2026-06-27
Blog Page 473

Mobilizazioa egin dugu Bizkaiko aniztasun funtzionaleko hitzarmenaren alde

Manifestazioa egin dugu Bilbon, Pio X plazatik hasi eta Bizkaiko Foru Aldundiak Gran Vian duen egoitzaraino, aniztasun funtzionalaren esparruko langileentzako herrialdeko hitzarmena eskatuz. Kalitatezko aniztasun funtzionaleko sektorea aldarrikatu dugu eta zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal, kalitatezko, komunitario eta kudeaketa zuzenekoa.

Aniztasun Funtzionalaren eremuan lan egiten dugun langileok hezkuntza-funtzioak betetzen ditugu, aniztasun funtzionala duten pertsonak lagundu eta hauei arreta emanez.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako langileak gara, erantzukizun eta finantzaketa publikoa duena. Hala ere, erakunde titularrak, Bizkaiko Foru Aldundiak, kudeaketa pribatuko eredu bat aukeratu du, erregulaziorik gabekoa eta opakua. Lankidetza-hitzarmenen eta diru-laguntzen bidezko hitzarmen-eredu bat, ez duena bermatzen ez lan-egonkortasunik ez lan-baldintzarik. 

Lan-baldintzak Estatuko Hitzarmen Kolektibo Sektorial batek arautzen ditu. Langileek ez dugu honetan parte hartzen, eta hemen negoziatutako herrialdeko hitzarmen kolektibo sektorialik ez dagoenez, sektorea bera atomizatuta dago hainbat enpresa-hitzarmen, enpresa-itun eta Estatuko Esparru Hitzarmena aplikatzen zaien erakundetan. Honek ekarri du jarduera bera edo antzekoa egiteagatik lan-baldintza eta konpentsazio-baldintza desberdinak egotea.

Langileek jasaten dituzten laneko arriskuak ez dira behar bezala ebaluatzen eta ez da prebentzio-neurri eraginkorrik ezartzen. Horrek eragin kaltegarria izan du zerbitzuaren kalitateari eta langileen eskubide eta baldintzei dagokienez.                                  

Bada garaia gizarte-zerbitzu sozial publiko eta kalitatezkoen eredurantz aurrera egiteko, erabiltzaileen eta langileen eskubideak bermatuz. Hori horrela, LAB sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen dio plan bat egin dezala zerbitzu guztiak publifikatzeko eta langile guztiak subrogatzeko.

Honetaz gain, Bizkaiko Sektoreko Hitzarmen Kolektiboa sortzea eskatzen du LABek, herrialdeko aniztasun funtzionalaren eremua arautuko duena, langileek egiten dituzten funtzioak behar bezala aitortuz eta lan-baldintzak parekatuz. 

Ezin dugu enplegu bat bera ere galtzen utzi

Azken egunetan sarritan galdetu digute Corrugados Azpeitiaren balizko irekieraren inguruan, eta LABek ezer gutxi esan du orain arte. Izan ere, nekez baloratu dezakegu ezagutzen ez dugun hura. Partaidetzaren aldarria hitzetik hortzera darabilte patronalek eta instituzioek, baina hitz hutsak besterik ez dira izaten. Corrugados Azpeitia irekitzeko ustezko proiektu horren berri ez zaie bertan lanean aritu ziren langileei eman, ezta sindikatuei ere. Langileon bizitzaren inguruan aritzen dira langileekin eta sindikatuekin kontatu gabe. Horregatik, gardentasuna exijitzen dugu: alderdikeriak utzi eta mahai gainean jar dezatela aurkeztu omen den proiektua. Guk, ikusi arte ez dugu sinestsiko.

Industria politika ezaren ondorioak larriak dira gaur egun, baina norabidea aldatu ezean okerragoa izango da etorriko dena. Azken urteetan industriak pisua galdu eta galdu ari da. Esaterako, manufaktura industriako lantegien %20a galdu da azken 12 urtetan. Diru publikoarekin sortutako proiektuak kanpoko funtsen esku gelditzen ari dira eta inbertsio berriak erakartzeko ahaleginak porrot esanguratsuak jaso ditu, azkenengoa Iberdrolaren eskutik. Propaganda bai, ugari, 4.0. propaganda ere bai, baina estrategiarik ez.

Egoeraren larritasunari aurre egin beharrean, interes partidistak gailentzen ari zaizkio industria politikari. Harriduraz eta auzolotsaz entzun dugu Arantxa Tapia existitzen ote den ez dakigun proiektu bateko lanpostuen defentsan.  

Ez dugu ahaztu behar duela 8 urte bazen proiektu bat, Azpeitian lanpostu duinak zituena eta bidegabeki itxi zena. Zer egin zuen Eusko Jaurlaritzak 300 lanpostu horiek  salbatzeko? Jaurlaritzaren kexu bakarra itxieraren berri aurretik jakin ez izana izan zen. Itxiera prozesuan langileei bizkarra eman zien gero.

8 urte igaro dira eta lan erreformaren eraginez lanpostuak suntsitzen edo azpikontratatzen dira enpresek gehiago irabazteko. Lan erreforma industria ehuna suntsitzeko makina da. Adibideak ugariak dira: Tubacex, Aernnova, ITP-Aero, Alestis…  non dago industriaren eta enpleguaren aldeko defentsa kasu horietan? Antza denez, Europako funtsetatik ekarpenak egin behar dizkie Jaurlaritzak enplegua suntsitzen duten enpresei. Enplegu horiek ez al dute balio?

Iruñeko komun publikoetako langileek Navarra Sumari erronka irabazi izana ospatu dugu, nahiz eta ohartarazi Sarasate pasealekukoak arriskuan daudela oraindik #LortuDugu

Iruñeko Udalak komun publiko ia guztiak komun automatiko bilakatu nahi zituen, baina Navarra Sumak atzera egin du azkenean, langileek hainbat mobilizazio egin eta gero. LABen ustez ospatzekoa da hori, baina ohartarazi nahi du Sarasate pasealekuko komunen etorkizuna iluna dela, kenduko dituztela adierazi baitute.

Langileek salaketa kanpaina bat egin ondoren, azkenean Navarra Sumak onartu zuen komunak ixteko plan bat zegoela, PSN eta UPNren arteko itun batean jasota 2011-2015 legealdian. Hala ere, langileek, beren determinazioari esker, lortu dute plan horrek aurrera ez egitea.

Dena dela, garaipena ez da erabatekoa, atzo jakinarazi baitzuten Sarasate pasealekuko zerbitzuak kentzeko asmoa, eginen diren peatonalizazio obrak aprobetxatuz. Alde horretatik, LABek dei egiten die langileei eta herritarrei itxiera hori ez onartzeko, bai eta lanpostuak eta langile horiek egiten duten zerbitzu publiko ordezkaezina defendatzeko ere.

Funtsezkoak direla ozen aldarrikatu dute Osakidetzako garbitzaileek

Osakidetzako garbitzaileek greba egin dute euren lan baldintzen defentsan, eta mobilizazioak egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok deituta. Hala, maiatzean egindako mobilizazioak biribildu dituzte greba egunarekin, Osakidetzaren mendeko zentroetako garbitzaileek bizi duten egoera ikustarazteko helburuarekin. Funtsezkoak badira, lan-baldintza duinak egokitzen zaizkiela aldarrikatu dute.

Bilbon, esaterako, Jaurlaritzako Osasun sailaren aurrean eserialdia egin dute manifestariek. Era berean, greba oztopatzeko inposatutako %100eko gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte.

Osakidetzako garbitzaileek hiru urte baino gehiago daramatzate euren Hitzarmen Kolektiboa negoziatzen. Hala ere, enpresekin akordio batera iristetik urrun jarraitzen dute. Are gehiago, negoziazioak hilabeteak daramatza blokeatuta; ez dago aurrera pausurik. Enpresek ez dute negoziatzeko borondaterik. Negoziazio-mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok uste dugu irtenbiderik gabeko kale itsu batean gaudela.

Horregatik, lan-baldintzak eta Hitzarmen Kolektiboa defendatzeko, mobilizazio dinakima jarri dugu abian sindikatuok.

Ondorengoak dira aldarrikapen nagusiak:

-2012ko Garapen Profesionalera sarbidea.

-Lanpostu hutsen estaldura arautzea, partzialtasunak suposatzen duen kondena saihesteko.

-Txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko aukera.

-Osasun-zentroetan ere plantilla-akordioak ezartzea.

-Absentzien estaldura, lan-kargak saihesteko.

-Zerbitzua publifikatzea, enplegua bermatuz.

H&M eta COSeko grebalariek aurrera jarraitzen dute mobilizazioekin

H&M eurak toreatu nahian dabilela salatzeko, Hego Euskal Herriko H&M eta COSeko langileek San Ferminetako entzierroa irudikatu dute 26. greba egunean.

Euskal gazteria kriminalizatzeko Jaurlaritzak daraman politikaren baitan kokatzen dugu Ernairen kontrako jazarpena

Eusko Jaurlaritzak, Ernairen mezuak delitu gorrotoa izan ote diren ikertzeko eskatu dio fiskaltzari, Ernaiko kide batzuek epaitegietara bidean jarri nahian. LABetik irmoki salatzen dugun erabakia da eta gure babes osoa adierazi eta gure elkartasuna helarazten diogu Ernairi. Guzti hau euskal gazteria kriminalizatzeko gobernu honek daraman politikaren baitan ulertu behar da.

Hemen sakonean dagoen arazoa gazteen egoera da. Gazteek bizi duten egoera jasanezin bilakatzen ari da, larrialdi egoeran daude Ernaik berak salatu duen moduan. Inoiz baina prestatuagoa dagoen gazteriak etorkizun iluna du, hirutik bat langabezian dago, miseriazko soldatak dituzte edota etxebizitzarako eskubidea urratzen zaie.

Elite ekonomikoen mesedetan gobernatzen duen Jaurlaritzak, patronalari alfonbra gorria jartzen dio prekarizazioan sakontzen jarraitzeko. Botere legegilea, judiziala eta polizia, guztia erabili nahi da patronalaren interesak zaintzeko.

Aldiz, patronala zigorgabe geratzen da. Jaurlaritza honi ez diogu oraingoan erakusten ari den gogo edo berotasun bera atzeman patronalaren aurrean, esaterako, langileen bizitzak salbatzeko. Prekarietatea eta prebentzio neurriak ez betetzeak ekidin zitezkeen hainbat lan heriotza sortzen ditu eta horien aurrean beste aldera begiratzen duen Jaurlaritza, pintaketa batzuk asaldatu egin dutela dirudi.

Gobernu honek ez du irtenbide duinik gazteentzat. Enplegua defendatzen ari direnentzat ere ez. Ez dago enplegu politika publikorik, zerbitzu publikoak indartzeko apusturik egiten ez duen bezalaxe.

Herritarrei, gazte, pentsionista, langile, emakumeei bizitza duina bermatu ordez, protesta sindikal eta sozial oro ezabatzeko asmoa du Jaurlaritzak eta oldarkor eta neurri gabeko indarra erabiliz ikusi dugu Ertzantza azken aste hauetan sindikalisten edota gazteen aurka. Ezin ahaztu orain dela aste batzuk Espainiako Kongresuan greba eskubidea mugatu eta piketeen lana are gehiago zailtzeko saiakera egin zuela.

Herri honetan gehiengo sindikal eta soziala da eraldaketa sozialaren eta aldaketa politikoen aldeko apustu sendoa egin duena, hainbat dira zabalik dauden dinamika sindikal eta sozialak. Etorriko dira greba eta mobilizazio berriak eta horrelako urrats errepresiboek ez dute lortuko gure bidetik ateratzea.

“Ez naiz 1.000 eurora ere ailegatzen, Glovorentzat 60 ordu lan eginez”

Klemen Glovoko langilea da. Nahiz eta Glovok ez duen halakorik onartu nahi. Baina argi dago izan, badela. Eta gisa horretan, astean 60 orduz egiten du lan, inolako atseden-egunik gabe, Glovoren algoritmo esklabistaren presiopean etxez etxeko banaketa egiten. Eta gastuak kenduta, ez da ailegatzen hileko 1.000 euro garbira ere. Bata bertzearen atzetik ari dira Glovoren aurkako epaiak erortzen, motxila horia hartu zuen lehenbiziko egunetik Klemenek bazekiena berresten dutenak. Bera eta bere lankideak autonomo faltsuak direla. Eta, benetan, Glovorekin lan harremana dutela. Baina kapitalismo digitala analogikoa bezain zorrotza da. Eta, beraz, borrokan jarraitu behar da. Klemenen kasuan, Glovon sortu duten LABeko sail sindikalaren bidez.

Klemen Celestinorekin eta Berta Garcia LABeko Zerbitzu Pribatuen Federazioko kidearekin batera aztertu ditugu Glovoren aurkako epaien ondorioak, Rider Lege eskasa eta lan-baldintza duinen alde borrokatzeko antolatzeak duen garrantzia.

“Salaketek, isunek eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko”

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren alde greba egitea eta lan eta bizi baldintza duinak izatearen alde borrokatzea erabaki zuten hiru langile epaitu dituzte Bilbon, eta sindikatuok elkarretaratzera deitu dugu epaitegien aurrean, langileen eskubideak defendatzea inoiz ez dela delitua aldarrikatzeko. LABeko Industria Federazioko kide Iratxe Azkuek hartu du hitza, bertan.

Bizkaiko metalean 10 greba egin ziren, baita hainbat mobilizazio ere. Borroka horren ondorio gisa, gaur egun 7 langile daude inputatuak, guztira 15 langile inputatu dituzte, baina horietako 8 absolbitu egin dituzte. Honetaz gain, hainbat isun eta zigor ekonomiko jarri dira, kasu batzuetan Mozal Legea aplikatu delako.

Sindikatuok mobilizazioa egin dugu, “Langileen eskubideak defendatzea ez da inoiz izango delitua” lemarekin eta salatu dugu akusazio horien guztien atzean dagoena (kasu batzuetan espetxeratzeko eskaerak barne): grebarako eskubidea kriminalizatu nahi da, lan eta bizi-baldintza duinak babesteko borroka guztiak kriminalizatzeko nahia dago. Kolektibo oso baten, sektore baten, borroka eredugarria gauzatu duten langileen borrokari aipua kendu nahi diote.

Argi eta garbi aditzera eman dugu kriminalizatzeko saiakera hori erabaki politiko baten ondorioa dela. Erabaki hori instituzioen eskutik etorri da, bereziki, Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzatik. Izan ere, gatazkan zehar patronalaren alde jarri zen zalantzarik gabe, adibidez, Ertzaintza bidali zuenean grebalariak beldurtzera. Azkenean, zenbait langile jipoitu, atxilotu eta salatu egin zituzten. Greba egun baten ondoren, Bilbon egin zen manifestazio baten ostean, greba deitu genuen sindikatuok indarkeriaren erabilera neurrigabe hori salatu genuen prentsa-ohar baten bidez. Orduan Eusko Jaurlaritzari eta FVEMri ohartarazi genien poliziaren bidea eta bide judiziala ez zirela erabili behar. Hala ere, gaur, 7 inputatu ditugu.

Halaber, adierazi dugu ez ditugula ikusi lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza greba egiteagatik kaleratuak izan diren metaleko langileak babesten, greba egin ez dezaten mehatxatuak izan diren langileak defendatzen, egunero euren lan-eskubideak urratuak ikusten dituzten langileen ondoan edo prekaritatean murgilduta bizi diren langileekin, batzuetan osasuna galtzen dutenak eta gehiegitan bizitza ere. Horrez gain, enpresariak ez ditugu ikusi epaiketei aurre egiten, espetxeratzeko eskaerei aurre egiten, oraintxe aipatu duguna bezalako eskubide urraketak gauzatu badituzte ere. Erabateko inpunitatearekin jarduten dute norbaitek ahalbidetzen duelako, sistema osoak ahalbidetzen duelako.

Bizkaiko metala ez da salbuespen bat, ordea. Azken hilabeteotan ere langile borrokalarien aurka poliziak izandako jarrera salagarria Jaurlaritzak berrikusi beharra dauka; besteak beste, ITP-PCB aurrean langileok jasandako erasoa. Borroka hortatik, hain zuzen, langile bat deitu dute deklaratzera ekainean. Berriro ere langile borrokalariak zigortu nahi dituzte. Parlamentuaren aurrean eta enpresa aurretik iritsi zaizkigun Tubacexeko langileekiko oldarraldia; borroka hortatik 3 langilek deklaratu dute epaitegietan jada eta beste bi herritar deitu dituzte ekainerako.

Langileen eskubideak defendatzea ez da sekula delitu izango. Hori dela eta, salaketek, isunek eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi-baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko.