2026-06-23
Blog Page 465

Petronor, Bilboko Argiak, Tubacex, Novaltia eta ITP-PCB-ko langileek egindako deialdiarekin bat egiten dugu

Argi dago gaur egungo politikak eta bai EAE zein Madrilen gobernatzen dutenek patronalaren eta kapitalaren mesedetan dihardutela. Horren ondorio argia da, enpresa hauetan jasaten ari diren enplegu suntsiketa eta lan baldintzen okertzea. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritza eta Arantxa Tapia itsu, mutu eta gor dago. Are gehiago, aktiboen dagoen saila, Segurtasunekoa dela salatu behar dugu. Politika hauen oinarria borroka duinak kolpatzea eta langile borrokalariak atxilotzea izaten ari da.

LABetik argi esan nahi dugu. Erreformen derogazioa ezinbesteko urratsa dela uste badugu ere, askoz harago joan behar dugu. Bada garaia Urkulluren gobernuak bertako langileak defendatzeko erabakia hartzeko. Berton erabaki behar dugu bertoko langileen etorkizuna, bizitza eta pertsonak erdigunean izango dituzten politiketaz hitz egiteko garaia da.

Horregatik guztiagatik, eta langile batasuna txalotuz, LABetik Bilboko ostiraleko manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu, 10:00etan abiatuko dena, EITBren egoitzatik udaletxeraino.

Tubacex-eko piketean identifikatuak izan ondoren Amurrioko epaitegian deklaratu beharko duten hiru pertsonei gure babesa adierazten diegu

LABetik gure babes osoa adierazi nahi diegu bihar osteguna, ekainaren 17an Amurrioko epaitegian deklaratu beharko duten 3 pertsonei. Elkartasuna adieraztea izan da egin duten delitu bakarra eta Tubacex-eko langileei martxoaren 25eko piketeetan laguntzea, Aiaraldeko zein beste eskualde batzuetako enpresetako ehundaka langilek egin duten moduan. Langileen arteko elkartasuna ez da delitua.

Oraingoan eurei tokatu zaie, baina kontziente izan behar dugu babes eta elkartasuna adierazteko Laudio eta Amurrioko enpresa sarreretatik pasatu garen edozein langile egon gintezkeela egoera beretsuan.

Eusko Jaurlaritzak ez du ezer egin Tubacex-eko lanpostuak defendatzeko. Enpresa-batzordea eta langile kaleratuekin ere ez du bilerarik izan eta publikoki Tubacex-eko zuzendaritzaren argudioak defendatzen zituen bitartean, Ertzaintza bidaltzen zuen langileak jipoitzera, euren borroka eta enpleguaren defentsan Aiaraldeko langile guztiek egiten ari zirena kriminalizatuz.

Horregatik, dei egiten dugu bihar, ekainaren 17an, Tubacex-eko enpresa-batzordeak Amurrioko epaitegietan 11:30etik 13:00etara bitartean egingo duen kontzentrazioan parte hartzera.

Era berean, enpresa-batzordeak, datozen ekainaren 21 eta 22an, EEEaren epaiketen aurrean antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egiten dugu. Datorren astelehenean, ekainaren 21ean, Laudio eta Amurrioko Tubacex TTIko EEEaren epaiketa egingo da EAEko Auzitegi Nagusiak, Bilbon (Albiako lorategiak) eta enpresa-batzordeak kontzentrazioa egingo du 09:30ean. Ekainaren 22an aldiz, hirugarren lantegiko EEEaren epaiketa egingo da, Aceria de Alava. Egun horretan, martxa egingo dute Bilboraino 06:00etan Laudioko enpresa-sarreratik abiatuta eta 11:30ean enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du Albiako epaitegien aurrean 11:30ean.

Ustezko bi delitu salatu ditugu Donostiako Hondalea eraikuntzaren prozesuan

Joan den astean Hondalearen eraikuntza lanak bideratzeko orduan izan diren irregulartasunak salatzeko LABek Eneko Goia alkateari eta Fiskaltzari emaniko txostenak ekarri dituen isiluneak eta erantzunak ikusita, Udaleko talde politiko guztiekin biltzeko eskaera egin eta gero, LABeko Sail Sindikaleko ordezkariak PP, Podemos, EH Bildu eta PSEren ordezkariekin bildu dira, sindikatuaren ustez tramitazio prozesuan izan daitezkeen bi delitu ezberdinen berri emateko. Ildo horretan, Eneko Goiari gaia argitzeko hartu behar diren neurriak bidera ditzala eskatu dio, besteak beste, gaia argitu arte Proiektu eta Obretako arduradunaren izendapenaren behin-behineko etena bideratzea eta Batzorde Informatibo baten sorrera.

LABen ustez, Proiektu Bateratuaren idazketa eta birgaitze lanak zuzentzeko ardura LKS-Fhecorri lizitaziorik gabe eman izana irregularra da. Izan ere, proiektua onartzeko bideratu zen txostena onartu zuen Udalak, baina bertan ez zen inolako zuzendaritzarako edota idazketarako adjudikaziorik finkatzen. Proiektu eta Obretako arduraduna izan zen egoera horretan lan hori LKS- Fhecorri tramitatzearen ustezko arduraduna. LKS berak aitortu du lan hori Udalaren “enkarguz” egin duela. Gure ustez jokabide horretan bere funtzioen abusua ematen da eta prebarikazio kasua ere izan daiteke.

Bestetik, LKS-Fhecorren birgaitzelanen zuzendaritzari dagokion gastua ALFA ARTE enpresak ordaindu omen du, ALFA ARTE enpresak aurkeztu zuen proiektuan eta aurrekontuan LKS-Fhecor enpresek egin duten zuzendaritza lana ordaintzeko diru partidarik ez zegoenean. ALFA ARTEk bere diru partidatik gastu horiek ordaindu baditu, ustez Proiektu eta Obretako arduradunak hori egitea eskatu duelako izan da. Gure ustez, bigarren irregulartasunaren aurrean gaude, Udal Aurrekontuaren eta beraz diru publikoaren erabilera okerra egin da.

Horregatik, guztiarengatik, Batzorde Informatibo bat martxan jar dezala eskatzen diogu Eneko Goia alkateari eta, emaitzak etorri bitartean, Proiektu eta Obretako arduradunaren izendapena etetea eskatzen du LABeko Sail Sindikalak.

Azkenik, LABek argi utzi nahi du eginiko salaketa honetan ez duela zer ikusirik Hondalea arte lanak, baizik eta berau irlan jartzeko egin den lanaren kudeaketaz ari garela.

Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu EAEko Hezkuntza Sailak pandemian egindako kudeaketaren makillaje lana salatu eta baliabide gehiago eskatzeko

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuon ohar bateratua:

EAEko Hezkuntza Sailak langileek ikasturte honetan egindako lana eta ahalegina eskertzeko ekitaldia egin du Gasteizko Odon de Apraiz ikastetxean gaur. Bertan kontzentratu gara LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuetako kideak, Eusko Jaurlaritzaren propaganda-ekitaldia salatu eta baliabide gehiago galdegiteko.

Hezkuntzan ikasturtea greba eta mobilizazioekin hasi genuen, Hezkuntza Sailari aurrez aurreko hezkuntza itzulera seguru eta adostua bermatzeko beharrezko baliabide zein neurriak hartzea exijituz. Lehenagotik ere urgentziazkoak ziren eta pandemiarekin are ageriagoan geratu ziren lan-kargak eta ratioak murrizteko eskatu genion, baliabide gehiago jartzeko exijitzearekin batera. Ikasturtea amaitzear dago eta esan dezakegu gaur gaurkoz hezkuntza publikoan ez dela sakoneko aldaketarik egon.

Komunikabideetan, pandemiaren inguruan hezkuntzan izandako kudeaketaren arrakasta saldu nahi izan bazaigu ere, errealitatea oso bestelakoa izan da. Aurrez aurreko ikasturtea aurrera eramatea posible izan bada bertako langileek eginiko lanaren, dedikazioaren eta gain-karga fisiko zein emozionalaren ondorioa izan da. Osasun prebentziorako materiala eta giza baliabideak ez ziren garaiz iritsi, heldutakoak ere erabat ez- nahikoak izan dira eta ratioak ez dira era orokortuan jaitsi. Beraz, ikastetxeek plangintza eta protokoloak ahalik eta modu egokienean kudeatzeko egindako esfortzua izugarria izan da. Ikasturtea greba batekin hasi eta greba batekin amaitu behar izan dugu. Horrela, apirilaren 22an enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzeko eta pribatizazioarekin bukatzeko sektore publiko osorako deitutako grebak babes zabala izan zuen Hezkuntza publikoan. Izan ere, Hezkuntza publikoak plantilla gehiago eta behin-behinekotasun gutxiago beharrezkoak ditu bere erronkei aurre egiteko, kalitatezko hezkuntza bermatzeko.

Horregatik, sindikatuok Hezkuntza Sailari eskatzen diogu propaganda albo batera utz dezala, eta langileoi eskerrak ematearekin batera, hezkuntzak hain beharrezko dituen baliabide, ratio jaitsiera, enplegu sorrera eta kontsolidazioa gauzatzeko beharrezko pausoak eman ditzala.

Pausorik eman ezean mobilizazio dinamikak indartu eta bultzatu beste biderik ez digu utziko.

Rothenberger-en lortutako akordioa baztertzen dugu

ELA eta CCOO sindikatuek akordioa lortu dute enpresako zuzendaritzarekin hitzarmen kolektibo berri bat egiteko. Akordio hori 8 greba egun arrakastatsu egin ostean lortu da, eta beste 16 egun deituta zeudelarik. Langileak indartsu zeuden, mobilizazioei jarraipen zabala eginez eta borrokarekin jarraitzeko jarrera onarekin. Horregatik, pena da sindikatu horiek borroka planteamenduak albo batera uztea.

CCOO, ELA eta enpresaren arteko akordioa ziztu bizian izan da Enpresa-Batzordearen ekintza-batasuna apurtuz eta akordio hobea lortzea zailduz. Azkenean, greba-egunen ostean, CCOOk eta ELAk ontzat eman dute enpresak greben aurretik egindako proposamena. Akordioan 2020rako ezarritako igoeran enpresak gehitutako 100 euroak 2023rako azken igoera-proposamena murriztearen kontura doaz, KPI+% 1,25etik KPI+% 1era jaitsiz. Kromoak aldatzea, ezer gehitu gabe, ia kopuru berera iristeko.

Beraz, nola liteke enpresaren proposamen beraren aurrean, eduki berberekin eta astebeteko grebaren ondoren, CCOOk eta ELAk enpresarekin aurreakordioa sinatzea? Zertarako balio izan du langileen ahaleginak eta konpromisoak? Zein da enpresak eta Alemaniak (enpresak herri horretan du zentrala) jasotzen duten mezua? Galdera asko daude airean, 180 graduko bira eman dutenek erantzun beharko dituztenak, atzo onartezina zena gaur ontzat eman duten berdinek.

Negoziazioko gainerako puntu garrantzitsuak lurperatuta geratu dira.

-Kontingentzia arruntengatiko bajen osagarria. Inguruko enpresa askok kapitulu hau hobetuta badute ere, Rothenbergerren berdin jarraitzen dugu, osagarririk gabe. Gaia aztertzeko sortuko den ustezko batzordea ez du ezertarako balioko, ez bada enpresa ezertara konprometituko ez duen zerbait idazteko.

-Errelebo-kontratuak. Langile Batzordeak 25 errelebo-kontratu egiteko konpromisoa eskatu zuen (aldi horretan horretarako baldintzak beteko dituzten pertsonen kopurua), eta azkenean 18 bakarrik egin dira. Horrek esan nahi du langile guztiek ez dutela errelebo kontratuaren hartzeko aukerarik izango. Zer egingo du enpresak gainerakoekin? Eskubide desberdinak dituzten lehen eta bigarren mailako lankideak egotea onartuko dugu? Errelebo-kontratuak errelebatuaren irteera aurreratzeko balio behar du, enplegua ez murrizteko, eta lanpostu horren ordez kalitate bereko beste bat jartzeko, lanaldiaren %100ean eta mugagabe gisa. Argi dago, enpresak erretiro-adinera iristen ari den langileak ordezkatu nahi ez baditu, plantilla murriztea aurreikusten duelako dela. Galdutako beste aukera bat da adinez nagusienak diren guztien errelebo-kontratua lotzeko eta lan baldintza duinetan erreleboa ziurtatzeko, enplegurik suntsitu gabe.

-Enpleguari eusteko klausula. Uko egin diote gai hau hitzarmenean jasotzeari. Atal honek ez du kosturik, eta, hala ere, uko egiten diote. LABentzako puntu hau oso garrantzitsua da.

Aurrerago esan dugun bezala, pena da CCOOk eta ELAk enpresaren presioari men egin izana, azaldu dugun bezala, ez baita inolako aurrerapenik edukietan egon euren jarrera justifikatzeko. Bitxia da, borrokatik lehen aukeran jaitsi direnak, ekintza batasunari traizio egin diotenak eta plantillaren borroka-planteamendua dinamitatu dutenak izatea greba mugagabea defendatzen zutenak. Pozik egon daitekeen bakarra enpresako zuzendaritza da.

Azkenik, nahiz eta aurrerantzean LABek sinatu ez duen hitzarmen bat eduki enpresan, oso harro gaude langileek erakutsitako konpromisoarekin. Tamalez, sindikatu batzuk ez dira maila berean egon.

Eskoletan lanaldi jarraia ezartzeak jantokietako ehunka emakume langile kalean utziko dituela salatu dugu Nafarroako Hezkuntza Sailean

LABek, eskoletako jantokietako langileekin batera, datorren ikasturtean lanaldi jarraia ezarri izana salatzeko Nafarroako Hezkuntza Sailean eserialdia egin du.

Ikasturte honetan eskoletan lanaldi jarraia ezartzearen ondorio latzak jasaten ari gara.

Lanaldi hori ezartzeko moduak, laguntza ekonomikorik eta bateragarritasunik gabe, erabiltzaileen kopurua nabarmen jaistea ekarri du, eta horrek lanpostuen galera eta ordutegi-murrizketa eragin ditu, %95 baino gehiago emakumezkoak garen plantilla batean.

Ikasturte honetan lanaldi jarraia Covid-aren aurkako prebentzio neurri gisa ezartzea ez bagenuen ulertzen, are gutxiago horrekin jarraitzeko ideia ulertzen dugu. Denbora honetan hezkuntza espazioa, jantokia barne, ez da kutsatze gune bat izan, kontrakoa baizik, neurriak betetzearen bermea izan da.

Ikasturte honetan eskoletako jantokietako matrikulazioa ia %50 txikiagoa izan da, beraz, emakume askok soldata murrizteak, ordutegi aldaketak eta kaleratzeak jasan ditugu.

Eta, gaur, berriro ere, lanaldi jarraia ezartzearen aurrean gaude, Covidek hala eskatuta? Nafarroa izan da arrazoi horregatik lanaldi jarraia ezarri den estatuko autonomia bakarra, eta EAErekin alderatzen badugu (eskola-eguna zatitua izaten jarraitzen du), ikasgela konfinatuen kopurua oso antzekoa da, eta Nafarroan ere konfinatu handiagoak daude.

Ez dugu ikusten osasun motiborik gure lan etorkizuna arriskuan jartzen duen egoera bati eusteko, eta, hau guztia, Hezkuntza sailburuaren burugabekeria batengatik; beraz, LABek ikasturte beroaren hasiera iragartzen du. Egoera honekin atzera egiten ez bada, etorkizunean mobilizazioak egingo dira sektoreko greba egiteari utzi gabe.

Borrokak hauspotu eta indartzeko garaia iritsi da Euskal Herrira

Deustuko zubian eserialdia egiten, Donostiako erdialdean autobus artikulatu batera igota, Iruñeko supermerkatuetan ekintza ibiltari baten bitartez eta Gasteizen Eulen enpresaren egoitza okupatuz. Sektore feminizatuetako langileen prekarizazioa eta enplegu suntsiketa salatu dugu ekainaren bigarren astearen etorrerarekin, dinakima ekintzaile baten baitan. Ohartarazpen batekin bukatu ditugu ekintzak: hau hasi besterik ez da egin. Borrokak hauspotu eta indartzeko garaia iritsi da Euskal Herrira.

Hainbat eragilek manifestaziora deitu dugu ostiralerako Bilbon, borrokan diren herrialdeei babesa emateko

Plaza Eliptikatik abiatuko da mobilizazioa, 18:30ean, “Bizitza, bakea eta askatasuna. Gora Herriak!” leloarekin. Hona hemen deitzaileok osatutako adierazpena:

Bizitza, bakea eta askatasuna. Gora Herriak!

Joan den maiatzaren 23an, ehunka lagun Duqueren Gobernuak Kolonbiako manifestarien aurka abiarazitako errepresio bortitza, Marokoren okupazioari aurre egiten dion Mendebaldeko Saharako gerra egoera, Palestinako herritarren aurka Gazan Israelgo armadak abiaturiko erasoaldi militarra eta herri Kurduak pairatzen duen biolentzia eta jazarpena salatzeko Donostian bildu ginen.

Gaur, manifestazio hartako esperientzia positiboaren ondoren, gure aldarrikapenak zabaltzen ditugu, Latinoamerikan Abya Yalaren lurraldean justizia eta itxaropen bide berriak irekitzeko borrokak, herri bezala bizirauteko jatorrizko herriek daramatzaten borrokak, eta giza eskubideak etengabe urratu eta bizitza gogor kolpatzen duten Asian eta Afrikako hainbat gatazka gogora ekarriz. Aldi berean ezin ditugu hainbat herriri ezarritako zigor eta blokeoak salatu gabe utzi. 

Elkartasun internazionalistak kaleak hartu ditu gaur justiziaren, herriek bizirauteko eta beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidearen alde, eta protestarako eskubide unibertsalaren nahiz bakearen alde oihu egiteko eskubidearen alde. Gaur era guztietako diskriminazioak eta giza eskubideen urraketak salatzeko kalera atera gara; izan ere, ideologia-, arraza- eta genero-arrazoien ondorioz munduko hainbat lekutan bazterketa egoerak errepikatzen jarraitzen baitute.

Borroka horiek guztiak lotu egiten dira, eta, gaur egun, inoiz baino gehiago, Kapitalaren interesak eta status quoa defendatzeko indarkeria erabiltzen duten estatu kapitalista, ekozida, hetero-patriarkal, neo-kolonial eta oso militarizatuen aurka ahotsak altxatzea beharrezkoa da. Eta beste behin ere giza eskubideen, herrien eskubideen eta lurraldeen alde altxatzen diren ahotsak zapalduz protesta kriminalizatzen jarraitzen dute.

Ezin ditugu aipatu gabe utzi beren jatorrizko lekuak uztera behartuta dauden pertsonak. Gero eta nabarmenagoa den klima-aldaketarekin zuzenean lotuta dauden joan-etorriak dira, eta, jakina, iparraldearen eta hegoalde globalaren arteko harreman desberdinak direla medio, gaur egun ere errepikatzen ari dira.

Ekainaren 20aren atarian, jatorrizko herrialdeetan indarkeriatik, gatazketatik eta jazarpenetik ihes egin behar duten pertsona guztien asilorako eta aterperako eskubidea ere aldarrikatzen dugu. Hemen, askotan, harresi sinboliko eta fisikoak aurkitzen ditugu, mugikortasun askearen oinarrizko giza eskubide unibertsala urratzen dutenak eta eskubide unibertsalak egikaritzeko oztopo administratibo handiak ezartzen dituztenak.

COVIDren pandemiaren testuinguruak inoiz baino nabarmenago sistema honek planetako pertsonen eta beste izaki batzuen bizitzari eusteko duen ezintasuna agerian utzi du.

Ezin dugu neo-faxismoaren eta ultraeskuindarren gorakada aipatu gabe utzi, herrialde ezberdinetan gero eta indar handiagoa baitu, giza eskubideak larriki erasotuz, eta sistema hau zalantzan jartzen agertu diren ahots guztien aurka eginez.

Gaur egun eta beti gai honen muinean dauden arrazoiak aipatzea garrantzitsua eta beharrezkoa da; baliabide naturalak espoliatzen dituzten enpresekin, atzerritartasun-legeekin, iparraldearen eta hegoaldearen arteko harremanetan ere desberdintasunak erreproduzitzen dituzten sistemekin eta hainbat eta hainbat pertsonaren bizitzaren kontura aberastasuna pilatzen jarraitzeko bideak aurkitzen jarraitzen duen kapitalismo irristakorrarekin zerikusia dutenak hain zuzen ere.

Aipaturiko guztiagatik, munduan borrokan ari diren herriekiko elkartasun internazionalistan gaur kaleak herri gisa hartzen ditugu, erasoaldi kapitalistak eta neo-kolonialak parean gaituelako eta parean aurkitzen jarraituko duelako.

Euskal Herria, kausa justuekin beti herri solidario bat izan delako, beste behin ere argi eta ozen honakoa aldarrikatzen jarraituko du: 

Gora bizitza, gora herriak eta gora herrien borrokak!

Irun eta Hendaia artean hainbat migratzailerentzako pasabide segurua bermatu dugu, sortu berri dugun Ekintza Sozialeko Komunitatearen lehen ekintzetako batean

Abian gara. Ekintza Sozialeko Komunitatea errealitate bat da. Bada, bere jaiotzaren lehen orduetatik erakutsi dugu zein den komunitate berriaren izaera: ekintzailea da. Hortaz, hitzetatik ekintzetara pasa gara Irun, Atarrabia, Basauri eta Gasteizko topaketak amaitu bezain pronto, eta mobilizazio desberdinak gauzatu ditugu.

Irungo topaketaren ondoren egin dugu ekintza nagusia, Irun eta Hendaia lotu dituen mobilizazioa, “Mugak apurtu, zubiak eraiki” lemarekin egin duguna. Horrela, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko Santiago zubia zeharkatu dugu, egunero muga hau baldintzarik okerrenetan igarotzen duten langile migranteen errealitatea salatzeko. Muga arriskutsua bada, aplikatzen zaion salbuespen polizial eta politikoagatik dela erakutsi dugu eta hainbat migratzailek muga modu duin eta seguruan zeharkatzea ahalbidetu dugu mobilizazioaren bidez. Garaia da bizitzari mugak ireki eta kapital anker eta esplotatzaileari ezartzeko.

Atarrabian, supermerkatu handi batean trantsizio ekosozialistaren aldeko aldarrikapena egin dugu. Kapitalismo berdearen ameskeriaren aurrean, sozialki eta ekologikoki jasangarria izango den trantsizioaren alde agertu gara, eta egungo kontsumo eredua zalantzan jartzeko hainbat produktuen jatorria eta ekoizpen eredu kaltegarria salatu ditugu. Hala, apaletan dituzten iruzurrezko produktuak etiketatu ditugu.

Basaurin, berriz, manifestazio ekintzailea egin dugu. Pozokoetxe plazatik hasita, aste honetan bertan izandako eraso homofoboa salatu, pentsiodunekin batera banketxeetako arreta eredua kritikatu, herriko anbulategiko errealitatean arreta jarri eta gazte mugienduarekin batera etxebizitzaren espekulazioa gaitsetzi ditugu ehunka lagunek hainbat ekimenen bidez.

Larunbateko ekintza hauez gain, ostegunean Gasteizen bildu ginen. Simon Bolibar parkean, gerrilla komunikatiboaren bidez, langile klasearen aniztasuna aldarrikatu eta balioan jarri dugu, homogenizazio eta diskurtso faxisten aurrean propaganda ekimen erraldoia eginda. Topaketaren ostean, mural koloretsu bat osatu genuen, “Herri anitza eta batua inoiz ez garaitua” leloarekin.

Hau hasiera baino ez da. Gure gaitasun eraldatzailea antolatzeko urrats berriak ematen jarraituko dugu eta LAB sindikatua langile subjektu osoarentzako borroka tresna eraginkorra izateko lanean jarraituko dugu.