko lantegia itxi nahi du eta langileok borrokan gaude, greba mugagabean. Gure irtenbide pertsonala lehenetsi beharrean, lanpostuen eta etorkizunaren defentsan ari gara borrokan. Helburua, Kelvion ez dezatela itxi, 147 familien oraina eta etorkizuna bermatzen duten lanpostuak mantentzea eta hurrengo belaunaldien geroa bermatzea. Bizitza duina izateko ezinbestekoa da lanpostu duina izatea, eta horixe da, hain zuzen ere, eskatzen ari garena: lanpostuei eutsi, Arratia bizirik nahi dugu.

Arratia bizirik diogunean ez gara leku zehatz batez ari, ez horixe! Arratiarrei buruz ari gara. Nekazaritza, beste garai batean lehen sektorea nagusia zen eskualdean, eta orain lurra lantzen duten pertsonek beste enplegu bat behar dute bizi ahal izateko. Nekazaritza jarduera ekonomikoaren 5%era ere ez da iristen… Gurean dauden larre zabalak nork landuko zain daude, baina hortarako plan estrategikoak beharko lirateke.

Ostalariak eta dendariak. Lonja hutsak nonahi aurki daitezke gure eskualdean alokairuak ezin ordaindu, komertzio txikiak edota tabernak ixten ari dira-eta auzo guztietan.

Zerbitzu publikoak. Osasungintza, ez dago espezialitate guztiak barnebiltzen dituen anbulategirik, eta arratiarrok leku batetik bestera ibili behar dugu kontsultaren arabera. Pediatra falta, bajak ez dira kubritzen, lehen arretarik ez dago (Covid-19 aitzakia galanta izan da arreta presentziala kentzeko). Euskal Herriko eta eskualdeko langileak mobilizatzen ari dira osasungintzaren alde, eta bide beretik jarrai dezaten animatu nahi ditugu.

Arratian une latzak jasaten ari gara industrian, baina ez da oraingo kontua: Tarabusi, Incoesa, Alfus, Negarra, iaz Araluce… itxi zituzten eta orain, Kelvion ere itxi nahi dute. Ehundaka lanpostu finko galdu dira gure bailaran eta odol jarioak ez dauka etenik.

Prekarietatea. Enpresen itxierak lanpostu finkoen galera ekarri du eta dagoeneko, egiten diren kontratuen %8a baino ez da kontratu finkoak, eta aldi baterako kontratuak %92 dira. Kontratatuen artean, %25a soilik dira emakumeak, berriro ere, prekarietateak emakumearen aurpegia erakusten du. Langabetuen tasa igo da heren bat eskualdean, eta Kelvionen amaierak delako egoera larriagotuko lukeela agerikoa da.

Bada momentua kalea hartzeko, indarrak batzeko… Une honetan, enpleguaren defentsa bultzatzea dagokigu, baina alor guztietako eskakizunekin bat egiten dugu eta guztiok batera alternatiba jasangarriak aurkituko ditugu lan, bizi eta pentsio duina danok izan ditzagun. Horrela, abenduaren 11an, goizeko 11:00etatik 12:00etara lanuztea deitu dugu Igorreko sektore guztietan.